Hezkuntza antolaketa: euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapen estrategia Hezkuntza antolaketa: euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapen estrategia * Baptiste Boloqui 1996an egin den inkesta soziolinguistikoak argi uzten du Ipar Euskal Herrian bilakaera soziolinguistikoaren adierazle guziek etengabe behera jotzen dutela (familiako transmisioa, euskaldunen kopuruaren emendatze eta galtzea, euskararen ezagutzaren bilakaera, gizartean eta familian erabiltzea). Beherako joera hau ez da apaltzen, azkartzen da eta euskara oso egoera larrian uzten ari da. Aldaketa hori ulertzeko bi ohar : familiako transmisioak ez du ia eraginik. Irakaskuntzan egin diren indarrak, azken hogeita hamar urteetan, nolabait familiako transmisioaren eraginkortasun eskasa ordezkatu du. Baina hau ez da nahikoa euskararen beherako joerak gora egin dezan. Antolaketa eskemari esker, hizkuntza antolaketa orokor bat asmatzen eta gauzatzen laguntzen da, non euskarazko eta euskararen irakaskuntzak leku behar beharrezkoa betetzen duen. Horren garapenak gaur egun hainbat ozpotorekin topo egiten du: Giza eskaeraren ebaluaketa orokorrik gabe, oso zaila da beharrak eta postu sortzeak aurrikustea, eta irakasle euskaldunen formakuntza politika bat martxan ezartzea. Hezkuntza Nazionalak ematen dituen baliabideak desberdinak dira irakaskuntza publikoarentzat eta hitzarmenpean den pribatuarentzat. Gainera, akademiatan eta departamendutan banatuak dira. Era berean, irakaskuntza eredu batetik bestera, irakasle postuen urteko zuzkidura aldatzen da. Publikoko eta pribatuko sareen eskola kartak ez dira batean egiten. Sistema horrekin, euskarazko postu baten edo klase baten irekitzea, departamenduko eta Akitania osoko klase edo postu irekitzeekin konkurrentzian aurkitzen da baliabideak emateko orduan. Irakasleei dagokienez, konkurtso sistemak, gaur egun antolatua den gisan, ez ditu beti euskara menperatzen duten irakasleak ematen. Azkenik, nahiz gero eta guraso gehiagok haien haurrak euskarazeskolaratu nahi duten, helebitasunaren interesa ez da argi agertzen ezta ere ulertzen gizartean. Puntu hauek kontutan izanik, Garapen Kontseiluak bost neurri eraginkor aholkatzen ditu 1. Giza eskaeraren neurtzeko eragingailu baten gauzatzea 1997ko abenduaren 15ean, CIADTak Estatuaren politika honela zehaztu zuen: "Estatuak proposatzen duen politikak, euskarazko eta euskararen irakaskuntza eskaerari erantzun nahi dio (...) Akademiako Ikuskaritzak, argiki agertuko den giza eskaerari, Estatuaren erantzun sistematiko eta deliberatua emateko ahalak izanen ditu." Estatuaren engaiamendu hortan oinarritua, EHGKak proposatzen du Hezkuntza Nazionalarekin, Euskal Herri osoko eskaeraren neurtzeko eragingailu bat eraikitzea, eta 1999ko abenduaren 10ean Errektoreak hortarako aipatu lantaldean bere ekarpenak ematera engaiatzen da. Giza eskaeraren errolda honen ondoan, EHGKak eskaintzaren arloan lan egiteko premia azpimarratzen du, eskaintza egituratu bat, eskaera sortzen duena eta alderantziz. 2. Hizkuntza urrituen irakaskuntzari berezia zaion finantzamendu eragingailu baten sortzea Horrela, Akademiei ematen zaizkien hizkuntza urrituen irakaskuntzaren garapenerako ahal bereziak, eta azpi lurraldeko banaketa irizpideak definitzeko aukera izanen genuke. 3. Hizkuntza urrituetan irakasten duten Irakasleen kontrataziorako konkurtso bereziaren antolaketa Lehen mailarentzat, Irakasle konkurtso elebidun batek (lekuko hizkuntza/franstesa), hizkuntza hauetan erakasten duten irakasleen berezitasuna ezagutzera eramango luke, baina ere, estatutu ez egokia duten irakasle ordezkari gutxiago hartzera. Bigarren mailarentzat, lizeo profesionalen irakasleentzako egiten diren konkurtso bikoitzen erara, irakasleak irakatsiko duen ikasgaiaren hizkuntza urrituan irakasteko duen gaitasuna neurtzeko konkurtso baten antolaketa aholkatzen da. 4. Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren interesaren gaineko sentiberatze kanpaina baten zehaztea eta gauzatzea Familia, irakasle eta hautetsiei zuzendua, hiru sareenaldekoa eta federakunde eta guraso elkarteek eramango duten komunikazio kanpaina horrek, hezkuntza elebiduna sustatzeko eta garatzeko egina da, euskarazko irakaskuntzaren alde onak erakutsiz. 5. Euskararen jabetzeari buruzko helburuen ofizializazioa eta hortarako ebaluaketa tresnak, lehen mailan Euskararen ezagutza maila ezagutzeko, sare bakoitzak ebaluaketa tresnak sortu ditu. Hauen gainean oinarrituz, ona litzateke sare guzientzat ebaluaketa irizpide berdinak zehaztea eta ofizialki argitaratzea, ikasketa maila bakoitzarentzat lortu beharreko helburuak emanez eta ebaluaketa irizpide eta tresnak zehaztuz. EHGKak neurri hauek bi urteko epean gauza daitezen aholkatzen du (2000 2001). Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren garapena Euskal Herriko hizkuntz antolaketaren problematikan sartzen da, zeina Euskal Herria 2010 ean euskal kulturaren nortasunaren ezinbesteko gaitzat ematen den. Gogora dezagun politika orokor hori lau ekintza ardatzetan oinarritzen dela: Euskarazko eta euskararen irakaskuntza eta helduen alfabetatzea Seinaleak eta euskal toponimia Euskal komunikabideak Euskararen erabilera zerbitzu publikoetan Izan ere, nahiz estrategiaren lan eremu nagusia euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko politika izan, helburu nagusiak, hau da, euskararen erabileraren garapenak, hizkuntz eskemaren beste arlo batzuk martxan ematea behar du hizkuntza politika eraginkor orokor batera irixteko. Hizkuntza Kontseiluaren sortzea, Euskaltzaindiaren azkartzea, Baionan kokaturiko Euskararen Ikerketa Sail Bikoitz bat, edo IKTBen erabilera euskarri pedagogiko gisa, euskararen garapenaren aldeko hainbeste baliabide izanen dira. Baptiste Boloqui, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko idazkari nagusia Euskonews & Media 94.zbk (2000 / 10 / 6 13) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.