Ezpeletako Biperra Ezpeletako Biperra * Sophie Hontaas Espainiarrek ekarriak, XVI. mendean iritsi ziren Euskal Herrira Amerikako herriek landu eta kontsumitzen zituzten piperrak. Ezpeletako piperrak, gaur egun, jatorrizko izendapena dauka, eta 10 udalerritara zabaltzen den lurraldea hartzen du. Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Senpere, Zuraide eta Uztaritze herriek, lurralde homogeneoa osatzen dute. Erliebe ertaina eta aldapatsua dute, eta bertako klima ozeaniko gozoa bioklima subtropikalaren antzerakoa da, piperrak ekoizteko oso aproposa. Ekoizleak sindikatuetan elkartuta daude 70.eko hamarkadaz geroztik. Jatorrizko izendapeneko sailkapena eskuratzeko eskaera Kontsumoko Idazkaritzara bi aldiz zuzendu ondoren, eta "Biperra" kooperatiban elkartu eta gero, 1993an berriro eratu zen sindikatua helburu hauek zituela: kalitatea, tipikotasuna, organizazioa, ekoizpenaren transformazioa eta merkaturatzea, eta jarduera horri lotutako lanpostuak mantentzea. Luzea da bidea... Beste txosten bat, hirugarrena, ikerketa batzordean aurkeztu zen 1995eko azaroan, tramiteak egiteko; 1996an, txostenaren eranskinak eta bertan piperraren ekoizpen eta transformazioari buruzko baldintza plegua aurkeztu ondoren, 1997ko apirilean INAOko batzorde nazionalak (INAO, jatorrizko izendapenaren onarpen ofiziala erabakitzen duen erakundea da) onartu zuen azkenean Ezpeletako Biperraren jatorrizko izendapenaren hasiera, mota guztietan: piper hautsa, lehorra sokatan, eta freskoa soltean. Horrela, izendatuta geratu zen mugak ezartzeko batzordea. Jardunbide luze horien ondoren, 1997an, ikerketa batzordearekin egindako hirugarren bileran, teknikarien txostena aurkeztu zen, eremu geografikoa mugatzeko, jatorrizko izendapena duten produktuak identifikatzeko planak (bortxaezintasuna, e.a.), eta dastatze eta onespen lana aurkezteko. 1999an "Ezpeletako Biperra" izenaren erabilera eta eremu geografikoa aztertu ziren, eta urte bereko abuztuan, laugarren aldiz bilera egin ondoren, batzordeakbere gain hartu zuen txostena aurkeztea INAOko hurrengo batzorde nazionalean. ....onartua izateko 1999ko abenduaren 1ean, batzordeak Ezpeletako Biperra Piment d`Espeletteren jatorrizko izendapena onartu zuen, eta, aldizkari ofizialeko dekretuaren bidez, 2000ko ekitaldirako eraginkorra izatea baimendu zen. Nekazaritzaren garapenerako tresna den jatorrizko izendapena lortu izana urteetan egindako elkarlanaren emaitza da. Lurraldearen irudi garrantzitsua eskaintzen du gastronomia, eskulangintza eta turismo alorretan, eta 6 urte horietan lan nekeza eta erabakiorra egin ondoren, benetan tipiko eta espezifikoa den produktu honek merezi duen ospea eta onarpena lortu du. Ekoizleen kopurua handitzen ari da: 1997an 30 ziren, 1999an, berriz, 50, eta batez besteko adina 24 25 urte ingurukoa, gazteak beraz. Piperra haien lanaren osagarria, ardi hazkuntzarena bereziki, izan daiteke zenbait kasutan, edo haien kulturari lotutako grina eta zaletasuna, besteetan. Piper hautsaren dastatzea, ardo ezin hobea lortzeko nahasketa bezain serioa da (D.R.) Ezpeletako biperraren kofradiak 30 urte bete ditu Ezin da Ezpeletako biperrari buruz hitz egin 1969az geroztik Georges Dupiotek, produktu hau kofradia baten bitartez sustatzeko Euskal Herrian dauden beste hainbat kofradiatan egiten den antzera egin zituen izugarrizko abentura eta lana aipatu gabe. Haren semea Joël Dupiotek kontatu digu historia: "1968an aitak Baionatik etorritako txerriki artisau bati haren urdaiazpikoetarako biper hautsa bilatzen lagundu zion Ezpeletan. Georges Dupiotek proposatu zion Auguste Darraïdouri Biperraren Kofradia sortzea, eta baimena lortu zuen horretaz arduratzeko. Georges Dupiotek kofradiatan esperientzia handia zeukan, Baionako Urdaiazpikoaren Kofradia sortu baitzuen. 1969ko uztailaren 25ean, Baionako "La Grande Brasserie" kafe jatetxean (orduan, bertako jabea Robert Pédelaborde zen, gaur egun Baionako Urdaiazpikoaren Kofradiako "Grand Maître de Bouche" dena) Baionako Urdaiazpikoaren Kofradiako Asanblada OrokorraEratzaileko bilera egin ondoren, Ezpeletako Biperraren Kofradia sortu zuen". Joël Dupiot kofradia sortu zuenaren semeak "Xamarra" aurkezten du. Dupioten arrebak diseinatua da, eta piper ospetsuaren museo pribatuan dago. (D.R.) Zure aitak berehala osatu zituen arauak, ezta? "Bai, estatutuak idatzi zituen, kofradiakideak izendatzeko zeremoniak eta domina sortu eta diplomak diseinatu zituen. Nire arreba zaharrena Josyanek kofradiakideen uniformea sortu eta diseinatu zuen, Lapurdiko "Xamarra", berde kolorekoa eta apaindura gorriz. Horretarako, XVII. eta XVIII. mendeetako euskaldunen irudietan oinarritu zen. 1969ko urriaren 26an, Ezpeletan 3. Biperraren Festa egin ondoren, nire aitak Urdaiazpikoaren eta Biperraren arteko laguntza ofiziala sinatu zuen Euskadi hotelean, bertako arduraduna André Darraïdou zelarik, eta Ezpeletako alkate G. Gréciet jaunaren baimenarekin. Berehala, lehenengo Asanblada Orokorra egin ondoren, Michel Darraïdou, orduan Ekimen Sindikatuko presidentea, Ezpeletako Biperraren Kofradiako bigarren presidente bilakatu zen, eta kargua mantentzen du gaur egun ere." Zergatik ospatzen da Ezpeletako biperraren festa urriaren hirugarren asteburuan? "60.eko hamarkadaren amaieran, Ezpeletan, festa asko izan ziren bata bestearen atzean: mugetako festa, pottoken festa, zezenketak, zaindariaren festak, eta irailean biperraren festa. Baina, 1968ko irailean, Auguste Darraïdou alkatea hil zen festak hasi aurretik, zenbait urtetako gaixotasuna jasan ondoren, eta hainbeste bultzatu zuen kofradiaren sorrera ezagutu gabe. Hilabeteko dolua dekretatu zenez, festa 1968ko urrira aldatu zen, eta geroztik beti garai honetan egiten da." Kofradia, geroago, gastronomiako munduan zehar ibili da, beste kofradien bileren baitan. Ezpeletako urriko jaietan aurki daitezkeen artisauen standetako bat. (D.R.) 1999ko urriaren 24an, kofradiaren 30. bilerarako eta 32. Ezpeletako Biperraren jaietarako (lehenengoa 1967an izan zen), Pascal Bidegorry untzi patroi euskaldunak jaso zuen "Biperra 1999"saria, Georges Dupioten eskuetatik. Dominique Garacotche, biper ekoizlea, "urteko biper jauna" hautatua izan zen. Bestalde, René Muscarditz eta Maïka Chembero pilotariak, Uztaritzeko gaiteroak, Caroline Phillips abeslaria, René Dabadie nabigatzailea, Stockholmeko lorategi botanikoaren arduradun Philippe Plöninge, Jonas Borssén sukaldari suediarra, piperrari buruz hainbat liburu idatzi dituena, Régine Ardilley herri kontseilaria eta mahastizaina, eta Estatu Batuetan bizi den Jean Louis Palladin sukaldari frantsesa kofradiakide izendatuak izan ziren. Ekitaldia gaur egun udaletxearen egoitza den Ezpeletako baroien gazteluaren aurrean egin zen, zelaiek sortu duten antzoki natural hartan; hainbat kofradiak eta ikusle askok tartean, bertakoez gain, turista ugari, ekitaldia ikustera bereziki etorriak parte hartu zuten. Sophie Hontaas, kazetaria Euskonews & Media 97.zbk (2000 / 10 27 / 11 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.