178 Zenbakia 2002-09-06 / 2002-09-13

Gaiak

Euskal intelektualak interneten: Inguma proiektua

ARTETXE, Karmele

Euskal intelektualak interneten: Inguma proiektua Euskal intelektualak interneten: Inguma proiektua * Karmele Artetxe Sánchez Nork ukatu Joxe Azurmendi, Txomin Peillen, edota Pedro Miguel Etxenike gaur egungo Euskal Komunitate Zientifiko Intelektualaren (aurrerantzean, EKZI) kide direnik? Zerk egiten ditu intelektual? Zerk euskal zientzilari? Oinarrian, ezaugarri komun bakarra dute: beren kultur produkzioa euskaraz egiten dute (zati bat, bederen); hots, zientzia eta jakintza euskaraz produzitzen dute. Hori euskal intelektualei dagokienez. Interneti buruz, azken urteotako erronka teknologikoa dela ezin uka daiteke. Beronen garrantziaz oharturik, erakunde publiko, elkarte eta bestelakoak ere, ahalegin berezia egiten ari dira interneten euskaraz egoteko, horren adibide dira: euskara elkarteen web guneak, askotan beren aldizkaria on line eskaintzen dutenak (adb. Eta Kitto!); euskalgintzaren web orriak (Kontseilua, AEK, HABE,...); eta noski, erakunde zein elkarte zientifikoen sareko txokoak. Anitz dira, ezagunenak aipatuko ditugu, hala nola, Jakingunea, Elhuyar Kultur Elkarte, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzi Elkartea, Eusko Ikaskuntza etabar, ahaztu gabe unibertsitateetako web guneak: UPV/EHU, MU, Deustuko Unibertsitatea, UEU,... Guztiak, euskarazko web guneak dituzten elkarte edo erakunde zientifikoak dira. Jakinguneak adibidez, Jakin aldizkariaren zenbait zenbaki eskaintzen ditu eta XX. mendeko euskal liburuen katalogoaren datu basea. Hala ere, interneten ohikoagoak dira Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindiaren web orriak. Biek ahalegin berezia egin dute hainbeste liburu zein dokumenturen datu baseak on line jartzeko. Dena den, Eusko Ikaskuntzak sarean zenbait datu base garrantzitsu baditu ere, osorik euskaraz egindakoa Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekarena da. Honekin guztiarekin nabarmendu nahi dena zera da, euskal erakunde zientifikoak interneten murgildu direla. Baina bakoitzaren web gunea norberarena da, norbere produktuak erakusteko lekua, eta web guneekez daukate komunean partekaturiko egitasmorik. Beraz, euskarazko web gune zientifiko kulturalak momentu honetan bizi duten egoeraren ezaugarri garrantzitsuenetakoa, sakabanaketa da. Baina hori ez da harritzekoa, batere birtuala ez den EKZI aren egoera horixe denean. Unibertsitate mailako kualifikazioa duten pertsona euskaldunak asko dira. Bere lana modu erregularrean edo esporadikoan euskaraz egiten duten irakasle unibertsitarioak, edo bigarren hezkuntzakoak zein profesional kualifikatuak toki desberdinetan barreiatuta daude: unibertsitateak, goi mailako hezkuntza zentroak, administrazio publikoak, enpresa pribatuak, abokatu bulegoak, ospitaleak etabar. Beraz, profesional kualifikatuen artean dagoen elkar ezagutza eta komunikazioa oso eskasa da eta urrun dago egoera normalizatutik. Komunikazio bide informalak eta harreman sare txiki batzuk baino ez daude. XIX. mendeko Euskal Herriko intelektualek, harreman sare trinkoak osatu zituzten. Ideiak transmititzeko euskarria gutuna eta elkarrizketa ziren. Sakabanaketa eta unibertsitate mailako profesional kualifikatuen artean dagoen deskonexioa gainditzeko interneten bi aukera aurki daitezke; bata, zerrendak, eta bestea, Inguma. Zerrendek, bertan izena eman dutenen arteko hartueman zuzena ahalbidetzen dute. Dudarik gabe garrantzia handia dute gai jakin baten inguruan interesa duten pertsonak elkartzeko. Horrela, euskaraz, Uztargi edota Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia zerrendak aurki daitezke, euskalgintza zein biblioteka arloko gaiez dihardutenak. Zerrendak baina, ez dute harreman zuzenik eskaintzen pertsonen artean, gai batzuen inguruan baizik. Gainera, euskaraz ez daude arlo guztien gaineko zerrendak. Hala ere, edozein aditu aurkitzeko, edozein gai zehatz lantzen hasteko, bereziki sortutako tresna bat egon badago interneten: Inguma. Inguma, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, UEUk sortutako Euskal Komunitate Zientifiko Intelektualaren datu basea da. Bertan azken 30 bat urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintzaalor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da. Hots, Inguma datu basea EKZI aren oinarri diren produktuak eta egileak bildu nahi dituen egitasmoa da. Oinarrizko informazioa eskaintzeaz gain, Inguma k sakabanatutako EKZI a trinkotzea du helburu. Hortaz, egilearen izen abizenekin batera, posta elektronikoa aipatzen da, komunitatearen kideen arteko ezagutza eta komunikazioa ahalbidetzeko asmoz. Inguma datu baseak Euskal Komunitate Zientifikoa biltzeaz gain, posta elektronikoaren bitartez komunitatearen kideen arteko komunikazioa eta elkar ezagutza sustatu nahi du. Inguma datu basean pertsona bat sartzeko erabili den irizpidea, pertsonaren ekoizpen kulturala edo profesionala izan da. Egileon produktuek oinarrizko baldintza bi bete behar dituzte; unibertsitate mailakoak izatea eta euskaraz ekoitziak egotea. Hau da, 1968tik aurrera, euskara batuaren oinarrizko arau ortografiko gramatikalak onartu zirenetik, unibertsitate mailako jakintza arloren batean jatorriz euskaraz idatzitako liburuak, artikuluak, liburu aipamenak zein atalak jaso dira. Horretaz gain unibertsitate mailako ahozko ekoizpenak ere (hitzaldiak, ikastaroak eta irakasgaiak), bildu dira. Produktu guztiak izaera oso ezberdina duten bi katalogazio sistemen bitartez sailkatu dira, bata, Melvil Dewey ren (1876) lanetan oinarritutako Sailkapen Hamartar Unibertsala (SHU) delako sistema erabiliz munduan gehien erabiltzen den sistema delako , eta bestea, gai sarreren zerrenda itxi bateko hitz gakoak esleituz. Katalogazio sistematikoak euskal produkzio zientifikoaren nondik norako zehatza ezagutzeko aukera eman dezake, hau da, disziplina akademiko ohikoetakoak zein gutxien landutakoenak, jakintza arlo bakoitzean aritzen diren kideak, etabar. Era honetan azken bi urteotan banan banan EKZI aren parte diren 4530 egile bildu dira. Horretarako beharrezkoa izan da 15000 bat dokumentu katalogatzea. Hirurogeita bederatzi aldizkari hustu dira sistematikoki, hamahiru argitaletxeeta beste hainbat erakunderen jarduera osoa jaso da. Datu hauetan oinarrituz, behin behineko ondorio batzuk atera daitezke EKZI az: hasteko, oso oinarri zabala du, baina aldi berean, ahula, 3000 bat kide baitaude produktu bakarra edo gehien jota bi dituztenak. Aurrez aurre 230 bat lagunek osatutako talde txiki baina oso aktiboa dago, 16 produktu baino gehiago ekoitzi dituztenek osatua. Bi muturren artean, hau da, 3 produktu baino gehiago dituztenak baina 16 baino gutxiago, 1300 egile daude. Dena den, datu hauek guztiak behin behinekoak dira, Inguma datu basearen horniketa oraindik agortu gabe baitago. Aurten, programa akademiko ofizialen arabera Euskal Herriko unibertsitateetan euskaraz ematen diren irakasgaiak eta irakasleak sartzean, EKZI aren jarduera eta kopuruei buruz eskaini diren lehen hipotesi hauek baieztatu edo zuzendu ahal izango dira. Laburtuz, Inguma, internet en domeinua propioa (atzipen zuzena, publikoa eta doakoa duen Euskal Komunitate Zientifikoaren datu basea da. Egile euskaldunak eta dokumentuak bilatzeko kontsulta iturri erraza eskaintzeaz gain, bere komunitate linguistikoaren zientzilari eta intelektualak ikertzeko tresna aitzindaria da. Baina, Inguma ez da datu basea soilik, egitasmo bat ere bada. EKZI aren sakabanaketa, eta honek euskal kulturan eta hizkuntzaren garapenean eragiten dituen mugapenak gainditzeko ekimena da. Horretarako, kideen arteko ezagutza eta komunikazioa sustatzeko, posta elektronikoaren erabilpena proposatzen du. Karmele Artetxe Sánchez, Inguma ko dokumentazio arduraduna Euskonews & Media 178.zbk (2002 / 9 / 6 13) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria