Txirrindularitza profesionalaren eskakizun fisiologikoak Txirrindularitza profesionalaren eskakizun fisiologikoak Iñigo Mujika eta Sabino Padilla 1. Sarrera Gizonezkoen txirrindularitza profesionalean lehiaketa egun bakarreko, 4 10 egunen arteko eta hiru asteko lasterketetaz osatuta dago. Lasterketa hauen guztien artean, hiru asteko etapa lasterketak (Tour de France, Giro d'Italia eta Vuelta a España) dira ziurrenik kirol honen lehiaketarik esanguratsuenak, alde batetik partehartzaileen irabazi nahia kontutan hartuta, eta bestetik sponsorren, komunikabideen eta jarraitzaileen artean sortarazten duten atentzio eta interes maila ikusita. Lehiaketa hauetan zehar, txirrindulari profesionalek oso ibilbide eta lehiaketa baldintza ezberdinetan aritu behar dute. Izan ere, ibilbideak lauak izan daitezke alde batetik, eta mendateetan gora eta beherakoak bestetik; lehiaketa, bestalde, banan banakoa edo beste txirrindulariz osatutako talde baten barnean korritutakoa izan daiteke. Baldintza aldakor hauek direla eta, lasterketaren eskakizun fisiologikoak era batekoak edo bestekoak izango dira, eta txirrindulariaren erantzun fisiologikoa eskakizunen araberakoa izan beharko du. 2. Txirrindularitza profesionalaren ezaugarriak Errepideko txirrindularitza profesionalak lehiatzeko bi era ezberdin du, hau da, erlojupeko saioak alde batetik eta tropelean korritzen diren lasterketak bestetik. Txirrindulari baten lehiakortasun maila egun bakarreko, zenbait eguneko edo/eta hiru asteko lasterketetan lehiatzeko bi era hauetariko batean edo bietan erakusten duen errendimendu mailak mugatuko du. Entrenamendurako estrategiak eta kirol errendimendua hobezinak izan daitezen, txirrindularitza profesionalaren lehiaketen eskakizun fisiologikoak zeintzuk diren zehaztea ezinbestekoa da. Zoritxarrez, hau oso betekizun zaila izan da orain arte, ariketa baten intentsitate maila neurtzeko kirol zientzialariek erabiltzen ohi dituzten oxigeno kontsumoa eta odol laktato kontzentrazioa neurtzeak suposatzen dituenzailtasun teknikoak direla eta. Dena den, bihotz maiztasuna telemetriaren bitartez jasotzeko, eta pedaletan erangindako potentzia zehaztasun handiz neurtzeko tresnen agerpenak txirrindularitza lehiaketetan zeharko ariketaren intentsitatea zein den jakitea ahalbidetu du, lasterketetan jasotako banan banako bihotz maiztasunak aldez aurretik laborategian neurtutakoekin erlazionatuz, eta lasterketetan garatutako potentziak zuzenean neurtuz hurrenez hurren. 1 3, 5 8 2.1. Erlojupekoak Duela denbora gutxi argitaratutako ikerlan batean erlojupeko lehiaketa mota ezberdinen intentsitatea aztertu zen nazioarteko maila zeukaten txirrindulari talde batean, beraien lasterketetako bihotz maiztasunak aldez aurretik laborategian egindako akidura arteko test progresibo batean jasotako balio maximo (BMmax) eta submaximoekin bihotz maiztasuna norberaren laktato atalasean eta 4 mmol/l ko odol laktato kontzentrazioan (BMLA eta BM4MMOL, hurrenez hurren) erlazionatuz. Ikerlan honek erakutsi zuenez, zenbait eguneko eta hiru asteko lasterketei hasiera ematen ohi dieten erlojupeko PROLOGOAK intentsitate altuenera korritzen diren erlojupekoak dira (89 ± 3% BMmax, 114 ± 8% BMLA eta 100 ± 3% BM4MMOL). Hauen atzetik ibilbide lauan eta 40 kilometro baino gutxiago duten erlojupeko LABURRAK (85 ± 5% BMmax, 108 ± 9% BMLA eta 95 ± 7% BM4MMOL), taldeko txirrindulari guztiek batera korritzen dituzten TALDEKAKO erlojupekoak (82 ± 2% BMmax, 105 ± 11% BMLA eta 92 ± 4% BM4MMOL), lauak diren bainan 40 kilometro baino gehiago duten erlojupeko LUZEAK (80 ± 5% BMmax, 103 ± 8% BMLA eta 89 ± 5% BM4MMOL) eta, azkenik, 500 metro baino gehiagoko altitude aldaketa daukaten KRONOESKALADAK (78 ± 3% BMmax, 101 ± 5%, BMLA eta 87 ± 2% BM4MMOL) kokatu ziren. Hala ere, BMLA eta BM4MMOL ko edo goragoko intentsitateetan igarotako denbora osoa kontutan edukita, baita TRIMP kopurua ere ("training impulse", lehiaketan zehar jasandako ariketa zama fisiologikoaren adierazle integratiboa), TALDEKAKO erlojupekoak erlojupeko guztienartetik "gogorrenak" zirela ondorioztatu zen, hauen ondoren KRONOESKALADAK, LUZEAK, LABURRAK eta PROLOGOAK kokatzen zirelarik. Lehiaketa mota bakoitzean lortutako batez besteko abiadurek ez zituzten, ordea, erlojupeko ezberdinen eskakizunetan ikusitako ezberdinatsun hauek erakutsi. Horrez gain, autoreek BMLA eta BM4MMOL hurrenez hurren 30 minutu baino iraupen luzeagoko eta laburragoko erlojupeko saioen lehiaketako erritmoa zehazteko indize baliagarriak izan zitezkeela iradoki zuten. Oso iaiotasun handiko txirrindulariek, ordea, 4 mmol/l edo gehiagoko ariketa intentsitateak egoera egonkorrean 60 minututan zehar mantentzeko gai direla erakutsi dute. Oraintsuko ikerlan batean batez beste 171 taupada minutuko bihotz maiztasuna eta "ariketa anaerobiko" ko 17 minutu neurtu ziren batez beste 38 minutuko iraupena zuten erlojupeko saioetan. Balio hauek gorago aipatutako ikerlanean erlojupeko LABURRETAN neurtutako 172 taupada minutuko eta BM4MMOL etan edo goragoko ariketa intentsitateetan igarotako 17 minutuekin parekotasun azpimarragarria dute. Dena den, garrantzitsua da adieraztea gorago aipatutako intentsitate balio guztiak altuagoak izan zirela lehiaketetako erlojupekoetan zeukaten guztia eman zuten txirrindularientzat, eta baxuagoak talde estrategien ondorioz planteamendu kontserbakorragoa erabili zutenenetzat. 2.2. Tropelean korritzen diren lasterketak Oraintsuko ikerlanek bihotz maiztasunaren neurketetan oinarritutako metodologia erabili dute tropelean korritzen diren lasterketetan zeharko ariketaren intentsitatea eta zama fisiologikoa aztertzeko. 2,3,5 Hauetariko batean, tropelean korritutzen diren lasterketak LAU, ERDI MENDITSU edo MENDITSU gisa sailkatu ziren, mendian gora burutu beharreko distantzia eta altitude aldaketa osoaren arabera. Berriro ere, abiadura lasterketa baten eskakizun fisiologikoen adierazgarri egokia ez dela erakutsi zen, batez besteko abiadurarik azkarrena (40,7 ± 3,1 km.h 1) etapa LAUETAN eman baitzen, eta motelena eta MENDITSUetan (32,7 ±3,7 km.h 1). Batez besteko bihotz maiztasuna, ordea, baxuen izan zen lehengo hoietan (119 ± 10 taupada.min 1) eta altuen azken hauetan (135 ± 9 taupada.min 1). Batez besteko bihotz maiztasunak 51 ± 7, 58 ± 6 eta 61 ± 5% BMmax, 65 ± 10, 74 ± 11, 79 ± 9% BMLA eta 57 ± 8, 65 ± 7 eta 69 ± 6% BM4MMOL izan ziren, etapa LAU, ERDI MENDITSU eta MENDITSUetan hurrenez hurren. Zenbatetsitako batez besteko potentziak, hurrenez hurren, 192 ± 45, 234 ± 43 eta 246 ± 44 W (hau da, potentzia maximoaren % 45 ± 9, % 53 ± 8 eta % 57 ± 8). Beste ikertzaile batzuk antzerako bihotz maiztasunak iragarri dituzte, 2,3 eta etapa MENDITSUetan zenbatesitako batez besteko potentzia Frantziako Tourreko etapa menditsu batean SRM Training System baten bidez zuzenean neurtutako 240 W ekin antza azpimarragarria dauka. Honek bihotz maiztasuna txirrindularitza lasterketetan zeharko batez besteko potentzia zenbatesteko tresna baliagarria dela aditzera ematen du. Izan ere, iradokizun hau gerora egiaztatu da, baldin eta bi aldagai hauek (hau da, bihotz maiztasuna eta potentzia) denbora tarte nahikoa luzeetan jasotzen baldin badira. Honako batez besteko bihotz maiztasun eta potentzia balio baxuek, ordea, ez dute behar bezala isladatzen txirrindularitza profesionaleko lehiaketak ez direla egoera egonkorrean korritzen. Alderantziz, tropelean korritzen diren txirrindularitza lasterketen aldizkako izaera oso intentsitate altuko eta tartekako intentsitate baxuko errekuperazio tarteek erakusten dute. Orora, etapa LAU, ERDI MENDITSU eta MENDITSUetan zehar txirrindulariek 32 ± 29, 58 ± 50 eta 93 ± 70 minutu igaro zituzten norberaren laktato atalaseari dagokion intentsitatean edo honen gainetik, eta 6 ± 8, 13 ± 16 eta 16 ± 22 minutu 4 mmol/l ko odol laktato kontzentraziori dagokion intentsitatean edo gorago. Gainera, balio hauetan aldakortasun inter indibidual azpimarragarria ikusi zen, etapa zehatz batean txirrindulari bakoitzaren betekizun berezia, talde estrategiak, lasterketaren eta ingurugiroaren baldintzak,etabar direla eta. Aldagai guztiak barne, etapa MENDITSUak guztien artetik "gogorrenak" ziren, jarraian ERDI MENDITSUAK eta LAUak kokatzen zirelarik. Izan ere, etapa mota bakoitzari zegozkion TRIMP kopuruak honela isladatu zuen (215 ± 38, 172 ± 31 eta 156 ± 31, hurrenez hurren). 3. Ondoriak Ondorio gisa, txirrindularitza profesionalaren eskakizun fisiologikoak bihotz maiztasunaren neurketaren bitartez zenbatetsi daitekeela baiezta daiteke. Izan ere, bihotz maiztasuna erlojupeko eta tropelean korritzen diren lasterketen intentsitatea eta zama fisiologikoa neurtzeko tresna erabilgarria dela frogatu da, lasterketetan zehar jasotako balioak aldez aurretik laborategian lortutako erreferentziako balio maximo eta submaximoekin alderatuz. 4. Aipamenak 1. Padilla S, Mujika I, Orbañanos J, et al. Exercise intensity during competition time trials in professional road cycling. Med Sci Sports Exerc 2000; 32 (4): 850 856 2. Fernández García B, Pérez Landaluce J, Rodríguez Alonso M, et al. Intensity of exercise during road race pro cycling competition. Med Sci Sports Exerc 2000; 32 (5): 1002 1006 3. Lucía L, Hoyos J, Carvajal A, et al. Heart rate response to professional road cycling: the Tour de France. Int J Sports Med 1999; 20: 167 172 4. Padilla S, Mujika I, Angulo F, et al. Scientific approach to the 1 h cycling world record: a case study. J Appl Physiol 2000; 89: 1522 1527 5. Padilla S, Mujika I, Orbañanos J, et al. Exercise intensity and load during mass start stage races in professional road cycling. Med Sci Sports Exerc "In press" 6. Palmer GS, Hawley JA, Dennis SC, et al. Heart rate responses during a 4 d cycle stage race. Med Sci Sports Exerc 1994; 26: 1278 1283 7. Jeukendrup A, Van Diemen A. Heart rate monitoring during training and competition in cyclists. J Sports Sci 1998; 16: S91 S99 8. Palmer GS, Martin DT, McLean BD, et al. Heart rate does not accurately reflect power output during professional cycling competition. Med Sci Sports Exerc 2000; 32: S292 9. BanisterEW. Modeling elite athletic performance. In: Green HJ, McDougal JD, Wenger H editors. Physiological testing of elite athletes. Champaign (IL): Human Kinetics, 1991: 403 424 Iñigo Mujika eta Sabino Padilla, Ikerkuntza eta Garapenerako Saila, Osasun Zerbitzuak. Athletic Club de Bilbao Argazkiak: http:// Euskonews & Media 173.zbk (2002 / 6 28 / 7 5) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.