146 Zenbakia 2001-11-30 / 2001-12-14

Gaiak

Frantziskotarrak Arantzazuko Santutegian

INTXAUSTI, Joseba

Frantziskotarrak Arantzazuko Santutegian Frantziskotarrak Arantzazuko Santutegian * Joseba Intxausti Aurten 500 urte betetzen dira frantziskotarrak Arantzazun beren Etxea hartu zutenetik. Beharbada, zertxobait lehenagotik zeuden han. Halako historia luzea ez da askotan burutu gure Institutu Erlijiosoen artean. Arantzazu 1890 aldera. Gipuzkoako fraide komentu nahiz monasterioen artean Arantzazukoa izan zen lehenengoa, lehen urteetan mesedeetako fraideekin (1493), eta laster frantziskotarrekin. Handik hona, eta tarteko aldarte txar guztiei gaina hartuz, orduko lehen Anaiarte hark berean iraun du, eta bukatu berri dugun XX. mendea izan da Arantzazun aberatsena, erlijiotasunean bezala kulturgintzan ere. Arantzazuko iragana eta egungo errealitatean hitz laburretan eman daiteke: Santutegi kristau bat da, Mariarena, Euskal Herrian lekutua eta fraide frantziskotarrek gidatua. Santutegia eraikitzen Santutegien hau historia luzea da erlijio guztietan, denek izan baitituzte honelakoak eta gaur egun ere bai. Errealitate "misterikoaren" bilaketarako leku bezala agertu izan dira Santutegiak, eta halaxe da Kristautasunean ere, nahiz eta lehen garaian ez baizik IV. mendeaz geroztik garatu den kristau Santutegien historia. Santutegia, lekua ez ezik bertara bildu ohi den herriartea da, erromesen lagunarte ibiltaria, norberaren barnetasunean hausnarrean datorrena, gogoetara eta otoitzera heldu ohi dena. Gainera, erromes tradizio hori ez da guztiz zaharkitu edo desagertu gure belaunaldian. Erdi Aroko Santutegi kristauen ondoan, XIX XX. mendeetan berriak agertu ziren, eta beren indarrean diraute. Antropologo eta historialarien aztergai bilakatu dira berrikitan, gainera. Mendebaldeko gaurko erromes munduak paradoxa handi bat du bere baitan: fededunek ez ezik fedegabeek ere ekin ohi diote erromes bideari, eta Santutegiren bat beren ibileraren helmuga dutela irten ere. Anitz jende da, "misterioa" izan badenik ere uste gabe, non eta nola aurkituko den jakin gabe bidera irteten dena. JeanClaude Bourlès ek deskribatutako Elizarik gabeko erromesaren historia errepikatzen dute. Erromesaldien hau indar betean dago Europan, hain indar betean ze, adibidez, Frantziako Garraio eta Turismo Ministeritzak babestu du Guide des Pèlerinages baten edizioa, (Fayard, 1996), eta The Penguin Press ek Ruth Harris judu sekulartuaren ikerlana: Lourdes: Body and Spirit in The Secular Age (Oxford, 1999). Gaurko ikuspuntutik inguru giro horretan lekutu behar da Arantzazuko Santutegiaren kasua ere: ibilian bila datozen erromes munduan, gizarte sekulartu batean, fededun eta sinesgabeak elkarrekin batera egiten den bidean eta helmugan, erlijiotasunean hain aldatua dugun Euskal Herrian. Horixe da Arantzazun frantziskotarrek erantzun beharko duten erronka, Andre Mariaren Santutegi honetatik mundu berri bati erantzun berriak eskaintzeko. Arantzazu orain 60 bat urte. Frantziskotarren ekarpena Eliza Kristauetan sarritan gertatu da, Santutegia Ordena edo Institutu Erlijioso baten eskuetan jartzea, bere ardurapean erromesen ardura izan dezan eta Santutegiarekiko jaiera zaindu. Hori izan zen Arantzazuko kasua ere, jada XV. mendetik bertatik hasita. Honelako Ordena baten ekarria gisa anitzetan egikari daiteke: erromesei aterpea eskainiz (ostatua, jatorduak, etab.), errealitate "misterikoa" zainduz (irudi, erlikia, etab.), erlijiotasun herritarra heziz, otoitz moldeak gidatuz, erromes ondoko jaierak antolatuz, Santutegiarekiko harreman iraunkorra segurtatuz, etab. Frantziskotarren Arantzazuko arduretako bat bertako errealitate fisikoa eraikitzea izan da, berori zaintzea eta behar izan denetan berreraikitzea ere (ez dira ahaztekoak Santutegian izandako hiru sute handiak). Horrek guztiak komentukoen eta herritarren elkar lana eskatu zuen, dirutan eta jendearen atxikimenduan. Eraikuntza fisikoak bere baitan izan ditu, gainera, etxagintza egokiro moldatzea, elizari bere edertasuna ematea, etxetarrentzako izpiritu baliabideak garatzea: azken buruan, Santutegian eta Santutegitik kulturgintzamodu bat segurtatzea, fraideen eta herritarren erlijiotasuna garaian garaiko bideetatik eta euskal gizartean txertaturik joan zedin. Arantzazun beti egon da Fraidearte handia, batez ere XVIII. eta XX. mendeetan, eta are handiagoa fraidegaiak ere aintzakotzat hartzen baditugu. 1960.etan jo zuen horrek goia, 173 fraiderekin. Fraideek zuzenkiago eta arreta handiagoz zaindu dutena, Santutegiko erlijiotasuna izan da, erromesen fedezko bizitza, horixe baitzuten beren lehenbiziko egitekoa: Sakramentuak, Predikua, Otoitz pertsonala, erromes bakoitzarekiko ardura. Horrek bere metodologia izan zuen, egitarau jakin bat, Aro Modernoan, baina ez da beti berdina izan: gertuko aldakuntzak aipatzeko, XX. mendeko bigarren partean, otoitz ohitura eta moduak oso berritu dira. Hauxe da frantziskotarren ekarpenetako bat. Tokiko lana horrelakoa izanik, frantziskotarrek Arantzazuri eta zeharbidez euskal herriari egin dieten ekarri nagusia hasierako tokiko Ermita txiki hartatik Santutegi handia erromesen lagunarte zabala, esan nahi da eraikitzea izan da. Belaunetan zehar Santutegi honen erromes erakarmena lurraldez zabalduz joan da eta ez da beti bat bera izan. Euskal Herrialdeak gisa ezberdinetan egon dira presente Arantzazun, Araba eta Bizkaitik Lapurdi eta Nafarroaraino. Eta XVI. mendean era batean zena, hurrengo mende bakoitzean beste modutara gertatu da. Zalantzarik gabe, XIX.a izan da gizaldirik ahulena, eta bukatu berria dugun XX.a, ostera, jasoena. Eliza Katolikoko Erakundeen artean frantziskotarrena herritarrenetakoa gertatu da Euskal Herrian (eta Ameriketako euskaldunen artean), garai baketsuetan bezala gatazkaz betetakoetan ere. Santutegiko ezbeharrak herri herrian sentituak izan dira; 1834ko sutea edo Basilika Berriko gorabeherak adi adi begiratu zituen gure herriak. Horrelako une historikoak behin eta berriz errepikatu dira (1622, 1881, 1886, 1818). Santutegiaren zuzeneko balio erlijiosoekin batera, bertatik bizi izandako inkulturazio lana aipatu behar da, eliz lanetan euskaldunduzez ezik kultur munduan parte hartuz egindakoa (besteak beste, Villasante adibide ona izan da). Horren guztiaren historia egina dago partez bederen, Lizarralderen Historian, eta XX. mendeaz diharduen eta argitara berri den Arantzazu. XX. mendeko euskal Santutegi bat deritzan liburuan. XVI.az geroztik Arantzazun Liburutegia eta Ikastegia egon ziren, eta laster abesbatza izan zuen Santutegiak. Mendi mendian, eta bide arruntetatik urrun egon arren, Fraidearteak beti mantendu zituen kultur gune horiek. Zoritxarrez, horiek eta Arantzazuko arkitektura eta obra plastikoek asko nozitu zuten suteekin. Mende haietako ondarea osorik jasotzerik izan ez dugun arren, berori zaindu eta hobetzen egindako ahaleginek apenas izan zuten etenik komentu horretan. J. I. Telletxeak berritu zigun obra plastiko zaharraren oroitzapena, eta J. Bagues ek eman zigun XVIII.eko musika lanaren albistea, Santutegiko artxibo zaharra arakatzean. XX.eko arkitektura eta margolanena (Oiza, Oteiza, Eulate, Basterretxea, Txillida, etab.) I. Monforte historialariaren lumatik etorri zaigu, eta argazkitan A. Elizegik landu digu mundu bera. Fraideartea izanberritu zenetik (1878), euskal olerkariek gogoz kantatu dute Arantzazu, hasi Arrese Beitiarengandik eta gure egunak arte: A. Arruti, S. Mitxelena, B. Gandiaga. Euskal kanta modernoaren bihotzean geratu da Santutegia, Oskarbi, Lete, Mendibil eta beste hamaikatxoren ahotsen bidez. Arantzazuko mundu "misterikoari" olertiz beteriko mundua gehitu zaio. V. Mendeurreneko ospakizunen itzalean fraideek eta arantzazu zaleek etorkizunaz arduratu nahi dute batez ere, eta dagoeneko abian da "Arantzazuko Adiskideen Elkartea" Euskal Herriaren Santutegi honek bere etorkizuna guztion onetan segurta dezan "(harremanetarako: ). Joseba Intxausti, historialaria Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bertan 3 "Arantzazu tradizioa eta abangoardia" liburutik eta Auñamendi Entziklopediatik Euskonews & Media 146.zbk (2001/11 30/12 14) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria