Gabirel Jauregi (1895 1945), Fisika eta Kimikari buruz euskaraz idatziriko lehen liburuen egilea Gabirel Jauregi (1895 1945), Fisika eta Kimikari buruz euskaraz idatziriko lehen liburuen egilea * Jose Ramon Etxebarria Bilbao Hogeita hamar bat urte pasatu dira, Gabirel Jauregiren lanen berri izan nuenetik, hau da, zientziaren arloan geure lanak euskaraz egiten hasi ginen garai haietatik hona. Lan horri ekin genionean, inoren erreferentziarik ez genuen hasieran. Eginkizun horretan lehenak ginela uste genuen eta, horregatik, erdi noraezean genbiltzan, inork zapaldu gabeko bideetatik ibili beharko genuelakoan. Baina halako batean adiskide batek bi liburu bitxi eskuratu zizkidan, garai ezkutuetan komentuko liburutegietan ongi gorderik zegoen altxorraren pitxi modura: Pisia eta Kimia ziren liburu haien izenburuak, Gabirel Jauregi aramaioarrak eginak. Bi liburu horietan, Gabirel Jauregik ahalegin ikaragarria egin zuen Fisika (bere izendapenean Pisia) eta Kimika (Kimia, alegia) arloko testuliburuak prestatzeko. Lehena 1935ean idatzi zuzen eta bigarrena 1936an, biak Gasteizen argitaratuak, nahiz eta Gaubeka inprimategian irarkola, beraren hitza erabilita , Bermeon, inprimitu zen. Harriturik irakurri nituen, edukiak aztertuz, idazkera ardura handiz analizatuz, eta, batez ere, neologismoak sortzeko Jauregik erabilitako teknika edo bideak arakatuz. Edozertara, Pisia liburua aztertu nuen bereziki, nik landu nahi nuen arloa Fisikarena baitzen. Benetan esan behar dut, gustura aritu nintzela, harriduratik harridurara, sarrera modura idatzitako elkarrizketatik hasita, eta erraz ulertzekoak ziren hitz moldatu berrietatik ulertezin gertatu zitzaizkidan hainbat neologismotara pasatuz. Batzuetan miretsita geratu nintzen zein bide egokia aurkitua zuen ikusita, eta besteetan bidearen desegokitasunaz pentsati; baina guztietan harrituta. Azal dezadan, lehenik eta behin, Gabirelek idatzitako liburu honen izenburuaren zergatikoa. Dakikegunez, gaur egun euskaraz Fisika deritzogun hori,grezierazko = physis (`natura') hitzetik dator. Inguruko hizkuntzetan Física (gaztelania), Physique (frantsesa), Physics (ingelesa)... idazten den hori izendatzeko, F letra hartu ordez, Gabirelek P letra hobetsi zuen, garai hartako euskaran normalki egiten zen bezala, adibidez, "afari", "infernu", "festa" eta "fraka" hitzak aukeratu ordez "apari", "inpernu", "pesta" eta "praka" hobetsiz. Bestetik bukaerako s letra hori galtzea ere ohikoa zen eta da euskaraz, gaur egun ere "krisisa" edo "hipotesisa" esan ordez, "krisia" eta "hipotesia" esaten baitugu. Beraz, ez zebilen oso oker Pisia aukeratzean, nahiz eta azkenean geroago etorri garen idazleon artean Fisika hitza nagusitu den. Eta gauza bera egin zuen hurrengo urtean argitaraturiko Kimia izena aukeratzean, kasu honetan Kimika aukeratu ordez. Nor zen, baina, Jauregi'tar Gabirel hura, berak sinatzen zuen modura deituta? Bere bataio liburuan idatzita dagoenez, 1895eko maiatzaren 27an jaio zen Uribarren baserrian, Aramaioko Etxaguen auzoan, eta Luziano izena jarri zioten bataio hartan. Nolanahi den, familia oso erlijioso batean hazi eta hezia izan ondoren, gaztaroan karmeldar izatea erabaki zuen, bai berak (Aita Gabirel izena harturik) eta baita bere anaia Josek ere (Aita Angelo izena hartu zuena). Abadetzari zegozkion teologia ikasketak eta bestelakoak amaitu ondoren, apaiz egin zen 1922. urtean. Eliz ikasketak amaituta, bere ordenako nagusiek eginkizun desberdinak eman zizkioten; horien artean, irakasle izatearena. Horrela, Gasteizko filosofia ikastetxeko irakaslea izan zen 1924 36 urteen bitartean, eta bertan aita Gabirelek berak bere ohar autobiografikoan dioenaren arabera , Naturaren Historia, Matematika, Filosofiaren Historia, Arkeologia, Fisika eta Kimika irakatsi zituen. Hain zuzen ere, batetik Fisika, Kimika eta Natur Zientziei zien zaletasunak eta bestetik 1935. urtearen inguruan irakasle izateko titulu ofiziala eduki beharra zegoela eta, Oviedoko unibertsitatera joan behar izan zuen, eta bertan Natur Zientzietakolehenengo bi mailetako azterketak gainditu zituen. Garai horretan idatzi zituen bere bi liburuak. Esan behar da, bestalde, euskal idazle modura ere jardun zuela Karmengo Argia izeneko aldizkarian, eta hirugarren liburu bat ere bazuela inprimategirako prestatuta, hain zuzen ere berak Izadi iztia izenburuaz argitaratzeko asmoa zuena (Natur Zientziei buruzkoa, alegia). Dena den, gero gerratea etorri zen, eta bertan behera geratu ziren asmo haiek. Gerratean bestelako lanetan aritu zen Larrean (Zornotza), eta, oso gazterik zela, endokarditis gaixoaren eraginez zendu zen. Datu horiek guztiak eta beste asko, 1995. urtean, Jauregiren jaiotzaren mendeurrenaren kariaz Julen Urkizak prestaturiko liburu eder batean aurki daitezke: Aita Gabirel Jauregi Uribarren (1895 1945), Karmel Sorta 7, Markina. Gabirel Jauregiren lanari buruzko zenbait ohar labur Sarrerako bigarren atalean liburuan erabiliko duen euskarari eta hiztegiari buruzko kezka azaldu zigun, garaiko euskaldunek zeukaten bildurra gaur eguneko askorena ere badena uxatzeko ahaleginean. Honelaxe zioen: «PISI'KO EUSKEREA TA IZTEGIA Baña, ik diñoana, euskaldunok aituko ete yoagu? Bai, mutil. Nik euskeraz yagidanean, euskera leun eta garbian egiten yoat. Gañera, esakuntza laburrak erabilten yoadaz. Nik esan bear yoadazan gauzak esateko, itz barri asko asmau bear izan yoadaz; baña irakurten asi ezkero, laster aituteko lakoak asmau yoadaz. Eta iztegia bertan yarabillat. Eta adigarri asko ipiñi yoadaz; irudi pilloari begiratuaz bakarrik ulertzeko lez yakardaz gauzak. Euskeldunei euskeraz idazteko gatxen etorten yakuna, auxe dok: gauza guztiak esateko itz zarrik ez eukitea, eta dagozan guztiak ez yakitea. Baña itxaron apur baten. Aldi gitxi barru, gure gaztediak erdera baño euskera obeto irakurri, idatzi eta itz egingo yok; eta orduan ikusiko dok, euskel itz barriak atonduten ibilli gareanon aintza norañokoa izango dan. Eta egun ori laster yatorkuk. Gazteak nai izatea baño eztok behar; eta gaztediak gura yok: Laster datoreguna; Sorkaldetik agiri da Argi gozo biguna: Bere aurrean bildurtuta, Igesi doa illuna. Nire okerrak, nire ostean datorzenak zuzenduko yoezak.» Beste kontu bat da, Jauregiren nahia bete ote den edota errealitate bihurtzeko bidean doan. Guk ahaleginean dihardugu, hark emandako erreleboa helbururaino eraman nahian, eta hainbeste pauso eman ere eman ditugulakoan gaude, unibertsitatean euskara normaltasunez erabiltzeko gai izatea praktikan lortuz. Dena dela, euskararen erabilpenari dagokionez, eta gaur egun zientziaren arloan euskarak hartu duen bideari dagokionez, konkretuki, lexiko sorkuntzarako Jauregik erabilitako teknikak kontuan hartuta, berak harturiko bidetik pixkatxo bat aldendu gara. Edozertara, «itz barriak atonduten ibilli gareanon aintza» horri dagokionez, gutxienez, aintza hori eman nahi genioke berari, berandu bada ere, goraipamen modura idatzitako artikulu honen bidez. Azken gogoeta modura Nondik datorren ez dakien herriak, nora doan ez jakiteko arriskua dauka. Horrexegatik aipatu dugu Gabirel Jauregiren lana. Gaur eguneko ikuspuntutik aztertuta, argi dago, Fisikari eta Kimikari dagokionez, hainbat gauzatan berak aukeraturiko norabidetik ez goazela, baina, ene iritziz, hori ez da benetan funtsezkoena. Puntu batzuei dagokienez, gaur egun dugun ikuspegia oso bestelakoa da, eta hori dela eta, batzuetan gogor juzkatzeko joera agertu ohi dugu. Hala ere, ezin ditzakegu orduko lanak gaur eguneko parametroekin neur, agortu gabe dagoen ibaiaren urak sekula ere geldi ez daudelako. Hizkuntzak, bizirik badaude, etengabe aldatuz doaz, bizitzeko behar dituzten elementuak hartuz, antolatuz eta egokituz. Gabirel Jauregi oso ausarta izan zen Fisikaren arloan burubelarri sartzen, benetako aintzindari modura jokatuz. Aurrean zeukan lana, denbora luzez egitekoa zen, zientzia bera den modukoa, pauso teorikoekin batera pauso praktikoak emanez, experimentuaren galbahetik pasatuz, hots, berak eginiko proposamenen arteko zeintzu ziren egokiak eta zeintzu ez, hori praktikan ikusibeharreko gauza zelarik. Zoritxarrez Euskal Herria ia desagertzera eraman zuen gerrak moztu zuen Gabirelek hasitako bidea, eta euskal hiztunek ez zuten denborarik ez aukerarik izan, «sutan frogatuz eltzea nolakoa zen» ikusteko. Baina bidearen hasiera markaturik utzi zigun, helburua argi adierazirik, alegia, euskaldunok etorkizunean ere euskaldun segitu nahi bagenuen, euskara zientziaren arlora eraman behar genuela, nahitaez. Eta horretan gauzarik garrantzizkoena, dudarik barik erabat zuzen ibili zen. Guk geuk aurrekoen erreleboa hartu eta haiek hasitako bidetik ibili besterik ez dugu egin. Jose Ramon Etxebarria Bilbao, Udako Euskal Unibertsitatea Euskonews & Media 174.zbk (2002 / 7 / 5 12) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.