112 Zenbakia 2001-02-23 / 2001-03-02

Gaiak

Gizarte seguruago baterantz

SAGASTIZABAL, Laura

Gizarte seguruago baterantz Gizarte seguruago baterantz * Laura Sagastizabal Pentsatu al duzu inoiz zer egingo zenukeen zure etxeak sua hartuko balu? Edota istripu bat izan duen norbaiti lagundu beharko bazenio? Eta larunbat gauean dantzan zabiltzan dantzalekua hustu beharko bazenu? Galdera horiei eta horrelako beste askori erantzuteko dihardu lanean Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako Trebakuntza eta Zabalkunderako Zerbitzuak. Autobabesaren kultura sustatzea da gure helburu nagusia; hau da, larrialdi kasuetan nola jardun behar den jakiteko ohitura eta ezagutzak zabaltzea. Baina ez da hori gure xede bakarra; izan ere, garrantzi berezia ematen diogu prebentzioari ere, eguneroko bizitzan inguruan dauzkagun arriskuak gutxitu edo ekiditeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen gizarteko sektore guztietan. Horretarako, gizartea trebatu, kontzientziatu eta sentsibilizatzen ari gara. Ohitura batzuk guztion onerako izango lirateke; hala nola, gauden lekuan gaudela (etxean, merkataritza guneetan, aisialdi guneetan, etab), beti gure segurtasunaz arduratzea. Leku publiko batean gaudenean, indarrean dagoen araudiak finkatzen dituen segurtasun baldintzak bete daitezela exigitzeko eskubidea daukagu. Beraz, larrialdietarako irteerak behar bezala seinaleztatu gabe daudela ikusiko bagenu, edota eraikinaren segurtasunarekin lotutako beste edozer gauzaz jabetuko bagina, bertako arduradunei jakinarazi beharko genieke. Beste alde batetik, mendira nahiz hondartzara goazenean ere hainbat gauza hartu beharko ditugu kontuan, gure aisialdian ahalik eta segurtasun handiena izan dezagun: beti arretaz jokatzea, mendira joanez gero sendiari edota lagunen bati egingo dugun ibilbidearen berri ematea, basoan surik ez piztea, orientazioari buruzko gutxieneko ideia batzuk izatea, oinetako eta arropa egokia eramatea, etab. Etxean eta lantokian ere har ditzakegu segurtasuna handitzeko neurriak; esate baterako, instalazio guztiak behar bezala daudelala begiratuz (instalazio elektrikoak, entxufeak,gasa, ura, etab.), enpresako larrialdietako plana ezagutuz, edozein gertakariren aurrean nola erreakzionatu behar dugun jakinez, istripua hondamendi bilaka ez dadin... Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako Trebakuntza eta Zabalkunderako Zerbitzuak honako ekintza hauek egiten ditu, autobabesaren kultura sustatzeko asmoarekin: 1. Trebakuntza politika garatzeko kanpainak zuzentzen dizkio urtero gizarteari, ikastaroak, mintegiak eta topaketak eskainiz. Era berean, larrialdietarako planak prestatu eta ezagutu daitezela ere bultzatzen du, eta ebakuatzeko simulazioak egitea gomendatzen du. Kanpaina hau ikastetxeei eta ahulenei (zaharrei, elbarriei nahiz ezinduei) zuzentzen zaie batik bat, eta, bereziki, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, heziketa bereziko zentroetan, kontsumitzaileen elkarteetan, hirugarren adinekoen elkarteetan eta abarretan gauzatzen da. 2. Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza komunikabide guztietan dago present, edozein larrialditan 112 telefonora dei dadila jakinarazteko. 3. Halaber, ahalegin handia egiten ari gara liburuak, bideoak, cd romak, telebistarako mikroespazioak, kartelak, triptikoak, web orriak, elkarreraginezko jolasak eta abar prestatu eta argitaratzeko, autobabesari buruz jakin beharrekoak modu ludiko eta errazean ikasteko. 4. Era berean, hitzarmenak sinatu ditugu psikologo, ONCE, DYA, Gurutze Gorria, Txakur taldea, Salbamendu eta Sokorrismo Federazioa, Mendi Federazioa eta abarrekin, larrialdietan parte hartzen duten taldeekin alegia, elkarren artean hiritarra ahalik eta hobekien artatzeko. 5. Azkenik, partehartzaile guztiei, profesionalak izan edo ez izan, larrialdi kasuetan nola jokatu behar duten irakasten diegu, maila profesionala hobetu eta ezagutzak elkarbanatzeko, gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua optimizatzeko betiere. Laburbilduz, gizarteak autobabeserako ezagutzak jasotzea da gure helburu nagusia, guztion artean ingurua seguruagoa bihur dezagun. Laura Sagastizabal, Trebakuntza eta Zabalkunderako arduraduna. LarrialdieiAurre Egiteko Zuzendaritza. Herrizaingo Saila. Eusko Jaurlaritza Euskonews & Media 112.zbk (2001 / 2 23 / 3 2) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria