86 Zenbakia 2000-07-07 / 2000-07-14

Gaiak

Mugaz gaindiko ospitalea

LARRASQUET, Jean Michel ROMATET, Jean Jacques

Mugaz gaindiko ospitalea Mugaz gaindiko ospitalea * Traduction au français de l'original en basque Jean Jacques Romatet/Jean Michel Larrasquet Mundializazioak ekartzen dituen garapen logikek elkarrekin batera eta paradoxikoki bultzatzen dituzte, alde batetik kanpora begira irekitze prozesu azkarrak, eta bestetik ingurugune hurbileko harremanak. Hori begi bistakoa bada, ezagutza, teknologia edo formakuntzari dagokienez, gure konbikzioa da osasungintzari begira, antzerako ezaugarriak gero eta gehiago ari direla nabarmentzen. Gure mugaz gaindiko guneak batera ezagutzen ditu nazioarteko ezaugarri batzuk (ezberdintasun eta etenez eginik) eta batera hurbiltasunarenak (gehiago berdintasun eta jarraipenez josia dena), bi dimentsio horiek etengabeko dantza bitxi batetan aritzen direlarik. Sareak iruten, muga gainditu... Tokizko eta urrutizko dimentsioen arteko dialektika hura ez da bakarrik osasungintzan gertatzen, hala ere arlo hau ukitzen du bai zuzenka, bai zeharka. Gizarte aktibitatearen egunerokotasunak gero eta gehiago erakusten ditu mugaz gaindiko ezaugarri nabarmenak, kultura hurbiltze prozesuetan, mugaz gaindiko garapen ekonomikoarentzat dedikatzen diren bitarteko ekonomiko berezietan, mugaz gaindiko trukaketek ezagutzen duten garapena ikusirik, esate baterako. Honek zeharkako berreragiketa importante bat sortzen du osasungintza sektorean. Proiektu amankomunak maieutika luze eta konplexuaren fruitua dira gehienetan. Bolontarismo eta nahikundea erakutsi behar dute aktoreek, elkar ezagutzen eta elkar preziatzen ikasten ari direlarik, eta elkarrekilako lanean dagoen izkututako interesa urratsez urrats ulertzen ari direlarik. Nafarroarekilako harremanak Iruñea eta Baionaren arteko harremanaren historia oso esanguratsua da ikuspundu honetatik. Ekarpen urriak baizik ez dute eman hamazazpi urteetako harremanek: mediku eta zuzendarien arteko bost ihardunaldi, kolokio batzuetan parte hartze amankomun batzuk, mediku gazte batzuen formakuntzaren zerbait hobetze... Beste proiektubat azpimarratu behar da, pragmatikoa eta xumea, baina bai seguraski oso garrantzitsua europear eta mugaz gaindiko garapenari buruz, hau da, osasungintzan diharduten langileen hizkuntz ikasketak. Nolabaiteko inkubazio aro batetan izanki, Nafarroarekiko hartuemanek gehiketa eta azkartze dinamiko bat eskatzen dute, zalantza izpirik gabe... Gipuzkoarekiko harremanak Zorionez, Donostiako ospitalekiko harremanak garatuagoak dira. Historikoki, hainbat proiektu amankomun garrantzitsuen gainean eraikitzen dira (pediatrian gastro hestegorriko ber flujoaren azterketa konparatiboa, Poligitania proiektua, zointan aztertzen den azkarki zaurituak direnen ospitale aurreko eta barneko arretaren antolaketa...) Gaur egun, Baiona eta Donostiako ospitaleen artean binazkatze prozesu bat martxan dago, kolaboraziorako nahikunde instituzionala isladatzen duena. Binazkatze prozesu honekin batera, beste proiektu batzu sortu dira, kolaborazioari egiazko mamia ematen diotena: burmuineko istripu baskularraren arreta azterketa konparatiboa (Iruñeako Nafarroako ospitalearekin batera), HIV eri buruzko lan konparatiboa, organoen kenketei buruzko lan amankomuna... Gainera, Gipuzkoa poliklinikarekin kolaborazio bat aurremarrazten da. Baionako ospitaleak angioplastiak egin nahi ditu, etorkizun hurbilean, azterketa baskularrak egiteko daukan gela berezian. Horretarako, eskualdeko tutela agintariek bihotz kirurgia zerbizu bat hurbiltasun gorrian eskatzen dute (mahaitik mahaira, ordu bete baino gutiagoko diztantzia batera). Baionan zerbitzu txiki, garesti eta desegoki bat sortzearen partez, Donostiako Gipuzkoa Poliklinika kardiologia zerbitzuarekilako konbenioa egitea soluzio egokiagotzat kontsideratzen da. Arazo administratiboak gainditzeko, negoziatzen ari da dagoeneko. Haratago, harreman jarraikiak eta adiskidantzazkoak lotuak dira Osakidetzarekin, azken hau Euskal Autonomia Erkidegoko osasun zerbitzua delarik. Bereziki, mugaz gaindiko osasun behatoki baten eraikuntza aztertzen ari da. Oso garrantzitsualitzateke holako erakunde baten garapena, osasun publikoko arazoei aurre egiteko, azken hauek muga politikorik ez baitute egiazki ezagutzen... Ondorioa: Mugaz gaindiko gune batetan, ospitaleak eta osasunari lotuak diren aktibitateak, bi aldeen arteko harremanak nola antola da pausatu behar den ezinbesteko galdera. Zalantzarik gabe, hor daude garapenerako aukera interesgarriak, beti ere azken hauek oportunitate estrategikoak bezala kontsideratzen badira, bi aldeen artean dauden "pontentzial diferentziek" balio erantsi handiko trukaketak baimentzen baitituzte. Hastapenean, gizakumeen nahikundearengandik sortzen dira kolaborazio horiek. Elkar ezagutzen, elkar preziatzen ikasten ari diren gizakumeen nahikundea ! Elkar osagarritasunean oinarritzen diren proiektu batzuetan eraiki behar da. Elkarrekin eraikitzearen nahikundea nahitaezkoa baldin bada, inkantazioa sekula ez da nahikoa. Hala ere, azpimarratzekoa dena honaxe hau da : lagun horientzako beharrezkoak ez diren ez ohiko gauza batzuen eraikuntzan lan egitea. Ofiziotik harat diren gauzetan sartuz, Euskal Herri osoaren osasungintzaren eraikuntzan parte hartuz. Hauxe da beste dimentsioko zerbait, Euskal Herriko gizakumeen hurbiltzearen gainean eraikitzen dena... Hau proiektu ederra! Jean Jacques Romatet, Baionako ospitaleko zuzendaria Jean Michel Larrasquet, Baionako GRAPHOS CNRS laborategiko zuzendaria Argazkiak: Osakidetzako eta Iruñeako Udaleko webguneetatik Euskonews & Media 86.zbk (2000 / 7 / 7 14) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/