248 Zenbakia 2004-03-26 / 2004-04-02

Gaiak

Labayru Ikastegiko Etnografia Arloa

ARREGI, Gurutzi

Labayru Ikastegiko Etnografia Arloa Gurutzi Arregi, Labayru Ikastegiko Etnografia Arloa

Traducción al español

Etnografia Arloa 1973an sortu zen, eta etnografiako ikerketak egitea eta bizimodu tradizionalari buruzko azterlanak argitara ematea ditu helburu nagusiak. Joxe Migel Barandiaran jaunak diseinatu eta hirurogeita hamarreko hamarkadan Derion aurkeztu zuen proiektu etnografikoa da Etnografia Arlo honen abiapuntua. Barandiaranek berak esan zuen, Labayru Ikastegiaren 1979ko Batzar Nagusiaren agurrean, printzipio metodologiko gisa, maisu batek irakatsi eta sekula ahaztu ez zuena:

"Lehendabizi zure herria ikasi behar duzu eta zure herria ikasi ondoren, beste herriak ikasi".1

Ikastegiaren lan etnografikoari dagokionez, William Christian antropologo iparramerikarrak hauxe esan du:

"... Labayru Ikastegiko ikertzaileek ez dute teoriarik ematen, jazoerak agertzen dituzte, eta batutako eta ondo kontatutako jazoerek balioa daukate gaur egun, eta hemendik 100 urtera ere balioa izango dute." Etniker proiektua eta Euskalerriko Atlas Etnografikoa

“Etniaren ikerketa” esan gura du Etnikerrek. Euskal Herrian, alde penintsularrean zein kontinentalean, material etnografikoak modu sistematikoan batzea helburu daukan ikerketa-programa da Etniker. Lanerako plana Barandiaranek prestatu eta sustatu zuen, berak idatzitako Inkesta etnografikorako gida galdetegi orokorraren arabera (1975). 1965ean Europako Etnologiari buruzko Nazioarteko Konferentziak aurkeztu zuen planaren arabera egituraturik eta idatzita dago galdetegi hori.

Proiektua gauzatzeko, Barandiaranek lan-talde batzuk eratu zituen 1970 eta 1975. urteen artean. Etniker Taldeak izan ziren horiek eta Euskal Herriko lurralde guztietan ezarri ziren: Nafarroan (Nafarroako Unibertsitatea), Gipuzkoan (Aranzadi Zientzia Elkartea), Bizkaian (Labayru Ikastegia) eta Araban (Arabako Etnografia Seminarioa). 1986an Etniker Iparralde taldea (Association Lauburu) sortu zen. Talde bakoitzak bere lurraldean egiten du lan.

Etniker Bizkaia Taldeak eginak ditu lehenago aipatutako galdetegiko gaien ia erdiei dagozkien ikerketak: “Etxea”, “Etxeko elikadura eta elikaduraren inguruko erritualak”, “Janzkera”, “Familia”, “Senar-emazteen arteko harremanak”, “Etxeko tresnak”, “Atsedena eta garbitasuna”, “Umeen jolasen mundua: jolasak eta kantuak”, “Herri medikuntza eta albaitaritza”, “Hileta errituak”, “Abeltzaintza eta artzaintza”, “Nekazaritza”, “Nabigazioa eta arrantza”. Bizkaiko honako lekuetan egin ditu ikerketok: Abadiño, Abanto-Zierbena, Ajangiz, Algorta, Amorebieta-Etxano, Barakaldo, Bedarona-Ea, Begoña, Bermeo, Busturia, Karrantza, Deustu, Durango, Galdames, Getxo, Gorozika, Lanestosa, Lemoiz, Lezama, Muskiz, Nabarniz, Ondarroa, Orozko, Plentzia, Portugalete, Trapagaran, Urduliz, Zamudio, Zeanuri eta Zeberio.

Talde horiek guztiek batera, federatuta, Etniker Euskalerria Taldea izena hartzen dute. Etniker Euskalerria Taldeak gure kulturaren egitura, kultura horretako elementuen funtzionamendua eta elementuen esangura kulturala ikertzen ditu, eta, era berean, gaur eguneko aldakuntza-faseak erregistratzeko ardura ere badu. Hori guztia XX. mendeari dagokionez, edo, zehatzago esanda, gure informanteek gomutan daukatenetik hasi eta gaur egunera arte. Lurraldeko eskualde eta alde desberdinetako herri adierazgarrietan egin ohi dira ikerketak, eta batutako informazioarekin corpus etnografikoa sortu eta handituz doa, gaika sailkatuta beti ere. Gaur egun, Euskal Herriko 70 herritan ari dira egiten kanpo-ikerketak.

Datu-corpus horretan oinarrituta, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiten ari gara; izan ere, atlas horretan oinarrituta, ikertutako eremuaren ikuspegi orokorra eduki ahal izango dugu, eta horrek ikuspuntu segurua eskainiko digu Euskal Herriko etnografia eta inguruan ditugun herri eta eskualdeetako kulturak konparatu ahal izateko.

Labayru Ikastegiaren Etnografia Arloari agindu zaio, bestetik, Etniker proiektuaren idazkaritza teknikoa. Era berean, bertan dago Etniker Bizkaia Taldearen lan-zentroa eta Etniker Euskalerria Taldeen egoitza. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako Etniker Taldeek nork bere lurraldean egiten dituzten kanpo-ikerketen plangintza eta koordinazioa egitea da Etnografia Arloaren lana. 1988an, Eskualde Arteko Zuzendaritza Batzordea sortu zen; Jose Migel Barandiaran jauna izan zen batzordeburua, Ander Manterola zuzendari-ondokoa, Gurutzi Arregi koordinatzaile nagusia, eta lurralde bakoitzeko mahaikideak ere ezarri ziren.

Behin lurraldeetako ikerketak amaitu eta monografia etnografikoak Labayru Ikastegiko Etnografia Arlora bidalita, Ikastegiak idazkaritza-lanak eta idazketa-taldearen lanak egiten ditu. Lanok kanpo-ikerketa horiek osatzen dituzte, eta honakoak dira: monografietan eta aldizkako argitalpenetan datu etnografiko esanguratsuak bilatu, inkesta-egileek bidalitako materialak gaika sailkatu, argitaratuko den lana kapituluka sistematizatu, testua idatzi eta edizioa atondu. Horrezaz gainera, ikerketa-programetako eta argitalpenerako baliabide ekonomikoak lortzeko behar diren gestioak ere egiten ditu. Argitaratutako lanen kontabilitatea, administrazioa eta banaketa ere arlo honen zereginak dira.

Orain arte Euskalerriko Atlas Etnografikoaren bost liburuki eman dira argitara: Etxeko elikadura (1990), Haur jolasak (1993), Heriotza ohikuneak (1995), Jaiotzatik ezkontzarako ohikuneak (1998) eta Abeltzaintza eta artzaintza Euskal Herrian (2000). 2004. urte honetako erdialdera seigarren liburukia emango da argitara: Herri medikuntza eta albaitaritza. Erlijio-etnografiarako zentroa

1977tik aurrera herriko erlijioari buruzko ikerketak eta ikasketak landu ditu Etnografia Arloak. Erlijio-etnografiaren alorrean, 1976-1985 bitartean Bizkaiko 814 ermita katalogatu ziren. Lan horren emaitza 1987an argitaratutako Ermitas de Bizkaia da. Gure ustean, lan hori dela-eta askozaz hobeto ezagutzen dugu orain, bai eta estimatu ere, Bizkaiko erlijio-ondarea.

Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio, Igorre, Iurreta, Izurtza, Gorliz, Mañaria, Morga, Mungia, Muskiz, Pobeña, Plentzia, Trapaga eta Zeanuriko ermitetan egin dira erlijiotasun-ikerketa bereziak. Horrezaz gain, izen, errogatiba, sinesmen, ermitetako hileta-monumentu, serora eta eremutar eta babes erritualen gaineko ikerketak ere egin dira.

Esperientzia hori aldean eta oinarri dokumental oparoa esku artean duela, Ikastegiak Erlijio-etnografiarako Zentroa sortu du erlijio jazoerak, tradiziozkoak nahiz gaur egunekoak, modu programatuan aztertzeko (santutegiak eta ermitak; kofradiak eta erlijio-elkarteak, debozio herrikoiak, erlijioa etxean, gaur eguneko aldakuntzak). Lan horrek izan du emaitzarik; izan ere, Bizkaiko ermita eta santutegien gaineko ikerketa etnografikoak egin eta argitaratu dira, bai eta horien inguruko kultura eta kultu adierazpenak eta gaur eguneko ezarpen mailaren gainekoak ere.

Horrezaz gainera, eskatuz gero, aipatutako gaiei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen du Zentroak. Gotzaitegirako eta beste erakunde batzuentzako txostenak egiten ditu kokapenari nahiz deiturari buruz eta txosten dokumentatu laburrak ematen ditu. Ondare etnografikoa eta Argazki-artxiboa

Erlijio-jazoeren dokumentazio etnografikoaren artxiboa urteotan egindako ikerketa-programen emaitza da; izan ere, ikerketok kanpo-datuen eta dokumentuen ondare oparoa sortu dute. Departamentuak berak egindako material grafikoa dauka: ermita eta parrokiak kokatuta dauden herrietako mapak eta ermiten oinplanta eta altxaerako planoak. Debozio-ohitura, bederatziurren, erritu, gozamen, erlijio-kantuen inprimakiz, estanpa eta gomutagarriz, dominaz, intsigniaz, eskapularioz eta kutunez osatutako bilduma garrantzitsua dauka.

Urteak dira Etnografia Arloak gure tradizio-ondarearen zati diren zenbait kultur gairi buruzko ikerketak egiten dituena: etxea, auzoak, herri-kantutegia, herri-egutegia, eske-ospakizunak eta abar. Establezimendu eta eraikin tradizional batzuen (batzuk desagertzear daude) zeregin eta esangura kulturala ikertu eta dokumentatu da, eta lekuotako tresnen eta ekintzen gaineko lexikoa berreskuratu. Elurzulo, karobi, burdinola, auzo-latsagi, errota eta eguzki-erlojuen gaineko ikerketa eta inbentario etnografikoak egin dira. Horrez gainera, zenbait gai etnografikori buruzko errepertorio bibliografikoak egin dira, eta beste batzuk bidean dira.

Aldiro-aldiro metodologia orokor eta espezifikoari buruzko mintegiak eratzen dira, Ikastegiaren laguntzaileei euren kanpo-ikerketan laguntzeko. Lan-esparru hori zabaltzeko asmoaz, gure antzeko beste leku batzuetako erakunde etnografikoetako kide eta adituekin, penintsulakoekin nahiz atzerrikoekin, harremanean gaude. Erakunde horiekiko harremanaren ezaugarri on bat dira Arloak eurekin dituen argitalpen-trukeak. Beste batzuen artean honakoak aipa genitzake: Association Lauburu (Baiona), Société de Mythologie Francaise (Beauvais-France), Société d'Ethnologie Française (Paris), Groupe Audois d’études folkloriques de Carcassonne, Consejo Superior de Investigaciones Científicas (Bartzelona eta Madril), Departament de Cultura de la Generalitat de Catalunya, Centre de Promoció de la Cultura Popular i Tradicional Catalana, Bartzelonako Antropologia Institutua, Sevillako Machado Fundazioa, Museo de Arte y Tradiciones populares (Madril), Fundación Joaquín Díaz, de Urueña (Valladolid), Instituto de Estudios Gallegos "P. Sarmiento" (Santiago Konpostelakoa), Instituto de Etnografía y Folklore "Hoyos Sainz" (Santander), Centro de Cultura Tradicional de la Diputación de Salamanca eta Obra Social y Cultural de Caja España (Valladolid).

Ikastegiaren zuzendaria eta Etnografiako zuzendaria Barandiaran Fundazioaren sustatzaile eta Patronatuaren Batzordeko kide izan dira. Horiez gain, beste kultur erakunde batzuetako zuzendaritza batzordeko kide ere izan dira; esaterako, Eusko Ikaskuntza eta Bilboko Etnografia Museoa. Labayru Ikastegiak beste herrialde batzuetan ere parte hartu eta eman du bere aholkua, etnografia eta folklore gaiak ikertzeko taldeak trebatu edo martxan jartzeko. Berbarako, 1997an, Chiloé (Txile)2 uhartean martxan jarritako programa batean, eta 2000. urtean, Palenqueko Montubia Kulturako Ikastegian (Los Ríos-Ekuador)3.

1992an, Arloak argazki-laborategia jarri zuen bidean, kanpo-ikerketetan eginiko edota argitalpenetatik ateratako irudiak prozesatzeko. Denbora berean, gaika sailkaturiko argazki artxiboa osatu da. Artxiboan eta laborategian 22.000 pieza baino gehiago daude, argazki eta diapositibak barne direla. Argazki eta diapositiba horietan batu diren gaiak honakoak dira: ermitak, erritu-santutegiak, etxea, etxeko elikadura, soinekoak, jolasak, igarotze-errituak, abeltzain eta artzainen bizimodua eta lanbide tradizionalak. Fonoteka bat ere eratu da.

Etnografia Arloak Etniker Bizkaia izeneko aldizkari etnografiko ilustratua argitaratzen du. Aldizkari horretan Bizkaian egindako kanpo-ikerketak argitaratzen dira. Lan horiek euskaraz eta gazteleraz ateratzen dira eta, horrez gain, laburpen bat ere izaten dute frantsesez, ingelesez eta gazteleraz. Era berean, argitalpen horretan, antropologia kulturalaren gaineko bibliografia eta azken aldian argitaratutako lanen aipamenak egiten dira. Orain arte, bi urterik behin argitaratu izan da. Etnografiako bildumari buruzko hitz batzuk Antropologiaren eta etnografia penintsular eta europarraren gaineko gai orokorretan espezializaturiko liburutegia daukagu. Gai eta eskualdeka (Gaztela, Katalunia, Galizia, Biarno eta abar) dago sailkatuta, eta 3.300 bat titulu eta aldizkako argitalpenen 75 bilduma inguru dago. Etnografia arloko argitalpenak aldiro-aldiro trukatu egiten dira Espainiako, Europako eta Amerikako unibertsitate eta antropologia zentroek argitaratutako monografia eta aldizkari etnografikoekin. Etnografia Arloko kideek biltzarretan parte hartu eta ikastaro eta hitzaldiak ematen dituzte herri kulturako gaiei buruz, eta, era berean, antzeko beste erakunde batzuetan laguntzen dute. 1 Ekintzak 1980 (Ziklostilatua), op. cit., p. 89. 2 Ekintzak 1996-1997ko ekintzak, op. cit., p. 85. 3 Ekintzak 1998-1999-2000. Bilbao, 2001, p. 98. Menu GAIAK Inicio > EM 248 > Gaiak -->

2004/03-28/04-02