BTTa Euskal Herrian BTTa Euskal Herrian * Alberto Agirreazaldegi Mendi bizikletaren arrakasta Bizikleta da munduan gehien erabiltzen den ibilgailua. Garraio bezala nahiz aisialdiko ibilgailu moduan erabiltzen da eta bigarren aukera hau aztertuko dut gaur. Mendiko bizikleta orain dela hogei urte inguru hasi zen ikusten Euskal Herrian. Lehenengoetako mendi bizikleta. Kelly eta Fisher asmatzaile amerikarrek lehen mendi bizikleta aurkeztu zutenean, inork ez zuen espero halako arrakastarik. Ez zen fabrikatzaileen gustukoa, baina egun saldutako bizikleten %80a mota honetakoak dira. Adituen iritziz, bizikleta mota honen arrakasta ondoko premiei erantzutea izan da: oreka erraza, balazta egokiak eta aldapa gogorrak igotzeko moduko martxa baxuak. Edozeinentzat, baita hasiberrientzat ere, egokia da aldapa zailenak igotzeko. Gary Fisher en Klunder mendi bizikleta (1996an berriz ekoiztua) Txirrindularitzaren zaletasuna berpizteko arrazoietako bat mendiko bizikleten sorrera izan da. Hauek, berrikuntza teknologikoari, sendotasunari eta segurtasunari esker, gazteen eta ez hain gazteen begiko bihurtu dira. Aldapak errazago igotzeak, bide eta bidezidorrak zeharkatzeko gaitasunak eta hartzen duten tratua jasateko eskaintzen duten konfiantzak, bazter ezkutuenetara iristeko gogoa eta adorea pizten du. Mendi bizikletak ustekabeko arrakasta lortu du urte gutxitan. Oso gutxitan gertatu izan da horrelako bilakaera azkarra. Hogei urtetan hartu duen ospea sinestezina izan da. Mendi bizikletaren bilakaera teknologikoak jarraituko du oraindik, baina bere benetako izaerak bizirik iraungo du: garraiobide onenarekin eta merkeenarekin naturaz gozatzea. Batzuen ustez, mendiko bizikleta izan da txirrindularitzak mende honetan eman duen aurrerapen harrigarriena. Industria osoa garatu da bere inguruan. Mendiko bizikletari esker orain arte iritsi ezinak ziren tokietara heldu daitekeela pentsa dezake txirrindulariak. Bestalde, mendiko bizikletari esker txirrindularitza guztion eskura jarri da. Egunmilaka eta milaka lagun dira bideetan zehar pedalak ematen dabiltzanak. Baina, zerk egiten du hain erakargarria mendiko bizikleta? Naturarekin harremanetan jartzen gaituen eta gure egoera fisikoa hobetzen laguntzen digun kirola da. Aldapak igotzean sufritu egiten da baina jaitsieretan eta ordekan gozatu. Mendiko bizikleta osagai hauen nahasketa da: abentura, txirrindularitzarako zaletasuna eta naturarekiko maitasuna. Mendiak igotzea, haranak zeharkatzea, aire libreaz gozatzea eta paisaia ikusgarrien erakargarritasuna sentitzea dira kirol honek eskaintzen dituen abantailak. Osasunarentzat kirolik gomendagarriena da. Bihotzarentzat eta zirkulazio aparatuarentzat oso mesedegarria da, neurriz eginez gero. Bestalde, hanketako artrosia atzeratzen laguntzen du. Ipurmasailak eta izterrak indartzeko ere aproposa da. Hala ere, beste kirol gehienetan bezala, mailaz maila joan behar da honetan ere. Bakoitzak bere mugak ezagutu behar ditu eta horiek gainditu gabe ibili. Maila batean eroso sentitzen denean, orduan jar ditzake batek helburu ausartagoak. Bizikletak, itxuraz, kalterik ez du egiten, baina txirrindularitzak baditu bere arriskuak. Mendi bizikleten kasuan kaskoa ondo lotua eraman behar da, eskularruak eta estutzen ez duen arropa, eta bizikleta osoa (pedalak, zelaren altuera eta heldulekuarena, batik bat) puntu puntuan eduki. Jaitsieretan kontu berezia eduki behar da, erorketak gerta daitezkeelako. Bizikletan hasi berriak direnei, mendiko ibilbide gogor bati ekin aurretik, berotzea komeni zaie lauan kilometro batzuk eginez lehendabizi. Azkenik, ez dugu ahaztu behar mendiaz ari garela eta mendian kontu handia izan behar dugula ingurumena eta jabegoa errespetatuz. Ondorengo aholkuak betetzea beharrezkoa da mendian bizikletaz ari garenean: Ahal dela, beti bideetatik ibili eta belardi eta basoetatik ez ibili. Langak eta hesiak pasatzerakoan lehen bezala utzi. Baserriak eta ingurua errespetatu eta baita jabegoa ere. Oinez dabilena errespetatu: parean pasatzerakoan ezgerturatu gehiegi, abisatu eta abiadura jaitsi. Abereak ez beldurtu. Zuhaitz edo zuhaixkarik ez moztu. Ibilbideak Mendian bizikletaz ibiltzeko ez dago bide jakinik. Bakoitzak hautatzen du nahi duen ibilbidea. Hala ere, herriko bide eta bidezidorrak zeharkatzen ikastea da lehenengo gomendioa. Herriko inguruak ezagutzeko modurik egokiena ausardiaz jokatzea da. Inoiz ibili gabeko bideetan sartuta ikasten da, batzuetan atzera itzuliz eta besteetan beste bide batzuk aurkituz. Galdutakoan galdetzea da onena. Baserritarrei galdetuz gehienetan laguntzen dute bide egokia aurkitzen. Paraje ezezagunetan sartzeko asmoa izanez gero, aurrez informazioa biltzea da egokiena. Egun inguru gehienetako planoak lor daitezke eta mendizaleen modura, orientatzen jakitea ere komenigarria da. Bardeetako paisaiaz liluratuta. Herriko inguruak ezagutzen ditugunean hasiko gara beste ibilbide batzuk ezagutzen. Euskal Herrian hainbat leku ditugu zein baino zein politagoak. Baina zailtasuna kontuan hartu behar da. Errazenetik zailagora joango gara, bakoitza bere ahalmenaren arabera. Toki ezezagunetan taldean edo beste norbaitekin joatea da egokiena, abentura taldean bizitzea seguruagoa da eta. Ibilbide gomendagarriak Mendiko bizikletaz egiteko ibilbide batzuk proposatzea da nire asmoa. Adibide batzuk besterik ez dira, bazter berriak ezagutzeko aukera eskainiko dizutenak. Gogoa duenak eta abentura zalea denak baditu aukerak jakin mina asetzeko. Nik ere beste batzuen gomendioak jarraituz ezagutu ditut bazter gehienak. Hala ere, informazio gehiago nahi duenak bukaeran eskaintzen dudan bibliografia kontsulta dezake. Hona hemen Euskal Herrian zehar egiteko ibilbide gomendagarri batzuk lurraldez lurralde: Nafarroan Endarlatza Doneztebe, Endarlatzako tuneletatik, Bera, Igantzi eta Sunbillatik zehar. 25Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Olaberri Esnoz, Erro eta Urrobi hibaien artean. Olaberri Agoitzetik 6 Km. Luzera: 30 Km. Zailtasuna: 2. BG %90 Orreaga Orbaizeta Irati. Luzera: 39 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 EtxalarBehobia. Luzera: 36 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Agoitz: Zarikieta menditzerra. Luzera: 25 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Garralda Auritz Latxinea Garralda. Luzera: 20 Km. Zaitasuna: 2. BG %95 Urkiaga Adi Erro Oioki. Eugitik Iparralderako bidean Urkiaga mendatea. Luzera: 38 Km. Zailtasuna: 2. BG %95 Bardeak: Peñaflor gaztelua La Estroza Haitzarte handia. Argedatik 13 Km ra dagoen Agirre txabolan hasita. Luzera: 27 Km. Zailtasuna: 2. BG %97 Altsasu Bakaiku Sarabe Olazti Altsasu. Luzera: 43 Km. Zailtasuna: 2. BG %95 Beriain mendia Lizarraga mendatetik. Etxarritik igo eta tunela igaro ondoren ezkerretara dagoen pistatik zehar. Plazaola. Antzinako trenbidearen bidetik. Lekunberri eta Andoain bitartean. 40 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Bardeetan zehar. Gipuzkoan Soraluze Bergara SanPrudentzio Zubillaga Urkulu Soraluze. 58 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Eibar Ermua Aixola Elgeta Azurtza Eibar. 20 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Zarautz Garate Askizu Zumaia Elorriaga Deba. 22 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Orio Oribatzar Zarautz Iturraran Agorregi Orio. 20 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Karakate Irimo zeharkaldia: Elgoibar Soraluze Muneta Atxolin Hirukurutzeta Gorla Trekutz Zumarrag 50 Km. Zailtasuna: 2 3. BG %99 Plazaola. Antzinako trenbidearen bidetik. Lekunberri eta Andoain bitartean. 40 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Araban Iskizko basoa. Gasteiztik 30 Km ra, Lizarrara bidean, Apellanizen hasita. 17 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Toloño inguratzen. Rivas mendatean hasita. 28 Km. Zailtasuna: 2. BG %100 Entzia mendilerroa. Opakua mendatean hasita. 21 Km. Zailtasuna: 1. BG %100 Vasco Navarro trenbidea. Gamarra Txikia Durana Ulibarri Arlaban Leintz Gatzaga Eskoriatza. 33 Km. Zailtasuna: 1 2. BG %95 Orixoli itzulia. Legutiotik Aramaixora bidean Mariseka parkean hasita. Mariseka Krutzeta Etxaguen Urkiola Otxandio Mariseka. 32 Km. Zailtasuna: 2 3. BG %95 Bizkaian Anbotori itzulia. Mendiola Atxarte Txakurzulo Urkiola Sabigain Besaide Mendiola. 39 Km. Zailtasuna: 2 3. BG % 95. Aspe Tope Elorrio Argiñeta Iparraldean Bagardi Irabia zeharkaldia. 30 Km. Zailtasuna: 2. BG %99 Beriaingo bizkarrean. Zeharkaldi luzeak Pirinioen zeharkaldia. Mediterraneotik Kantauri itsasora. Zeharkaldi luzea (1000 Km) eta oso polita, baina gogorra eta zailtasun berezia (22000 m. ko desnibela) duena. Mendiko bizikletan benetako zaletuentzat egin beharreko abentura. Iraupena: 15 20 egun, bakoitzak duen mailaren arabera. Zailtasuna: 2 3 Donejakue bidea: Luzaidetik Santiagora. 850 Km. Zailtasuna: 2. BG %100. Iraupena: 10 12 egun Zilarraren bidea: Sevillatik Santiagora, Zafra, Merida, Caceres, Zamora, Salamanca eta Ourense zeharkatuz. 1050 Km. Zailtasuna:1 2. BG %100. Hemen ematen den iraupena ez da finkoa. Bakoitzak, bere ahalmenaren eta gogoaren arabera, erabakiko du bidea zenbat denboran egin. Epe laburragoan egin daiteke, baina nik uste dut inguruaz gozatzeko nahiko denbora hartzea komenigarria dela, bestela kirol proba huts batean gelditzen da zeharkaldia. Azken gomendio nagusi batzuk zeharkaldi luzea egin nahi dutenentzat: Aurrez entrenamenduak eginda joan. Ahalik eta pisu gutxien eraman. Ordezko oinarrizko piezak eta erremintak eraman. Bibliografia ROVIRA, A.; LAPARRA, :La travesía de los Pirineos en B.T.T., Ed. Prames, Zaragoza 1992 CEREZO,J.F.: La Ruta de la Plata, Ed. SUA, Bilbo 1996 ARCOS,J.I.;CACHARRO,J.R.:Ciclismo de montaña. Rutas, Sua edizioak. Bilbo 1990 Batzuk. Recorridos por Alava en bicicleta de montaña. Gasteiz 1993 Argazkiak: http:// http:// http://inicia.es/de/pitarque/CN2.JPG Bardeak eta Beriaingo argazkiak, Alberto Agirreazaldegi Euskonews & Media 173.zbk (2002 / 6 28 / 7 5) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.