119 Zenbakia 2001-04-20 / 2001-04-27

Gaiak

Padura-ekosistemak euskal kostaldean. Egoera eta kontserbaziorako zergatiak

ALBIZU, Isabel AMEZAGA, Ibone MENDARTE, Sorkunde ONAINDIA, Miren

Padura ekosistemak euskal kostaldean. Egoera eta kontserbaziorako zergatiak Padura ekosistemak euskal kostaldean. Egoera eta kontserbaziorako zergatiak * Sorkunde Mendarte, Isabel Albizu, Ibone Amezaga, Miren Onaindia PADURA EKOSISTEMAK Hezeguneak edo leku hezeak orohar, bai itsasaldekoak eta bai barrualdekoak ere, biosferako ekosistemarik berezienetakoak dira, eta aldi berean ahulenetakoak ere. Hauen artean aipa daitezke padura ekosistemak. Padurak ibai bokaletan eratzen dira, landaredi fanerogamaz estaliriko lur eremuak dira, eta itsas uraren aldian aldiko urgaineztatzea jasaten dute. Eremu hauek marea hiletan sedimentuak marea goreneko maila heltzen duenean sortzen dira. Ibaietatik eta itsasotik datozen materialak pilatuz doazen moduan lur eremu horiek landare eta animaliaz kolonizatuak izan daitezke. Deposizio eta sedimentazioa aurrera doala landare eta animalia espezie ezberdin gehiago finkatzen doaz. Padurak orokorrean dibertsitate baxuko baina ekoizpen primario eta singularitate altuko eremuak dira. Paduretako lurzoruek gazitasuna eta aldian aldiko ureztapena dute berezitasun, eta bertan espezie askoren garapena mugatuta dago. Itsas bazterreko baldintza gogorrak, baldintza salinoak, haize gogorrak, oxigeno falta, materia organikoaren akumulazio eskasa, besteak beste, landarediaren hazkuntza muga dezaketen baldintzak dira. Paduretako landaredia marearen gradientea jarraituz finkatzen da, kanpotik barrura itsasadarreko baldintza fisiko eta kimikoak aldatuz doaz ureaztatze maila aldakorra da eta. Padurako goi aldea normalean ez da urazpian geldituko baina, marea bizien kasuan urazpian geldituko ohi da eta padurako behe aldea urazpian gelditzen da marea gorenetan. Landare espezie gutxi batzuk, halofitoak kasu, mekanismo fisiologiko berezi eta konkretuak garatzen dituzte ingurune hauetan bizi ahal izateko, eta estrategia hauek ezberdinak dira paduran zehar. Finkatzea lortzen duten espezieek balio ekologiko handia dute ekoizpen altua eta estaldura handiak lortuahal baitituzte. Honek berebiziko garrantzia du elikagai zikloan eta hainbat animaliren habitatean ere, adibidez arrain, hegazti eta ornogabe ugarien habitatean. Padurak kostaldeko eremuak izanik gizakiaren eragin handia jasan izan eta jasaten dute eta honekin transformazio eta atzerakada handia. Orain gutxi arte, padurak finkatzen direneko lur eremu horiek bestelako ekintzetarako (nekazaritza, etxegintza, industria...) erabili izan dira mundu osoan zehar. Itsasadarrak eta bertan kokatzen diren padurak ekoizpen gabeak eta zatarrak bailiren bezala ulertu izan dira eta gainera itsasertzean duten kokapenagatik gizakiaren presio bortitza jasan izan dute. Askotan nekazaritzarako erabilgarriak diren soroetan bilakatuak izan dira, honetarako uraren sarrera galerazten duten muroak eraikitzen dira, zonaldea bete eta gehiegizko ureztatzea ekiditen duten kanalak irekiz. Era berean, eremu hauek etxebizitzak zein industrialdeak eraikitzeko erabili izan dira. PADUREN EGOERA EUSKAL HERRIAN Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeak 192 km ditu (Bizkaian 108, Gipuzkoan 84), eta ibaiertzek ere antzeko luzera dute. Aintzinagoko beste garaietan (Postflandrienseko garaian) 18 itsasadar zeuden 72 km 2 tako azalerarekin. Geroztik 32 km 2 (44 %) galdu ditugu eta gure kostaldean itsasadarrek 40 km2 tako azalera betetzen dute. Galera hori arrazoi ezberdinengatik eman da; alde batetik, faktore naturalak kontutan hartu behar dira baina bereziki faktore antropikoei egotziriko eraginak kontutan hartu behar dira; azken hauen eraginez 29 km 2 tako azalera galdu baita (desagertutakoaren 91 %). Euskal kostaldean padurek egun jasaten duten egoera larria da, itsasadar batzuetatik guztiz desagertu dira eta beste batzuetan azaleraren ehuneko txiki bat baino ez dute suposatzen. Beraz, ibai bokaletako padurek Euskal Herrian duten egoera ez da oso lasaigarria, ibai bokaletan kokatzen baitira gure herri asko eta garapenarekin loturik dauden hainbat ekintza ere, lehenago aipatu dugun bezala. Tradizioz, Euskal Herrian17 itsasadar deskribatu izan dira (9 Bizkaian, 8 Gipuzkoan), eta horietako batzuk desagertutzat jotzen dira arrazoi antropikoengatik, nahiz gainerakoek ere eraldaketa maila desberdinak dituzten. Honekin loturik, padura horiek berreskurapen potentzial ezberdinak dituzte. Barbadun, Butroe, Urdaibai, Lea, Artibai, Deba, Urola, Inurritza, Oria eta Txingudiko itsasadarrak aipa daitezke oraindik, hauek padurako landaredi naturaleko guneak dituzte geruzatan banatuta, eta maila batean beraz, funtzionalki aktiboak dira. PADUREN GARRANTZIA ETA KONTSERBAZIORAKO ZERGATIAK Dibertsitate biologikoa 4000 milio urtetako eboluzioaren ondorio da, eta eboluzio honen ondorioz espezie ezberdin ugari sortu dira. 1.400.000 landare eta animali espezie deskribatu izan dira, baina hauek benetan existitzen diren guztien 5% a baino ez direla uste da. Eboluzio prozesu honetan espezie batzuk beste batzuk ordezkatzen dituzte, baina, gaur egun gizakiaren eraginak iraungitze naturalaren erritmoa azeleratu du. Dibertsitate biologikoa eta habitaten dibertsitatea mantendu behar da interes orokorreko ondare bezala, baita superbibentziako arrazoiak direla eta. Medikuntzan eta elikadurarako erabilitako hainbat konposatu izaki bizidun basatietatik lortzen dira. Padurak inguru akuatiko eta itsasadarren arteko trantsizio eremuak dira, eta ekosistema lehortarrekiko minoritarioak dira. Eremu hauek betetzen dituzten espezieen ezaugarri taxonomiko, genetiko, ekologiko eta fisiologikoak eta baita prozesu ekologikoen konplexutasuna errepika ezinak eta esklusiboak dira. Uraren biltegi direnez, uholdeen kontrolean zerikusi handia dute, padurek kostaldeko perfilak eta barnealdeko lur eremuak gordetzen dituzte. Mareen dinamikan elementu erregulatzaile izateaz gain, elementu kutsakor ezberdinen erretentzioan garrantzia dute, eta baita uren depurazioan ere. Ekosistema hauek paper oso garrantzitsua dute flora eta faunaren kontserbazioan. Padurek komunitate ugari eta ezberdinak mantentzen dituzte eta adibidez, arrantzarakogarrantzitsuak diren zenbait arrain espezieren ale gazteek bertan igarotzen dituzte bizi zikloko lehen faseak eta hegazti migratzaileek pasaleku bezala erabiltzen dituzte eta era berean sistema zabalagoen dinamikan duten garrantzia agerian gelditzen da. Horrezaz gain, gainerako lurraldeek baino emankortasun handiagoa erakusten dute, udaldietan aktibo dirautelako inguruko lursailak lehortu egiten diren bitartean. Guzti honegatik esaten da bertan ematen diren erlazio ekologiko, aberastasun floristiko eta faunistikoak errepika ezinak direla. Padurak baliabide ekonomiko, kultural, zientifiko, turistiko eta jolasgarri dira, jasan izan duten presioa kontuan harturik, babes, kontserbazio eta birsortze estrategiak behar dituzte. Zona hauek berezkoa dute balio ekologiko eta naturalaz gain, ikerketa eta hezkuntza helburuko zona bezala bereizten dira eta baita singularitate berezia edukitzeagatik ere. Gaur egun gora egiten du ekosistema hauek duten balioen kontserbazio eta mantenurako egiten diren esfortzuak, baita berreskurapenerako egiten diren esfortsuak ere. Baina era berean, eta tamalez, ekosistema hauen ingurugiro balioen ezagutza nahiko geldoa izan da eta batzuetan ere, suntsipenak ekiditeko beranduegi izan da, garapenerako erabili izan diren zenbait irizpide egokiak izan ez dira eta. Guztia laburbilduz esan daiteke, guztiz beharrezkoa dela egoera onean aurkitzen diren paduren mantenua ziurtatzea, baita euskal kostaldean zehar dauden hainbat padura degradatuen errekuperazioa ziurtatzea ere. Itsasadarretako dinamika eta funtzionamenduari buruzko ikerlanak bultzatu behar dira hauen ezaguera eskasarekin ezin baita padura ekosistema hauen biziraupena ziurtatu. BEGIRATUTAKO BIBLIOGRAFIA Aseginolaza, C., Gómez García D., Lizaur X., Montserrat, G., Morante, G., Salaverria, M. R. & Uribe Echeberria, P.M. 1996: Vegetación de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Eusko Jaurlaritzako argitalpen zerbitzu nagusia. Vitoria Gasteiz Chapman, V.J. 1976: Coastal Vegetation.. Pergamon Press,Oxford. Figueroa, E., Martos, M.J., Rodríguez, M. & Fdez. Palacios, J.M. 1985: Papel geomorfológico de Spartina maritima (Curtis) Fernald y Spartina densiflora Bromg en las marismas del río Oriel. Actas de la 1ª Reunión del Cuaternario Ibérico 1: 367 378. Lisboa. Eusko Jaurlaritza 1998: Euskal Autonomia Erkidegoko hezeguneen sektorekako lurralde plana aurrerapidea. Lurralde antolamendu, etxebizitza eta ingurugiro saila. Eusko jaurlaritza. Eusko Jaurlaritza 1998. 1998ko Ingurugiro Egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Lurralde antolamendu, etxebizitza eta ingurugiro saila. Eusko Jaurlaritza. Sorkunde Mendarte, Isabel Albizu, Ibone Amezaga eta Miren Onaindia, Eusko Ikaskuntzako Natur Zientziak Saileko bazkideak Euskonews & Media 119.zbk (2001 / 4 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria