Arrasateko parrokia Arrasateko parrokia Josemari Velez de Mendizabal Seguruenik, 1990eko uztailaren 24an lehen aldiz bildu ginenean, San Juan Bataiatzailea elizaren konponketarako lanek zer nolako ondorioa ekar zezaketen inork gutxik asma zezakeen Batzorde Eragilean. Herriko eliza nagusiarekiko sentimendu bizi eta sakonak eraginda elkartu ginen, Jose Maria Astigarraga erretorearen deiari jaramonik eginez, eta aurreneko harreman haiek talde heterogeneo baten itxura azaldu ziguten, argi eta garbi. Ez nuke esango, taldeak zenbat buru hainbat aburuko irudia ematen zuenik, batez ere Jose Marik bapatean eginiko planteamenduak erreakziorako aukera gutxi ematen zuelako. Baina lehendabiziko bospasei batzarrak burutu arte, nekez antzeman genezakeen zer eskatzen ari zitzaigun eta, beraz, zaila zitzaigun behar bezalako iritzirik agertzea. Inoiz inork, azken bederatzi urteotako errestaurazioak adierazitako lan eskergaren gaineko ikerketaren bat burutu nahi izango balu, dokumentazio paregabea aurkituko luke, pazientzia osoz eta estilo biziz Arantza Olabe batzordekideak idazkari betebeharretan jasotako agirietan. Ziur nago, erretrato soziologiko interesgarria aterako litzatekeela ikerketatik, Arrasate zaharrak historian zehar eskainitako hainbat eredutan bezala, oraingo enpresa honetan ere interes partikularren gainetik herri osoaren interesa izan baita helburu nagusia, errestaurazio lanen gaineko burutapenari ekin eta obrak amaitu ondoko inaugurazio eguna bitartean. Bederatzi urtetako lan jarraia izan da. Talde bilera ugari izan ziren astelehen iluntzetan. Talde zuzendaritza zorrotz eta zehatza, Jose Antonio Altuna eta Alfonso Gorroñogoitiarekin. Taldekide guztien ekarpen baliotsua. Izan ere, SJB ko Batzorde Eragileak garbi zuen herri oso baten sentimendua ordezkatzen ari zela, eta horrela denean ez da alaikeriarako aterik egon behar. Gainean, mende berri baten aurrean geunden arren, ezin genuen ahaztu gizaldi askotako objektu batekin ari ginela aztertzen eta, jakina, hainbat arrasatearbelaunalditako heredentziarik preziatuenetakoari ezin genezaiokeen edozein erantzunik eman. Gauza serixua zan. Arrasateko eliza nagusiaren historia, historiaren gau ilunean galtzen da, ez baitago zehazterik noizkoa dugun, aurrenekoaren eraikitze lanak, gutxi gora behera, Alfonso X ak Mondragón hiria sortu zueneko data hurbil batean koka bataiteke ere. Ez da asko arriskatzerik, adibidez, edozein hiribilduk eta Mondragón helburu horrekin sortu zuen Gaztelako erregeak bere eliza eduki behar zuenez gero, 1260ko hirigintza planteamenduetan tenplu berri baten diseinua bazela esatea. Jakin badakigu, 1260 baino lehen, herritarren bizitza izpirituala Santa Marina ri eskainitako elizatik zuzentzen zela, 1967ko apirilera arte Santamaña baserria egon zen tokian mendetan zehar izandako elizatik, hain zuzen. Eta Mondragón izenaren zergatia ere ezezaguna zaigun bezalaxe, San Juan eliza herriko nagusia noiztik den ezin dugu esan, lur mugikorretan ibili gabe. Gerta zitekeen, adibidez, herriaren izenaren jatorria, Alfonso X ren gortean ospetsu ei zen Guillen de Mondragón San Juan Bautista Ordenako Komendadorearengan egotea. Zaldun horren tituluari jarraiki, eta erregeak herriari izena bere menpeko leialaren ohorez eman bazion, pentsa al liteke eliza San Juan en adbokaziopean jartzea otu zitzaiela? Auskalo! Dena den, historiak bere argi eta ilunak dituenez gero, galderei egunen batean erantzun ahal izango diegula pentsa genezake, eta horrela zalantza guztiak gaindituko genituzke. Ez al du, bada, historiaren eskaileratik gora Jose Angel Achon historialarik arestian 35 urtetako jauzi bat egin, San Juan elizaren gaineko lehen aipu ezaguna 1318ra arte igoaraziz? Eta ez zait batere harrigarria egin, aipamen horren jatorria, mundrautar zahar haiek Oñatiko Jauntxoaren kontra zeramaten antzinako auzi bati buruzko dokumentu batean aurkitu izana. Ez da, ez, txantxetako marka, orain dela gutxi arte 1353koa baigenuen gure herriko San Juan Bautista elizari buruzko lehen erreferentzia idatzia. Mondragónsortu zen unera hurbilagotu gaitu Achonek. Beraz, 58 urte bakarrik falta zaizkigu, Arressate Mondragón bilakatu zen egunera iristeko. Historialariek badute non ihardun, emaitza interesgarria gerta bailiteke, edozein tokitatik begiratuta herriko historiaren finkapenari lagunduko liokeena. 1995 inguruan SJB ren batzordearen eraginaz eraberritze lanei ekin zietenean, elizaren ekialdeko aldean, ia ia oinarrian, harri belztu batzuk ageri ziren, inoiz suaren eragina jasan izan balute bezala. Gutariko batzuen irudimenak, salto bat egin zuen, herriak Ertaroan pairaturiko erreketa suntsitzaile haietako bateraino, eta lekuko zuzena bilakatu ginen, ametsezko aurkezpen zirriborrotsuan, hiribilduko eraikinak sutan kiskali ziren jazoera historikoan. Baina, noizko erreketaz ari ginen? Izan ere, 1305 urteak lehen sute handi baten berri ematen digu, urte hartako ekainaren 27an Fernando IV ak, Valladoliden, salbuespena eskaini baitzien hiritarrei zergak ordaintzeko orduan, "por que se quemo/antanno la mi puebla de Mondragon" Eta mendetan zehar badira, gutxienez, beste bost erreketa, eliza nagusiaren egituran arrasto nabarmena utzi zutenak. Batere zalantzarik gabe, herriaren bizitzan berean ere zeinu berezia utzi zuen sutea 1448koa dugu, eta horrek idatzita geratu zaizkigun erreferentziei bagagozkie goitik behera erre zuen eliza nagusia. Saturnino Ruiz de Loizaga arabar ikerlari frantziskotarrak Vaticanotik igorri zidan behin, Ahaide Nagusien liskar odoltsu haien ondorioz Mondragón zeharo hondatuta geratu zelako Aita Sainduari herriko apaizek eginiko eskabide eta Calixto III aren buldaren kopia. Garaiko erretore eta arzipresteak euren eskaeran diotenez, hiri osoa erre zen eta baita eliza ere, bere apaingarri eta guzti, kanpaiak barne. Jakina den bezala, Calixto III ak emandako zerga salbuespenaren bidez eta hiritarren auzo lanari esker berriztapeneko obrei heldu zitzaizkien arrasatearrak. Azpimarratu nahi nukeen beste arlo bat, eliza eraikitzeko erabili ziren materialei dagokiena da.XIII mendeko Arrasate zahar eta txiki hura ez zen batere aberatsa, batzuek euren irudimenean alderantziz pentsa dezaketen arren. Ganboar eta oñaztarren arteko eraso jarraiek zeharo jota zeukaten tokiko ekonomia. Goian aipatutako buldan, erretore eta arzipresteak eginiko eskaeraren zenbait erreferentzia irakur daitezke eta horietako bat ekonomiari dagokio, hiria Arrasate mendialdean sortu zela esaten delarik, gari eta mahatsik nekez jasotzen dela gehituz. Harresietatik kanpo baziren burdinola batzuk, baina ez dut uste hiri ondasunei gehiegizko ekarpen egingo zietenik. Ikusi, bestela, Zalgibar eko Oñatiko Jauntxoaren burdinolaren kasua. Horregatik diot, eta horrela idatzi nuen 1993ko SJB ren Batzorde Eragilearen txosten batean, Arrasateko giza multzoaren zehazkizun bat, bertan gainerakoak menperatuko zituen inongo talderik ez nabarmentzea zen, ez baitugu ahaztu behar oñaztar eta ganboarrak hiribilduan bizi zirena. Hori dela eta, eliza nagusiaren eraikiketa eta geroko berriztapenak ere ekintza pribatu eta herrikoiari esker egin ziren. Eta erabilitako materialen apaltasunak eta obretako finantzaketarako sistemak gestio mota desberdin bat erakusten digute, garaiko gainerako elizetan erabilitakoekin alderatuta. Beste horietan, konte, Ahaide Nagusi eta nobleziaren patronatupean jasotzen ziren elizak. Arrasateko kasuan, orain arte dakigunaren arabera, herri xeheak ere hartu zuen parte zuzena, eraikintzako gastuen finantzaketan. Eta, adierazi dudan bezala, Arrasate ez zen aberatsa. Beste zehazkizun interesgarri bat, Arrasateko garai haietako biztanlegoari dagokiona da. Zenbat biztanle zituen orduan herriak? Ikusi dugu lehen, aurreneko eliza Santa Marina koa zela, eta hiria sortzean udal artxibategian diren agiri askok azaltzen digutenez erregearen asmoa hiribildua jendez betetzea zen, Arrasatek hobe kunpli zezan bere zeregina, hau da, gure eskualdean erregearen beraren interesak defendatzea, inguruko jauntxoen gurarien kontra. Beraz, inguruko populazioaren gehiena hiri barrurabilduko zen, horixe baitzen sortzailearen nahia. 1494an, badirudi bostehun bat pertsona bizi zirela harresiez barruan eta beste ehun bat auzoetan. 1448ko sutea izan zenean aipatutako buldan irakur daitekeenez jendez ugaritsua zen Arrasaten. Baina zer esan nahi du horrek? Parametro erlatiboak diren arren, adituen iragarpenei jarraiki, ez du ematen mila biztanle edukiko zituenik. Eta 1260ean? Ozta ozta helduko ziren 250 izatera. Herriko biztanlegoaren gaineko zehaztapen horiek, dena den, ez diote herriari ingurukoekin alderatuta garrantzirik kendu behar. Oñati eta, auzoetako populazioa kontuan izanik, baita Aramaioko salbuespenekin, Deba ibarreko herri handiena zen Arrasate. Horrela zenaren ezaugarria, San Juan Bataiatzaileak eliz antolamenduan lorturiko maila dugu. Kristautasunaren lehen garaietan elizak era desberdinez antolatu zituen Euskal Herriko lurraldeak, orduan ere gaur bezala batasun kulturalaren kontzeptuak ezer gutxi balio zuelarik. Arrazoi geo politikoei begira eratzen ziren, gehien batez, eliz esparruak. Eta Arrasateko parrokiari betebehar garrantzitsuena egokitu zitzaion artzapez barrutiburu bezala. Mendetan, Gipuzkoako zatirik handiena Iruñeko gotzaitegiari zegokion. Salbuespenak Deba herria eta Arrasateko artzapez barrutia ziren, Kalagorrikoari zegozkionak, Araba eta Bizkaiko lurralderik garrantzitsuenekin batera. Gogoan eduki behar da, X eta XII mendeak bitartean Arabako gotzaiak izan zirela nagusi gure lurraldean eta horiek desagertzean Kalagorrikoak bereganatu zituela arabarren eliztarrak eta, jakina, parrokiak. Lehen nioen bezala, eliza antolamenduari ez zegokion, zuzen zuzenean, biztanlegoaren garrantziari. Adibide garbi bat bezala, horra hor Valpuestako gotzaitegia. Oraindik orain, harritu egin daiteke bisitaria Valpuestako herrixkarekin, ia ia mapan agertzen ez den toki hartatik, 804 urteaz geroztik eta Juan lehen gotzaiarekin arabar mendebalde eta Bizkaiko Enkarterrietako eliztarren bizitza izpirituala nola zain zezakeen asmatu nahian. Bainahorrela ziren gauzak. Arrasateko artzapez barrutia aipatu dut eta sartu irten azkar bat egin nahi nuke gaian, interesgarria iruditzen zaidalako, Arrasate sortu zeneko ertaroar giroaz zertxobait gogora dezagun. Ezaguna da, Oñatiko Jaunarenak zirela Leintz eko lurrak, Arrasate salbu. Eta ulergarria den bezala, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako elizak oñatiarraren esku zeuden, era ofizioso batez, behintzat. 1260an Arressate Mondragón bihurtzean, erret laguntza ziurtatuta, Oñatiko Jauntxoak arriskuan ikusi zuen bere boterea, militarra zein elizakoa, eta ordudanik ahaleginak biderkatu egin zituen Arrasate berria menperatu eta bereganatzeko. Dena den, ez dirudi egoera zailak eragin handia zuenik apaizen jokaeran, eta Saturnino Ruiz de Loizagari zor diodan ondoko bitxikeria hau oroituz, 1421ean Arrasateko San Juan Bataiatzailean erdi benefizioduna zen arren, Juan Martinez de Birupainek beste erdi bat zuen Eskoriatzako San Pedron eta beste erdi bat Maringo Santa Marian. Hiru erdi, hain zuzen, praktika gordinean etsai ziren lurraldeetan. Noiz osatu zen Arrasateko artzapez barrutia? Ikerketa lan guztiek 1438an jartzen dute bat egitearen data, eta barrutian honako parrokia hauek sartu ziren, denak hasieratik egon ez baziren ere: Bergara, Antzuola, Angiozar, Elgeta, Oñati, Elgoibar, Mutriku, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga, Arrasate eta Aramaio, herri bakoitzeko parrokiari zegozkion auzoetako elizekin. Artzapez barrutiaren egitura horrek 1862ra arte iraun zuen, hain zuzen ere, Erromak aurreko urteko irailean aldarrikaturiko bulda baten ondorioz, Gasteizko Gotzaitegia sortu arte. Gotzaitegi berriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa biltzen zituen eta artzapez barruti berriak auzitegi barrutietara pasatu ziren. Ondorioz, Arrasatek bere nolakotasuna galdu zuen. Dena den, aurki artzapez barrutien kopurua handitu egin zen eta Arrasateri egoitza bat egokitu zitzaion ostera. Baina antolamendu berrian, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Arrasateko elizakzegozkion bakarrik, hogeita hiru denera. San Juan Bataiatzailea eliza jazoera desberdinetako lekuko zuzena izan da mendetan zehar eta horietako bat, bere garrantziarengatik herriko historian era bereziz idatzita dagoena, 1353an gertatutakoa dugu, elizako atartera herriko Kontzejua bildu zenean, Garagartza, Udala, Herenuzketa, Isasigaina, Gesalibar eta Uribarriko ordezkariekin batera. Urte hartako otsailaren 17an erabaki zuten auzo horietako biztanleek Arrasateko babespera igarotzea, "porque bibimos en servidumbre escura e muy desaguisada con los males e dannos, furtos e robos e fuerças e desaguisados que resçivimos de los ricos homes e caballeros e escuderos poderosos que viven e entran en la dicha tierra e en la comarca". Jose Mari Urangaren arabera, auzo berrien gehitzearekin sei ehun ziren euren buruak arrasateartzat zutenak. Gertaera horrek gogoratzen digu, itxura guztien arabera, Arrasateko Kontzeju edo Udala eta Eliza Nagusiko apaizgoaren artean harreman onak izan direla historian zehar, nahiz eta noizean behin hasarreak ere izan diren. Ahaide Nagusien urte zailetatik batera aritu ziren Kontzejua eta eliza, herriaren gainera eroritako kalamitateei era hoberenean aurre egin ahal izateko. Erromako bulda eta gaztelar erregeek emandako zerga salbuespenek herriko birreraikitze lanak, eliza barne, noski, ahalbidetu zituzten. 1461eko apirilaren 13an ere, parrokiako apaizgo, arzipreste, bikario, klerigo eta kabildoak bat egiten dute herriko Kontzejuarekin "queriendo ser de una condiçion con el dicho conçejo, Alcaldes e ofiçiales e omes buenos" Oñatiko Pero Velez de Guevara Jauntxoaren ondorengoen kontra jotzeko. Historiako bat etortze horren adierazlea da, batere zalantzarik gabe, SJB eko Batzorde Eragileak 1999an eginiko azken balantzea, obrak finantzatzeko diruiturrien jatorria erakusten duena. Horren arabera, Udalak adina diru jarri dute eliztarrek. Identifikazio sakona nabaritu ahal izan da berriz ere, herritarren jokaeran Arrasateko eliza nagusiarekiko. Aste Santuetan,herriko lehen agintariaren makila larunbat santuko arratsaldera arte elizan uzteak bi erakundeen arteko komunikazioa bazela adierazten du. Areago, gogoratzen badugu, eguen santuko prozesioaren ostean, sagrarioko ateko giltza erretilu batean jartzen zuela abadeak eta honek alkateari hurbiltzen ziola. Alkateak giltza kate batean lotu ondoren bere lepotik zintzilikatzen zuen eta horrela eramaten zuen biharamunera arte. Diotenez, alkateek ez zuten ezta lotara joateko ere katea lepotik kentzen. Eliza eta aginte zibila: bi indar, parrokiako zereginetan, gehienetan, batera joan direnak, etenak gertatu diren arren. Baina indarren batuketak horma garaiagoak gaindi ditzakeela uste izan dutelako, nonbait, egia da batera aritu izan direla Kontzeju edo Udala eta eliza. Norbaitek esan lezake, historikoki Arrasateko eliza nagusia askoz ere aberatsagoa izan dela Udala bera baino, eta halako desoreka kronikoak menpekotasuneko irudia sortarazi duela. Baliteke, baina ez derrigorrez. San Juan Bataiatzailea eliza nagusia aberatsagoa zela esan dut aurreko lerroaldian. Adierazpen herren horrek ez du aberastasunaren maila garbi uzten. Benetan al zen aberatsa Arrasateko eliza? Gorago nioen bezala, 1438ko artzapez barrutiaren eraketak abantailak ekarri zituen herriko elizarentzat, hamarren eta hasikin edo primiziak bereganatzeko aukera zabalagoa eskaintzen baitzion. Baina Arrasateko parrokiaren kutxak betetzen zihoazen neurrian, sos bat ere ez edo, kasurik hoberenean, gutxi jasotzen zuten elizetako herrietan San Juan Bataiatzailearen kontrako erreakzioa larriagotu egiten zen. Bestalde, eliztarren baten heriotzako orduan bere ondasunak elizari uzteak herriarentzat kaltea adierazten zuen, eta gauza jakina da mendetan zehar ohitura hedatua izan dela heredentzian eliza hobeagotua gertatzea. Desoreka sortu zuen usadio horrek, udal ondasun eta elizarenen artean. Hamarrenak, eliztarrek ordaintzen zituzten zergarik zaharrenak ziren, VIII mendean jarri baitziren indarrean, eta nekazal eta abere haziendarengainean, izenak dioen bezala, %10a aplikatzen zen. Artzapez barrutiak ongi diseinaturiko sistema bati jarraiki, zerga biltzaileak auzoko guztien etxeetara iristen ziren. Beste zerga garrantzitsua, haskin edo primizia zen, eta hitzaren adierazpenak garbi azalten duen legez, urteko lehen uzta eta abereen gainean aplikatzen zen. Bataz beste, bigarren zerga honek %3a suposatzen zuen, nekazal ekoizpen osoaren gainean. Haskinak biltzeko, patronato bat osatzen zen apaiz eta udalaren artean, eta administrazioa maiordomo bati zegokion. Zergak ez ordaintzea, deliktua ez ezik pekatua ere zen. Elizak gogor jotzen zuen alde horretatik eta hamarrena berandu ordaintzea erailketa bezain huts larritzat hartzen zen, horrek suposatzen zuen guztiarekin. Are oraindik, ordaintzen ez zutenak edota berandu zebiltzatenak publikoki salatzen zituen elizak eta zigorra exkumikuraino hel zitekeen, hutsegileari ondasunak kendu ostean. Arrasateko parrokiak une zailak igaro zituen, inguruetan nekazal lurren eremua murriztu zenean, basoen mesedetan, ziren burdinolek behar zuten egurra lortzeko. Elizak erreakzionatu behar izan zuen eta ordukoak dira, adibidez, herriko baselizetan artean ziren eliz funtzioak kendu edo gutxitzeko Kalagorriko gotzaiak emandako agindua. San Juan Bataiatzailea eliza nagusian benefiziodun oso eta erdi gehiegi ziren, eta aurrerantzean parrokiako apaizek ospatu behar izan zituzten elizkizunak haietan. Garibay historialariak dioenez, bere garaian, 1580 inguruan, eliza nagusian hamalau apaiz ziren, sei benefiziodun oso eta gainerakoak erdikoak. Horrezaz gain, sakristau eta serora bat ere agertzen ziren nominan. Urte haietako apaizgo eta kontzejuaren arteko kapitulazio batean, elizaren irabaziak oso txikiak zirela irakur daiteke "por no se coger pan ni vino en la villa". Hamarren eta haskinetako sistemak 1837ra arte iraun zuen. San Juan Bataiatzailea eliza nagusia arrasatear guztion bilgunea gertatu da betidanik. Gutariko bakoitzaren oroitzapenetako arasan arakatuko bagenu, ziurrenikgeure izaerarekin itsatsiriko lehen irudiak eliza nagusikoak azalduko litzaizkiguke. Gauza bera gertatu zitzaion Esteban Garibay historialariari, bere "Memorias" liburuan dioenean :"Cada mañana antes de ir (eskolara) nos llevaba (gure aitak) de madrugada a la dicha iglesia de Sant Juan Baptista a oir la primera misa cantada de las animas fieles, que en la dicha iglesia de San Juan Baptista se dezia y se dize hoy dia, de pia y sancta costumbre" Jakina, ez noa Garibayren oroitzapenen balioa geure aldetik eman genitzakeenekin estaltzera. Baina, batere zalantzarik gabe, irakurle bakoitzak eliza nagusiari buruz dituenak pilatuko bagenitu, kanpatorreak zerurantzeko norabidean egin nahiko lukeen distantzia beteko genuke berehala. Eta, esan gabe doa, mende honetako usadioei bakarrik egokituko zitzaizkien. Zer ez du ikusi parrokiak historia osoan? Oraindik egun gutxi direla, Iturbide Zaharren Egoitzako aitona amona batzuen solasaldi erdi zirriborrotsua entzun ahal izan nuen, San Cristobal eko baselizatik kanpaien bitartez ekaitzaren arriskuaz abisatzen zenean parrokiako kanpatorretik erantzun behar zitzaiola gogoratzen zutelarik. Ezkila makurra ri eragin behar zion, San Cristobal eko deia entzunda kanpatorretik hurbilen zegoen apaizak. Angelusaren joaldiek eguna hiru zatitan banatzen zuten Goiz, arrats ta eguarditan, Ama goresten zaitugu egunsentiko bostetan iristen zitzaielarik gure arbasoei otoitzerako lehen abisua. Albakua esaten zioten deialdi horri. Eta horrela izango zen, XVI mendean kanpatorrea eraiki zenetik. Dena den, geroxeago ere ikusiko dugun bezala, utzikeria apaizgora sarritan heldu da, eta 1700an, gotzaiaren ordezkariak San Juan Bataiatzailera eginiko bisitan frogatu zuenez "no se observa en esta villa la costumbre de tocar el ave maria, a la alva, mediodia y ocaso del sol". Aitortu behar dut ia ia mende erdia berandutu dudala kanpatorrearen goi alderaino igotzea. Ba nuen gogoa handik goitik herria nola ikusten zen jakiteko. Eraberritze lanak amaituta, elizareninaugurazio eguneko aukera ezin nuela alperrik pasatzen utzi behar iruditu zitzaidan eta goraino joan nintzen. Hantxe nituen denak, bakoitza bere tokian. XV mendekoa ei den zorioneko su kanpai zaharra ikutu ahal izan nuen, handiena, bi metroko diametrorekin. Ezagutu nituen, halaber, San Juan kanpai sotila jai handietan soluak interpretatzen zituena , San Frantzisko alaia, Jesus, Maria eta Jose edo ezkila makurra, San Bixente kanpai agintari serioa eta San Juan Bautista salbeko kanpaia. Gorago aipatu dut gehienetan ongi eraman direla parrokiako apaizgoa eta Udal edo Kontzejua. Baditugu erreferentziak, Kontzejuak elizako gastuetarako ekarpenak egin zituela, behin baino gehiagotan. Kanpaiekin ari garelarik, eredu gisa balio dezake, 1634an Udalak erabaki bat hartu zuela, kanpatorreko erlojuaren finantzazioan laguntzeko. Horren ondorioz, Meatzerrekako Kanpanbaso eta Musakolako Aranbizkar mendietako arboletatik erdiaren balioa, aurrerantzean herriko bizimoduaren erritmoa markatuko zuen erlojua ordaintzeko erabili zen. Hori ikusita eta aurreneko mendi haren izena kontuan izanda, jatorri beretsukoa izango al zen, kanpatorreko bi kanpairik zaharrenen 1480 eta 1530koak finantzazioa? Kanpaiak, kanpaijoleak haietaraino igoz gero jo zitezkeen edota kanpantorpe tik, mihiari lotutako soka luzetako sistema baten bitartez, normalean gure denboran behintzat maisutasun handiz sakristauak erabiltzen zuena. Hala ere, baziren pribilegiatuak, sakristauaren borondatea irabazi eta soketatik kulunkatzen zirenak, une hartan oharkabez zerbitzu publiko historiko bat betetzen zutenak. Eliza nagusiko kanpaiek Arrasateko bizimoduan eragina izan dute mendetan. Orain dela gutxi, herrian pizturiko eztabaida batek grazia egin zidan: dirudienez, auzoko batzu kexu ageri ziren, gaueko ixiltasunaren etenarengatik, kanpatorreko erlojuaren danbak direla eta. Eskerrak, handik zenbait egunetara Arrasate Presseko inkesta batek gehiengoaren iritzia azaldu zigula eta, zorionez, lagun guztiak erlojua gauez gelditzearenaurka zeuden. Niri, behintzat, gaueko ordu txikietan erlojuaren agurra aditzeak sentsazio goxoa sortarazten dit, eliza, kanpatorre eta, oro har, herri osoaren gizalditako ahotsa barneraino sartu izan balit bezala. Kanpaien hotsak sentimendu diferenteak piztu ohi dizkigu, zein nolakoak ziren jabetuta. Iluntzeroko joaldiak garbitokiko animen aldeko otoitza eskatzen zuen anima bedeinkatuak Jaungoikuak daixela barkatuak eta jai haundien bezperetako hots errepikatuak alaitasunerako izpirituari dei egiten zion, kristau ospakizunetarako gertuaraziz. Garai modernoek bigarren hauen aldeko apustua egin dutela esango nuke, angelusa, hil ezkilak eta ostiral arratsalderoko joaldi ilunak desagertu zaizkigularik. Oroitzapenetako arasan, duda barik, aste santuetako karrakak izango ditugu eskuragai. Nik, behintzat, bai. Asteazken santuan, Vicente Goikoetxearen "Misererea" entzun ondoren elizako argi guztiak itzaltzen zirenean, eskuko tramankulu zaratari haiek tenplua betetzen zuten euren hots sarkorrarekin. Handik gutxira, ixiltasunera itzuliko zen, hurrengo egunak otoitz sakon eta nor bere baitan bilduta emateko. Dena den, karrakarik gabe ere, zenbait urte lehenago beste era desberdin batez azaltzen zuten ume eta gazteek jolaserako gogoa. Gaizka Barandiarani eskaini nion liburuan honela ziostan biografiatuak: "Teniolak ziren, Aste Santuan mutilak elizara piloan biltzen ginen abagunea. Elizako atarian irauten genuen azkenengo kandelak itxungitzen ziren arte. Aldareko bi kandelak itxungitzeko falta zirenean sartzen ginen bolaran. Batzuek harriz betetako poteak eskuetan zituztelarik, kandela guztiak itxungitzen zirenean, bankuetako oholak gora jaso eta joka, eta poteetako harriekin abarrosik handiena ateratzen saiatzen ginen" Eta Aste Santuarekin ari garelarik, nola ahaztu Pipar eta Tomate, gure katxoborratxo ospetsuak? Ostegun santuko prozesioan ateratzen zituzten, Jesus zutabean lotuta eta ondoan zigortzaileak zituelarik, bere bizkar gainean zigorkada amaigabeak ematen ari zitzaizkionak.Urtero gure amorruaren helburu bilakatzen ziren. 1999an eraberritzeko lanak amaituta, kanpatorrean eraturiko erakusgelan ikus daitezke, besteak beste, bi "bihozgabe" haiek. Hurbildik begiratuta, ez dirudite hain krudelak. Arasako toki desberdin batean, aurrekoa baino ezkutuagoa nonbait, beste eliz funtzio batzuen gogorapenak geratuko zaizkigu, aspergarri eta astunak zitzaizkigulako hauts geruza batez estalita. Baina, jakina, eliza ez zen jokoa eta besteak baino une interesgarriagoak baziren arren, guztietara bildu behar, zerurako bidean egongo baginen. Esteban Garibay ri irakurri diogu lehenago, bere aitak mezetara egunero eramaten zuela aitortuz. Garai haietako ohitura arrunta zen, batez ere euren maila garaia erakutsi nahi zuten sendietan. Apalagoek txiroagoek animarako elikadura ez ezik baita gorputzerakoa ere bilatu behar zuten eta ez zitzaien horrenbeste astirik geratzen elizara egunero hurbiltzeko. Dena den, mezak goiz osoan zehar eman izan dira mende honetako bosgarren hamarkadara arte. Aukera zabala zen, eta lehen aipatu den bezala, inguruko baselizetan ere eliza nagusiko apaizek atenditu behar zituzten ofizioak. Lan extra horrek era positiboan eragiten zuen apaizen diru iturrian. Hala ere, gero ikusiko dugun bezala, ekonomia gorabeherek bortitz eragin zuten San Juan Bataiatzaileko benefiziodun eta laguntzaileengan. Meza, matuti, errosario eta bezperak eguneroko zeremoniak ziren. Maiztasun handikoak, berriz, hileta elizkizunak. Azken horiek, hildakoaren mailaren arabera, lehen, bigarren edo hirugarren kategoriakoak izan ohi ziren. Dena den, San Juan Bataiatzailea eliza nagusian gehien ospaturiko ofizioa urteko mezia ri zegokiona zen, eliztarrek euren senitartekoren baten heriotza gogoratu nahi zutelako eskatuta. Eta, hileta elizkizunetan bezala, urtebetetzeak ere desberdinak izan zitezkeen, hildakoaren mundu honetako garrantziak baldintzatuta. Ofizioen sailkapenean eta benefiziodunen arteko banaketan ordena apur bat jarri nahian, apaizgoak arautegia ezarrizuen sarritan, inplikatuta zeuden guztiek erarik hoberenean bete zezaten. Arautegia gotzaiak onetsi behar zuen eta arauek, elizaz barneko disziplinaz gain abadeen atez kanpoko bizimodua ere zaindu nahi zuten, gehiegikeriarik eman ez zedin. Baina ez zen helburua beti lortzen. Horrela, 1691.ean gotzaiaren Bisitatzaileak parrokiara eginiko bisitan jasotako agirian irakur daitekeenez, "se prohiba a los sacerdotes el tener en su casa y compañía los hijos havidos en el tiempo del clericato. Ha sido informado su Ilustrisima de que muchos de los sacerdotes de estas iglesias contravienen a ello". Eliza katolikoak erakutsi zigun "deabru, mundu eta haragia" kalte guztien erantzule hirukoitzeko azkenak tiratu ei du beti indar biziz. 1424ko urriaren 6an Erromatik ateratako dokumentuan irakur daitekeenez, "Pedro Pérez de Barrutiak, apaiz, jaiotzaz akasdun, hau da aita presbitero eta ama ezkonge eduki arren, ...", inori ez zitzaion arraro egiten abadearen aitatasuna. Barrutia hori ez da abizen berdineko azkena izango, apaiz "akasdunen" artean. Adibidez, Pedro Ignazio de Barrutia arrasatear eskribau eta antzerkigile ospetsuaren aita "Dn. Pedro de Barrutia y Salinas del horden de Santiago, Vicario y Cura de la Parroquia de Sancti Spiritus de la Ciudad de Salamanca" izan zen. Itxura guztien arabera, zuzen zegoen Julio Caro Baroja, zuhaitz genealogikoa egitea arriskutsua dela esaten zuenean, sarritan apaiz edota urkaturen batekin topo egiten delako. Gotzaien Bisitatzaileek aldian aldian eginiko ikerketan parrokiari zegozkion alderdi asko aztertzen zituzten eta bisita bakoitzeko agirian euren iritzi eta jarduneko ondorioak jasotzen ziren. Horrela, aipatutako 1691eko bisitan Bisitatzailearen ustez, San Juan Bataiatzaileko eliztarrak "ezjakin handiak" ziren, eliz edukiaren gaineko jakintzari zegokionez. Horren erantzule nagusiak, noski, apaizak ziren. 1714ko bisitaren agirian honela irakurtzen da: "es noticioso de que en las misas cantadas, algunos de los dichos ministros (diakono eta diakonordeak)se ausentan del dicho altar, dejando al preste con un ministro, lo que es una irreverencia y especialmente siendo a fin de irse a la sacristia a tomar chocolate o a gastar el tiempo en conversación". Dirudienez, meza luzeak gehienontzat ziren aspergarriak. Beraz, abadeen horren gisako ohitura ezeredugarriekin, ez da harritzekoa herriko eliztarrek laxokeriaz hartzea Ama Elizaren aginduak. Horren kezkaz edo, eliza nagusiko maiordomoaren betebeharren artean oinarrizko beste bat jarri zen, biharamuneko ofizioen berri apaizei bezperan ematea, alegia, bakoitzari zegokion ordua zehaztuz. Horrezaz gain, korporalak aldatzea, purifikatzaileak garbitzea, kanpaiak jotzea, jai egun guztietan meza eta bezperetara joatea, eguneroko salbera agertzea, kajoietatik eliz jantziak ateratzen eta sartzen zirenean bertan egotea, ofizioetara agertzen ez ziren benefiziodunen hutsak apuntatzea, eta beste betekizun mordo bat gehitu zitzaion maiordomoari, "bajo sancion de penas pecuniarias" Gorago nioen bezala, herriko eliza nagusiko ekonomia gorabeherak erpin eta ibar nabarmenetakoak gertatu dira historian. XVI mendearen erdialdean Trentoko Kontzilioak garbi asko azaldu zuen betiereko mezen fundazioetan kudeaketa berri bat ezarri behar zela. Bestalde, aurreko gizaldietatik artean bizirik zirauten fundazioen emaitza eonomikoak oso murritzak ziren, urteen poderioz pilaturiko debaluazioarengatik. Ondorioz, eta beraien izaerarekin ez zetozen lanak egitera behartuta egon ez zitezeneko aitzakiarekin, Arrasateko apaizek, gotzaiaren onespenaz, mezen zerbitzuarengatik kobratzen zutena igo nahi izan zuten sarritan. Batzuetan lortu egin zuten baina gehienetan eliztarren ezetz borobilarekin aurkitu ziren. Eliza nagusiko berezko egoera kaxkarrari, 1582tik beste arazo berri bat gehitu zitzaion: frantziskotarrak azaldu ziren herrira. Historia luzeko gertaera, aurrenik gonbidatutakoak jesuitak izan baitziren, Garibayk bere "Memorias" liburuan dioen bezala. Juan de Araoz arrasatearraren testamentuan, 1575ean,komentu eta ikastetxe bat egiteko bere borondate eta ezinbesteko diruak utzi baziren ere, komentu berriaren benetako eragilea Garibay historialaria bera dela esan daiteke, okertzeko beldur handirik gabe. Jesuiten zalantzak ikusita, Garibayk Fray Francisco de Tolosa frantziskotarren Kantauri probintziko nagusiarengana jo zuen, eskaintza egiteko. 1582ko uztailaren 6an, lehen meza eman zuen Fray Francisco de Tolosak, ordurako eraiki zen kaperatxoan. Lehia, beraz, irekia zegoen eliza nagusiko apaiz eta San Frantziskoko fraideen artean. Garibayk berak ere, 1599an testamentua egitean, San Frantzisko komentuaren alde egin zuen. Eta berak bezala, hainbat arrasatearrek. Auziak ez zuen irtenbiderik izan, nahiz eta gotzaia eta herriko Kontzejuak parte hartu eta, batzuetan, idatzizko itunetara iritsi zen. Baina, bistan da, dirua tartean denean zeruko bideak berak ere zulo gehiegi azaltzen ditu. Orain arte ez dut ezertxo ere aipatu, elizaren arkitektura eta bere balio arkitektonikoari buruz. Ideia hedatua izan da gure herrian, eliza nagusiko egiturak esku ugariren ondorioa ageri zuela, eta bazirudien estilo desberdinetako gurutzeak osotasuna minusbaloratzen zuela. Garbi dago, aurreko orrialdeetan idatzi dut horretaz, San Juan Bataiatzailea tenpluan historiak itzal eta argiune asko dituela. Gertaera latzek suteak, adibidez era kaltegarrian eragin dute elizako egituran. Eta horiei jarraitu zieten eraberritze lanek ez zuten beti asmatu, batzuetan emaitza bitxiak gertatu zirela igar dezakegularik. Bestalde, eta ez naiz aspertuko gauza bera esaten, Arrasate mendetan zehar herri pobre samarra izan da eta, beraz, ez zegoen alaitasun gehiegirako aukerarik. Lehenago ere Garibayrengana jo dudan bezalaxe, ostera aldatu nahi nituzke hona arrasatear historialariaren "Memorias" liburuan dioena: "Tiene esta yglesia de Sant Juan Baptista fabrica antigua, toda de canteria y muy ricos ornamentos y su plata del culto divino vale mil marcos en peso y hechuras y muchas y muy hermosas campanas, y sutorre muy fuerte, sobre arcos, a modo de la cathedral de Santo Domingo de la Calzada, porque por debajo dél se atraviesa una calle" Dakigun bezala, Esteban de Garibay y Zamalloa 1533ko martxoaren 3an jaio zen, eta beraz berak beste toki batean deskribatzen duen 1448ko sutea laurogei ta bost urte lehenago gertatu zen. Gorago ere, Erromak 1455eko maiatzaren 4an aldarrikaturiko bulda baten berri eman dut, hain zuzen ere San Juan Bataiatzaileko Ochoa Peres de Çumarraga arzipreste eta Ynnigo Ibannes de Gomistiano apaiz eta bikarioak sute erraldoi horren ondorioz elizak pairaturiko kalteak konpontzeko eginiko eskabideari erantzuten. Buldaren edukia oso interesgarria da, indulgentzia edo barkamen osoa eskaintzen baitzien, elizako berreraikipenean reparationem et constructionem laguntzen zutenei, diruz edota euren lanaren bitartez. Dirutan eskaini beharrekoa Aragoiko urrezko bi floreno edo gaztelar berrogeita hamabost morantevino zen. Esku lanaren bidez emandakoak, berriz, hamabost egun jarrai edo hogei tartekatuta izan behar zuen, eta nork bereak egin zitzakeen... edo beste norbaiten bitartez. Calixto III aren agirian, barkamen indulgentziak eliza berritzen eta hornitzen arituko zirenentzat pozik ematen zituela irakur daiteke. Buldaren epea bost urtetarakoa zen. Ez dakigu nolako emaitza ekarri zuen buldaren erakarpenean buruturiko operazioak. Urte batzu beranduago, 1461eko maiatzaren 1ean, Arrasateko erreketaren errudunik handiena zen Pero Velez de Guevara ren anaiak Ynnigo de Guevara bere patronatupean eraturiko Oñatiko Bidaurreta monastegiaren Arrasateko lurrak San Juan Bataiatzailea eliza nagusiari eman zizkion. Zehazki, Muxibar aldeko terrenuak (de todas las dichas tierras e heredades que estan sytuadas en Muçibarr) eta aldamaneko orube bat (E un solar llamado Muçibargaray) Pentsatzekoa da, buldaren ondorioz eta baita eliza nagusiari egokitu zitzaion dohaintzaren bidez lortutako diruak tenpluaren berreraikipenean inbertitu zirela. Eta gaur ezagutzen dugun egiturarigarai hartan hasi zitzaiola itxura ematen esan genezake, ahaztu gabe XIII eta XIV mendeetan zehar eginikoak ere bere eragina izango zuela. Beraz, estilo desberdinetako gurutzaketak baldintzatu zuen azken emaitza. Ana Isabel Ugalde arrasatear ikerlariak San Juan Bataiatzailea elizari buruzko artikulu bat idatzi zuen Euskonews&Media aldizkari elektronikoan, 1998ko urriaren 10ean, eta bertatik iritzi batzuk aldatu nahi ditut hona, zuzen eta zehatzak direlakoan. "Se halla ubicada en el centro de la villa, entre dos calles y lindando con uno de los cantones que la atraviesan transversalmente. Esta circunstancia hizo que el muro postrero se cortara oblicuamente, de forma que se ajustara al trazado urbano. Y probablemente unido a la necesidad de espacio, motivó que su torre campanario se alzara sobre grandes arcos apuntados por encima de dicho cantón, peculiaridad que parece exclusiva de esta iglesia. Las tres portadas de acceso se abrieron precisamente en cada una de las calles y cantón y se resolvieron con gran sencillez. La única concesión a la escultura la hicieron en la situada debajo del campanario, en la que una estrecha greca vegetal adorna el arco escarzano que sostiene el tímpano, ocupado por una imagen moderna del titular. Mayor sentido monumental reviste la que se abre a la calle Iturrioz, donde lo escarpado del terreno hizo precisa una escalinata, que recuerda la del Santuario del Yermo en Llodio, al igual que el pequeño conopio presente en ambas portadas. Es de planta de cruz latina, con tres naves escalonadas de otros tantos tramos, crucero desarrollado en planta y en altura, y tres ábsides en batería, el central de sólo cuatro paños, como el de la catedral de Pamplona, comenzada a fines del siglo XIV. Estas características, al igual que los soportes de núcleo cilíndrico y octogonal con columnillas adosadas, están presentes en edificios construidos según modelos en boga desde los primeros siglos del gótico, con ejemplos señalados en San Juan de Laguardia o SanPedro de Vitoria, iniciadas a fines del siglo XIII, y el más tardío de Orduña, todos con antecedentes en tierras burgalesas y castellanas. Además, presenta la particularidad de que las tres capillas de la cabecera se hallan comunicadas entre sí a través de grandes arcos apuntados que han permanecido ocultos hasta ahora, y que también los podemos ver en el santuario del Yermo de Llodio, antes citado. Le fueron añadidas posteriormente pequeñas capillas funerarias abiertas en el muro perimetral, que apenas distorsionan el proyecto primitivo. A pesar de los vanos, la iglesia resulta bastante oscura. La iluminación, tamizada por las vidrieras, se realiza a través de algún óculo, los cuatro ventanales rasgados en las tres capillas de la cabecera (1, 4, 1) y, principalmente, por los que se abren en cada tramo meridional, totalmente descentrados. La utilización del arco de medio punto para una de ellas, concretamente para la situada en el tramo de los pies, es evocadora de las fechas ya adentradas en el siglo XVI en que fueron construidas. Los abovedamientos son muy sencillos. Crucería cuatripartita, en las naves laterales, de paños en la cabecera y recorrida por un nervio espinazo, en la nave principal. Dicho nervio lo utilizaron en el País Vasco, irradiado de Castilla, en la capilla de Santiago de Vitoria y en Santa Cruz de Campezo a comienzos del siglo XV, y coetáneamente a Mondragón, en San Juan de Salvatierra. La escultura es, sin embargo, muy escasa en cantidad y en calidad. Se reduce a ciertos capiteles corridos, algunas ménsulas y las claves de bóveda, con una ejecución mayormente torpe, siendo lo más destacado la clave de bóveda de la capilla de San Miguel y las gárgolas exteriores. Diríase, en definitiva, que se trata de un edificio erigido con un decidido propósito monumental, aunque con un planteamiento arcaizante para la época. El maestro cantero que lo trazó en el tercer cuarto del siglo XV conocía lo que se hacía comúnmente en Castilla por aquellos años, perono acertó a incorporar las novedades que iban llegando paulatinamente de los países nórdicos y que habían sido totalmente asimiladas a comienzos del siglo XVI, que fue cuando se dio por concluida la iglesia" Ana Isabel Ugalderen mugaketa zorrotz honek ibilaldi batera eraman gaitu, elizaren eraikuntzan igar daitezkeen arte estilo desberdinetatik. SJB ko Batzorde Eragilearen esku egon diren eraberritzeko azken lanek irudi diferente bat eskain dezakete, kanpo zein barne aldetik. Baina oinarrizko egituraketak berean jarraitzen du. Garai desberdinetako eraginak nabariak direlarik, ezin daiteke esan nor den elizaren egile edo diseinatzailea. Horrela idatzi zuen Jose A. Barrio Loza irakasle eta ikerleak, SJB eko Batzorde Eragileak eskatuta, elizaren gaineko memoria artistikoan: "Aparte de lo expresado sobre filiaciones y diferencias con respecto al gótico del entorno, en Mondragón han de resaltarse sus peculiaridades, arriba ya remarcadas respecto de la cabecera, las asimetrías, el sentido de fortaleza de la iglesia, etc. Lo más seguro es que la idea partiera de algún arquitecto, desgraciadamente no identificado, que conocía bien la arquitectura de la meseta, idea que pone al servicio de un aparejador o maestro de obras capacitado, y algo retardatario, que no supo sacar un edificio perfectamente ortogonal, haciendo, por ejemplo, zigzaguear el nervio espinazo desde la cabecera a los pies, ni trazar bien los arcos formeros de algunas capillas. A pesar de todo, la iglesia resulta noble y lo demostrará cuando se le libere de revocos, enlucidos, coros, cegamientos y demás" Gure oroitzapenetako arasan iraungo du bizirik, elizak oraintxe arte erakutsi dizkigun bost koruetako irudiak. Premiak behartuta, bata bestearen atzean erantsi zitzaion egiturari, biztanlegoaren hazkundeari leku egokia eskaini ahal izateko. Zenbat aldiz igo ginen, Errosarioko Ama Birjinaren aldare ondoko eskailera kiribil estutik, goiko korura edo giza hezur pilo bat zen tokira! Berreraikitzeko lanak artean hastearzirela, zalantzan egon zen zer egin zitekeen antzinako arrasatear haien aztarnekin. Azkenik, bertan geratu ziren, ongi ezkutatuta, hurrengo batean aurkituko dituztenei antzerako duda nagusituko zaiela suposatuz. Errosarioko Ama Birjinaren aldarea aipatu dut, eta ezin hona aldatu gabe utzi, arrasatearrontzat irudi horrek izandako adierazpena. Mendetan gora egin behar dugu, 1516ko irailaren 8ra arte, Ama Birjinaren jaiotzako egunera arte. Data hartan Arrasaten beste sute handi bat gertatu zen. Sugarrek herria hartu zuten ia bere osotasunean. Herritarrek, zeruko laguntzaren esperantzan, Errosarioko Ama Birjinaren irudia atera zuten kaleetara eta handik gutxira sutea amatatu zen. Hori ikusita, arrasatearrek boto egin zuten, aurrerantzean urteroko egun seinalatu horretan prozesioan aterako zutela aginduz. Horrela egin zen 1921era arte. Boto haren ordez, herriko Udalak urtero, Ama Birjinaren jaiotzako egunaren osteko igandean Arantzazura igotzea erabaki zuen. Baina ez dira hor amaitzen Ama Birjinaren arrasatearrontzako bitartekotza lanak. 1641eko irailaren 8an suaren ordez urak ekarri zuen larridura herrira, Aramaio ibaiak gora egin baitzuen. Herritarrek Ama Birjinaren irudia San Agustineko Atera Kondekuara eraman zuten eta urak euren ubidera itzuli ziren. Hogeitabost urte beranduago, 1666ko abenduaren 25ean, suak Ferrerias kaleko etxebizitzen laurdena suntsitu zuen. Sugarren abiadurarengatik larrituta eta ondamendia nolakoa izan zitekeen ikusita, Errosarioko Ama Birjina atera zuten herritarrek eta haizea baretu egin zen, sua kontrolpean utziz. Pulpitoa ezagutu genuenok ongi oroituko dugu, haren alboan zegoen pergaminoa, "Aquí predicó San Vicente Ferrer. Año 1408" esaerarekin. Itxura guztien arabera, historiako hainbat bider bezala, irudimenak errealitatea gainditu du gure kasu honetan ere, San Vicente Ferrer i toki askotan batera egotea egokitu ei zitzaion eta. Arrasaten zegoela dioten uneetan, Espainia eta Italiako beste toki batzuetatik ere ei zebilen. Beraz, nor berarenfedearen arabera utz daiteke San Vicente Ferreren gaineko istorioa. Pulpitoaren eskudel edo barandilla zurezkoa zen, oso polita, eta hasierako zatian honela irakur zitekeen, grabatuta: "Diga poco y bueno". Pulpitoa 1974an kendu zen. Zer esan, berriz, Amandre Santa Ines i buruz? Zenbat aldiz ez genuen, haren gorpu momifikatua gordetzen zen txokora begiratu, handik bapatean mamuren baten izpiritu hegalaria aterako ote zen itxaropenean? 1946an eraman zuten zulo hartara haren gorpu momifikatua, elizan bertan Okariz sendiarena zen San Sebastian kaperatik. 1994an Eusko Ikaskuntzaren Medikuntza Saileko Kuadernoan argitaraturiko lan interesgarriak, Amandrea ri buruzko datu zehatzak eskaini zizkigun Pako Etxebarriak zuzenduriko talde batek ikerlarien artean Jose Angel Barrutiabengoa arrasatearra genuelarik. Eta defuntuaren gaineko nortasuna Ines Ruiz de Otalora, XVI mendearen amaieran Arrasaten jaioa eta 1607an Valadoliden hila emateaz gain, mitoaren deuseztapenerako bidea irekitzen zuten, batere kupidarik gabe. Agian, amesgaiztoetatik libratzen gintuen bertsoaren oihartzun zaharra bakarrik geratzen zaigu oroitzapen: Amandre Santa Ines bart egin dot amets ona bada, bion partez txarra bada ino(re)ndako pez. San Vicente Ferrer ez bazen ibili, Arrasatetik ibili zena, parrokian lan ederrak burutzen, gainera, Gasteizko Pedro de Ayala eskulturgilea da, ayalatarren tailer ospetsukoa. Artista horren eskuetatik atera zen, 1628an aldare nagusiaren atzekaldean ezarritako erretaula barrokoa. Argazki zaharretan ikusi ahal izan dugu obra hura, 1913an parrokian eginiko itxuraldaketan desmuntatu zena. Erretaulako sagrarioa Errosario Ama Birjinaren aldarera eraman zen eta bertan zegoen San Juan Bataiatzailea, berriz, Udaletxeko ganbarara. Azken eraberriketako lanen ondoren, berriz elizako aldare nagusira itzuli da Pedro de Ayalaren obra eder hori, "obra de mucho mérito y costó tanto como el retablo todo". Gauden mende honetaraino jauzia eginez, beste euskal artista handi batekin egiten dugutopo. Pablo Urangari nagokio, nahiz eta zenbaitzuen ustez, aldare nagusiaren alboetan margotu zituen bi freskoak kalitate gutxikoak diren. Pablo Urangaren osaba bat, Fernando Uranga, apaiz izan zen Arrasateko San Frantzisko elizan eta baita ospitalean ere, 1898tik 1906ra arte. Pablo lobak denboraldi luzeak egiten zituen gure herrian eta 1903ko otsailaren 21ean San Juan Bataiatzailearen elizan ezkondu zen, Prudencia Lejarreta gasteiztarrarekin. Hamar urte geroaxeago, elizan egindako egokitzapen obra batzuetan, freskoak margotzea eskatu zitzaion Pablori eta baita honek eskabidea bete ere, bostehun pezetaren truke. Bi egunetan amaitu zuen lana Urangak, seguruenik behatzaile guztiengan harridura uzten duten bi ormirudiak burutuz. Jaungoikoaren legeko hamar aginduak, Urangarentzat gehiago bide ziren, freskoan egin daitekeen irakurketari dagokionez. Eta, bigarrenean, San Juan Bataiatzailearen burua iseka ari dela dirudi. Eliza nagusitik igarotako beste bat, Espainiako Felipe V erregea izan zen eta monarkaren igaroaldiaren berri idatzia geratu zaigu. 1701eko urtarrilaren 31n heldu zen Arrasatera eta Matheo Nicolás de Aranguren en Ferrerias kaleko etxean lo egin zuen. Biharamuneko kronika da ondokoa, Francisco de Apraiz y Barrutia apaiz eta benefiziodunak idatzia: "Y oy dia, Martes primero de Febrero de dicho año (1701), al rayar del Alba vino su Magestad a pie a esta dicha Iglesia Parroquial de San Juan Bautista a oir Misa, sin embargo que llovía bastantemente. Fue recibido por el cabildo con capas y cetros cantando el Te Deum Laudamus (Hallándose revestido de Pontificial el Ilmo Señor Don Juan Iñiguez de Arnedo Obispo de Pamplona, que vino acompañando a su Magestad asta Vitoria, por estar en sede vacante este obispado de Calahorra) debajo de Palio, que llevaron los Cavalleros de esta villa, y forasteros que concurrieron a ver a su Magestad que fueron muchos. Su ilustrisima dijo misa rezada en el altar Maior, y le oyo su Magestad con mucha devocion, estando arrodillado alPie del dicho Altar Maior, adonde estaba puesto el sitial. Acabada la misa, y recivida la Bendición Pontificial, su Magestad se volbio a pie a dicha cassa (Matheo Nicolás de Aranguren enera) y dentro de media hora salió de ella. Y a cavallo subió por la calle de las Ferrerías al Portal de Gazteluondo, y fue a comer a la villa de Salinas..." San Juan Bataiatzailea eliza nagusian ehorzketak izan dira mendetan zehar, kulturako irekia izan zenetik, seguruenik. Hasieran ikusi dugun bezala, Santa Marinatik elizkizunak hiribilduko lehen elizara pasatu zirenean, parrokiako estalpea tokirik gustukoena bilakatu zen arrasatearrentzat, euren hillarrixa aukeratzeko orduan. Garai haietan elizak ziren biztanleen hilobigunea eta, beraz, ez da harritzekoa San Juan Bataiatzailea aurki izatea herriko jendearentzat estimatuena, Santa Marinako eliza zaharra garrantzia galtzen zihoan eta. Zer esanik ez, hildakoa bizi zen artean beste auzokoekiko izandako diferentzia elizan ere nabaria zen, hilobien kokapena dela eta. Aldare Nagusiaren aurrekaldea, herriko pertsona gorenentzat zegoen egokitua. Gainerakoak, alboetako kaperen inguruetan lurperatzen ziren. 1810era arte iraun zuen Arrasaten, elizan ehortzeko ohiturak. Diodan, kanpoko lehen hilerria, Independentziako gerran (1808 12) frantsesek agindu ondoren egokitu zela. Geroxeago, Aldayra eraman zen kanposantua. Nire adinekook ez dugu ezagutu baina San Juan Bataiatzailearen historian, Euskal Herriko beste hainbatetan bezala, oblatak eskaintzen ziren, elizako hilarrien aurrean egon ohi zen altzariaren gainean ipinita. Gero, apaizen amakasiek erretiratzen zituzten, euren kontsumorako. Ohitura horretatik geratzen zen apurretako bat, seguruenik, hildakoaren sendiari auzokoek eskainitako argizaria zen. Eta, zalantzarik ez, artean gure haurtzaroan ere etxetik elizara aulkia eramatea, elizako zolua eremu ireki eta jarleku egonkorrik gabea zen garaietako usadioa genuen. Gutariko askok aurreneko txanponak irabazi genituen aulkia eroate horri esker,amandrei eskainitako zerbitzuaren truke. Nahikoa zuten haiek, buruko mantelina eta otoiz eta irakurgaietako mezaliburuaz arduratzearekin. Aulkia, ahal zelarik, amandreak sendi tokitzat zeukanean jarri behar genuen, aurreko beste garai batean familiko argiolak ezarriko ziren lekuaren inguruan. Vatikanoko Kontzilioak ohitura zahar guzti horiekiko etena ekarri zuen. San Juan Bataiatzaileaz mintzatzen ari naiz etengabe eta ez dut oraindik, herriko zaindariaren ohorez herrian izaten diren elizkizunen gaineko ezer komentatu. Askorentzat, Arrasateko ospakizunik minenak dira ekainaren 24ko meza nagusia eta bezperako Salbea. Eta seguruenik, azken hori izango da denon baitan daroagun mundrautasunaren sentimenduan era bereziz eragiten duena. Norbaiti entzun diot, egiazko arrasatearra izateko, bezperako Salbeak zirrara espeziala egin behar diola elizan dagoenari. Ez dakit horrela izan behar duenentz, baina ziur nago gutxi egongo direla Hilarion Eslavaren elizkanta parrokiako abesbatzari entzun ondoren, San Juan Ereserkiarekin eztarria apur batez bederen korapilatu ez zaiena. Herriko apaiz eta Udalaren arteko harremanen beste ezaugarri bat, San Juan bezperako arratsaldean, Salberako Udaletxetik zinegotzien lepoan eramaten den irudia dugu. Udalak enkargatu zien XVIII mendean Elorrioko Juan Xavier de Araoz eta Juan de Munar irudiegileei. 1207 erreal ordaindu zizkien. Sakristian gordetzen zen irudia, 1953ra arte. San Juanetarako mahai eta anda batzuen gainean jartzen zen, jai nagusiko Mezaren hasieran Plazatik egiten zen elizbirira ateratzeko. Elizkizunerako udal agintariak, atarteraino danbolindero eta txistulariek lagun, Iturriotz kaleko elizpezahar eko atetik sartzen ziren, Padre Eternua ren irudiaren azpitik igaroz. Aipatutako elizbira horretara klero, agintari eta Kofradiak euren pendoi, bandera eta, kofradeek bana zeramatelarik, baita argizari handiekin ere joan ohi ziren, eliztarrak tenpluan geratzen ziren bitartean. 1953z geroztik, San Juan Bataiatzailearen irudi hori Udaletxerapasatu zen eta hasiera batean alkatearen beraren lan gelan kokatu zuten. Urte hartatik San Juan eguneko bezperan zinegotziek eramaten dute irudia elizara, udal banderarekin batera, ibilaldia Erdiko Kaletik doalarik, eta elizara ate nagusitik sartzen da udal agintarien ordezkaritza. Ordurako organuaren notek parrokiako espazioan giro berezia sortu dute. Eta organuaren aipamenak beste arlo batera narama, hain zuzen ere San Juan Bataiatzaileko musika historiara. Garibayren "Memorias" liburuan garbi asko irakur daiteke, 1448ko sutean "quemose tambien la iglesia con sus organos, campanas, relox y retablos y ornamentos con gravísima lastima". Beraz, badirudi ordurako musikak bere tokia bazuela parrokian, nahiz eta aurreko orrialdeetan maiz aipatutako 1454ko buldari zegokion eskabidean ezelako aipamenik ez den egiten organuari buruz. Garibayren irudimenak eragindako beste adibide berri bat ote? Ez dut uste. Ez zuen horren beharrik, 1507rako Martin Ibañez de Echebarria herriko arziprestearen erreferentzia ematen baitigu Garibayk berak, "buen sonador de organos, gran corista, maravilloso escritor o copista y tan diestro que el personalmente fabricaba monocordios sin que nadie se lo enseñara" 1667an Eibarko Joseph Eizaga Echebarria frantziskotarrak parrokiako organua egin zuen. 1913ko obretan organu zaharra berri batek ordezkatu zuen, eta horixe izan da SJB ko eraberritze lanetaraino iraun duena, azken laurogeita bost urteotan zenbait hobeakuntza aplikatu zaizkiolarik. Mende honetan organulari bikainak igaro dira eliza nagusitik. Victoriano Balerdik eman zion hasiera gizaldiko zerrendari eta itxura guztien arabera David Arzamendi nekaezinak eman liezaioke amaiera. Bien bitartean, Prudencio Balerdi, Jose Izurrategi, Dionisio Isasmendi eta Francisco Arrizabalaga ditugu, herriko musika maila oso goian ipini dutenak. Ezin ahaztu, noski, titularrak izan gabe laguntza handia eskaini duten Gregorio Solabarrieta, Justo Munarriz, Victoriano Balerdi semea, Juan Arzamendi, Karmelo Eriz,Gurutze Uribarren, Rafael Agirre eta beste hainbat. San Juan Bataiatzailea eliza nagusiari buruzko zehazkizun batzuk ekarri ditut orrialde hauetara eta ezin dut amaitu, mende honen hogeita hamabost urtetan zehar parrokiarekin zeharoko lotura estu mina izan zuen gizon baten gaineko aipamena egin gabe. Niretzat eta arrasatear gehienontzat, mende honetan herriko bizitza izpirituala hobekien zuzendu zuen apaiz ahaztezina: Don Jose Luis Iñarra. Batzuen baitan, eta errespeto osoarekin, Don Jose Luis Ola ok pa Iñarraren eredua suzko hizkiz geratu zen grabatuta. Arrasatear peto petoa bilakatu zitzaigun, herrira 1941era iritsitako oiartzuarra. 1976ko urriaren 2an hil zen, parrokian bertan, elizkizun batean ari zela. Bihotzekoak jota aldarearen aurrean erori zen zerraldo. Igandea zen azken agurra eman genionean, Herriko Plazan, ideologia guztietako jendez gainezka. Nik ez dakit Don Jose Luisengan aurki ote zitezkeen, historian zehar eliza nagusiaren kudeaketan izan diren nolakotasun guztiak. Eta ez dakit, batez ere ezina zaidalako parrokiako radiografia zehatz osoa egitea, eta, berriz, egin nezakeen alderaketa herrena geratuko litzaidake. Baina ziur nago, aro guztietan San Juan Bataiatzaileko barne bizitza herriko bertute eta akats guztien isladapen gardena izan dela. Eta, bestalde, ez dut zalantzarik arrasatear bizitza estiloan eragin zuzena izan duela parrokiaren irradiapenak. Bi baieztapen horien artean kontraesana dela irudi litekeen arren, ez da horrela, azken finean eliza eta herria bat izan baitira mendetan zehar, identifikatuta oso, eta sinbiosia errealitate nabarmena gertatu da. 1999ko uztailaren 5ean SJB ren Batzorde Eragileak bere azken bilera burutu zuen, Kanpartopeko batzar gelan. Berrehun eta berrogeita hamabigarren bilkura zen, abian jarri zenetik. Hasieran esan dudan bezala, bederatzi urte lehenago xedea zein litekeen oso garbi ez bagenuen ere, harro sentitzen gara burututakoaz. "Christifidelium manus adiutrices necessariae" ri egiten zion eskaera buldak. Bostehuneta berrogeita hamar urte beranduago ere, arrasatearron esku laguntzaile askoren beharra zegoen helmugara iristeko. Herriak ez zuen hutsik egin. Josemari Velez de Mendizabal, idazlea Argazkiak: "San Juan Bautista de Mondragón Arrasate: Una interesante e inacabada historia" liburutik Euskonews & Media 98.zbk (2000 / 11 / 3 10) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.