235 Zenbakia 2003-12-19 / 2003-12-29

Herriak

Asteartean 95 etxebizitza sozial zozketatu ziren

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Menu HERRIAK Arrasate Inicio > EM 235 > Herriak -->

2003/12/19-29 Asteartean 95 etxebizitza sozial zozketatu ziren Zuriñe Velez de Mendizabal

Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Zerrajera aldean eraikiko dituzten 95 etxebizitza sozial zozketatu zituzten iragan astelehenean, abenduak 15, Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Guztira 316 pertsona onartu zituen Etxebidek bertan parte hartzeko. Frontoian Javier Madrazo Sailburua, Joseba Ugalde Arrasateko zinegotzia, Ignazio Lakuntza herriko Alkatea eta Jose Luis Amerigo, notarioa izan ziren.

Zozketara onartutako pertsonak lau taldetan zeuden banatuta, eta talde bakoitzari etxebizitza kopuru bat zegokion. Lehenengo taldea gurpildun aulkientzat egokitutako etxebizitzen taldea zen. Lau eskaera egin ziren guztira, eta laurak esleitu zituzten automatikoki. Bigarren taldea guraso bakarreko familiek osatzen zuten; bederatzi eskaera egin ziren lau etxebizitzentzat. Hirugarren taldea 35 urte baino gehiagoko pertsonen taldeak osatzen zuen, 93 eskaera egin eta 22 etxerekin. Azken taldean 35 urte baino gutxiagokoak zeuden, eta 210 eskaera egin ziren, guztira 65 etxe zeudelarik. Zozketa egunean ehundaka lagun bildu ziren Uarkapen. (Arg. Z.V.M.)

Zozketatutako etxeek 58 metro karratu eta 75 metro karratu artean izango dituzte, eta 2006.urterako amaituta egon beharko dira. Madrazoren esanetan, etxebizitza sozialak dira etorkizuneko asmoak betetzeko jende askok duen modu bakarra. Hilean, bataz beste, 180euro ordaindu beharko du etxearengatik errentariak. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ongizate Saileko ordezkariak, etxeen kalitate maila ona goraipatu zuen. Hala ere, etxebizitzak asteartean egokitu zitzaizkienei berrikuskapena egingo zaie, oraindik ere bete beharreko baldintzen barruan aurkitzen ote diren jakiteko. Horrela, Javier Madrazo Sailburuak, datorren urtean beste ehun etxebizitza zozketatuko direla gogorarazi zien aurtengoan zori onik izan ez dutenei.