12 Zenbakia 1998-11-27 / 1998-12-04

Gaiak

Antonio Maria Labaien (1898-1994): luma eta biolina

LABAIEN, Ramón

Antonio Maria Labaien (1898 1994): luma eta biolina Antonio Maria Labaien (1898 1994): luma eta biolina * Ramon Labaien Euskaltzalea, zerbait baldin bazen. Idazlea, biolinjolea, pake gizona, abertzalea eta tolosarra, horrek izan zuen eraginarekin bere nortasunean. Izan ere betidanik Tolosan nahastu dira sinbiosi batean, gure kulturaren bi adarrak: baserria eta kalea. Nekazariak, fabrika langileak, dendariak, apezak, medikuak, lehenengo enpresariak, betiko jauntxoak eta azken, botikaria eta botikariaren tertulia. Txerri plazan feria eta Santa Marian meza nagusia, orkestra eta guzti. Arloteak eta intelektualak, denak gizarte bat sortzen, euskal herritarra eta euskalduna. Bata bestearekin doalako, atzo eta gaur. Giro horretan sortu, hazi eta egin zen gure aita. Bera eta bere lagunak, bere taldea eta bere belaunaldia. Berezia izan zena Euskal Herriarentzat. Gazte zenetik euskaltzalea, Aitzolek bere inguruan bildu zuen abertzale mordoxka hartan lehenengoetakoa. Bere zaletasunak antzerkia eta historia zirela eta, horiek izan ziren bere lanaren alorrak. Antzerkia, bere barnetik sortua batzuetan, Tolosako gizartearen ispilu, eta berak euskeratua besteetan: Brecht, Goethe, ... Dinamika bikoitz batean, euskara plazara ateratzen eta mundu zabaleko kultura euskaran sartzen. Historia, eta hor dira besteak beste Muñagorri eta Elizanbururen bibliografiak. Biak, bakoitza bere tankeran, gerla gizonak. Muñagorri, Berastegitarra eta fuero zalea. Elizanburu, Saratarra eta Bonapartista. Eta erdian, kontradizio bat bezala, gure aita, egiazko bake gizona. Bere bizitzan zehar bake gutxi ezagutu bazuen ere, bere barne bakea behin ere ez zuen galdu. Behin ere ez. Hau izanik, segur aski, bere eta bere belaunaldiaren ezaugarri nagusia. Baketsu errepublika garaian, politikan sartu zenean edo sartu zutenean, istilu giro hartan Tolosako alkate. Eta gure gerlan han joan zen, luma zuela eskubian eta biolina ezkerrean: gure aitaren armak. Atzerrian hurrengo, eta berriro gerlan, Frantziakoan. Urtelatzak eta urte aberatsak, asko izanik ikasi zutena. Azken pausoa etxera berriro, izpiritu ireki batekin, gorrotorik gabe, bakean. Azkenengo egunera arte, jota ke lanean. Tolosaldeko belaunaldia deitu leiken hura. Tolosarrez osatua, edo Tolosako ingurukoez edo Tolosaldera etorritakoez. Ziaurritz, Eizagirre, Lizardi, Orixe, Aitzol, Sansinenea... Agirre lehendakaria mintza praktikan Altzon eta Telesforo Urkizun... hil direnak askotan atzerrian, eta hil zituztenak. Joan dira denak, gizon zintzoak doazen lekura. Bizirik edukiko ote dugu beraien oroimena. Sobera merezia dute! Ramon Labaien, Antonio Maria Labaienen semea