86 Zenbakia 2000-07-07 / 2000-07-14

Gaiak

Unibertsal linguistikoak: lehen eta orain

ETXEPARE, Ricardo

Unibertsal linguistikoak: lehen eta orain Unibertsal linguistikoak: lehen eta orain * Traducción al español del original en euskera Ricardo Etxepare Mendebaldeko tradizio intelektualean, unibertsal linguistikoen gaineko espekulazioa, erdi aroko filosofoek biztu zutena, beti egon da lotua adimenaren eta hizkuntzaren arteko erlazioaren auziarekin. Honetan, Erdi aroko modistek Aristotelesengandik eta haren jarraitzaile izan zen Prisciano gramatikalariarengandik zetorren ikuspegia jaso zuten. Ikuspegi honen arabera, hizkuntzaren kategoriak (Aristotelesen gogoeta gai nagusia kontu hauetan) adimenaren kategorien ispilu dira (hortikan modisten lanari ezarritako Gramatica Speculativa deitura, Lyons,1968 15.orr.), eta hauek elkarrekin josteko bitarteko gramatikalak, pentsamenduaren operazioen salatari zuzenak (ikus besteak beste, Seuren,1998, 30 41.orr.). Hizkuntza, beraz, adimenari begira dugun lehioa da. Erdi aroan sortutako ikuspegi hau, berpizkunde garaian Salamankako irakasle izan zen Brocensearen bitartez, Port Royaleko gramatikalarienganaino iritsi zen (ikus Lazaro Carreter,1949; Lakoff, 1968; eta Mitxelena,1975), eta dakigun bezala, hauen lanaren errainua zabal hedatu da, azken berpiztealdian gramatika generatiboaren inguruko zenbait ideien aitzindari gisa ezagutua izan delarik (Chomsky,1966). Arras bestelako burubidean, XVIII. mende bukaerako mugimendu erromantikoak lengoaia eta pentsamendua elkarri eragiten dioten ahalmen berezituen gisa irudikatu zituen. Hizkuntza, adimenaren operazioen errainu baino areago (Herderrek, esaterako, akastunegi ikusten zuen hizkuntza, adimenaren luzapena izateko), adimenaren osagai eragile bihurtzen da. Hizkuntzen arteko diferentziak, pentsamenduaren oinarri bakar eta unibertsaletik eratorritako azaleko formak tradizio "kartesianoan", pentsamenduaren eragile eta nortasun kulturalaren erakusle bihurtzen dira Humboldtengan (erromantizismo honen izenik aipagarriena, ezbairik gabe). Ideia hau arrunta zen ilustrazioko filosofoen artean, Humboldtek1797 1801 bitartean bizileku izan zuen Parisen. Unibertsal linguistikoen auziak, pentsamendua eta hizkuntza bereiz baina aldi berean elkar eragin eta mugatzen duten eremutzat jotzen dituen ikuspegi honetan, guziz bestelako bidea hartzen du: Humboldten arabera, hizkuntza desberdinek unibertsalak diren kategoria eta konbinakera sail baten barnean egiten dute beren hautua. Hautapenak ordea eragin zuzena du adimenaren sortze ahalmenean: hautu batzuek adimenaren pizgarri egokia diren bezala (talde honetan flexiozko hizkuntzak), beste batzuk mugagarri dira (hizkuntza isolagarrien aldera zuen ezinikusia, txinera tartean, aski ezaguna da) (ikus honetaz Aarsleff,1988; baita Seuren ere, 108 120 orr.). Pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko lotura estua (zeinetan hizkuntza eraginaren sorburu den eta pentsamendua, berriz, hartzaile geldo) Sapir Whorf deitu den hipotesian hezurmamitu da XX. mendean, eta egun bazterrekotzat har daiteke. Erabat uztekoa ez dela erakusten ahal luketen bi lan interesgarri, azkenaldion, Levinson ena (1996), sistema deiktikoen gainekoa, eta Chierchiarena (1995), "parametro semantikoen" gainekoa, dira. XIX. mendea, hizkuntzalaritza diziplina zientifiko bihurtu duen mendea da, gramatika konparatibo eta historikoaren bultzadaz. Xehetasun filologikoari atxikia (bereziki mende bukaerako neogramatikoen eskutik), hizkuntzalaritza historiko konparatiboak leku bat eskuratu zuen hizkuntzalaritzarentzat bere eskuko zientzia bezala, espekulazio oinarrigabearen baitatik atereaz eta ikerketa enpirikoaren bidera ekarriaz. Unibertsal linguistikoen auziak, bitarte hartan, kidetasun fonologikoen bilaketari eta ahaidetasun historikoen finkatzeari utzi zien lekua. Gramatikaren formari buruzko kezka (zer den giza hizkuntza posible bat eta zer ez, hau da, gramatikaren teoria bat) Pragako Eskolarekin indartu zen berriz ere, XX. mendearen hasieran. XX mendearen lehen erdia hala ere, eta bereziki ameriketan, unibertsalen hipotesiaren kontra den erlatibitate linguistikoaren garaiada. Bi gertakarik ahalbideratzen dute joera honen nagusitasuna: batetik, aztertutako hizkuntz eremuen zabaltzea (hizkuntza amerindioak bereziki, Boas lehenbizi, eta Sapir eta Bloomfielden ekimenez gero), eta honek ireki zuen ohiko gramatika ereduen aurreko eskeptizismoa; bestetik, behaviorismoaren gailentzea, eta gailentze honek ekarri zuen mesfidantza, adimenaren baitakotzat jo zitezkeen itxura konplexuko mekanismo guzien alderako. Martin Joos hizkuntzalariaren aipu ezagun bezain muturrekoak laburbiltzen du garatu zen izpirituaren nondik norakoa: "hizkuntzak mugarik gabe eta ezinustezko moduetan bereizten dira elkarrengandik". Pragako eskolako kideen lanek txertatu zuten ameriketan, bereziki Jakobsonen figuraren bitartez, unibertsal linguistikoen inguruko ardura. Chomsky, esate baterako, hizkuntzalaritzaren eginkizuna hiztunaren konpetentzia linguistikoaren azpiko propietate eta hertsidura unibertsalen bilaketan daukana, Jakobsonen ikasle izan zen. Greenbergen lana (unibertsalen eta unibertsalen arteko inplikazioen inguruko lan tipologiko haundia) Jakobsonek ordezkatutako Pragako eskolaren ekarrietan oin hartzen du (Greenbergek berak izendatuki aipatzen duenez, 1974, 42 43.orr.). Chomskyk sortutako gramatika generatiboak ikerbide eta muga berriak ireki ditu unibertsal linguistikoen panoraman azken hogei urteetan, unibertsalen konstataziotik sortzezko fakultate linguistikoen hipotesirainoko bidea eginez. Jauzi honetan "estimuluaren pobrezia"ren kontzeptuak giltzarri lana egiten du. Berez, unibertsal linguistiko bat, zein ere zabaldua baita, ez da ebidentzia aski haurraren sortzezko ahalmen linguistikoaren parte dela esateko. Baina unibertsal horrek suposatzen duen ezagutza haurraren ingurune linguistiko hutsak ez dezakeenean horni, bistan da haurrak berak ekartzen duela jabekuntza prozesura, eta beraz, sortzezko propietate baten aurrean gaudela (inguruak ezin berez egituratu izan duen ezagutzaren aurrean, alegia). Exenplu xume batez azaltzeko: eman dezagun propietategramatikal sinple bat, galderak egiteko enplegatzen dugun estrategia, esate baterako. Estrategia honi jarraituaz, galdera hitza perpaus "normaletan" hitz hori egongo litzatekeen lekutik ateratzen dugu (1): a. Ez dut uste Xabier etorriko denik b. Nor ez duzu uste (nor) etorriko denik ? (1b) exenpluan, iduri du galdera hitza zegokion tokitik atera dugula, eta goiko perpausaren ezker muturrera eraman dugula. Propietate orokor honi (orijinaltasun xederik batere gabe) "lekualdatze propietatea" deitzen zaio, informalki. Ikus propietate hau ingurune linguistikotik zuzenean ikas daitekeen zerbait dela: entzun egiten baita. Kontua da, Rossek aspaldi ikusi zuen bezala (1967), giza hizkuntzak hertsidura sorta interesgarri bat ezartzen diola prozedura itxuraz sinple honi (2k horietako bat erakusten du, beste ainitzen artean). Zenbait lekualdatze, dirudienez, ez da zilegi: a. Ez dut entzun Xabier atxilotu duten zurrumurrurik b. Nor ez duzu entzun (nor) atxilotu duten zurrumurrurik ? (Ene!) (2b)ren problema ez da besterik gabe urrutiegi edo mugitu dugula, (3) lekuko: a. Ez dut uste Jonek esan duenik Xabier etorriko dela b. Nor ez duzu uste esan duenik (nor) etorriko dela ? Emanen luke (eta Rossek hala erakutsi zuen) (2b)k duen problema lekualdatze moeta hau zenbait egituraren gainetik ezin osa daitekeela dela. Informazio hau, baina, ez dago ingurune linguistikoan (hasteko, egitura adierazten duen informazio zuzenik ez dago), ezin da beraz, ingurunetik ikasi. Inguruneak ematen ez badu, haurraren adimenean dago. Propietate honek, bestalde, linguistikoa ematen du huts hutsik (nekez erator daiteke bestelako ezagutza klasetik). Sortzezkoa bada eta linguistikoa huts hutsik, unibertsala behar luke izan (ezin da ikasi, beraz zein nahi hizkuntzatan gauza bera aurkitu behar dugu), eta badirudi unibertsala dela (Huang,1982, eta handik sortutako lan ildoa). Unibertsalen inguruko ikerketa beraz, adimenaren organizazioari (bereziki lengoaiari dagokion atalari) buruzko hipotesi osoesplizituak egiteko baliatzen ahal da, eta baliatzen da (ikus besteak beste, Chomsky, 1988, lehen kapitulua). Erreferentziak: Aarsleff, Hans (1988) "Introduction". In W. Humboldt On Language. The Diversity of Human Language Structure and its Influence on the Mental Development of Mankind, Peter Heath itzultzaile, Cambridge University Press, Cambridge. Chierchia, G. (1995) Plurality of mass nouns and the notion of "semantic parameter." Eskuizkr. Milango Unibertsitatea. Chomsky, N (1969) Lingüística cartesiana , Biblioteca Románica Hispánica, Gredos, Madrid. Chomsky, Noam (1988) El lenguaje y los problemas del conocimiento , Visor Lingüística y Conocimiento, 2, Madrid. Greenberg, J. (1974) Language Typology: A Historical and Analytical Overview , Mouton, The Hague. Huang, J. (1982) Logical relations in Chinese and the theory of grammar. Doktoradutza tesia, MIT. Lazaro Carreter , F. (1949) Las ideas lingüísticas en España durante el siglo XVIII , Madrid. Levinson, S. (1996) Relativity in spatial conception and description. In J.J. Gumperz eta S.C. Levinson (arg.), Rethinking Linguistic Relativity , Cambridge University Press, Cambridge. Mitxelena, K. (1985) El Brocense hoy. In Lengua e Historia , Colección Filológica, Paraninfo, Madrid. Ross, J.H. (1967) Constraints on variables in syntax . Doktoradutza tesia, MIT. Seuren, P. (1998) Western Linguistics: an Historical Introduction , Blackwell Publishers. Ricardo Etxepare Euskonews & Media 86.zbk (2000 / 7 / 7 14) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.gara.net http://ikaskuntza.org/