119 Zenbakia 2001-04-20 / 2001-04-27

Gaiak

Emakumeon partaidetza arlo politikoan

URKAREGI, Arantza

Emakumeon partaidetza arlo politikoan Emakumeon partaidetza arlo politikoan * Arantza Urkaregi Dudarik gabe, orain dela ia 25 urte sortutako mugimendu feministaren lanari esker, emakumeon egoerak aldaketa handia izan du. Pixkanaka pixkanaka emakumeok sartzen hasi gara gizonezkoen eremutzat hartuak ziren zenbait arlotan: unibertsitatean, lan munduan, kiroletan, ... Baina badago oraindik gizonezkoen eskuetan dagoen eremua, arlo politikoa, hain zuzen. Emakume askok parte hartzen dute mugimendu sozial ezberdinetan, gero eta emakume gehiago aritzen gara politika munduan ... baina emakumeok ez gara gizonezkoak bezain agerikoak politika arloan, eta bereziki, askoz gutxiago gaude erabakigune politikoetan. Arlo subjektiboaren garrantzia Teorian, emakumeok ez dugu politikan parte hartzeko inolako eragozpenik. Ezkerreko erakunde politikoetan emakumeok eta gizonak berdinak garela onartzen da. Are gehiago, ezkerreko erakundeetan eta mugimendu sozial ezberdinetan parte hartzen duten emakumeak aztertzen baditugu, emakumearen ohiko rola apurtu dutela, independentzia ekonomikoa dutela, gizonezkoen menpe egoteko prest ez daudela ikusten dugu. Hala ere, nabaria da erakundeetan beraietan nolabaiteko lan banaketa sexuala ematen dela: erabakiguneetan, gehienak gizonezkoak dira; laguntza lanetan, aldiz, emakumezkoak. Zergaitik? Nola egin aurre horri? Aldaketa sozialetaz hitz egiten dugunean, lehenengoz, baldintza materialak aldatzea ez dela nahikoa hartu beharko dugu kontuan. Benetako aldaketa lortzeko ezinbestekoa dugu pertsonen pentsamolde eta portaerak aldatzea. Eta horretarako, arreta jarri beharko diogu orain arte nahiko baztertuta izan dugun arloari, subjektibitateari, hain zuzen. Ezkerraren munduan, alde subjektiboari ez diogu garrantzirik eman, pertsonen jarrerak baldintza materialek definiturik zeudela pentsatu izan baitugu. Baina nabaria da izate sozial eta kontzientziaren arteko lotura askoz konplexua dela. Baldintza materialek eragina dute norberaren pentsamolde eta portaeretan,baina ez dituzte beraiek determinatzen. Heziketak moldatzen gaitu, baina gizakiok gai gara jasotako mezua berrinterpretatzeko. Gizakiok ez gara baldintza materialen ondorio hutsak. Bigarrenez, baldintza materialen aldaketa beti subjektibitateen aldaketaren aurretik joan ohi dela, pentsamolde eta portaeretan ematen diren aldaketak askoz motelagoak izaten direla ohartu behar gara. Marcela Lagarde antropologo feministak dioenez, emakumeok "besteentzako gizaki" gisa hezitzen gaituzte; gizonak, aldiz, "norberarentzako gizakia" izateko heziak dira. Emakumeon bizitzaren xedea, besteentzako onurari, besteentzat egiten dugunaren kalitateari, besteek bizirik irauteko ezinbestekoak izateari lotuta dago. Eta subjektibitate hori mundu publikoan sartzen garenean isladatzen da ere. Politikan aritzen garen emakumeok gero eta gehiago gara, bai, baina, normalean, bigarren maila batean kokatzen gara, beti besteei laguntzeko prest, eta oso gutxitan agertzen gara ardurak hartzeko prest. Emakumeok oraindik ez dugu Marcela Lagardek erreibindikatzen duen "norberekotasuna" landu, ez gara jabetu norberarentzako ezinbestekoak garela, eta ez besteentzako soilik. Baloreen ezinbesteko aldaketa Egia da emakume guztiok ez garela berdinak, emakumeok ez garela gizarteak bidaltzen dizkigun mezuen ondorio hutsak ... baina egia da ere gizartean eman diren aldaketek ez dutela izan hain eragin handia emakumeon subjektibotasunaren eraketan. Nire ustez, oraindik daude "femeninotzat" har dezakegun zenbait balore, zenbait ezaugarri. Horrek ez du esan nahi balore horiek berez emakumezkoenak direnik, ezta ere emakume guztiok ezaugarri horiek garatu ditugunik, baizik eta Marcela Legardek definitzen duen "besteentzako gizakia" izateari lotuta dauden ezugarri horiek maizago agertzen direla emakumezkoengan, gizonezkoengan baino. Heziketa mixtoa izan arren, askotan era inkonszientean, mutil eta neskeengan balore ezberdinak bultzatzen dira. Neskeengan, harremanekin loturik dauden baloreak bultzatzen dira; mutilengan,aldiz, helburuak lortzea da garrantzitsuena. Jane Baker Miller psikologoak subjektibotasun femeninoa harremanetan oinarritutiko erara definitu du, gizonezkoen lorpenen oinarriturikoaren kontra. Horrela, neskengan afektibitatea, besteekiko ardura, etab. bultzatzen dira, eta mutilengan, aldiz, ausardia, norberarekiko segurtasuna, ... Zenbait emakume feministak, diferentziaren defendatzaileek, balore "femenino" horiek goraipatu dituzte eta beraietan oinarrituriko eginkizun politikoa proposatu dute. Ni ez nago ados jarrera horrekin, baina bai pentsatzen dudala arlo subjektiboari garrantzi gehiago eman behar diogula. Zentzu horretan, emakumeok beste balore batzuk garatzen ikasi behar ditugu, hain zuzen, lorpenetan oinarriturikoak (publikoan hitz egiteko ausardia, guregan konfidantza izatea, edozein ardura hartzeko prest egotea ...). Eta, aldi berean, gizonek harremanetan oinarrituriko baloreak landu beharko dituzte, noski. Gainera, politika mailan nagusiak diren baloreak eta ohiturak ez datozela bat emakume gehienok garatzen ditugun beste balore horiekin kontuan hartu behar dugu. Eta horretan bila dezakegu emakumeon partaidetza politiko eskasaren zergaitia. Politika ulertzeko era aldatu beharra Gauzak horrela, emakumeok eta gizonek landutako baloreak aldatzeaz gain, emakumeon partaidetza politikoa bultzatu nahi badugu, politika munduan ere beharrezkoak dira aldaketak, politika egiteko eredua bera aldatuz joan beharko genuke. Oraingo mundu politikoan, esate baterako, liderrak bultzatzen dira, pertsona bakar batek ordezkatzen du erakunde politikoa, bera da erakundearen ahotsa eta irudia. Horrelako papera jokatzeak norberarengan konfidantza handia izatea, zure bizitzaren xedea politika izatea, harreman pertsonalak bigarren mailan uztea, ... eskatzen ditu. Politikan egiteko eran, jadanik, zenbait aldaketa planteatu beharko ditugu: lider bakar baten ordez, irudi kolektiboa bultzatu; lan indibiduala baino, elkarlana azpimarratu; ikusten denaren atzean dagoen lan izkutua nabarmendu;egitura hierarkikoaren ordez, antolaketa eredu partehartzaileak bultzatu; denboraren banaketan, bizitza pertsonala eta bizitza politikoa bategarriak izateko neurriak jarri ... Horrelako urratsak ematen baditugu, ziur nago emakume gehiago egongo direla politikan aritzeko prest. Beste aldetik, orain arte egindako azterketa politiko gehienek alde batean utzi dituzte eremu pribatuan kokatuak izan diren arazo politikoak, hala nola, sexualitateak sortutakoak, etxeko lanen balio ekonomikoa, pertsonen zainketaren ardura, ... Gizartearen azterketa politikoa egiterakoan, genero ikuspuntuak zeharkatu behar ditu eremu guztiak: arlo sozioekonomikoa edota instituzionala, hirigintza, irakaskuntza, kirola, etab. Eta arlo guztietan garatu beharko ditugu gizon eta emakumeontzako aukera berdintasunaren aldeko proposamenak, berdinak ez direnak ezin baitugu berdin tratatu. Era honetan, emakumeok hurbilagoak sentituko ditugu mundu politikoan aztertzen diren gaiak. Gizonen inplikazioa Baina aldaketa guzti hauek ezin dira emakumeon bizkarrean utzi. Orain arte emandako urrats gehienak emakumeok eman ditugu. Geu izan gara famili bizitza eta bizitza politikoa bategarriak izateko ahaleginak egin ditugunok. Geuk jo dugu arlo publikoan sartzeko oztopoen aurka. Bada garaia gizonak ere aukera berdintasunaren alde aritzeko. Bide horretan, gizonek dituzten zerbait pribilegiori uko egin beharko diote, beraien jokamoldeak aldatu beharko dituzte. Esate baterako, ezin izango dute mahainguru eta irratsaio guztietan parte hartu, ezta ere mitin guztietan hizlari izan (agian, aurkezle izateaz konformatu beharko dira); bileretan, beti hitz egiteko prest (nahiz eta ezer esateko ez izan) egon ordez, ixildu beharko dira, ahots femeninoak entzun ahal izateko; emakumeok esaten duguna entzuten ikasi beharko dute; ezin izango dute emakumeon eskuetan utzi eraso sexualen aurkako borroka edota pobreziaren aurpegi femeninoaren salaketa, ... Azken finean, gizonek ere zeregin handia dute emakumeon eta gizonen partaidetzapolitikoa parekatzeko bidean. Emakumeok protagonistak izan behar dugu, baina emakume eta gizonen, guztion ardura bihurtu behar dugu politika munduaren irudi maskulinoa eraldatzea. (1) Claves éticas para el feminismo en el umbral del milenio. "Politika eta Genero Gakoak" izenburuko mintegia (2000ko ekaina). Emakunde. (2) Hacia una nueva psicología de la mujer. Ed. Paidós. 1992. Arantza Urkaregi, UPV/EHUko irakaslea eta Bilboko EHko zinegotzia Euskonews & Media 119.zbk (2001 / 4 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria