80 Zenbakia 2000-05-26 / 2000-06-02

Gaiak

'LehendaBIZI' egitasmoa: 3. milaurteko Gipuzkoako bidegorriak

BERGUA, Edorta

"LehendaBIZI" egitasmoa: 3. milaurteko Gipuzkoako bidegorriak "LehendaBIZI" egitasmoa: 3. milaurteko Gipuzkoako bidegorriak Edorta Bergua SARRERA BIZIKLETAK, GIZARTE ONARGARRIA ETA BIZI KALITATEA BIZIKLETA SAREEN AURREKARIAK: 1. Ameriketako Estatu Batuak 2. Quebec 3. Erresuma Batua 4. Suitza 5. Beste herrialde batzuetako bidegorri sareak EAEn BIDEGORRI SAREEN EGITASMOEN AURREKARIAK EGITASMOAREN EGOKITASUNA BIDEGORRI SAREAREN ARDATZAK FORU IZAERAKO PROPOSAMENA EPILOGOA Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzentzen diogun ekimena da "LehendaBIZI Egitasmoa" (1), ahal den eperik laburrenean egitasmo bat landu dezan, Gipuzkoako bidegorrien sarea sortzeko. Eskatzen dugu, proiektu horrek, bide azpiegiturak aipatzeaz gain, jardun paraleloak jasotzeko, herriko garapena sustatze aldera eta enplegua sortze aldera, ingurugiro, aisialdi, kirol, kultura eta baserri turismoaren arloetan. Ekimen hau 1998ko azaroaren 9an aurkeztu genuen jende aurrean, KALAPIE (Donostiako hiriko txirrindularien elkartea) eta LURRATS (Arrasateko bizikletari eta oinezkoen elkartea) elkarteek abian jarritakoa, eta hasiera batean 20 entitate publiko, pribatuk eta herri entitatek bultzatua (2). (AURKIBIDERA) SARRERA Bizikletak ez du kutsatzen, isila da, ez du ia tokirik hartzen, mugimenduen askatasun handia eskaintzen du, eta distantzia txiki eta ertainetan (5 8 kilometro artean) hiri barnean garraiorik azkarrena da. Ia ez du energiarik kontsumitzen, eta oinezko batek behar dituen kalorien laurdenarekin hirukoiztu edo laukoiztu egiten du abiadura. Diru gutxirekin eskuragarria da, eta mantenua erraza eta merkea da. Gainera, mugikortasunarekin batera soin ariketak egitera behartzen gaitu, horrela zenbait gaixotasun prebenitzen du. Estres eta agresibitate maila murrizten duen heinean giza harremanak suspertzen ditu, eta natura, herri zein hiriarekin harremana bultzatzen du. Euskal Herriko eta Europako erakunde publiko ugarik (3) aitortu dituzte bizikleta erabiltzeak dituen alderdi onak, eta horrela tokiko udalak bultzarazidituzte bizikletaren erabilera suspertzera garraiobide modura. Hala ere, arrisku baldintzak bizikletaz ibiltzeari eragiten dio neurri handi batean. Egoera honek dakarren ondorio nagusia txirrindulariek jasaten dituzten istripu kopuru altua da. 1990 94 urte bitartean Espainiako Estatuan 16.400 txirrindulari trafiko istripuen biktima izan ziren; horietatik 760 baino gehiago (4) hil egin ziren. Bizikletan zelan dabiltzan ikusirik, esan daiteke horixe dela jende askoren arrazoi nagusia bizikletan ez ibiltzeko. Baina jende hori prest egongo litzateke modu batean edo bestean erabiltzeko, segurtasun eta erosotasun baldintza minimo batzuk bermatuko balira. Benetan uste dugu txirrindulari potentzial izendatu daitekeela jende kopuru handia eta azpiegitura seguruak eta erosoak sortzearen alde egongo liratekeela horiek guztiak: . Gipuzkoako sendien %52ak gutxienez bizikleta (5) bat du etxean. . Donostiako (6) datu batzuek diote baina Gipuzkoara estrapolatu daitezkeenak dudarik gabe donostiarren %71k bizikletan ibiltzen dakiela. . Aipatu ikerketak dio bizikleta erabiltzen ez duen %25 hori prest legokeela erabiltzeko, segurtasun baldintzak landuko balira. . Gainera, Gipuzkoan egiten diren desplazamendu gehienak distantzia laburrekoak dira. Eta distantzia labur hauetan bizikleta da garraiobide egokiena, garraiorik azkarrena baita atez ateko hiri desplazamenduetan 5 kilometro (7) baino laburragoak diren distantzietan. Horrela, 5 km baino txikiagoak dira, 6 urtetik gorako ikasle gipuzkoarrek etxetik ikastetxeraino egiten dituzten ibilaldien %71, eta lanean diharduen biztanleek haien lanlekutik (8) egiten dituzten ibilaldien %63. . Esanguratsua da Gipuzkoako herritarren iritzia behin eskatu dela garraio alternatibei buruz, Eusko Jaurlaritzak antolatu zituen Interbentzio Gune Partehartzaileetan Urbina Maltzaga ardatza eraikitzeko prozesua zela eta, eta aukeratu zen lehena "oinezko eta bizikletarientzako bideen aldeko taldea"ren proposamena izan zen. Hiru ataletako azkenean hau eskatzenzuen: "Epe luzeago batean oinezko bizikletarientzat bide sare trinko bat egin dadila, Euskadiren geografia osoan zehar, hango bizilagunak eta hara doazenak oinez edo bizikletan ibili ahal izan daitezen, istripuak izateko arriskurik gabe, herri batetik bestera eta hango eskualdeen artean". Gizartea administrazioa harremanetan maiz gertatzen den fenomenoa adierazten du azken datu horrek; arduradun politikoek batzuetan ez dakitela ondo zein iritzi duten herritarrek gai horiei buruz, hala nola, bizikletaren aldeko neurriak hartzearen alde daudela herritarrak. Horren adibidea: Europa osoko herritarrei eta ordezkari politikoei egindako inkesta bat (UITP CEE, 1992) (9); inkesta hartan herritarren %71 bizikletarien aldeko neurriak hartzearen aldekoa zen, automobil trafikoari buruz; ordezkari politikoek, aldiz, pentsatzen zuten herritarren %48 zirela neurri horien alde zeudenak; ordezkari politikoen %80 neurri horien alde agertu zen. Azkenik, aurtengo maiatzaren 8an "zirkulazio arauak bizikletan ibiltzeko praktikara egokitzeari bauruz lege ez den Proposamena" onartu zuen Eusko Legebiltzarrak aho batez. Proposamen horren 4. puntuan hitzez hitz hauxe dio: "Eusko Legebiltzarrak agintzen die Eusko Jaurlaritzari, dagozkion sailen bitartez, eta Foru Aldundiei, haien departamentuen bitartez, kontuan hartu ditzatela, EAEko bide azpiegiturak egin eta garatzean, bizikletariak ibiltzeko espazio espezifikoak, eta hartarako fondo publikoak jarriko ditzatela." (AURKIBIDERA) BIZIKLETAK, GIZARTE ONARGARRIA ETA BIZI KALITATEA Proiektu hau ez dago bizikleta kirol gisa erabiltzen duenari zuzenduta, Gipuzkoako biztanlea gehienei baizik, hau da, gaur egungo egoeran bizikleta hartzeari beldur diotenei edo nekez hartzen dutenei; hau da, inguru atsegin, erakargarri, lasai eta eroso batean bizikletan ibiltzeaz gozatu ezin dutenei. Proiektuak hauxe bilatu nahi du: biztanle gehienak, adin tartea eta egoera soziala mugarik jartzen ez duelarik, bizikletaz lanera, eskolara, dendetara eta abar joateko aukeraerreala izan dezan; bere ingurua bizikleta batean aulki gainean ikusteko aukera izan dezan; Gipuzkoan dauden geografia eta ingurugiro balioak, hala nola, kultura baliabideak bizikletaz ezagutzeko aukera izan dezan; hori guztia, inguruaz gozatzeko erritmo onean eta zeharkatzen den lurraldearekin harreman naturala eta zuzenekoa edukiz. Gure gizartea etorkizunak dakartzan lehiak gainditzeko prestatzen da etengabe. Bada garaia, beraz, hurrengo milaurteko gizartea prestatzeko salto kualitatibo bat eman dezan Gipuzkoak, bizi kalitatearen oinarriekin bat, ingurugiroaren babesa eta ondorengo belaunaldiekin konpromisoa hartuz, gure inguru naturala eta kulturalaren ezagutzaren sustapenarekin. Gipuzkoak hautsi behar du era eraginkorrean bizikleta garraiobide gisa erabiltzearen aurka duen katearekin: Administrazioak ez ditu sustatzen ezta babesten ere txirrindulariak, esanez bizikleta ohiko desplazamendurako dituen txirrindulari kopurua murritza dela; bizikletarako neurri sare eroso eta seguruak ematen ez direnez, ez dira bultzatzen potentzialki txirrindulari izan daitezkeenak. Maila honetan garrantzi handiko ekimen bat Gipuzkoan bidegorri sare bat sortzea izango litzateke. Halako ekimen publiko batek bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio eta aisialdiari zuzenduta, politika integralaren lehen harria izan beharko luke. Politika honek elkardependentziako ikuspegi global batetik bizikletaren erabileran zerikusia duten eta baldintzatzen duten elementuak landu beharko lituzke, eta gai honekiko dagokion erakunde eta agente sozialen konpromisoa lortu. Proposatutako ekimena beste alor batzuetan jorratutako ekimenekin batera bultzatu beharko litzatekeela uste dugu, sortutako efektu sinergikoak mesede egin diezaion; horrela, herri mailako garapena eta lanpostu euskarrien sorkuntza sustatu. Aipaturiko arloen artean hauek leudeke: Turismoa eta ostalaritzaren azpiegitura sustatzea. Ingurugiroa zaindu eta hobetzea. Ahaztutako ondare arkitektonikoa berreskuratzea. Ingurugiro hezkuntzaindartzea. Kultura eta aisialdirako zerbitzuak sustatzea. Bidegorrien sarerako bereziki diseinatutako, ekoiztutako eta ezarritako seinale jokoa. Proiektua aurrera eramateko ateratako hasierako lan esperientziatik autoenplegu taldeak suspertzea. Bidegorriez (10) ari garenean eraikuntza eta erabileran ingurune eta ingurugiroan kalte gutxi sortzen duten bideen azpiegituraz ari gara; horiek oso erabilgarriak dira erabiltzaileei ziurtasun maila altua bermatzen baitie. Era berean, une honetan txirrindularia ez den jende asko erakar lezakete bideek igarotzen dituzten lekuen diseinua interesgarria izanez gero. Alemanian egindako azterketetatik jasotako datuek, eta Holandan egindako beste batzuek egiaztaturik, adierazten dute bizikletan ibiltzeko bide espezifikoek murriztu egiten dituztela %60 bizikletariek (11) izan ohi dituzten istripuak. Halako kasuetan, gainera, istripuen %30 gertatzen da bizikleta bideak motordun trafikoa duen bide bat gurutzatzen duenean. Uste dute bizikleta bide bananduak eta behar diren bezalako gurutzebideak eginez gero, %90 murriztuko litzatekeela istripu kopura. Bizikletan ibiltzeko sareei dagokionez, Gipuzkoako errealitatea anekdotan geratzen da (7 herritan bakarrik egin dira halakoak: Arrasate, Donostia, Hondarribia, Irun, Oiartzun, Urretxu Zumarraga eta Zarautz); oso laburrak (guztira 17 km), baina kasu batean ere ez dira iristen herri barruko komunikaziobide izatera (12). Gipuzkoako bidegorri sarea gauzatzeko proiektuak ez du zertan koste ekonomiko handirik izan behar eta edozein modutan ere garraio motordunentzat egindako errepideak baino askoz merkeago izango da. Azken batean, Gipuzkoa eta hango biztanleen ongizate eta bizi kalitatea hobetuko lukeen inbertsio bat izango litzateke. Bestalde, ez dugu ahaztu behar lurralde eta herri mailako bidegorri sareek dakarzkiten etekin ekonomikoak, egindako inbertsioa epe laburrean amortizatuz. Horrela, Danubioko bizikleta ibilbidean, Austrian (Passau Vienak Hainburg), korridore honetan zehar pasatzendiren turisten %90ek egiten du gaua bertan, eta batazbeste bizikletariek eguneko 30 ECU gastatzen dute (13). Alemaniako Mosel eta Sarrek bidegorrietara doazen zikloturistak, Danimarkako Bidegorrien Sarea bisitatzen dutenak legez, eguneko batazbeste 50 ECU ko gastua egiten dute. Holanda herriko bidegorri sarea erabiltzen duten zikloturistek oporraldietan (500.000 pertsona 1993 urtean) batazbeste 7 egun igaro zituen alojamendu turistikoetan. Danimarkako Funen en egindako azterketek adierazten dute, zikloturistek automobil bisitarien per capita gastua gainditzen dutela. Alemaniako biztanleen %23k bizikleta erabiltzen du oporretan; ziklismoa da gehien hazi dena aisialdi jarduerari dagokionez. Izan ere, Alemanian 180 tour operadore dabil bizikleta turismoaren eremuan, eta 80.000 kontratu egiten dute urteko. (AURKIBIDERA) BIZIKLETA SAREEN AURREKARIAK 1. Ameriketako Estatu Batuak Herriz gaindiko eskalako bizikleta bideen sareak 60.eko hamarkadaren erdialdera sortu ziren Ameriketako Estatu Batuetan, trenbide zaharrak motor gabeko bide bihurtuz (rail to trail). Bide horiek, hiriko biztanleek goza dezaten zuzendutako jolas kontzepziotik urrun, herriak lotzeko ere pentsatu ziren, eta lanera, ikastokira, edo merkataritza zentroetara joateko bizikleta aukeratzen duten pertsonei zerbitzua emateko. 1993 urtean bide hark 10.600 km.(15) baino gehiago zuen eta kalkulatu zuten urte hartan, eta azpiegitura haiei esker, bizikletan 76.000.000 joan etorri egin zirela. 2000. urtean espero dute 16.000 km tik gora izatea motor gabeko joan etorriak egiteko berreskuratuko diren bideak. "Greenways" (bide berdeak) programak eta oinezkoen eta bizikletarientzako beste azpiegitura batzuk neurri handian EEBBetako Kongresuak 1991 urtean onartutako lege bati (Intermodal Surface Transportation Efficiency Act) esker finantzatzen dira. Beharturik daude autopistak egiteko dagoen aurrekontuaren portzentaje bat egitasmo horiek egiteko jartzen. Lege horri esker, indarrean egon den 6 urteetan 1.018,4miloi dolare jarri dira, fondo federaletatik datozenak, bizikletazibiltzeko bide azpiegiturak sortzeko. Lehentasuna dute bizikleta sustatzen dituztenak, beti ere gehiago garraiobide moduan jolas, denbora pasatzeko moduan baino. 2. Quebec Beste adibide bat Quebec en dugu (Kanada); 1992 urtean, "Bizikletan ibili eta ibilbide berdeen Quebec eko 2000 urterako Plana" markoan, (Ibilbide berdea) "La Route verte" izeneko ekimena abian jartzea onartu zuen gobernuak. Ibilbide hori 2002 urtean amaituko dute, eta orduan 3.400 km ko bidegorri sarea izango du, etenik gabe, eta ekialdetik mendebaldera Quebec osoa zeharkatu ahal izango da. Bizikletaren bidez 200 udalerri lotu ahal izango dira, modu seguruan eta lotu ahal izango dira Estatu Batuetan dauden beste bidegorri sare batzuekin. Ekimen horrek, hainbat ministerioak esku hartzen dutelarik (Garraioa, Gazteriaren idazkaritza, Enplegua, Turismoa, e.a.), Kanadako 88,5 miloi dolarreko aurrekontua du; horietatik zati bat gazteentzat enplegua sortzeko, eraikuntza, hirigintza eta ingurugiroa hobetzeko arloetan. Ekonomiaren kapituluan, "La Route verte" egitasmoak aurreikusi du sare horren bizikletari erabiltzaileek 41,4 miloi (16) dolareko gastua egingo dutela urtean. 3. Erresuma Batua Herrialde honetan ere 2000. urterako bidegorri sare zabala izan nahi dute. Ordurako "National Cycle Network"ek (Bidegorrien Sare Nazionala) 6.000 km tik gora izango du. Bidegorri horiek hegoaldetik iparraldera egingo dute, etenik gabe. Sare nazional hori garatzeko, 183,5 miloi libra esterlina (17) inbertitzera iritsiko dira. Gaurko egunean Bristol eta Bath lotzen dituen bidezatian (20 km koa) urtero 1.000.000 joan etorri baino gehiago izaten da. 4. Suitza 1996. urtean Suitzako gobernuak, talde ziklistekin eta arlo horretako entitatekin eta enpresekin elkarlanean, "Veloland Schweiz" egitasmoa jarri zuten abian; bizikletarientzat 9 ibilbide handi sortzea proposatzen da, 3.200 km an herrialde osoa (18) zeharkatzeko. Sare honetako lehen 2.500 km datorren ekaineaninauguratuko dira, Suitzako Federazio Batasunaren 150 urteurrenaren ospakizunarekin bat. Pentsatzen dute egitasmo hori 6,5 miloi ECUkoa izango dela. 5. Beste herrialde batzuetako bidegorri sareak Bizikletan ibiltzeko herri barruko bidesareak, bertan bera utzitako azpiegitura zaharrak izan edo ez izan, dagoeneko errealite dira beste herrialde askotan. Japoniaren kasuan, guztira 25.000 km bide bizikletan ibiltzeko, 35.000 km Alemanian, 18.000 km Holandan, 10.000 km Finlandian, 6.300 km Suedian, edo 3.500 Danimarkan; hor garbi ikusten da zein garrantzia duten azpiegitura horiek bizikletan joan etorriak egiteko. (AURKIBIDERA) EAEn BIDEGORRI SAREEN EGITASMOEN AURREKARIAK Aurkezten den ekimen hau ez da inolaz ere proposamen bitxi bat, gure gizartean bizikletaren inguruan dagoen sentsibilitatearekin lotu gabe dagoena. Horren froga dira, agertutako datuez aparte, behin behineko bidegorri sareak Gipuzkoako lurraldean sortzeko Administrazio Publikoek bultzatutako zenbait egitasmo. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Garraio Sailak sustatu zuen lehen egitasmoa 1983. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan "Bidegorriak Sarea" esaten zitzaiona sortzeko. Nahiz eta proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia eta Errenteriako Udalek onartu, ez zen sekula aurrera eraman, honetarako Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 1983. urteko uholdeak jarri baitzituzten aitzakiatzat aurrekontuak desbideratzeko. Bizkaikoa, ordea, aurreratuagoa zegoenez bukatzea lortu zen. EAEko Errepideen Plan Orokorra idazten ari ziren une berean, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanen Sailak 1988. urtean "EAEn Bizikletentzako Errepideen Plan Orokorra" idaztea ere eskatu zuen. Plan honek "Bidegorrien Sarea" planak bilatzen zituen helburu berak bilatzen ditu. Aurrekoa bezala, plan hau ez zen onartu, ezta aurrera eraman ere, nahiz eta erabaki haren zergatia publikoki ezezaguna izan. Aurrera eraman ez zen beste egitasmo batean aurrerakina "Gipuzkoan bizikletentzako bide sare batean eraikuntzarakoOinarrizko Plana" esaten zitzaiona da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurugiro Sailak sustatua. Edozein modutan ere Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen ekimen hori onartu, aurrekontuen erabileraren lehentasuna arrazoi bezala erabiliaz. Gipuzkoa mailan aurkeztutako herri arteko bidegorrien azken egitasmoa "Pasaiako Badiaren hiri berritzearen oinarrizko egitarauan" 10. zenbakiarekin agertutako ekimena da, Europako Batasuneko "Urban 96 99" ekimenean aurkeztu zena. Une honetan ez dakigu zer gertatuko den ekimen horrekin oinarrizko egitarauak ez baititu Europako Batasunari eskatutako dirulaguntzak jaso. (AURKIBIDERA) EGITASMOAREN EGOKITASUNA Une honetan badira hainbat aldi bereko egoera proiektu honi erakargarritasun eta erabilgarritasun handiagoa eman diezaioketeenak. 1. Arabako Foru Aldundiak trenbide eta abelbide zaharrak berreskuratzeko plana jarri du abian, eta txirrindulari eta oinezkoentzat 300 km. birmoldatu ditu. Gaur egun, bizikletaz bidaiatzeko aukera dago Landa herritik, Arlabaneko gainarekin muga egiten duena, Gasteizeraino. Hortik aparte, trenbide ibilbide bereko beste 10 kilometroko berreskuratze lanak esleituta daude, Gasteiz eta Estibalitz (Andollu) artean. 2. Bertizeko Partzuergo Turistikoan bildutako Nafarroako zenbait Udalerrik Bidasoako trenbide ibilbide zaharra egokitu dute bizikletariek eta oinezkoek erabiltzeko, Irun eta Elizondo elkartuz. Aipatutako patzuergoak baditu aurreratuak ibilbide osoa berreskuratzeko lan teknikoak. Bestalde, Plazaolako Partzuergo Turistikoak Plazaolako trenbidearen, Lasarte Oria Iruñearekin lotzen zuena, badu Nafarroako zatia berreskuratzeko (56 km.) egitasmoa. 3. Pasatu den apirilean Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Laneko departamentuak iragarri zuen, Bizkaiko lurralde osoa zeharkatuko duen 10 bidegorriez osatutako sare bat eraiki behar zutela. Proiektua Errepideetako Lurralde Plan Sektorialeko jardueretako bat izango da. 4. Europako Txirrindularien Federazioak (ECF), Europako Batzordearen laguntzarekin, EuroVeloizena duen egitasmoa hasi da lantzen bizikletentzako ibilbide handien Europaz handiko sarea sortzeko asmoarekin. Egitasmoaren helburua kontinentea alde batetik bestera zeharkatuko luketen 12 bizikleta ibilaldi handi sortzea izango litzateke 15 20 urteren epean. Lehenengo ibilaldia 2000. urtearen udaberrian ireki nahi dute, data horretatik aurrera urtero ibilaldi berri bat irekitzeko asmoarekin. Bizikletentzako bidegorri sarea txirrindularitza suspertzeko asmoarekin jaio da, bai hiribarneko bai hiri arteko garraiobide izateko eta baita turismoaren garraiobide egoki bezala ere, hori guztia Europako herrien eta hiritarren arteko elkarketaren sustapenaren ikuspegitik. EuroVelo proiektuak 1998. urteko lehen lanetarako %50aren finantziazio konpromisoa dauka jada Europako Batzordeko Garraioaren Zuzendaritza Orokorraren aldetik. Era berean, Ingurugiroaren Zuzendaritza Orokorrak bat egin du egitasmo horrekin. Ildo honetan, Frantziatik datorren ibilbide hauetako bat Hendaiatik Gipuzkoara sartzea aurreikusten da, segur aski Bidasoako bailararen bitartez Orreagatik datorren Santiagoko bidearekin lotzeko. Kasu honetan Gipuzkoa Europako ekimen horretatik ia guztiz kanpo geratuko litzateke (Irundik Endarlatzara dauden 10 15 km. eskasak salbu), Gipuzkoak Europa zeharkatuko duen ibilbide honetaz benetako interesa jartzen ez badu, behintzat. Apustua izan daiteke bide honi Gipuzkoako kostaldetik zihoan Santiagoko ibilbide zaharretik jarraipena ematea bai Bizkairaino kostaldetik bertatik eta bai Arabaraino Debako bailaratik; horrela, bat egingo luke Arlabango gainean (Landa) hasten den eta Gasteizen bukatzen den bidegorriarekin. (AURKIBIDERA) BIDEGORRI SAREAREN ARDATZAK Epe ertainera biztanle gehien duten Gipuzkoako udalerriak sarean bertan izan daitezen bermatzea dute helburu proposatutako ardatzek. Sarea marrazteko, ahal den neurrian bide lauak, zaharkitutako trenbide zaharrak eta sarean bertan dauden herri eta hiriguneak zeharkatzen dituzten bideak bilatu dira. Azken kasu horretan,sarea ez da herritik urrun eraiki nahi izan; horrela, gainera, bailarako herriak elkartu nahi izan dira herritarren eguneroko joan etorriak egiteko. Lehenik, Higerreko lurmuturrean hasi eta Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatu ondoren Saturrarandik Bizkaira sartuko litzatekeen kostaldeko ibilbidea egingo genuke. Kostaldeko ibilbide honetatik bailaretan barrena sartuko liratekeen ibilbideak hasiko lirateke. Mendebaldetik ekialdera lehena Debakoa izango litzateke; gero, Urolakoa, Oriakoa, bate eginez Leitzarangoarekin eta, azkenik, Bidasoakoa, Nafarroaraino luzatuko litzatekeena. (AURKIBIDERA) FORU IZAERAKO PROPOSAMENA Proposamen hau Gipuzkoako Foru Aldundiari egiten diogu, bera baita Gipuzkoako lurraldean bideen planifikazio eta gauzatzearen arduraduna administrazio publikoen artean. Egitasmoak dimentsio aniztasun handia du (hiri barruko garraioentzako azpiegitura, herriari eta turismoari dagokion garapenaren ekimena, Ingurugiroa sustatu eta berreskuratzea, kirola suspertzea, ingurugiro hezkuntza, kultura dinamizazioa, ondare arkitektonikoa berreskuratzea, e.a.) eta horregatik, proposatzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak, arlo horietan eskumen ardura dutenak, inplikatu daitezela batera eta elkartasunez egitasmo horretan. (AURKIBIDERA) EPILOGOA Gaurko egunean Gipuzkoako eta Euskal Herriko 62 entitatek egin dute "LehendaBIZI Egitasmoa"ren alde; horietatik 31 entitate herri erakundeak dira, udalak (17), enpresa entitateak (6), eskualdea garatzeko agentziak (3) eta kirol entitateak (5). Gure ustez aldeko jarrera izan da nagusi eta esan dezakegu Gipuzkoan bizikleta sustatzearen aldeko eskari sozialaren adierazle esanguratsua dela. Izan ere, eskatzen dugun jardun horren bidez onura handiak ekarriko lizkieke gure gizarteari, jendeari, ingurugiroari eta ekonomiari. Egitasmoa aurkeztu eta gero, hainbat gestio egin dugu gai horretan diharduten sailetako arduradun politikoekin eta Diputatuen Kontseiluan ordezkaritzarik ez duten biltzarkideekin. Izandako harremanen ondorioz,Garraio eta Errepideetako, Gazteria eta Kiroletako, eta Nekazaritza eta Ingurugiroko foru diputatuak agertu ziren Gipuzkoako Biltzar Nagusietara, egitasmo horren berri emateko. Izandako harremanen ondorioz, egiaztatu dugu oso aldeko balorazioa izan duela ekimenak Gipuzkoako Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politiko guztien artean. Arazo nagusia dago Nekazaritza eta Ingurugiro departamentuko aurrekontuetan, mugaturik dago eta, izan ere, departamentu horri dagokio gai horretako eskumena. Horren ondorioz, ekimen hau sustatu dugun entitateok eskatu diegu hurrengo foru hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politikoei, hurrengo foru legegintzaldian bidegorrien sare bat antolatu eta egiteko Gipuzkoan, eta kontuan hartu dadila lehentasuneko jardun moduan eta eman diezaiotela departamentuarteko ikuspegia, lortu nahi diren arlokako helburuak erdietsi daitezen horrela. (AURKIBIDERA) 1. LehendaBIZI izena hartu du egitasmoak, (euskaraz "lehena" esan nahi du, baina hitzez hitz "lehena bizitza da" izango litzateke, edo bizikleta, hitz biak berdin idazten dira eta). (ITZULI) 2. Helbide elektroniko honetan kontsultatu daiteke LehendaBIZI egitasmoaren eduki osoa: http:// (ITZULI) 3. Adibide gisa, hiri garraio moduan bizikletaren alde A 2 183/86 erabakia aipatu behar da, 1986an Europako Parlamentuak onartua; Europako Erkidegoen Batzordeak 1999 urtean egindako "Libro Verde sobre el Medio Ambiente Urbano" liburuak ere horixe adierazten du; edo "Europako Hiri Onargarriak" (Bruseles, 1996) txostenean esandakoak, Europako Erkidegoen Batzordearen XI DGk enkargaturik ingurugiroko aditu batzuei; bai eta Lege ez den Proposamena, zirkulazio arauak bizikletan ibiltzeari egokitzeari buruz, Eusko Legebiltzarrak 1998ko maiatzaren 8an onartua. Bestalde, gogora ekarri behar dugu bizikleta erabiltzeko sustatzea bat datorrela guztiz 1996 urtean Europako Batzordeak ezarritako helburuarekin; 2010 urtera begira errepideko garraioak sortutako gas emisioak murrizteko %65 70. (ITZULI) 4. "Ziklismoaeta bide segurtasuna"ri buruz Diputatuen Kongresuaren ponentziak 1995 urtean egindako txostenean jasotako datuak. (ITZULI) 5. "Bizi baldintzen inkesta. 1994". EUSTAT, 1996. (ITZULI) 6. "Donostiako udalerrian bidaiek sortzeari buruzko inkesta". 1998 urtean egin zuen ARALDI, SAk, Donostiako Udaleko Plan Orokorraren Bulegoak enkargaturik. (ITZULI) 7. A.SANZ. "La bicicleta en la ciudad. Manual de políticas y diseño para favorecer el uso de la bicicleta como medio de transporte". Ministerio de Fomento. Madrid, 1996. (ITZULI) 8. EUSTAT, op. cit. (ITZULI) 9. CETUR. "La ville. Solution vélo". Imprimerie Nationale. Paris, 1992. (ITZULI) 10. Batez ere bizikletan ibiltzeko egokitutako bideak, eta motordun trafikotik nahiz oinezkoenetik banandurik. (ITZULI) 11. Bello Morales, A. eta Fonseca, J.M. "Manual para el planeamiento, proyecto y ejecución de pistas ciclistas". Errepideen Kongresuetako Espainiako Elkarte Iraunkorra. Madril, 1985. (ITZULI) 12. E. Bergua y J. Benaito: "Las vías ciclistas en el Estado español". Velo City'97 ko ponentzien liburua, 251 4. Orriak. Bartzelona, 1997. (ITZULI) 13. "European Cycle Routes. A report on national and international developments" txostenatik atera dira aipatu diren datuak. SUSTRANS. Bristol, 1997. (ITZULI) 15. P. Harnik. "Programa de "Greenways" sobre los ferrocarriles desafectados de servicio en los Estados Unidos". Erabilik gabe dauden trenbide azpiegituren erabilera alternatiboen esperientziei buruzko mintegia: Bizi ezazu bidea. Espainiako Trenbideen Fundazioa. Madril, 1994. (ITZULI) 16. "La Route verte", zenbaki berezia. Vélo Quebec, iraila, 1995. (ITZULI) 17. P. Insall. "A strategic approach to the promotion of cycling in Britain: the UK National Cycle Network". Velo City'97 ren ponentzien liburua, 151 4. orriak. Bartzelona, 1997. (ITZULI) 18. SUSTRANS, op. cit. (ITZULI) (AURKIBIDERA) Edorta Bergua, Kalapie. Donostiako hiriko txirrindularien elkarteko kidea Argazkiak: "Eurovelo"k duen web orrialdetik Euskonews & Media 80.zbk (2000/ 5 26 / 6 2) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Numéros précedents | Previous issues Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=garraio&link=www.euskadi.net http://ikaskuntza.org/