Eleizaldetar Koldobikaren ekarpenak, hizkuntzaren arloan Eleizaldetar Koldobikaren ekarpenak, hizkuntzaren arloan * Patxi Orcasitas Eleizaldek, hizkuntza errealitate zabalago eta konplexuago baten barruan (oro har, "Euskal Herriaren Auzia" deritzon horretan) kokatzen du. Hala ere, bere garaiko eragile politikoek ez bezala, Eleizaldek "nazio kontzientzia" esnatzeko asmoz, lehendabizi kulturagaiei (hezkuntzakoei zein hizkuntzakoei) ematen die lehetasuna. Hona hemen, bere pentsaera azaldu dezakeen eskema erraz baina argigarria: Euskal Herria nazioa da zeren eta arraza eta odoleko elementuak amankomunean edukitzeaz gainera, beste asko baitauzka bereizgarri; argien eta berebizikoena bere hizkuntza (euskara) da. Dena dela, gizarte eta historiaren gorabeherengatik Euskal Herriari dagokion guztia txokoratua zegoen. Beraz, beharrezkoa da geure arrazaren gogoa suspertzea, birsortzea eta berpiztea, batez ere geure eskolak (ikastolak) sortuz (estatuak ez baitauka ekintza horretan parte hartzeko trazarik). Ikastola horietan, euskarak irakasbide izan behar du, euskaraz irakatsi behar da alegia, Euskal Herriaren hizkuntza izateagatik eta dakartzan abantaila pedagogikoengatik. Hizkuntzaren auziari (euskararenari) ekin, nazioen teoriaren ikuspuntutik, ekiten dio. Izan ere, beste nazio errealitate batzuekin dauzkan harreman eta ezagutza dauzkala, saiatzen da beti esperientzia eta eredu horietaz baliatzen baita geure egoerara egokitzen ere. Alderdikeriaz beteriko irizpide interesatu batzuen kontra aritzen da zeren eta interes horiek ahalegintzen baitira geure hizkuntza (euskara) dialektoaren mailara beheratu eta geure nazioa eskualde gisa eratu dadin. Bestetik, hizkuntzaren arloan soilik, Eleizalderen ardura praktikoa da (euskarak iraun dezala); horretarako bere berreskurapena eta bere eguneroko erabilpena, gizartean, premiazkoa da. Aldi berean, burutzen dituen azterketa guztiak (zientifiko zein ikertzekoak) aipaturiko helburu horri daude begira. Euskararen kasuan eta dagoen egoeraikusita, "berreraikitzeko" lanari eman nahi dio, aditza eta gai lexikalak oinarritzat hartuz. Adizkien "berrezartze" horretan, indukzioz iharduten du, hots, diren eta erabiltzen diren formak aztertu, amankomuneko hainbat erro atera eta beraietatik adizki berriak, ordura arte ez zirenak, sortzen ditu. Eleizaldek, adizki berri horiek literaturan baino ez erabiltzea proposatzen du eta herri hizkeran soilik, herriak bereganatzen baditu. Hortaz, Eleizalde sistematizatzaile dugu, "hizketa" desberdinen metodogile alegia eta horrela aditz joko horien ikaskuntza errazagotzen du. Puntu horretan, beraren ekarpen batzuek, gaur egun ere, indarrean diraute (gaur egun, adizkiak aztertzeko modua eta Eleizaldek proposaturikoa antzekoa da, baina nomenklatura aldaturik). Lexikogintzan "galbahetu eta garbitze"ko ahaleginetan ibiltzen da, euskararen hitzak arrotz edo besteenetik bereiztuz; latin edo grekoetatikoak baztertuz eta ordezkatuz hasten da, zeren eta euskara besteen familiakoa ez baita. Azken batean, euskal hitz berriak sortzearekin batera, zenbait autore klasikorengana (beraren ustez, jakina) jotzen du (P. Mendibururengana kasu) Lehen idazki eta argitalpenetan, Arana Goiri bere "maisu"ari zintzo jarraitzen diola egia bada ere, are borobilagoa da apurka apurka bere teoria, Aranak aldarrikatutako ideia batzuen aspektuetatik urruntzen joango dela. Eleizalde eta bere lanari buruz eman diren iritziak denetarikoak izan dira; hona hemen haietako batzuk: Mitxelenaren ustez, oro har garbizaleek eta Elizaldek batik bat, literatura tradizioari eta herri hizkerari bizkar ematen diote logikak horrela eskatzen badu. Konklusio bat ateratzeko dudarik ez daukate baldin eta konklusio hori ezarritako printzipioetatik datorrela ematen badu (Esan dugunez, hau ez da erabateko egia Eleizalderen kasuan, zeren eta adizki errotuak baziren erabileran, horiexek gordetzen baititu, logikari uko egin behar badio ere). Urkijok azpimarratu du, Eleizaldek sorturiko hitzak edo adizkiak bereiztu behar direla, aurrekoidazkietan nahiko dokumentatuta zeuden horietatik. Onaindiak, aditz trinkoa larregi erabiltzetiko gaitzak onartu arren, olerkigintzan batez ere adizki trinkoei ondo deritzo. Dena dela eta iritziak iritzi, Eleizaldek sorturiko zenbait forma edota hitz, arruntak dira eta erabiltzen dira edo gramatika liburuek, behinik behin, ekartzen dituzte; adibidez, hainbat aditz trinkoren paradigmak ahaleran eta subjuntiboan. Honengatik guztiagatik, uste dugu garrantzitsua dela Eleizalde ezagutu, preziatu eta goratzea, herri honen biografia eta bibliografietan merezi duen tokia ematen diogula eta berari buruz eman zitezkeen aurriritziak baztertzen ditugula. Patxi Orcasitas García, "Juan Mateo Zabala" euskaltegiko irakaslea Copyright © Eusko Ikaskuntza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.