143 Zenbakia 2001-11-09 / 2001-11-16

Gaiak

Resurrección Maria Azkue kontalaria

TOLEDO LEZETA, Ana

Resurrección Maria Azkue kontalaria Resurrección Maria Azkue kontalaria * Ana Toledo Lezeta Resurrección Maria Azkue hiztegigilea, gramatikagilea, herri jakintzaren biltzailea, operagilea, aldizkari sortzaile eta kudeatzailea izan zen. Gainera, kontagintzaren sustatzailea eta kontalaria ere izan zen: besteak kontaketa prosa lantzera bultzatzeaz gain, berak ere ekin zion alor hau jorratzeari. Euskal kontagintzaren sorrera berankorra da euskal literatura inguratzen duten literaturekiko. XVI. mendeaz geroztik jorratu da prosaren esparrua euskaraz, baina ibilaldi horretan ez dizkio ateak zabaldu kontaketari, harik eta XIX. mendearen lehen bi herenak pasa arte. XIX. mendearen hondarrean bidegintza honi hasiera ematerakoan, ez da Azkue ekarririk urriena egiten duena. Kontagintzaren sustatzaile legez aurkezteko, aldizkari bakar batean errepara daiteke, berak 1897an sortu eta iraun zuen bitartean, 1899rarte, zuzendu zuen Euskalzale astekarian. Euskal literaturak erakusten dituen ahuleziez eta gabeziez jabeturik, honako dei hau zabaltzen du Azkuek aldizkariaren lehen alean bertan: "EUSKALZALEK, adiskide batzun laguntasunaz, gure liburuteri urri banakatua ugaldutearren, eta euskereak, beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak euki daizan dei bat egin nai dautse euskeraz eskutiztuten dakienai. Lan bi sarituko dira batzaldi onetan. Lenengoa: Biltoki edo teatrorako lan bat: musikea ezarri leiona. Bigarren lana: Erderaz novela edo roman deritxon lako liburu bat" . Horra hor, Azkueren eskutik, lehen eleberri lehiaketa. Txomin Agirreren Auñemendiko Lorea izan zen irabazlea eta Euskalzale aldizkariaren orrialdeetan atalka atalka argitaratu zen, 1898ko ale desberdinetan zehar, liburu gisa argitaratu aurretik. Tarte zabalagorik ere izan zuen kontaketa prosak Euskalzaleren orrialdeetan: "irakurgaiak" eta ipuinak sail finkoa izan zuten astekarian. Sail hauek kontaketak bidali nahi zituen irakurle orori ireki zizkion Azkuek. Kontagintza sustatu ez ezik, kontaketak ereidatzi zituen Azkuek. Euskalzale aldizkaria sortu aurretik heldu zion egiteko horri: Bilboko La Abeja (1889 1890) hilabetekarian argitaratua zuen Peru Matraka ta Pedr'anton. "Iarraituko dau" batez uzten du La Abeja aldizkariaren azkeneko alea, seigarrena, 1890.eko maiatzean argitaratu zenean. "Ezti Abauak" ek izenpetzen zuen kontaketa hau. Azkuek erabili zituen goitizen ugarietako bat da. Goitizenik izen abizenera eta aldizkaritik liburura doa eman zuen bigarren kontaketan: Lenengo irakurgaia. Bein da betiko (1893). Jarraian etorriko dira Euskalzale aldizkarian argitaratu zituen ipuin eta irakurgaiak. Irakurgaien alorrean, 1897ko zenbait aletan "Urkiolako igarlea", "Kristobal andia", "Eremutarra", "Batxi guzur" eman zituen eta 1898an Bein da betiko berrargitaratu zuen. Aldizkaritik liburura igaroz berriro, Ardi galdua (1918) kaleratuko du, argitaragabe utziz idatzi zuen kontaketarik luzeena: Latsibi 1989an argitaratu dute Euskaltzaindiak eta Labayru Ikastegiak. Euskal kontaketaren sorrera garaia da. Azkuek lehen lehenik liburu gisa eman zuen Bein da betiko argitaratu aurretik istorio gutxi irakur zitezkeen euskaraz, oso gutxi. Entzun eta esan ugari egingo ziren, baina irakurri nahi zuenak eskaintza oso oso urria zuen. Eskaintza urri hori honetara mugatzen zen: itzulpenak (pare bat), egokitzapenen bat, eta aldizkariren bat lehen argitalpen leku izan zuten kontaketa labur batzuk. Testuinguru honetan, Bein da betiko egiteko leienda bat hartzen du oinarritzat, lekeitiar bati entzundako leienda, hain juxtu. Berez, Azkue herri jakintzaren biltzaileak ere jaso zuen leienda hori: Euskalerriaren Yakintzan aurkitzen da. Bukaeran esaten duenez, Jose Francisco Maruriren ahotik jaso zuen laburtxoago. Azkuek Bein da betiko kontaketa bi aldiz landu zuela esan daiteke: behin Maruriren kontaketa Euskalerriaren Yakintza liburura eramateko, beste behin Bein da betiko 1893.ean argitaratutako liburura eramateko. Honela bada, ahozko kontaketa batean dago Azkuek idazten duen istorioaren jatorria.Erraz atzematen da jatorri hori. Ez bakarrik, ahozko munduan hain hedatuak diren pertsonaiez, hala nola, sorgin, deabru, arima eta abarrez elikatzen delako, edo geldiune gutxi dituelako, baizik eta bertan hitzak hartzen duen indarrarengatik. Hitzak berebiziko errespetua eragiten du. Hitzak, esaten denak, garrantzi aparta du, hainbesterainokoa non pertsonaia gaisotzea lor dezakeen edo esana errealitate bihurtzera hel daitekeen. Azkue kontalaria ezin bana daiteke Azkue musikagilearengandik eta hizkuntzalariarengandik. Hala, Bein da betikon Azkue musikagileak kanta sartuko du bere musika eta guzti; Azkue hizkuntzalariak liburuaren amaieran "Aclaración de voces menos usadas" eransten du; istorioa bera bi bertsio linguistikotan ematen du. Bere hitzak jarraituz: "Eskerreko erreskadaan Bizkai guztiko izkera edo berbeta bat egiña oitu dogu, eskumakoan Lekeitiokoa" . Azkue hizkuntzalaria bizkaieratik gipuzkerara igarotzen da bere bigarren eleberri laburrean, Ardi galduan. Ahozko kontaketa batean jatorria duen istorioa utzi eta bere garaian oso ezaguna zen figura batera jotzen du, Indianoaren figurara, hain zuzen ere. Hau da, Ameriketara joan, aberastu eta bere herrira itzultzen den pertsonaia du gune. Azkuek dakarren Indiano horrek Ameriketan fedea galdu eta bere herrian, Leaburun, egindako Misio batzuetan berreskuratuko du. Istorio hau kontatzeko eskutitz trukaketa batera jotzen du. Gaiak fedea galdu eta berreskuratu eta gai hori emateko moduak eskutitzak oso aproposak dirudite pertsonaiaren kontzientzian barrena nola ematen den prozesu hori adierazteko. Baina, hori ez da izan Azkueren aukera: beste langai batzuekin "betetzen" ditu eskutitzak. Azkue musikagileak kantak sartzen jarraitzen du, Azkue hizkuntzalariak zenbaitetan parentesia erabiliko du hitz baten sinonimoa emateko, beste batzuetan izartxoa. Izartxoa daramaten hitzei buruzko argibideak erantsiko ditu liburuaren bukaerako "geigarrian". Latsibi gertaera historiko bat abiapuntu taxutzen du: 1890.eko hauteskundeakMungia aldean. Oinarri historiko honek bide ematen dio Kartagoarren (liberalen) eta Erromarren (karlisten) arteko lehiaren inguruan istorioa eraikitzeko. Aurretik deskribatu diren kontaketen ildoan kokatzen da: kanta testuaren osagai da; funtzio metalinguistikoa azpimarratzen da. Azkue batik bat "euskararen militantea" izan zen eta kontagintzari heldu zionean, gehiago heldu zion "gure liburuteri urri banakatua ugaldutearren, eta euskereak, beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak euki daizan", istorioak kontatzeko premiari erantzuteko baino. Euskararen militantearentzat eta euskara egokiaz bere usteak zituenarentzat, uste horiek praxian erakustea zilegiztatzen zion bitarteko bat gehiago ere bazen kontaketa. "Normalizatu" da hitz giltzarria Azkuerengan: "normalizatu" euskararen erabilera, "normalizatu" euskal testuak "beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak" eginaz. (1) Ik. "Batzaldia" in Euskalzale, I, 1897, 8. or. (2) AZKUEKO, Resurrecion Maria: Lenengo irakurgaia. Bein da betiko, Imprenta de la Casa de Misericordia, 1893, 102. or. Ana Toledo Lezeta, Deustuko Unibertsitatea. Donostiako Egoitza Argazkiak: Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak 5 bildumatik Euskonews & Media 143.zbk (2001/11/9 16) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria