12 Zenbakia 1998-11-27 / 1998-12-04

Gaiak

Euskal Ekonomiaren inguruan

BAKAIKOA, Baleren

Euskal Ekonomiaren inguruan Euskal Ekonomiaren inguruan * Baleren Bakaikoa 1994ean euskal ekonomiak hasi zuen susperraldia zertxobait moteltzen ari delakoaren susmoak daude; honela adierazten dute zenbait datuk. Izan ere, BGPren hazkundea ez omen da izango lehenengo semestrekoa bezain handia eta esportazioak ere zertxobait aplazatzen ari dira. Bien bitartean, prezioek gora egin dute, eta gainera, EAEko eta Nafarroko inflazio tasak estatuko batazbestekoaren gainetik daude. Oraindik ezin dira aurrikuspen argiak egin, baina "The Economist" astekari ezagunak dioenez, mundu ekonomia depresio handi batean sartzeko ezaugarri asko azaltzen ari omen dira, nahiz Europako Batasuenekoa eta Estatu Batuetakoa, oraindik behintzat, larrialdi horretatik kanpo egon. Baina hau ez da Asiako Hegoekialdeko eta Hegoameriketakoaren ekonomien kasua. Beraz, hurrengo hilabeteetan EB eta EEBBko ekonomiek norantz jotzen duten zain egon beharko dugu eta hortik ondorioztatu nolakoa izango den euskal ekonomiak jasango duen egoera. Gobernuak eta enpresarioek esaten ziguten ekonomiak hazi egin behar zuela eta lan merkatua malgotu langabezia urritu nahi bazen. Azken urte hauetan ekonomia asko hazi da, ehuneko lau inguru, lan kontratu finkorik apenas egin den, alokairuak kontrolpean daude eta lanik ez dagoenean langileak kale gorrian geratzen dira, baina langabeziak hor dirau, nahiz zertxobait murriztu. Langabezi tasa EBkoa baino askoz garaiagoa dugu, ehuneko hamarrera heltzeko falta baitzaio euskal ekonomiari. Haatik, enpresarien prediku hark zerbaitetan huts egiten zuen. Lanorduak murriztuta ez ote lirateke lanpostu berriak sortuko? EAEren Kontzertu Ekonomiak eta Nafarroaren Komenio Ekonomikoak zerga batzuk arautzeko eskuduntzat jasotzen dituzte. Ondorioz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) arautzeko autonomia dago hegoaldean eta susmo guztien arabera badirudi PFEZ berria oraindik indarrean dagoena baino atzerakorragoa izango dela; inguruko herrialdekoaren bidetik joango da. testuberriaren inguruan eztabaida sortu da kritika gogorrak egin dizkiote sindikatuek eta alderdi politiko batzuek. Hala ere, badirudi testu alternatibo aurrerakorragorik ez dela aterako. Beraz, zerga honek aurrerakortasuna galduko du, ea iruzurra gutxitzeko balio duen! Kontzertu Ekonomikoa, Nafarroako Komenioa ez bezala, 2001eko abenduaren 31era arte dago indarrean. Ordurako beste testu bat negoziaturik egon behar du eta indarrean dagoen ETAren su eten mugagabeak gauzak erraztuko dituelakoan nago. Datorren urtearen hasieran euroa indarrean sartuko da EBko hamaika estatuetan, nahiz moneta zirkulatzen hiru urte beranduago hasiko den. Egoera berri honetan euskal ekonomiak ezin dezake inola ere bere lehiatze ahalmena galdu, debalioztatze tresnarik ez dagoenez, ondorio berak erdiesteko alokairuak murriztu beharko baitira. Bestalde, euroarekin EBko hiritarrok ez dugu galduko diru trukean, bai ordea aurrekontu publikoekin, hauen defizitak zuhurtasun handiegiarekin kontrolatuko baititu demokrazia gutxiz jantzita sortu eta kontrol demokratikorik gabe funtzionatuko duen Europako Banku Zentralak. Baleren Bakaikoa, ekonomista