97 Zenbakia 2000-10-27 / 2000-11-03

Gaiak

Emakumeen partaidetza alderdi politikoetan

ELIZONDO, Arantxa

Emakumeen partaidetza alderdi politikoetan * Arantxa Elizondo Lopetegi 1. Emakumeen Eskubide Politikoen Garapena XX. mendera arte emakumeak botere politikoaren ariketatik erabat baztertuak egon dira. Aro Garaikidean eskubide politikoen eztanda eman zenean ere Ilustrazioak eta Liberalismoaren pentsakerak aldarrikatzen zituzten berdintasuna eta askatasuna ez zitzaien emakumeei onartu. Eskubideen unibertsalitatea ez zen errealitatean gauzatu; horregatik emakumeek beren aldeko mugimendua antolatu eta hasera batean boturako eskubidea eskatu zuten. Sufragismoak aurkako erantzun instituzionala eta soziala oso gogorra jasan behar izan zuen, erakundeek argi baino argiago ikusi baitzuten Sufragioaren ondorioak oso sakonak izan zitezkeela, batez ere gizartearen oinarria zen familiaren aldaketa bultza baitzezakeen, orduraino gizonaren erabateko nagusitasunean egituratzen zen instituzioa. Sufragismoaren eraginez mendebaleko Estatuek pixkanaka emakumeen bozkatzeko eskubidea onartu zuten. Lehenengoa Zelanda Berria izan zen 1893an, ondoren Australia 1901ean eta Europako Estatu gehienak hurrengo urteetan zehar aldatu zituzten beren hauteskunde araudiak (Unión Interparlamentaria, 1992: 17 20). Kasu honetan Finlandia aitzindaria izan zen 1906an eta Lehenengo Mundu Gerraren ostean sufragio unibertsalaren hedapen orokorra ikus ahal izan genuen. 1960 eta 1970 hamarkadetako Mugimendu Feminista berriak botere politikoarekiko jarrera kontrajarriak agertu zituen. Iritziak sinplifikatuz esan daiteke Mugimenduan zeuden korronteek, interpretazio ildo desberdinetatik abiatuz, boterearen balorazio baikorra edo ezkorra egin zutela. Alde batetik, aurkako ikuspegia zegoen eta bestalde, integrazioaren aldeko jarrera (De Miguel eta Cobo, 1997: 213). Hogeita hamar urteetan zehar azaldutako gatazka eta iritzi kontrajarrien ondoren egungo Mugimendu Feministaren gehiengoa boterean eskuhartzearen alde dago. Honez gero ia erabateko adostasuna ematen da funtsezko ideia honen inguruan: emakumeak instituziopolitikoetan sartu behar dira. 2. Emakumeak alderdi politikoetan Alderdi politikoak elementu desberdinez osatutako errealitate konplexuak dira eta zeregin ugari dituzte. Alderdiak gizartearen ordezkaritza eta sistema politikoa mugitzeko bide nagusiak dira, oinarrizko bi mailatan tresna nagusiak baitira: alde batetik, eliteak bildu eta aukeratzeko, eta bestetik, hiritarren partaidetza politikorako, eskubide politikoak burutzeko bideak dira. Horregatik, emakumeen eskubide politikoak aintzat hartzerakoan alderdi politikoak nahitaez kontuan hartu behar dira. Alderdi politikoetan emakumeen afiliatu kopurua gizonezkoena baino txikiagoa da orokorrean. Halaber, alderdietako zuzendaritza karguetan, militantzian baino emakume gutxiago egon ohi dira; horrek esan nahi du alderdiaren hierarkian gora egiten den neurrian emakume kopurua murriztu egiten dela eta hori emakumeak erakundeetan duen partaidetzarekin lotutako joeraren adierazpena da. Horren arabera, hierarkiako goiko mailetan emakume gutxiago daude. Joera horri honela deitu zaio: "handituz doan diferentziaren legea" (Putnam, 1976: 33). Alderdien militantzian eta zuzendaritza organoetan dauden emakumeen ehunekoen arteko diferentziak analizatzeko egindako azterketen emaitzek erakutsi dute bi arlo horietan aldea beti eman ohi dela, zenbait kasutan diferentziak oso handiak direlarik. Honen inguruan egindako zenbait azterketen ondorio nagusietako bat ondoko hau da: alderdien ideologiak eragin handia duela sexuen araberako afiliazioan eta barne egituran kargua duten emakumeen proportzioan. Ia kasu guztietan gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago izanik, ideologiaren arabera ezkerreko alderdietan eskuinekoetan baino emakume afiliatu gutxiago izan dira historian zehar (Bashevkin, 1993: 151). Ezker alderdietan langileek eta sindikatuek izan duten garrantzia da arrazoi nagusia, bertan emakumeek ez baitute partaidetza handirik izan (Lovenduski eta Norris, 1993: 40). Aitzitik emakumeak eskuineko alderdietako zuzendaritzako karguetanezker alderdietakoetan baino gutxiago izan dira. Eskuineko alderdietan emakume afiliatuen eta zuzendaritzan daudenen arteko diferentzia handiagoa da (Bashevkin, 1993: 151), generalizazio hori askotan mugatu behar den arren. Ezker alderdietako zuzendaritzetan (afiliatuen portzentaia txikiagoa bada ere) emakume gehiago egotearen arrazoien artean ezker alderdiak mugimendu feministen postulatuetatik hurbilago daudela azpimarratuko genuke eta neurri handi batean ideia honekin berarekin lotuta, kuoten eta beste motako sustapen neurrien aplikazio orokorra egongo lirateke (Uriarte, 1995: 131). 3. Euskal Erkidegoko Alderdiak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) alderdietan ere emakume afiliatuak gizonak baino gutxiago dira. 1995eko datuen arabera, emakumezkoen afiliazio portzentaia IU EBren %23aren eta PPren %41.2aren artean dago (ikus 1. taula). EAEko alderdiek, orokorrean eta kasu bakoitzean, beste herrialdetako alderdi gehienetan ematen den emakumezkoen afiliazioaren kopuru txikiaren joera jarraitzen dute. EAEko alderdien ezker/eskuin kokapena kontuan hartuta, ez da emakume afiliatuen kopuruaren kasuan diferentzia nabarmenik ikusten. Emakumezko afiliatuen portzentaiarik handiena PP eta EAn (ideologia desberdinekoak) ikus daiteke. Bi alderdi hauen ondoren, eta urruti samar, HB, PSE, EAJ eta UA alderdiak egongo dira, ordena horretan; portzentaia txikiena IU EB alderdiak izan du. Datu horien arabera, eskuineko alderdietan emakumezkoen militantzia tasa handiagoa erakusten zuten joera tradizionalak bat ez datozela euskal errealitatearekin ikus daiteke. EAEko alderdiak aztertzen jarraitzeko independentismo/zentralismo eskalan non kokatuta dauden aztertu behar da. Hala ere, dimentsio hori ere ez da emakumezkoen afiliazioa interpretatzeko erabilgarria, goian adierazi bezala kopuru handienak PPn (joera zentralistaduna) eta EAn (alderdi abertzalea) ematen baitira. Gainerako alderdien zerrendan, emakumezkoen portzentaia altuenetik txikienera ipiniz gero, alderdi abertzaleak eta ez abertzaleaknahastuta agertzen dira. Ezin da esan, beraz, dimentsio ideologikoek (ezker/eskuin eskalan eta independentismo/zentralismo eskalan), emakumeek EAEko alderdietan duten afiliazio maila esplikatzeko balio dutenik. EAEn alderdietako barne zuzendaritza karguei dagokienez, sexuen araberako osaketaren inguruko datuek erakutsi dute emakumeak gizonezkoak baino gutxiago direla. Hala ere, joera orokor gisa aipa daiteke gero eta emakume gehiago daudela kargu horietan. Bestalde, afiliazio kopuruarekin konparatuta, buruzagitzan emakumeen portzentaiek beherantz egin dute, PSE eta IU EB alderdien kasuetan izan ezik: bi hauetan buruzagitzan oinarrian baino emakume gehiago daude proportzioan; halaber, PSE alderdian zuzendaritzako erakunde gorenean postuen %34,5 emakumeek betetzen dituzte, portzentaiarik altuena (ikus 1. taula). Azpimarra daiteke bi alderdiek ezker ideologia dutela, eta beste hainbat neurriren artean, emakumeen ordezkaritza sustatzeko kuoten sistema erabiltzen duten alderdi bakarrak direla. 1. TAULA EAEko ALDERDIEN EMAKUMEEN PORTZENTAIAK AFILIAZIO ETA ZUZENDARITZAN AFILIAZIOA (1995) ZUZENDARITZA (2000) Emaku Guztira % Emaku Zuze. % meak meak Guztira EAJ 8697 31974 27.2 1 12 8.3 EA 5810 14792 39.3 5 18 27.7 HB 30 2 24 8.3 PSE 2791 9500 29.4 10 29 34.5 IU EB 253 1100 23 6 20 30.0 PP 953 2314 41.2 13 53 24.5 UA 252 945 26.7 7 30 23.3 ITURRIA: Emakunde (1994): Participación de las mujeres en la actividad política en Euskadi. Vitoria, Gobierno Vasco, 54 56. or. eta alderdiek emandako datuak. Herri Batasunak ez du militanteen erregistrorik; hortaz, koalizioak emandako ehunekoak gutxi gora beherakoak dira. Kontuan hartutako bigarren sailkapenari dagokionez, alderdiek zentralismo/independentismo ardatzean duten kokapena, azpimarratu behar da bi alderdiabertzaleetako (EAJ eta HB) zuzendaritzek emakume kopuru baxuena dutela. EAJren kasua oso nabarmena da; gaur egungo zuzendaritzan emakume bakar bat dago, aurrekoan berriz bat ere ez. HBko Mahai Nazionalean bi emakume besterik ez daude. 4. Azken gogoeta Zalantzarik gabe, XX. mendean zehar emakumeen lorpenak ugariak eta garrantzitsuak izan dira. Hala ere, egungo legeek eta konstituzioek hiritarren berdintasuna aldarrikatzen duten arren, gizartearen errealitatean sexuan oinarritzen den diskriminazioak bizirik dirau: oraindik emakumeek arazo larriak dituzte (pobrezia, langabezi tasa handiak, euren aurkako biolentzia, e.a) eta arazo horietako bat emakumeek erakunde politikoetan duten presentzia murritza da. Azken urteotan proposamen ezberdinak egin dira honen inguruan: zenbait alderdi politikoek, euren erantzunkizuna onartuz, neurriak hartu dituzte, horien artean polemikoena kuota izanik. Presentzia politikoa bermatzeko legeak ere erabili izan dira. Hortxe dugu, esaterako, Frantziako Asanblada Nazionalak onartu berri duen parekotasun politikoaren legea. Neurri hauek guztiek abiapuntu bera dute: emakumeak erabaki guneetan egon behar direla, bere presentzia politikoa beharrezkoa dela, alegia. Arrazoi ezberdinak aipa daitezke hori ulertzeko: alde batetik, emakumeek bere arazoak eta eskakizunak planteatzeko eskubidea dutela; baina badago beste argudio nagusi bat, esparru politikoan emakumerik ez egoteak eragin negatiboa duela emakume guztiei buruz dagoen irudian eta balorazioan. Emakumeen bereizkeria ez da instituzio politikoen kontu soila eta emakumeen mugimenduaren zereginak ezin dira parekotasunera mugatu. Baina politikaren islada beste arloena baino askoz ere handiagoa da, gizartearen arazoak eta asmoak jasotzen duen ispilu nagusia baita. Hortaz, parekotasun politikoaren bitartez emakumeenganako gizartearen begirunea bultza daiteke eta, honela, gizaki bezala dagokien duintasuna aldarrikatzeko bidean aurrera joan gaitezke. Bibliografia BASHEVKIN, Sylvia B. (1993): Toeingthe Lines: Women and Party Politics in English Canada. Toronto, Oxford University Press. DE MIGUEL, Ana eta COBO, Rosa (1997): "Implicaciones políticas del feminismo", Quesada, Fernando (ed): Filosofía Política: Ideas políticas y movimientos sociales. Madrid, Trotta, 203 215. ELIZONDO, Arantxa eta MARTÍNEZ HERNÁNDEZ, Eva (1995): "Presencia de Mujeres y Política para la Igualdad entre los Sexos: el caso de las Instituciones Políticas Vascas (1980 1994)", Revista de Estudios Políticos, 89, 345 368. ELIZONDO, Arantxa (1999): La presencia de las mujeres en los partidos políticos de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Vitoria, Gobierno Vasco. LLERA, Francisco J. (1994): Los Vascos y la Política. Bilbao, Universidad del País Vasco. LOVENDUSKI, Joni eta NORRIS, Pippa (1993): Gender and Party Politics. London, Sage. PUTNAM, Robert D. (1976): The Comparative Study of Political Elites. Englewood Cliffs, New Jersey, Prentice Hall. UNIÓN INTERPARLAMENTARIA (1992): Las Mujeres y el Poder Político. Encuesta realizada en los 150 Parlamentos Nacionales existentes al 31 de Octubre de 1991. Madrid, Congreso de Diputados. URIARTE, Edurne (1995): "Mujer y Política en España", Sistema, 124, 121 136. URIARTE, Edurne eta ELIZONDO, Arantxa (ed) (1997): Mujeres en Política. Barcelona, Ariel. Arantxa Elizondo Lopetegi, Politika Zientziako Saileko Irakaslea, EHU Euskonews & Media 97.zbk (2000 / 10 27 / 11 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria