146 Zenbakia 2001-11-30 / 2001-12-14

Gaiak

Mexiko-ko Zumarraga Apezpikua, Arantzazu, Oñati, eta Oñatiarrak

MALLEA OLAETXEA, Joxe

Mexiko ko Zumarraga Apezpikua, Arantzazu, Oñati, eta Oñatiarrak Mexiko ko Zumarraga Apezpikua, Arantzazu, Oñati, eta Oñatiarrak Joxe Mallea Olaetxe Aurkezpena Lantxo honen tituluan Arantzazu eta Durangoko Zumarraga apezpikua aipatzen direlako, agian, pentsatuko duzue ohiko fraide kontuak entzun behar dituzuela. Funtsean istoriotxo honek agerrarazten diguna, da, orain bost mendeko euskaldunen historiaren orrialdetxo bat. Ohar ez diodala "Euskal Herriko" historia, baizik euskaldunena. Euskal Herrikoa ere bada, noski, baina istorio honen muina orduko hizkuntza errealitatean datzala azpimarratu behar da, eta hain zuzen, niretzako horrexek erabaki zuen zein hizkuntzatan eman behar nuen aurkezpen hau. Arantzazu, Oñati, Durango, eta Mexiko, horra lau toki istorio hau elkar lotzen dutenak, Zumarraga dela medio. Oñatiko herria aparta izan dela ez dakianak Iñaki Zumalderen historia irakurri besterik ez du . Durango ere ildo berekoa dela esango nuke. Oñati, "txantxiku herri," kondepean bizi zen. Durango berriz, "tronperri" eta historiaren hasieratik, Nafarroako erresumarekin lotura berezia izandakoa . Sona handiko makina bat jende jaio zen Anboto inguru hartan, baina denetan punterena Joan Zumarraga, Mexiko ko lehen apezpikua. Bere aita Joan Lopez Zumarraga zen eta ama Terexa Laritz Muntsaraz. Durangoko Goienkalen 1476an sortua, gaztetan Durangon bizi izan zen, gero frantziskotar fraide bihurtu, eta 1528an Mexikora apezpiku bezala bidali zuten. Konkistatu berria zen aztekarren lurraldean bizitzea tokatu zitzaion. Idazle tradizionalek dioskutenez, urte "heroikok" izan ziren haiek, urte gutxiren barru Europarrek indarrez lurralde zabalen jabe egin zirelako edo. Europako kristau kulturak aztekarrena suntsitu zuela irakurtzen dugu liburu askotan, baina historia zintzo batek esango luke kulturen ezkontza bat gertatu zela. Euskaldunek bere partea izan zuten hartan, gure Zumarragak batez ere, bada, bera izan zen batez ere kristau elizaren instituzioa Mexikon sustraitu zuena.Bere biziaren azkenean artzapezpiku mailara altxatu zuten, euskaldunen artean lehena, naiz eta bera enteratu gabe joan zen beste mundura 1548. ekainaren 3an. Apezpikutzaz landa badu Zumarragak historia kontagarririk Euskal Herriko kultura kontuan harturik. Egun batez historiaren ardatz bihurtuko dela espero dut, gaurkoz oraindik aski ezezaguna izan arren. Horren zatitxo bat azaltzen da hemen gaur. Joan Zumarraga Bi Bi Zumarraga ezagutzen ditut: bata fraidea eta apezpikua, hau da, gizon publikoa, Espainiako kolonietan pertsonaia ofiziala. Egoera honetan eliztar eta fraide jokaerak gorde behar zituen eta erdara eta latina ziren bere hizkuntzak. Hauxe da noski gehienok ezagutzen dugun Zumarraga "klasikoa," fraidea, frantziskotarra, eta gotzain fina. Ia idazle den denek horretaz idatzi dute. Zumarragaren beste aurpegia mundu pribatuari zegokion eta hartan Bizkaiko durangarra eta zeharo euskaldun agertzen zaigu. Nortasun honek etxekoen eta adiskideen arterako balio zuen, zeinen artean euskara zen berbeta ofiziala. Zumarragak bere bizitza osoan gordeta lez eduki beharko zuen bere euskaldun nortasun hau, zeren, Richard Greenleaf ek apezpikuaren gutunak 1979an publikatu arte idazleek ez zioten antzeman eta ezezaguna zitzaigun . Joaquín García Icazbalcetak euskaldun hitza aipatu ere ez du egiten bere biografia ederrean, naiz eta, Zumarragak berak, behin baino sarriago Karlos V erregeari idatzi zion "vizcaíno" zela eta euskaldunen antzera mintzatzen zela gazteleraz, zeren, "(yo) no mamé este romance" (e'nuen erdara hau edoski). Zumarraga Euskal Historian Euskal Herriko eskoletan Calderón de la Barca nor zen irakasten dute noski, baina Zumarragak aipamenik merezi duenik ez zaio inori bururatuko. Izan ere, gezurra al da euskaldunok oso gutxi ezagutzen dugula geure historia? Ez naiz harritzen Zumarraga hemen Ameriketan Euskal Herrian baino askoz ezagunago izateaz. Berak argitaratu zituen Ameriketako lehen liburuak moldiztegian, eta horietako batzuk berak idatziak ziren, etahau ohoragarri baldin bada ere, niretzako lehen liburua elebiduna izateak (erdaraz eta aztekarren) ematen dio Zumarragaren pertsonai historikoari aparteko garrantzia. Zumarraga da ongien ezagutzen dugun lehen euskalduna eta ez diot hori besteek hartaz asko idatzi dutelako. Batzuk harrituko dira hau irakurriz, zeren, ez al da Iñigo Loiola Euskal Herrian eta munduan zehar askoz famatuago? Loiolari buruz gehiago idatzi da noski, baina bere euskaldun arima eta euskal bizingurua ez ditugu ezagutzen Zumarragarenak bezain ongi. Honek bere buruz eta beste euskaldun eta senideei buruz gutun luze mordo bat idatzi zuen, eta bat euskaraz. Gutun hauek "etxeko" agiriak ditugu, etxekoentzako, euskaldunak euskaldunentzat idatziak. Hasteko, ez dezagun hauen eta errege zedulen balioa konpara. Naiz eta gure orain arteko historia errege zedulekin hornitua dagoen gehienbat, zedula ofizialen ikuspuntua eta etxeko batena txit desberdinak izan daitezke eta dira sarri. Zumarragaren gutun hauek biziki pultsatzen dute hamaseigarren mendeko Euskal Herriaren arima, Bizkaia, Durango, Oñati, eta beste euskaldun askoen berri damaigularik. Zumarraga etxekoz, durangarrez, bizkaitarrez, eta euskaldunez inguratu zen Mexikon. Horri nepotismoa deritzo baina aski normala ere bazen eta bada. Bost urteren buruan (1527 1532) nik ikusi agirietan ia 72 euskal deitura aurkitu ditut Mexikoko hirian Zumarragaren etxeko, inguruko, adiskide, eta lankideak kontatu gabe. Argigarri esango dut apezpikuak euskaldun hargin batzuk zeuzkala egunez harrobian lanean eta gabez bere etxean zerbitzaile ari zirenak. Bere maiordomo guztiak euskaldunak izan zituen, haien artean bere iloba Antso Gartzia Larrazabal, Aburto bilbotarra, eta Aranguren lekeitiarra. Etxean zeukan Mendiolatar famili handia, senideak zirelako. Zumarraga ekintzale zen nortasunez, horregatik estimatzen zuen Hernando Elgoibar igeltseroa, honek eraiki baitzituen apezpiku etxeak, kapera, eta beste zenbait bizileku. Eta hasi besterik ez gara egin kontatzen. Idazkari,legegizon (haien artean Joanes Otsoa Egurbide, durangarra), militarrak, zilarginak, etab. Garai hartan beti bezalatsu baina gaur baino gehiago europarrak joan berriak ziren eta bakoitza bere lurraldekoekin biltzen zen, hau da euskaldunak euskaldunekin eta berdin galiziarrak, Gaztelakoak, eta Andaluziakoak. Bazekiten Espainiakoak zirela baina espainiar kontzeptua garatu gabe zegoen, hizkuntza eta lurraldea baitziren determinante nagusiak. Mende haietan euskaldunek euskaraz mintzatzen ziren, katalanek katalan, eta taldeen arteko zatiketa askoz nabariagoa zen, gaurko elebitasunik ez baitzen. Europarrak indioekin borrokatzeko bakarrik biltzen ziren: orduan, bai, orduan denak "kristauak" ziren eta besteak paganoak edo gaiztoak, basatiak, etab. Hau Zumarragaren bizitzan ongi baino hobe ikusten da. Mexikora heldu ahala audientziako epaileekin ezin izan zen konpondu eta azken finean denak kanpora atera eta audientzia berri bat ekarri behar izan zuten. Horietako epaile bat, Diego Delgadillo, Granadakoa zen, behin amorru bizian apezpikuari lantza bota ziona. Espainiara preso bidali zutenean, Delgadillok 33 salaketa leporatu zizkion Zumarragari. Haietako bost puntotan garbi ikusten da Mexikoko giro etnikoa: beste euskaldunekin negoziotan dabilela, negozio horiek zikinak direla... zer ez zion Delgadillok leporatu! Ia beti dirua eta indioak dira medio, beraz, fraidearen pobretasuna eta abertzaletasuna atakatuz. Zumarragaren Asmoak Arantzazu, Oñati, eta Zumarragaren arteko loturak jorratzen hasi baino lehen, apezpikuaren burubide eta asmoez zerbait esan behar dut. Zumarragak ez zuen nahi Mexikora etorri, ez zuen apezpiku izaterik nahi ere, baina behin erregearen esanera makurtuz gero, asmo handiak sartu zitzaizkion kazkoan. Mexikora heldu eta laster bere planak bideratzen hasi zen. Greenleafek dioenez, Frantziskotar fraidetxe bat eraiki nahi zuen lehenbizi, baina asmo hori laster neutralizatu zuten Durangon, herriak ez baitzuen nahi beste fraidetegi bat. Horregatik gero gurasoenetxea (botika zena) ostatu bihurtzea erabaki zuen Durangora zetozen fraideek bertan gau pasa zezaten. Asmo guzti hauek betetzeko dirua Mexikotik bidaliko zuela agindu zuen. Lehen pausuak 1532an eman zituen Mexikotik itzuli eta Durango bisitatu zuenean. Etxekoak bildu zituen eta esan zien fundazio bat eraiki behar zuela. Orduan Patxi Urkiagari eman zion ekintzaren kargu, baina lau urte geroago Antso Gartzia Larrazabal, bere iloba, jarri zuen arduradun. Baina Antsok ez zuen osabaren esanik egiten, eta haren burugogorkeriek bete egin zutenean, hil aurretxoan, fundazioaren patroi berri bat izendatu zuen, Urti Abendaino, Durangon sortu eta Sevillan bizi zen bere lankide leiala. Ostatua zergatik eraiki nahi zuen? Bere gurasoen ohitura zaharra fraideei etxean ostatu ematea omen zen, eta hori jarraitzeko, eta baita guraso eta arbasoen oroigarri eta ohorez. Ondra gauza baliotsua zen Zumarragaren Erdi Aroko baitan. Abadiñoko Muntsaraz Dorretxeko armarriak hau dio: "Estos biben e bibieron goardando la honra y la fama que tobieron" (Zeukaten ondra eta ospea zaintzen bizi dira eta ziren hauek) eta agian handik zetorkion sena, bada, bere ama hango alaba omen zen jatorriz. Zumarragak bazuela bere buruaren estimu badakigu. Beste behin, Hernando Elgoibar igeltseroak eta euskaldun harginek Mexikon jasotzen ari ziren apezpiku etxearen edertasuna laudatuz, hau idatzi zuen: "Bidezko da Mexikoko lehen apezpikuak aztarnak uztea." Beraz, asmo handi hauek eta beste batzuk betetzeko garaian nabaritzen dugu Zumarragaren inguruan zegoen euskaldun "armada." Dakigunez, aldi hartan ontzi eta kapitain pilotu gehienak euskaldunak ziren, eta hauen zerbitzu eta leialtasunik gabe ezinezkoa zitzaion beren asmoak aurrera atertzea. Berdintsu gertatzen zen euskaldun merkatariekin, eta hauen artean oñatiar punterengo bat aurkituko dugu. Zumarraga eta Arantzazu Frantziskotarrak Arantzazun 1415ean kokatu ziren . Zumarraga zein komentutan sartu zen, Arantzazun ala beste nonbaiten, ez da gauza segurua,baina Mexikon itzal handiko pertsonaia bihurtuta zegoenean ere Arantzazu gogoan zeukan. Liburuak eta beste zenbait opari bidali zituen Mexikotik. Martin Ibanez Hernani oñatiarraren bitartez 1544ean Zumarragak larruz estalitako kutxa bat bidali zuen Arantzazura. Hernani itsasoan hil zen eta beste norbaitek ekarri zuen kutxa Sevillatik. Kutxa hauexekin beteta zegoen: Elizako jantzi oso bat (kasuila zuria gainean Ama Birjinaren irudiarekin, damasko zurizko kapa, petorala, alba, estola, manipuloa, amitoa, eta hiru frontal margotuak, denak bedeinkatuak). Lau estalki fraidetxerako (Zumarragak antza bazekien han Aloña aldean hotz egiten zuela). Zilarrezko intsentsu ontzia, nabeta eta koilararekin. Ara bi sagaratuak. Honek ez du frogatzen apezpikua Arantzazuko fraidea zenik, ez noski, bada, Euskal Herriko beste fraidetxe frantziskotarrei ere opariak bidali zizkien, hala nola, Gaztelugatxe, Bilbo, eta Urduiara (?) Zumarraga eta Santa Anako Serorak Arantzazuz landa, Oñatin bertan Zumarragak bazituen zenbait ezagun, adiskide, eta senide ere. Zubiko Santa Ana komentuan bazuen serora senide bat, Antonia (de los Angeles) Zabala izenez. Komentuan morroi zegoen bat ere ezagutzen zuen, Durangarra zelako edo... Apezpikuak "Beatas de Oñate" deitzen die eta 1543an hauexek bizi ziren Santa Anan: Katalin Kamino, nagusia, Madalena Arteaga, Katalin Askasua, Frantziska (edo Pranzke) Hernani, Mari Juana Albisua, Marina Ugarte, Angela Arriola, Mari Perez Okariz, Ysabel Gebara andrea, Ana Perez Zabala, Mari Perez Zubillaga, Mari Joanes Esteybar, Marina Sanz Mendizabal, Frantziska Gallaystes, eta Katalin Hernani. Denak profesatuak. Zumarragak 1541 1542an Mexikotik opari bereziak bidali zizkien, haien artean Jaliscoko gatazka famatuaren pintura handi bat . Guda hartan indio oldartsuek estu eta larri hartu zituen "kristauak," baina azkenean hauek nagusitu ziren, eskerrak euskaldun pilo bati, Kristobal Oñate, Narria auzoko semea eta buruzagia, Ibarratarrak, Zaldibar, Zubia, Jatsu, etab. Zumarragabera ere Mexikoko hiriaren babespean egon arren aski urduri jarri zen eta frentean zegoen Oñatiri gutun bat idatzi eta Juan Arrazolaren eskuz bidali zion. Juan Arrazola bi agertzen dira Zumarragaren inguruan, bata durangarra, bestea oñatiarra eta ez dakit zein izango zen, agian bigarrena, Kristobal ere oñatiarra zelako. Serorentzako opariak Urti Abendainori etorri zitzaizkion Sevillara, bera baizen Zumarragaren ordezkari fidela. Santa Anako serorek Migel Elorriaga oñatiarrari boterea eman behar izan zioten opariok Urtiren eskutik hartzeko. Transferentzia 1543. ekainaren 3an egin zen baina opariak Oñatira ekarri zituena Juan Arrazolari izan zen, segur aski Mexikotik etorritakoa. Agian aberastuta zetorren, baina gaixoak ez zuen asko gozatu, urtebete barru hil baizen. Migel Sanz Elorduy notarioak 1543. apirilaren 18an sinatutako agirian gauza hauexek aipatzen dira: Kasuila pare bat Frontal pare bat margotuak Beste frontal bat Indiatako serorek egina Erretaula txiki bat Antonia (de los Angeles) Zabalarentzako. Hauek ziren agiriaren lekuko: Batxiller Mendizabal, oñatiarra, Diego Lopez Ordoñana, eta bere seme Juan Lopez, Ordoñanako arabarrak. Serora gehienak etzekiten sinatzen, ezta nagusiak ere, eta haien ordez Ysabel Gebara andreak eta Antonia (de los Angeles) Zabalak sinatu zuten. Garai hauetan Kristobal Oñate gizon boteretsua egina genuen Mexikon eta e'nintzake batere harrituko apezpikuaren izenean Oñatira etorri ziren opariekin berak zerikusi izatea. Eta poztuko nintzake Kristobalek irabazitako gatazkaren irudi bikain hori oraindik ere Oñatin dagoela jakinda. 1987an edo deitu nuen galdezka, baina Santa Anan inork etzekien pinturaren berririk. Urtebete geroago, Martin Ibanez Hernanirekin, Zumarragak oraindik opari gehiago bidali zituen Santa Anarako. Hauek ere besteen antzekoak ziren: kasuila bat tokomizkoa Indiatako serorek egina, estola, manipuloa, "abanpres" (?), eta eskuturrekoa (boca mangas). Opari gehiago Oñatirako Arantzazu eta serorentzakoetorri zen kutxan bertan beste zenbait gauza zetozen oñatiar bientzako, Migel Ruiz eta Martin Ibanez Hernani, hain zuzen (esan dugunez, hau bidean hil zen). Zumarragak bere adiskide onari lau ara sagaratuak oparitu zizkion, kutxan zeudenetatik berak aukeratu nahi zituenak. Honek esan nahi du Hernanitarrek kaperaren bat zeukatela Oñatin. Jarleku berezi batzuk, bizkar eta guzti, ere etorri ziren bizpahiru, eta onena Martinentzat izateko. Bestea, Migel Ruiz, ez dakit nor zen, baina opariak kontuan hartuta, apezpikuaren adiskide mina izan behar. Migel Ruiz (de) Ulean izeneko ontzi jabea bazen Atlantikoa zeharkatzen zuena eta Zumarragak bizpahiru aldiz aipatzen duena, eta biak bat izan daitezke. Baina Ulean hori abizen arraroa iruditzen zait, beste asko lez oker idatzia ez baldin badago. Migel Ruizek ere kapera bat zeukan Oñatin, eta Zumarragak tokomizko kasuila bat, ara pare bat, tokomizko frontala, estalkia, eta pintatutako frontal bi bidali zizkion. Zumarraga eta Oñatiarrak Zumarragaren lankiderik eta adiskiderik onenetarikoa Martin Ibañez Hernani zen. Zumaldek dioskunez, Hernanitarrak Oñatiko gizartean sona handikoak ziren eta bere liburuan badakar haietaz hamaika berri . Martin merkataria genuen, bere aita Juan Ibanez Ernani (edo Hernani) bezala. Hau, Amerika "deskubritu" eta urte batzuetara Santo Domingo aldean, beste zazpi zortzi euskal merkatariekin ageri zaigu negozioetan. Ez dakit Martin Mexikora noiz iritsi zen baina Zumarraga luza gabe ezagutuko zuen, 1529an edo urte gutxi barru, eta berdin Mexikoko beste euskaldun merkatari kideak. Apezpikua laster adiskidetu zuen antza, zeren, lehenago aipatu Delgadilloren salaketetan, hogeigarrenean Hernaniren izena ageri zaigu. Delgadillok dioenez Hernani apezpikuaren agentea eta senide (!) zen eta indioen negozioetan zebiltzan biak. Zumarragak bere etsaien salaketak oro erabat ukatzen zituen, hau ere bai, eta gehigarriz deklaratu zuen Martin Hernani gizon zintzo eta ondradua zela. Hernani asko mugitzenzen gizona zela dirudi. Salerosketan ez ezik beste edozertan aritzeko prest zegoen. 1540an berak eta Pedro Santxezek tratua egin zuten Mexikoko elizarekin harrobitik hirira harriak garraiatzeko. Zumarragak berak ematen digu berri hau baina ez du gehitzen zenbat diru ez ezer. Hiru urte geroago Hernani meatzetan sartua zebilen eta Sultepec en metala lantzeko zenbait makinen jabe ikusten dugu. Mexikon bizi zen Migel Lopez Legazpi eskribaua ere adiskidetu zuen Hernanik, bada 1542an haren alaba Ysabelen aita besoetako bihurtu zitzaigun . Apezpikuak, Hernanik, eta triangelu bikaina egiten eta egingo zuten. Urte haietan Zumarraga zeharo lanpetua eta ekintza handietan sartua ikusten dugu, eta Durangokoa ez zen txikiena. Han zegoen Larrazabal jada harro, Mexikotik aberats itzulia, Mari Iñigez, Muntsarazko alabarekin ezkondua, eta apezpikuaren fundazioaren patroi. Baina ez zion osabari jaramonik egiten eta horrek haserre jartzen zuen apezpikua. Hala eta guztiz ere, honek agindutakoa ez zuen ukatuko eta 1544an fundazioaren gastuetarako 2,850 peso urrezko eta 32 marko zilarrezko eman zizkion Martin Hernaniri Durangora eramateko. Zenbat diru zen ziurki ez dago jakiterik, zeren, lekukoen testigantza ez dator ados, baina kopuru dezentea zela ez dago dudarik. Diruz gain, Hernanik bazeramatzan elizako jantzi, liburu (beste liburu guztiak Europatik Amerikara zihoazen garaian), opari, eta gutunak zenbait toki eta jendeentzat. Itsasoratu baino lehen, Veracruzen, Hernanik askok egiten zutena egin zuen, hau da, testamentua, 1544. uztailaren 11an egin ere. Bertan fundazio bat agintzen zuen Oñatin, neska pobre eta alargunei laguntzeko, eta arabiarren lurraldeetako atxilotuak askatzeko, euskaldunak batez ere. Mexikoko zenbait elizei mila peso utzi zizkien, eta Zumarragari zuzenki 500 peso. Zoritxarrez, beste asko lez, Hernani gaixotu eta itsaso Atlantikoan hil zen. Holako kasuetan, legearen arabera, hildakoaren ondasun guztiak gobernuaren eskuetan gelditzen ziren, oinordekoakazaldu eta erreklamatu arte behintzat. Urti Abendainok azkar batean jakinarazi zion Zumarragari Hernaniren berria eta honek kolpe handia hartu zuen: "Ene bekatuengatik Martin Ibañezek orain ezin du bete nire borondatea," idatzi zion Abendainori atzera. "Bekatu" horrek zer esan nahi duen ez dakit, agian hartutako erabaki txarren bat. Ontzia Sevillara iristean, erregeen ofizialek Indietatik zetozen txanponei atzaparra bota zioten. Sarri gertatzen zitzaien Espainiako erregeei diru gabe gelditzea eta soluziorik errazena horixe izaten zen. Abendainoren gutuna erantzunez Zumarragak idazten du: "Diostazunez, erregeak (urretik) 238,600 (marabedi) hartu dizkit eta seiehun eta hamaika zilarrezko markotatik 1000 marabedi, eta segurantzako beste 20,775 marabedi ehuneko 17.5 interesean...zer egingo zaio ba!" Egoera desiragarria ez bazen ere beste zerbaitek ematen zion apezpikuari sekulako urduritasuna. Zer gertatuko zen orain Hernanik zeramazkian diruekin? Zinez apezpikuarenak ziren baina Hernanik portuan bete zituen paperetan Zumarragaren izenik ez zen ageri. Durangar eta oñatiarraren arteko sekretua zen. Diruok Durangora Hernaniren izenean eramatea zen plana, zeren, merkatariek esku artean sos asko erabiltzearekin inor ez zen harritzen. Apezpiku batek bidali izan balitu ordea, bai, zeren fraideek pobre omen ziren. Zumarragak Durangoko asmoengatik ez zeukan lotsatu beharrik inoren aurrean, halere, bidali zuen diruaren berririk ez zuen nahi jendeak jakitea, batez ere "goikoek" eta elizakoek. Diruaren Lorratz Neketsua Histori luze honek saltsa asko du baina laburtu beharra dugu. Apezpikuaren dirua larruzko hiru zorrotan etorri zen, Merkatetxeko (Casa de Contratación) Juan Lezkano notarioaren erregistroan ageri denez . Abendainok Sevillatik laster asko jakinarazi zion diruez berjabetzeko nahitaezkoa zuela erreklamatzea, baina hori ezinezkoa zela bere burua agertu gabe eta Hernani barik bera zela diruen jabe deklaratu arte. Zumarragak hori ondo zekien baina baldintza hortazez zuen pentsatu ere nahi. Bitartean Migel Perez Hernani Sevillara joan zen bere anaia Martinek zekarrena erreklamatzera. Abendainok azkar asko jakinarazi zion nor zen diruaren jabea baina lehengoan Migelek ez zuen sinetsi nahi edo behintzat dudatan jarri zuen eta Abendainori oztopoak jarri zizkion . Baina ez luzaro, bada, Zumarragak Martini emandako txostena irakurri zuenean sinetsi zuen noski. Migelen beste anaia Kristobal Mexikon bizi zen Martinen iloba Juan Ibanez Hernaniri idatzi zion esanez Abendainok 1545. maiatzaren 4an dirua eskuratu zuela. Fraide batzuk ere beren izenik ez dakigu antzeko berriak bidali zituzten Mexikora, eta hori jakinki, apezpikua lasaitu zen pixka bat. Baina susmoak besterik ez ziren. Diruarekin zer gertatzen zen ez dakigu zehatz mehatz, baina xehetasun inportanteak badauzkagu. Migel Perezek berak Lazarragaren bankuan jarri zuen edo Abendaino izan zen jartzailea. Lazarraga anaiek bankua zeukaten Sevillan eta euskaldunak zirelako edo sartuko zuten han dirua . Dena den, une honetan Sevillako ofizialek ba ote zekiten nor zen Mexikotik etorritako diruen benetako jabe? Zumarraga behintzat saiatu zen bere burua ezkutatzen. Zumarragaren burukomina ez zen Lazarraganean zeuden diruengatik, baizik erregeak hartutakoengatik. Diru piloa zen arren, 1546 urtean Abendainori idatzi zion ez onartzeko diruaren libramentua, Mexikon izatekotan. Jendearen zeresana, atzamarrak, eta irainak saihestu nahi zituen, baina ez zen erreza izango. Bestalde, hainbeste kostatako dirua, Durangoko bere asmo handiak gauzatzeko beharrezkoa zena, ez zuen amore emango borroka barik. Hasi zen beraz euskaldunen "katea" martxan jartzen, hau da, Sevillako euskaldunak, fraideak eta Gaztelako gorteko lagunak, baina ardura eta pauso gehienak Abendainoren bizkar zirela. Lehenik Otalora abokatuaren aholkua galdegin zuten eta honek agente batzuk gortera bidaltzeko esan zien. Horrela, bi fraide, Andres Bergara eta Juan Altsasua izendatu zituzten. Altsasua Arantzazuko nagusiazen eta Bergara berriz gortean zegoen jada. Biak erresumako ofiziale ahaltsuekin bildu ziren baina hasieran ez zuten suerterik izan. Halere, ekin eta ekin eta azkenean Juan de Sámano sekretarioak sinatu zuen erregearen zedula 1546. apirilean. Sámano hau ez zen ezezaguna. Urteak lehenago apezpikuak idatzi zion gutunik, zeren bere laguntzaile onena, Otsoa Luyando, euskalduna eta apezpikuaren ezaguna baizen. Data interesgarriak: Zedula hau Mexikoko ofizialei zuzendua da eta 238,602 marabedi aipatzen ditu, gehi %5 interesa, guztia Urti Abendainori ordaintzeko. Sámanok eta Luyandok jakin behar zuten noren diruak ziren, baina Zumarragaren izena ez da zedulan agertzen . Esan liteke, bada, apezpikuaren izen ona edo fama babesteagatik izan zela. Baina alperrik. Gortean eta Mexikon, bietan enteratu ziren eta jendea hasi zen marmar ("zaunka," Zumarragak berak idatzi zuenez). Mexikon esaten omen zuten ea diru horiek Mexikon bertan ez al zitezkeen hobeto enplegatu, etab. "Zakur" hauek (apezpikuaren hitza) ez zioten hainbeste axola, zeren, garai hartantxe, hain zuzen, Txinara misiolari joatea erabakita zeukaten berak eta Betanzos dominikar fraideak eta laster Mexikoko mundu utzi behar zuen. Jakina, azkenean ez ziren joan. Madrileko gorteko zeresanak ematen zioten kezka bizia: "Indietako Kontseiluko jaunek, jakin zutenean Martin Ibanezekin zenbat bidali nuen, eskandalizatu omen ziren, esanez, nik nire burua beti pobretzat ageri eta gero nolatan hainbat bidali nezakean, limosnatzat izanda ere; eta bat batean mantentzen ninduen Indioen herria kendu zidaten." Abentura nobela bat idatzi daiteke Hernanik eramandako diruari buruz, baina amai dezadan. Zumarragak oraindik beste mila dukat behar zituen Durangoko ekintza aurreratzeko, baina gertatu zena gogoan harturik, pentsa daiteke etsiko zuela, ezta? Bai zera! Lehenbizi, bere adiskide Migel Ruiz Uleanen ontzian bidaltzea otu zitzaion eta horrela idatzi zion Urti Abendainori . Baina gero Urretxuko Migel Lopez Legazpi (apezpikuakinkisizioko idazkari izendatua eta hogei urte geroago Filipinas kolonizatu zuena, hain zuzen) bere lagunari eskatu zion lantxo hori bere gain hartzeko. Legazpi eta dirua, biak, Ipiztikoren ontzian joan ziren 1547. udaberrian edo udan, eta Zumarragak lo galduak izan arren, berandu baina onez heldu ziren Sevillara, Cuban ontzia konpondu ondoren. Abendainok diruak hartu eta berehala idatzi zuen Mexikora eta 1548. apirilerako apezpikuak bazekien. Durangoko fraide eta bere adiskide min Frantzisko Castillori idatzi zion: "Ante omnia, eskerrak Jainkoari....propter timore nocturnos hemen bidali gabe zegoena ziurki badakit heldu dela Sevillara." Beraz.... Hontantxe amaitzen dira Joan Zumarraga, Mexikoko lehen apezpikuak, Arantzazu, Oñati, eta oñatiarrekin izandako harremanen istoriotxoa. Atera daitezken ondorioak hauek dira: 1. Zumarragak, elizako lanetatik landa, bazuela beste bizitza bat, oraintsu arte gutxi edo batez ezagutua. 2. Zumarraga euskaldun ez arrunta izanik, asko idatzi zuen. Horregatik historialarion adiskide berezia da, zeren berari esker, 15 16. mendeetako euskal historia sendoki finka genezake etxeko agiri hauen bitartez, azkenean ere kanpotiko agirien morrontzari ihes eginez. 3. Mexikoko eliza eta eliztarrak ez ezik, Zumarragaren mundua hedatsuak Peru, Sevilla, Erroma, gortea, erregetxea, eta Euskal Herria lotzen zituen, baina beti ere "katea" euskara eta ahaidetasuna zirela garbiki ageri zaigu. Euskal Herria euskalkitan sakabanatua bizi izan dela uste dugu, baina durangar euskalkiak ez zuen bizkaitarrekin bakarrik lotzen, baizik eta nafar , gipuzkoar, oñatiar, arabar, eta urduiarrekin ere. Loiolako Iñigorekin ere aritu zen gutunez. 4. Euskal Herrian Arantzazu, Oñati, eta oñatiarrekin harreman bereziak zituen, estuenak hain zuzen Durango eta bere etxekoen ondotik. 5. Oraintsu arte xehapen hauek ezezagunak izan badira ere, aurrerantzean ez daitezela, eta sar dezatela Zumarragaren izena behin betiko Euskal Herriko historiaren orrietan. (1) Euskal izenakez lukete "de" eta azenturik behar, beraz, ohiko Juan de Zumárraga oker dago. Berak batzuetan "Joan Zumarraga" sinatzen zuen eta besteetan Juan, batzutan "de Zumarraga," bestetan "de" gabe. Nik Joan Zumarraga erabiliko dut, baina Durangon bere eguneroko izena "Joan Botika" izango zen edo "Joan Botikaneko," botikan jaio eta bizi baizen. Ikus, J. MALLEA OLAETXE, "Juan Zumarraga, Bishop of Mexico, and the Basques: The Ethnic Connection," Ph. D. Dissertation (University of Nevada, Reno, 1988): 386, 82 83. Erreferentziaz esateko, idazlan hau tesi horretan datza. (2) Ignacio ZUMALDE, Historia de Oñate, (San Sebastián: Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa, 1957): 694 pp. (3) "Tronperri" izen goitiak badu, ez Arantazurekin, baina bai frantziskotar fraideekin, zerikusi. Ikus, MALLEA OLAETXEren tesia, 73. (4) José María LARRACOECHEA BENGOA, Notas históricas de la villa de Durango, II ale, (Durango: Iruprint, 1983), pp; Camilo VILLABASO, Historia de Durango y de sus ilustres hijos, Colección Ibaizabal 3, (Bilbao: Biblioteca Vasca Villar, 1968). (5) Biografiarik onena eta osoena Joaquín GARCIA ICAZBALCETArena da, Don Fray Juan de Zumárraga, primer obispo y arzobispo de México, (México, 1881). Hemen Rafael Aguado Spencer eta Antonio Castro Leal'en edizioa aipatzen da, IV ale, (México: Editorial Porrúa, S.A., 1947). (6) Richard E. GREENLEAF, Zumárraga and His Family. Letters to Vizcaya 1536 1548, A Collection of Documents in Relation to the Founding of a Hospice in His Birthplace, Neal Kaveny itzultzaile, (Washington, D.C.: Academy of American Franciscan History, 1979). (7) Mariano CUEVAS, Historia de la iglesia en México, I (1511 1548), (México, D.F.: Editorial Patria, S.A., 1946), 268. (8) Zumarragaren gutuna Larrazabali, 1539. abuztuak 23, ICAZBALCETA, op. cit., III, 185. (9) ZUMALDE, Historia de Oñate, 511. (10) Zumarragak berak dionez, "y un paño grande cañamazo en que va pintado la vatalla que hubieron los cristianos con los indios en Xalisco,"AGI, Justicia 1011, 3. Kartilla, 41r fol. eta 7. Kartilla, 55r fol. Borroka inportantea izan zen hau, eta euskaldunek parte handia izan zuten. (11) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla, 38v 40v fol. (12) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla, 26v fol. (13) AGI, Justicia 1011, hirugarren kartilla, 27 fol. (14) Ikus zerrenda, Historia de Oñate, 673 74. (15) Jon BILBAO, Vascos en Cuba (1492 1511) (Buenos Aires: Ekin, 1958), 200. (16) Azken finean Gaztelako goi epaileek fraidearen testigantza sinetsi zuten eta Delgadillo kondenatu. (17) Hau beste euskaldun bat izan zitekean, Martin Santxez Arguen elizaren harrobiko nagusia baizen, apezpikuak berak izendatuta. (18) Carta del Virrey Antonio de Mendoza, México, Archivo General de la Nación, Mercedes, vol. 2, exp. 222. (19) Libro primero de bautismos de la catedral (Iglesia del Sagrario) desde noviembre de 1536 hasta octubre de 1547, Mexico, 96r fol. (20) AGI, Justicia 1011, lehen kartila. (21) Lope Martinez ISASTI, Compendio historial de Guipúzcoa (Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1972), 658 659. Hernaniren fundazioa 3,000 dukat kostatzen zitzaion familiari urtero; Zumarragaren gutuna Urti Abendainori, GREENLEAF, op. cit., 74 75. (?) (22) AGI, Justicia 1011, lehen kartilla, 15 fol. v. (23) AGI, Justicia 1011, lehen kartilla, 15r 16r fol. (24) Lazarraga Oñatiko jatorria zen eta Zumalde'ren historian izen horreko jende pilo bat ageri da, ikus 675 676. (25) AGI, Justicia 1011, 8. kartilla, 112v 113 fol. (26) AGI, Indiferente 1011, 2. kartilla, 30v 31r fol. (27) "Poder del obispo a Hotuño de Avendaño," Mexicon 1546. otsailaren 27n, AGI, Justicia 1011, 3. kartilla, 6v 11r fol. (28) Gutun hau 1548. apirilaren 25koa da, Greenleaf, op. cit., 146 147. "Castillo" hau Gaztelu Durangaldeko auzokoa izango zen seguraski. (29) Iruñeako sorginak jujatzera hango hizkuntza zekielako joan zela, diosku Jeronimo MENDIETAk, Historia eclesiástica indiana (Madrid: Biblioteca de autores españoles,vols. 260 261, 1973), 167. (30) Zumarragak ez du Orduña idazten, baizik Urduia. Joxe Mallea Olaetxe, Reno, Nevada Euskonews & Media 146.zbk (2001/11 30/12 14) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria