
Gaiak
Labayru Ikastegiaren ibilbidea mende laurdenean
Traducción al español
Joan den otsailaren 23an hogeita zazpi urte bete ziren Labayru Ikastegia Bilboko Elizbarrutiko fundazio kanoniko legez eratu zenetik. Ekimen pribatuaren bidez sortu zen, euskal kultura bultzatu eta hedatzeko asmoz. Horrela, Bizkaiko Eliza, jakintza eremu honetan ere, Vatikanoko II. Kontzilioak aldarrikatutako zeregin ebanjelizatzailea betetzera zetorren.
Baina erakundearen hazia askoz lehenagotik zegoen ereinda. Erakundea eratuz, ernetzen hasia zegoen landare hari babesa eta forma juridikoa eman zitzaion; horrela, landare xume hura arbola mardul bilakatu zen, eta ordurik hona hainbat eta hainbat kultur ekimen aterpetu ditu, batez ere, euskaraz. Derio (Vizc.) Al fondo el Seminario. Fot. M.E.L.
Alfabetatu beharrean zeuden euskal hiztunentzako ikastaroak hainbat urte lehenago hasi ziren (1970) Derioko Seminarioan. Ikastaro horiek elizbarrutiko abade batzuek bultzatu zituzten. Bultzatzaileon artean nabarmentzekoak dira Karmelo Etxenagusia, Bilboko gotzain laguntzailea gaur egun, Mikel Zarate (G.B.) eta Ander Manterola. Gaspar Martinezek, Ikastegiko lehen zuzendariak, ekimen horri eta Bizkaiko Eliz Artxibo Historikoa eta Elizbarrutiko Museoaren sorrera bultzatu zuten ekimenei “Derioko Mugimendua” deitu izan die. Aldi berean, 1971n, lagun talde batek “Elhuyar Patronatua” eratu zuen, euskal kultura bultzatzeko irakaskuntzako onegintza-patronatua. CIRARDA LACHIONDO, José Maria
Ekimen bi horiek batu egin ziren, beren ahaleginarekin gerora Labayru Ikastegia izango zena sortzeko, eta elkartze hori begi onez ikusi zuten bai Elizbarrutiko Administratzaile Apostolikoak, Jose M. Cirarda jaunak, bai gotzain laguntzaileak, Juan M. Uriarte jaunak. Azkenik, Ikastegia sortu aurretiko mugimendu horiek guztiak burutuz, 1977ko otsailaren 23an, Antonio Añoveros jaunak Ikastegia sortzeko dekretua eman zuen. E.J. de Labayru bizkaitar historialari ospetsuaren izena aukeratu zen Ikastegia izendatzeko. Artezkaritzak eta zuzendariak zuzentzen dute Labayru Ikastegia eta 300 bat laguntzaile ditu. Labayruk, udalerrietako, Bizkaiko, Euskal Herriko eta kanpoko hainbat erakunderekin dituen harreman eta hitzarmenen bidez, ikastaroak eman, biltzarrak antolatu eta liburuak argitaratzen ditu. Estanislao Jaime de Labayru y Goicoechea
Jarraian Labayru Ikastegiaren jarduera eremuak azalduko ditugu.
Hizkuntza Arloa: Ikastegiko zeregin nagusienetarikoa, 1970etik hona, euskal hiztun helduen alfabetatze eta eskolatzea izan da. Formatu bitan eman izan dira eskola horiek; batetik, Derioko Udako Euskal Ikastaroan eta, bestetik, Ikasturtean zehar, Bilbon zein Bizkaiko beste hainbat herritan. Ospakizun distiratsuak egin ziren ikastaro horien hamargarren, hogeigarren eta hogeita bosgarren urteurrenetan, euskal kultura, politika eta elizako izen eta agintari garrantzitsuekin.
Hizkuntza Arloak ikerketa planak garatzen ditu ahozko eta idatzizko literaturaren alorrean, eta liburuen edizioak prestatu, eskuizkribuak transkribatu eta euskarazko materialak biltzen ditu. Ahozko literaturaren alorreko lanak Laratz bilduman eta Idatz & Mintz aldizkarian ematen ditu ezagutzera, eta, literatur ikerketak, berriz, Sutondoan, Literatur Kaierak eta Jarein bildumetan eta Litterae Vasconicae aldizkarian. Hizkuntza Arloak azken aldi honetan egindako lanen artean aipamen berezia merezi du Labayru Hiztegia (Bilbao, 2003) lanaren argitalpenak; lan horretan nabarmentzekoa da bizkaieratik eredu batuari egindako ekarpena. Era berean, Itzulpen eta Aholku Zerbitzua eta Euskararen Erabilera Planetarako Zerbitzua dago, erakunde eta enpresei zuzendua. José Miguel de Barandiarán
Etnografia Arloa: 1973an sortu zen Jose Migel Barandiaranen ekimenez. Etnografia ikerketak egitea eta bizimodu tradizionalari buruzko azterlanak argitara ematea dira helburuak. Antropologia eta etnografiako gaietan espezializaturiko liburutegia dauka; guztira, 3.500 bat ale eta aldiroko argitalpenez osatutako 75 inguru bilduma ditu. Halaber, Etnografia Arloaren barruan dago Etniker Bizkaia taldea, Euskal Herriko gainontzeko Etniker taldeekin batera, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko ardura duena. Orain arte lan horren bost ale argitaratu dira eta seigarrena argitara bidean dago. Labayru Ikastegiak Atlasaren idazkaritza darama eta testuak idazteko eta argitalpena prestatzeko ardura dauka. Erlijio-etnografiarako Zentroak, Agiri Etnografikoen Artxiboak eta Argazki artxiboak, 22.000 piezarekin, osatzen dute Etnografia Arlo honen agiri ondarea.
Euskal Biblioteka: 1970ean hasi zen osatzen, euskal kulturaren alor guztietako liburuak eta aldian aldiko argitalpenak biltzeko. Gaur egun, 60.000 liburuki inguru ditu; aldiroko argitalpenei dagokienez, 2.550 titulu edo goiburu daude eta indarrean dauden 378 bilduma ditu. Eusko Jaurlaritzak “aberastasun bibliografikodun” zentrotzat onetsirik dauka. Izendapen hori duten bost liburutegi baino ez daude. Bibliotekako sarrera librea da. Orain dela urte batzuk liburutegiaren informatizazioari ekin zitzaion, eta amaitzear da dagoeneko prozesu hori.
Argitaratze Zerbitzua: Labayru Ikastegia bere argitalpenen editorea da, batzuetan bakarrean, beste batzuetan elkarlanean diharduela beste erakunde batzuekin batera, batez ere, BBK Fundazioarekin. Katalogoan 220 titulutik gora daude eta ateraldiak mila eta bi mila eta bostehun artekoak izaten dira; aldiroko argitalpenei dagokienez, 60 ale argitaratu dira.
Esker onak. Labayru Ikastegiak, bere ibilbidean zehar, hainbat aipamen eta sari jaso izan ditu. Hona hemen garrantzitsuenak: Durangoko Euskal Jaien Zilarrezko Domina (1986); Bizkaiko Foru Aldundiaren "Andrés Mañaricua" Saria (1990); Sabino Arana Fundazioaren "Kulturako Sabino Arana" Saria (1996); Durangoko Gerediaga Elkartearen "Argizaiola 2002" Saria. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Etniker Bizkaia aldizkariari edizio onenaren saria (1985) eman zion eta Eusko Jaurlaritzak Ohorezko Aipamenaz saritu zuen Ipuinen Tailerra lana (2000). Labayru Ikastegia Bizkaiko Foru Aldundiaren aholkulari izendatu dute tokiko euskararen ondarea berreskuratu eta zaintzeko (2000).
Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ikastegiari diruz eta beste baliabide batzuk eskainiz laguntzea erabaki dute, Labayruk bere ikerketa programak garatu ditzan. Horretarako, urtero berritzen den hitzarmena sinatu zen. Labayru Ikastegiaren XXV. urteurreneko ospakizunak
Ikastegiak 25 urte bete zituen 2002ko otsailean; dena dela, ospakizun ekitaldiak urte horretako maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran egin ziren. Maiatzaren 28an, Bilbao Bizkaia Kutxaren Erakusketa Aretoan Eliza eta euskera izeneko erakusketaren inaugurazioa izan zen. Erakusketa horretan 200 bat lan jarri ziren ikusgai, Ikastegiaren Bibliotekakoak denak, Elizak euskarari jakintzagai desberdinetan egindako ekarpenaren erakusgarri.
Ospakizunen ekitaldi nagusia Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen ekainaren 3an, Paul Poupard kardinala buru zela. Saio akademikoan, mahai nagusian, kardinalarekin batera, Bilboko gotzaina, Bizkaiko ahaldun nagusia, Bilboko alkatea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Ikastegiaren presidentea eta zuzendaria izan ziren. Ekitaldian hitz egin zuten: Gaspar Martínez Ikastegiko lehen zuzendariak, Josu Bergara ahaldun nagusiak eta Ricardo Blázquez Biboko gotzainak; hitzaldi magistrala Poupard kardinalak eman zuen. Bernardo Atxaga
Ekainaren 4, 5 eta 6an honako hitzaldiak izan ziren: Jordi Portak kultur elkarteen gainean egin zuen berba, Michel Duvertek etnografiaren gaur eguneko zeregina izan zuen mintzagai eta Bernardo Atxagak Euskal Herriari munduan dagokion lekuaz egin zuen gogoeta.
Ekainaren 7an Urteko Batzarrak amaiera eman zien ekitaldiei. Batzarrarekin batera Derioko egoitzaren bedeinkapena eta inaugurazioa egin zen. Urtea amaitu aurretik, abenduaren 30ean, Begoñako Basilikan mende laurden honetan hildako labayrukideen aldeko meza bat ospatu zen. Era berean, 2002an zehar, zenbait irakasle, zientzialari, enpresari, profesional eta idazle ospetsuk urteurrenerako berariaz idatzitako artikuluak argitaratu ziren prentsan. Hiru argitalpen ederretan Labayru Ikastegiaren historia, erakusketa bibliografikoaren katalogo zabala eta 25. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldi, hitzaldi eta kolaborazioen gaineko liburua argitaratu ziren. Menu GAIAK Inicio > EM 248 > Gaiak -->
2004/03-26/04-02