Lekeitio Lekeitio * Jaione Murelaga Izagirre Historia Lekeition gizakia bizi zeneko lehen datuak Gerra Zibil aurrekoak dira, Telesforo Aranzadik eta Joxe Migel Barandiaranek Lumentza kobazuloko aztarnategia eskabatu zutenekoak. Lumentzak Goi Paleolitikotik kultura erromatarrera arte irauten duen kultur ikuspegi zabala erakusten zuen 60. hamarkadan: Santa Katalinakoa, molusku biltzaileen ezarlekua berau. Ikerketa haien eta gaur egunean ere irauten duten harrezkeroko beste batzuen bidez badakigu orduko gizakiaren bilakaeraren berri. Baita euren bizimoduena ere, eta aldi luze batean zehar zelako ingurugiro baldintzetan bizi ziren ere. Lumentza kobazuloko aztarna batzuek susmarazten dute lurralde honetan bazela giza bizitzarik k.a. ko 30 mila urte inguruan: Aurigñac aldiko kulturakoak, alegia. Bestalde, herrian oraintsu egindako indusketetan erromatar garaiko arkeologi aztarnak agertzen hasi dira (K.g. ko I. mendeko azken alditik, K.g. ko V. mende hasierara doazenak). Sasoi hartan gure herrian bazela giza ezarlekurik frogarazten dute aztarna hauek.. Gai hau oraindik ikertzen ari dira eta geroko indusketak giza ezarleku honen gainean argi gehiago eman dezakete. Lekeitioren historia ofiziala 1325. urtean hasten da. Urte hartan, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak fundazio karta eman zion Lekeitioko elizateari. Horrela hiribildu bihurtu zen herritxoa eta zenbait onura juridiko, merkatal, fiskal, militar, eta baita erlijioso ere eskuratu zituen. Kartak hiriko mugak ere ezarri zituen, eta eurok zirela eta borroka batean ibili ziren alboko elizate eta jauntxoen olagizonekin. Harrezkero Alfonso XI.ak berretsi egin zuen fundaziozko karta 1334.ean. Eta beroren agintaldian eraiki ziren hiriko harresiak, nahiz eta bazen hesi bat fundaziozko karta baino lehen. Lekeitiarrei autonomia zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan euren forua edukitzeak. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran, iharduera ekonomikoetan eta gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejukokargudunak izendatzean ere. Kontzejua alkateak eta errejidoreak osatzen zuten. Alkateek batzarburu egin, erabakitako dekretuak onartu eta euren kalitatezko botoa zela eta, errejidoreen arteko istiluak ebazten zituzten. Baina epaile ziren bereziki. Kartak Santa Maria elizaren patronatua ematen zion Uriari. Honetara, hiria parrokiaren ondasunen jabekide bihurtu zen, parrokiaren errenten administratzaile, elizgizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun. Udal ordenantzek Lekeitioko bizitza komunitarioaren atal guztiak arautzen zituzten: gizartekoak, ekonomikoak, erlijiosoak eta moralak. Ez dakigu noiz idatzi ziren udal ordenantzok, baina Bizkaiko zaharrenak direlakoan daude. Kostaldean egoteak guztiz baldintzatu zuen Lekeitioren ekonomia, arrantza eta nabigazioei buruzko abantailen jabe baitzen. Urruneko itsas garraiorako ere bideratu zen ekonomia, arrantza baino dirubide errazagokoa; korsoen irabaziak, itsaslapurreriak eta gerra ekintzak ziren garraiolarien gorabehera garratzen ordainak. Edozenbat upagin, amugin, itsaszurgin, otzaragin eta abar zegoen, eta euroi esker irauten zuten arrantzak eta nabigazioak. Santa Maria elizaren ondoan eraiki eta konpontzen ziren itsasuntziak. Kaleetan jostunek, zapatagileek, buztinlariek, eta zilargilek zituzten tailerrak. Emakumeek linogintzan ziharduten esportazio txikietarako ginoan. Etxeko ekonomia ortutxo, soro eta mahastietako ortuari eta fruituek osatzen zuten. Arrantzan oinarritu da batez ere herriaren ekonomia antzinatik. Portuak hala ere, ez zituen izan baldintzarik egokienak. 1381etik datozkigu moilak konpontzen hasi ziren lehen berriak eta sasoi hartan itsasadarrean egiten zen portua. XV. mendean eraiki zen antzinako moila (Naza Zarra eta Naza Berria) eta gaur eguneko portu barruan kokatzen zen. Baina txikia izateaz gainera, behin eta berriro hondarrez betetzen zenez, ez zegoen behar besteko sakonerarik portuan. Hondarraren jarioa bidea galarazteko malekoia egin zen. Erregimen Zaharrean eta XIX. mendean kexa ugaridaude portuaren kondizio txarrak zirela eta. Erdi Aroan eta Aro Modernoan baleak izan zuen garrantzia arrantzan aipatu behar da, bere irudia Lekeitioko armarrian agertzeraino izan ere. Tradiziozko arrantzan bisigua, legatza, atuna, sardina, antxoa, ... ere nabarmendu behar dira. Arrantzaren ikuspegi orokorrean, gorago esandako eragozpenak eragozpen, Lekeitiok Bizkaiko portuetan bigarren lekua zeukala goraipatu behar da Bermeoren ostean 1500 eta 1900 bitartean. Baina XX. mendean Ondarroak hartu zion aurrea. Pertsonaia ospetsuak Tokirik eza dela eta herri mugaz kanpo nolabaiteko entzutea izan duten pertsonaiak baino ez ditugu aipatuko. Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1669 1740). Ingeniari eta ilustratua, XVIII. mendean argitaratutako "Máquinas hidráulicas de molinos, herrerías y gobierno de árboles y montañas" liburuaren idazlea. Juan Maria de Altuna (1828 1868). Musikaria, durangarra jaiotzez baina gure herriari lotu lotua, parrokiako organista izan zen aldetik. Gure kanposantuan lurperatuta dago. "Guernika´ko Arbola" himnoaren konposaketan Iparragirreri laguntza eman zion, Iparragirrek musika jarri ziolarik. Eusebio Maria Azkue (1813 1873). Nautika Eskolako maisua eta olerkaria, Resurreccionen aita izan zen. Resurrección Maria Azkue (1864 1951). Apaiza, idazlea, publizista, literatoa, hizlaria, folklorista, musikoa, linguista eta zenbait idazlanen egilea. "Real Academia Española" ren kidea izan zen eta Euskaltzaindiko Lehendakaria. Eusebio Erkiaga (1912 1993). Literatua, olerkaria, nobelista eta hizlaria. Euskaltzaina ere izan zen. Santi Brouard (1919 1984). Herriko jaiak San Pedroak. San Pedroak ekainaren 29tik uztailaren 1era bitartean ospatzen dira Lekeition. Ekainaren 29an, Meza Nagusiaren ostean, San Pedroren prozesioa egiten da Santa Maria elizatik porturaino. Berton, santu beraren irudiaren aurrean, zeremonia bitxia egiten da: Kilin kalakoa. Hau da, santuaren irudia daroatenek santua uretara botatzekoa egiten dute, ur aldera eraginez santuari. Zenbaitteoria dago zeremonia honen jatorriaren gainean. Batzuetan santua uretara jausi da. Arrantzan laguntzeko edo zer ikusia duen zeremoniatzat dago. Ondorik, antigualeko Kaxarranka dantza egiten da. Zortzi arrantzalek sorbalda gainean eusten dioten kaxa baten gainean egiten du dantzan dantzariak. Janzkera berezi berezia du: fraka, alkondara eta praka zuriak, zapia sama inguruan eta krabelina ojalean daroatza; baita txistera eskumako eskuan eta San Pedroren intsigniadun banderatxo gorria ezkerrekoan ere. Lehenik, portuko San Pedroren irudipean egiten du dantzan. Gero, kaleetan zehar dabil, gaur eguneko Arrantzaleen Kofradiako presidentearen etxe aurrean, Udaletxe aurrean eta plazan eginez berriro dantzan. Antzinatik dakigu zeremonia honen berri, XV. mendetik gutxienez, eta honako jatorria dauka: antzina kofradeek maiordomo bi aukeratzen zituzten urteko irabaziak begiratu, zaindu eta banatzeko. Kofradiako ondasun eta dokumentoak kaxa batean gordetzen ziren, eta ekainaren 30ean maiordomo zaharraren etxetik maiordomo berriaren etxera aldatzen zen kaxa handikiro. Kaxa hauxe gordetzen da Kofradian eta gaur egun dantzariak beronen gainean egiten du dantzan. Antzinako janzkera ez zen gaur bezalakoa. Dantzariak San Pedro sinbolizatzen zuen, eta alde banatan, San Andres eta San Juanenak egiten zituzten gizon bi zihoazen. Antzezpen honek istilu gogorrak eragin zituen eliza eta arrantzale artean XVII. mendean eta ez zen baretu harik eta zibil jantziak erabiltzen hasi ziren arte. Istilu hauexengatik ezagutzen da hain ondo Kaxarrankaren jatorria. Ekainaren 30ean "San Pedro Txiki" eguna ospatzen da erromeria jendetsuan Talan edo olatu apurtu lekuan, eta herriko musika bandaren kalejira alai batek ematen dio amaiera erromeriari. Uztailaren 1ean "San Pedro Baltza" eguna da eta Tortola Kale eta Beheko Kaleen bitartean ospatzen da erromeria, Santuaren irudiaren aurrean. San Antolinak. San Antolinak irailaren 1etik 8ra bitartean izaten dira. Lekeitioko herri jaiak dira. Jaietako ekitaldietan,Antzar eguna aipatu behar da, bere antzinatasun eta ikusgarritasuna direla eta. Irailaren 5ean ospatu ohi da, asteburuko egunen batean gerturatu ezik. Lekeitioko antzarren jaiak badu hiru mende eta erdiko tradizio dokumentatua, eta antzinako erriotzat edo ospatzen zen ustea ere badago. Antzar eguna 1877tik hona behintzat beti ospatzen da San Antolinetan baina abuztuko Andra Mari eta San Roque egunetan ere ospatu izan da inoiz. Dirudienez plazan ere ospatzen ziren, baina uretan ospatu da tradizioan, 1722tik hona, behintzat. Badakigu 1666az gero arrantzaleek soilik parte hartzen zutela ere. Historian zehar aldaketa handiak eduki dituen lehia jaia da Artzar Eguna. Antzina arrantzaleek besterik ez zuten parte hartzen; traineruek ere zorrotz bete behar zuten jarritako abiadura, eta arraunlari kopurua ere zorrotza zen (12 arraunlari eta lemazaina). Eta nork irabazten zuen, horren duda zegoenean, euren arteko estropada bat egiten zen, irlari itzuli bat ematekoa. Gaur egunean mahoiz janzten da, baina inoiz alkondara zuria eta mahoizko prakak ere erabili izan ziren. Jaione Murelaga Izagirre, Lekeitioko Alkatea Lekeitioko Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 143.zbk (2001/11/9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.