Hirugarren milurteko goi irakaskuntza teknikoari buruzko hainbat gogoeta Hirugarren milurteko goi irakaskuntza teknikoari buruzko hainbat gogoeta * Traducción al euskara del original en español Liviu Sevastian Bocîi Sarrera Goi irakaskuntzak oro har eta irakaskuntza teknikoak bereziki, benetako garrantzia daukate alderdi ekonomiko eta sozialak etengabe aldatzen ari diren gizarte honetan. Argi dago merkatuko ondasun materialak (makinak, ekipoak, aparailuak, asko kontsumitzen diren artikuluak, etab.) sortu eta ekoizten dituztenak goi irakaskuntza teknikoan diplomatuak direla, jarduera horiek aurrera eramateko beharrezkoa baita ezagutza batzuk izatea. Edozein jardueratan, ezagutzak sortu, transmititu eta aplikatzeak, produktibitatea, efizientzia eta lehiakortasuna handitzen ditu beti. Unibertsitate politeknikoen funtzioak hirugarren milurtekoan Goi irakaskuntzako erakunde batek teknikoa nahiz humanistikoa izan dauzkan funtzio nagusiak, irakastea, aztertzea eta ikerketa zientifikoak gauzatzea da. Funtzio hauek betetzeko daukaten moduaren arabera, unibertsitateen arteko sailkapen bat egin liteke: batzuk irakaskuntzara zuzentzen dira batik bat, eta beste batzuk, ikerketa zientifikora, horretarako hornidura eta material egokiez baliatuz. Unibertsitate politeknikoetan ondo baino hobeto betetzen dira aipatutako bi funtzioak; izan ere, ikastordu gehienak laborategiko lan praktikoak egiteko eskaintzen zaizkie, horrela ikasleek ezagutza teorikoak praktikara eramateko eta ikasturtean zehar ikasitako teoria zein fenomenoak modu esperimentalean praktikan ipintzeko aukera dutelarik. Aukera hau ikasketa sakonagoetan murgilduta dabiltzan ikasleek ere badaukate, hots, masterretan eta abar dabiltzanek. Ikasleengan ikerketetarako interes eta grina pizteko modu bat izan liteke honakoa, irakasleen zuzendaritzapean betiere. Irakaskuntza prozesua optimizatzeko joera eta kontzeptuak Hezkuntzaren arloan unibertsitate politeknikoak eskain dezakeen irakaskuntza motarik egokiena, iraupen luzekoeta iraupen laburreko irakaskuntza da. Izan ere, oraingoz ezagutza teorikoak bakarrik irakats daitezke urrutiko irakaskuntzaren eta irakaskuntza birtualaren bidez, ikasgela birtualak, dauzkaten kostuak direla eta, ez baitira oso aplikagarriak. Goi irakaskuntza teknikoko kurtsoen proiekzio, kontzepzio eta garapenari dagokionez, Milurteko berrian ikasgaien helburu eta metodoak berrikusiko dira, ikasleentzat errazagoak eta erakargarriagoak izan daitezen. Era berean, espezialitateko kurtsoak prestatzeko unean, enpresa industrialetako lankideak (irakasle elkartuak) inplikatzeko ahalegina egingo da, ikasleek enpresa espezializatuetako prozesu teknologikoak, makinak, ekipoak eta aparatuak ezagutzeko aukera izan dezaten. Ordenagailuan oinarritutako edo ordenagailuz lagundutako irakaskuntza tekniken erabilerari dagokionez (software espezializatu baten bidez, laptop eta bideoproiektorez aurkeztutako kurtsoak), azpimarratu behar da klase presentziala eta birtuala alderatuz gero, bigarrenean informazio gehiago eta kalitatearen aldetik hobea jasotzen dela denbora berean, kasuotan ikaslea ez baita jasotzaile hutsa, baizik eta irakaslearekin gai anitzen inguruan (diagramak, erlazio matematikoak, eskema logikoak, eskema zinematikoak, exekuzioko diseinuak, eta abar) elkarrizketa espezializatu batean parte hartzen duen solaskide aktibo bat. Era berean, kurtsoen irakaskuntza eta ebaluazio metodoak ahalik eta modernoenak izan daitezen, oso garrantzitsua da antzeko egitura akademikoa (fakultateak, departamentuak, katedrak) daukaten unibertsitateetako irakasleekin esperientziak alderatzeko jardunaldiak antolatzea. Unibertsitateetako irakaskuntza prozesuak berrespena lortzea da xedeetako bat, barne ebaluazio (Hezkuntza Nazionalaren Ministerioa, Ebaluazio eta Berrespen Akademikoaren Kontseilu Nazionala) nahiz kanpo ebaluazio kuantitatibo eta, batez ere, kualitatiboen bidez, bat batean edota erakundearen eskariz, eta betiere aurrez finkatutako irizpide batzuen arabera. Goi irakaskuntzateknikoa finantzatzeko modu (iturri) berriak bilatuko dira, Estatuko aurrekontuak ezin baititu kopuru zehatz batetik gora gelditzen diren unibertsitate politeknikoak sostengatu. Pertsona orori, edozein sexu, adin, naziokotasun edo ezgaitasun duela, goi ikasketak egiteko eskubidea ziurtatzeko bideen artean, honakoak daude: sozietate komertzialen iturriekin etorkizunean, graduatutakoen lantoki izan daitezkeen sozietateak eta reditu propioekin finantzatzea (ikerketa zientifiko aplikatua, eskolaritate tasak, etab.), eta, bankuekin batera, ikasleak beren ikasketetan zehar kreditatzeko irtenbideak bilatzea. Ikerketa zientifikoen esparruan, nazio, eskualde eta nazioarte mailako diziplinarteko ikerketetarako programak eratzea izango da unibertsitate teknikoen erronka. Horrelako lanei esker ospea lortuko lukete erakundeek, eta laborategiak, mikroprodukzioko atalak eta prototipoak hornitzeko behar adina finantziazio eskuratuko lukete. Liviu Sevastian Bocîi, Trenbideetako ingeniaria eta Errumaniako Arad Unibertsitateko idazkari nagusia Argazkiak: Institut de Técniques Energétiques eta Universidad CETYS webgunetatik Euskonews & Media 116.zbk (2001 / 3 / 23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.