Tomas Garbizuri buruz Tomas Garbizuri buruz * Patxi Intxaurrandieta 1901eko irailaren 12an, eta goizeko hamaiketan bere bataio agiriak dioenaren arabera, ikusi zuen argia lehen aldiz Lezon Tomas Garbizu Salaberria haurrak, urteen poderioz Euskal Herriko musikagileen artean izen handienetako bat izatera iritsiko zen haurrak. Bere etorkizuna musikara bideratzen lagunduko zion oso giro aproposa izan zuen Garbizuk herrian eta familian bertan. Izan ere, musika eta literaturarako joera oso nabarmena zen hamar senide izatera iritsi zen familia apal hartako anai arrebengan. Jon, bere lanak Zubigar goitizenez sinatzen zituen anaiak, ohorezko saria eta ohorezko aipamena jaso zituen 1924an Ostegun Deuna eta Euskera arrobitzat olerkiekin. Cervantesen La Señora Cornelia itzulpenarekin ere saria irabazi zuen, 1928an. Zeruko Argia, Euskal Esnalea, Argia, Arantzazu aldizkarietan eta Buenos Airesko La Baskonia agerkarian ere ezagutu ziren Zubigar olerkariaren lanak. Euskaltzaleak elkartearen lehen idazkaria izan zen. Pasaiako portutik, lanetik etxera zihoala, trenak harrapatuta hil zen Jon 1930ean. 35 urte zituen. Daniel, bosgarren anaia, olerkaria eta bertsolaria izan zen. Iruzubi izengoitiaz argitaratu zituen bere lanak gerra aurreko hainbat aldizkari eta egunkaritan. Hamabost urte bete arteko haurtzaroa eta gaztaroa Lezon eman zituen Garbizuk, gurasoen babesean eta senide eta lagunez inguraturik. Jose Millan, musikarako gaitasun aparta zuen anaia zaharrenak irakatsi zizkion pianoko teknikaren oinarriak. 1916ko irailaren 9an, Arantzazuko Ama Birjinaren egunean, bertako seminario serafikora joan zen (amak lagundurik) ikasketetan sakontzeko asmoz. Lau ikasturte oso egin zituen bertan. Berak sarritan bestelakorik esan bazuen ere, eta orduko emaitzek erakusten dutenez, ikasle bikaina izan zen Garbizu. Latina, grekoa, erretorika, aritmetika, euskal gramatika eta beste hainbat ikasgairen artean, solfeoa, pianoa eta gregorianoa ere ikasi zituen. Bertako ikasleek osatzen zuten bandanflauta jotzen zuen eta klarinetea ere gertutik ezagutu zuen. Tomas Garbizu, zuzendari. Garbizuk irakasle bikainak izan zituen Arantzazun. Baina, guztien gainetik, aita Arregi zen gogora ekartzen zuena garai hartako oroitzapenez jarduten zuenean. Erabakiorra izan zen Garbizuren etorkizunerako Aita Arregik beregan izan zuen eragina: "creo que fue entonces cuando recibí como una impronta la certidumbre de saber que iba a ser músico" esan zuen. Arantzazuko inguruneak eta giro bilduak inoiz urratuko ez zen arrastoa utzi zuten Garbizuren gogoan. Handik aurrera, Arantzazu, Aloña, Urbia, Benedicta, Angelusa... bere bihotzean urrezko hizkiz idatzitako esanahi bereziko hitzak izan ziren betiko. 1920ko uztailaren 16an utzi zuen Arantzazu. Destino: Noviciado irakurri dugu bertako paperetan. Abuztuaren 11an, Zarauzko komentura joanik, nobiziaduari hasiera eman zion; hasiera besterik ez, ordea. Bertako artxiboko agiriak hau dio laburki: "Tomás Garbizu Salaberria tomó el hábito el 11 de agosto de 1920. No profesó." Ez zituela botoak egin, alegia. Donostiako Musika Akademian pianoa ikasi zuen Jose Mª Iraola irakaslearekin eta harmonia Beltran Pagolarekin. Organoari dagokionez, ez zitzaion inoiz kontserbatorioko programa ofizialari eta bertako diziplinari lotu eta, hain ongi menderatu zuen instrumentua bere kasa ikasi zuela esan daiteke; horretan, neurri handi batean bederen, autodidakta izan zela, alegia. Musika oinarri sendoko gaztea genuen Garbizu 1925ean Pasai San Pedroko organista lana eta elizako koruaren ardura bere gain hartu zituenerako. Lezon bizi zelarik, oinez edo batelez joaten zen elizkizunek eta hartutako konpromisoek hartara behartzen zuten bakoitzean. Konposiziorako gaitasunak ere oso finkatuta zituen garai hartarako. Pasai San Pedrorako idatzi zituen, zenbait moteteren artean, gregorianoko Kirial erromatarreko IX. eta XI. mezetan oinarritutako "Orbis factor" eta "Cum jubilo" mezak. Azken hau abestu zen Errenteriako Parrokian "Jautarkol" idazle errenteriarra omenduz,1930 urtean egin zen I. Eusko Olerti egunean. Han izan ziren, besteak beste, Lizardi, Orixe, Lauaxeta eta Aitzol, goi mailako euskal idazle eta eragileak. Baina, ez zuen musikak bakarrik kezkatzen gerraurreko mutil argi hura. Bere anaia Jon Zubigarren bideari jarraiki, Garbizu ere hasia zen 1921ean bere poemak eta lanak argitaratzen Euzkadi, Argia, Aranzazu, Irrintzi, Euskal Esnalea aldizkarietan eta bestetan. Tege ezizenez hasi zen idazten eta plazaratzen 1924az geroztik olerkiak, ipuinak, umorezko xapladak eta izkirimiriak, politika antzerti musika kronikak Euskal Esnalea, Txistulari, Argia, El Día, El Pueblo Vasco, Argiaren Egutegia ... aldizkari eta egunkarietan. 1931 1936 urteen artean, Errepublikako urte guztietan barrena hain zuzen, El Pueblo Vasco egunkarian Joseba Zubimendik zuzentzen zuen Euskal Eresi ta Izkuntzaren alde sailean ahotsa eta pianorako hamabost konposizio eder ere aurkeztu zituen: Akerra ikusi degu; Mendi goyetan; Itxarkundia; Nik maite nuen kutuna; Begira nago; Oyes; Guazen mendirik mendi (Mendigoizaliei); Ni Mendexa'ra; Mendiko negarra; Itxasua laño dago; Eguarri abestia; Katalin; Arantzazu'ra; Nere maite polita. Bruno Imaz, Luis Urteaga, Norberto Almandoz, Jose Olaizola, Jose Mª Gonzalez Bastida, Angel Dadié, Busca de Sagastizabal... izan ziren, besteak beste, Garbizurekin batera, sail honetan beren konposizioak argitaratu zituzten beste musikagile ospetsuak. 1927an Antonio de Orueta donostiarrak Saski Naski ikuskizuna abian jartzeko zenbait marrazkilari, idazle, margolari, dantzari eta musikariengana jo zuen behar zuen taldea osatzeko asmotan. Bertan dugu Garbizu Joseba Olaizola, Buenaventura Zapirain, Aita Donostia, Gelasio Aranburu, Juan Gorostidi eta Nicanor Zabaleta, konpositore, zuzendari edo interprete iaioekin batera. Lehen emanaldiko "Sagardotegian" agerraldiko musika Garbizurena izan zen (Buenaventura Zapirainenarekin batera). Errepublika garaian, Donostiako Irratetxean ere egiten zituen bere lantxoak Aitzol eta Lauaxetak bezalaxe."Euzkadi´ko Txistulari Batza" k, 1933an, Arturo Kanpioni eskaini zion omenaldian ere izan zen Garbizu baina ez musikari gisa, Txistulari aldizkariko idazle euskaldunak ordezkatzen baizik. Beste abertzale eta errepublikazale askok bezala, Gerra zibilaren ondorioz ihesi joan beharrean aurkitu zen eta Iparraldera jo zuen Garbizuk. Bere bizitzan eragin handia izango zuten bi gizon ezagutzeko aukera izan zuen urte latz haietan: Jean Diharce donibandar gaztea, Xabier Iratzeder idazlea bilakatuko zena eta Charles Lebout organista eta konpositore paristarra. Iratzederrek eta Garbizuk Donibane Lohizuneko itsasertzean ordu asko eman zituzten elkarrekin ibilbide luzeak eginez. Han uztartu ziren betiko urteen buruan uzta bikaina emango zuten bi sentsibilitateak. Garbizuren heriotzaren ostean honela hustu zuen barrena donibandarrak Biziaren gudaldia liburuan: Zenbat ibilaldi egin dut lau urtez harekin, itsas bazterrean! Euskal kantuez mintzo ginen; eta, nitan den Iratzeder goa, harek du egunetik egunerat moldatua. Charles Lebout Pariseko organo joleak Donibane Lohizun hartu zuen bizitoki. Ospe handiko organista eta konpositoreak berehala erreparatu zion Garbizuren musika senari. Maisuaren aholkuek eta Frantziako organo tradizioan inprobisazioari eman ohi zaion garrantziak izan zuten eraginik Garbizuk ondoko urteetan bereganatuko zuen organo jole ospearekin. Gerraostean, oraindik ere, maisu frantsesak Garbizuri Madrilera igorri zion gutun batean hau zioen: "Egizu, egizu lan, beste artistek inoiz hatzemango ez dituzten helmugetara iristeko gai baitzara." Gerra amaitu zen urte berean, sei hilabeteren barruan hil ziren Garbizuren gurasoak. Madrilera abiatu zen Pasaia San Pedroko organista izateak baino itzal luzeagoa emango ziolakoan argi berri bila. 40ko hamarkada osoa eta 50ekoaren bizpahiru urte hiriburu hartan eman zituen. Ez zuen bizimodu erraza izan musika munduan izena lortu besterik nahi ez zuen jada berrogei urteko lezoarrak. Circo Price, Lope de Vega, Fuencarral, Teatro dela Comedia antzokietako hainbat emanalditan pianoz edo organoz lagunduz, San Markos parrokiako eta Frantziak Madrilen zuen enbaxadako organista lanetan jardunez, eskola partikularrak emanez, konposizio lan jasoak idatziz... joan ziren Madrileko Garbizuren urteak. Cartagenako kondearen beka bati esker, konposizio ikasketa sakonak burutu ahal izan zituen. Sorkuntza lanetan buru belarri, garai hartakoak dira, obra askoren artean, Machado eta Tagoreren testuetan oinarritutako liederrak, soprano eta orkestrarako "Cinco melodías vascas" izenekoak eta bereziki "Danos la paz" gizonezkoen korua eta orkestrarako kantata. Goi mailako artistak izan zituen lankide eta lagun urte haietan: Elias Salaberria (Garbizuren lehengusu propioa) eta Valentin Zubiaurre pintoreak, Pablo Sorozabal eta Jesus Guridi konpositoreak, Jesus Mari Arozamena idazlea... herrimina arintzen laguntzen zion kidetza. Etxerako bidea (kabirako bidea, bere hitzetan) hartu eta 1953. urtean Donostiako Kontserbatorioko solfeoko oposizioetara aurkeztu zuen bere burua. Inoiz izan ez zuen lan egonkortasuna emango zion katedra lortu zuen etxean. 1953 54 ikasturtean, eta Donostiako Udaletxeko Kultur Batzordeak hala proposaturik, organoko katedra ere erantsi zion aurrekoari, bi ardurak bereganaturik. Organo irakasle izan zen hemezortzi urteek ospe berezia eman zioten ikasle eta musikazale guztien artean. Ezbairik gabe, gaur egun Gipuzkoan organorako musikaren inguruan dagoen maila jasoak asko zor dio Garbizuri. Hirurogeita hamar urte bete zituen egun berean hartu zuen erretiroa. Sasoi oneko gizona, irakaskuntzaren beharretatik aske, konposizio lanari lotu zitzaion buru belarri bere bizitzako azken hamazazpi urteetan. 1972. urtean Arte Ederretako Akademiko izendatu zuten. Omenaldien garaia iritsia zelarik, Kontserbatorioko ikasleek, Euskal Herriko Txistulariek, Liturgia batzordekideek, Pasai San Pedroko herritarrek, Lezoko herrikideek... oso gogoan izan zuten beraien alde eta, oro har, musikaren alde egindako lan guztia.Lezoko herriak, 1982ko abenduan Herriko Seme Kuttuna izendatu zuen. Garai honetakoa da, Udalak eskaturik, lezoarrentzat idatzi zuen ereserkia. Lezok, Tomas Garbizuren jaioterriak, omenaldia eskeini zion eguneko irudiak. Lezoko Udal Musika Kontserbatorioak ere bere babesean dihardu azken hamar urte hauetan. Hiru dira Garbizuk bere sorkuntza lanerako dastatu zituen iturriak: 1) Era guztietako doinuak sortzeko eta hauek jantzi bitxiez apaintzeko zuen berezko ahalmen harrigarria. Garbizu gai da idazteko ia aldi berean Luis Marianorentzako kanta bat eta Ama Birjinarentzako edozein motete, tango bat eta ofertoriorako kantua, habanera bat eta Gurutze Santuaren Bezperak. Malgutasun harrigarri hau, musika mota bakoitzak eskatzen dituen beharretara makurtzeko duen ahalmena da, zalantzarik gabe, Garbizuren nortasunaren ezaugarri nabarmenetako bat. 2) Musika gregorianoa. Organorako eta liturgiarako idatzi zuen musika askok musika gregorianoaren errepertorioko kirieak, antifonak eta sekuentziak ditu bere jatorrian. 3) Euskal herri musika. Ongi baino hobeto ezagutzen ditu Aita Donostiak, Azkuek, Jorge Riezuk, Hilario Olazaranek, Juan Ignazio Iztuetak... osatutako kantu eta dantza bildumak. Modu batera edo bestera moldatuak, aipaturiko kantutegietatik jasotako ia berrehun euskal doinu desberdin aurkitu ditugu bere katalogo zabalean. Baina musika erreferentzia hauek guztiek itxura berria hartzen dute Garbizuren eskuetan. Egilearen arrastoak nabarmenak dira beti Garbizuren partitura bati hurbiltzen gatzaizkionean. Ikasleak Lezoko Tomas Garbizu Kontserbatorioaren aurrean. Orkestrarako idatzi zuen obraren barruan aipamen berezia merezi dute, besteak beste, Concierto mágico izeneko biolin eta orkestrarako kontzertuak eta Concertante para trompa y orquesta izeneko partiturak. Soprano bakarlaria eta orkestrarako Cinco melodías vascas. 1942. urtean idatzi zuen Madrilen herriminak jota. Danos la paz (1941) kantata ere Madrilen idatzi zuen eta Easo Abesbatzak eta Donostiako KontserbatoriokoOrkestrak estreinatu zuten Donostian. Obra hau hiruzpalau aldiz interpretatu arren, Garbizuk ez zuen inoiz entzun. Babilon Beltza (1967) kantata. "Super flumina Babilonis" izeneko 136. salmoan oinarriturik Aita Xabier Iratzederrek eginiko testua baliatu zuen Garbizuk. Leader edo ahotsa eta pianorako obren artean aipamen berezia merezi du Donostiko Kantu Zarrak (1970) izeneko bilduma ezagunak. Garbizuk berak bere obra guztiaren gailurrean kokatzen du lan bikain hau. Euskal dantzak pianorako bildumaz hau esan zuen Anton Larrauri musikagile bizkaitarrak: Se trata de una obra avanzada en cuanto a choques de armonías y chispeantes contrapuntos y ritmos, pero donde no se pretende destruir lo popular, sino elevarlo a niveles de concierto rebosante de su sabor más íntimo. Una obra muy digna de este extraordinario compositor. Organorako obren artean aipatu: Cantantibus Organis (1937), hamar pieza laburrek osatzen duten bildumatxoa; "Victimae Paschali laudes" sekuentzian oinarritutako Sequentia (1950); Jesús y la samaritana (1953) triptikoa; Tríptico sobre un tema gregoriano (1971) triptikoa, Avilako nazioarteko lehiaketan lehen saria irabazi zuena. Bere katalogo zabalean agertzen diren hogei mezen artean hiru dira, beharbada, aipamen berezia merezi dutenak: Benedicta (1956), latinezko testua duen meza honek akzesita erdietsi zuen Arantzazuko frantziskotarrek antolatu zuten lehiaketan. Ecuménica (1962), "Papa Juan XXIII" izenaz ere ezagutzen dena. "Cunctipotens Genitor Deus" meza gregorianoa du oinarrian. Eta hirugarrena, Vatikanoko II. Kontzilioa amaitu zenean Columbia diskoetxeak eginiko enkargu baten ondorioz idatzi zuen Gure Meza izeneko euskal meza; hainbat euskal dantza eta doinuz osatutako mosaiko ederra. Aipatu ere egin gabe geratu dira, ezinbestean, txistu, tronpa, tronpeta, ahotsa "a capella", instrumentuak eta ahotsa, orkestra eta antzeko taldetarako ehunka obra. Urteen zama gainean, saritutako eta musu truk eginiko lan askoren buruan, ibilitako bide luzeak akiturik,nekaturik, Donostiako erietxe batean hil zen Tomas Garbizu Salaberria azaroaren 27an Milagrosa Ama Birjinaren egunean eta eguerdiko hamabietan. Euskonews & Media 144.zbk (2001/11/16 23) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.