80 Zenbakia 2000-05-26 / 2000-06-02

Gaiak

Azpiegiturak eta mugimenduak: Pirineoen zeharkatzea

BOLOQUI, Baptiste

Azpiegiturak eta mugimenduak: Pirineoen zeharkatzea Azpiegiturak eta mugimendiak: Pirineoen zeharkatzea * Traduction au français de l'original en basque Baptiste Boloqui Europear integrazio prozesuak Europear Erkidegoaren barneko harremanak ainitz emendatu ditu. Penintsula Iberikoko herriak berant sartu dira erkidegoan, baina gaur egun oso leku garrantzitsua osatzen dute harremanentzat. Horrela, Pirineoak zeharkatzen dituzten fluxuek gorakada handia izan dute azken urteetan (+%410 1985 eta 1997 artean zamaketarentzat eta hauetatik %92 errepidez). Oraingo garraio politikak aldatuko lituzketen neurri inzitatibo azkarren ezean, iraganeko joerek iraungo dute (aurrikusia da + %340ko zamaketaren emendatze bat 1997 eta 2020 artean). Bere kokapen geografiko estrategikoarengatik, bi autopista Europa zabaleko eta lurraldeen arteko ardatzei irekia, kanpoko sareei loturiko ekipamenduak (portua, aireportua, geltokiak, zamaketagune europearra), Euskal Herria Ipar Hego harremanen erdi erdian aurkitzen da. Lurralde honetatik iragaiten diren fluxuek emendatze ikaragarria izan dute azken urteetan eta Perthus ekoen mailara iritxi ere. Nahiz egoera honek alde onak izan jardun ekonomikoaren ikuspegitik, badaramatza ere mugatu behar diren alde txarrak. Pirinioen mendebaldeko pausuaren estutasunak, oreka galtze arrisku nabarmenak dakartza Euskal Herriarentzat: azpiegituren saturaketa, ingurugiroaren gaineko eragin txarrak, konkurrentzia lurraren erabilpenean... Azpiegituren arazoez aparte, orokorkiago kontutan hartzekoak dira garraioaren garapenak erakarriko dituen hirigintzako, ekonomiazko eta ingurugiroko ondorioak. EHGKko batzordeak eginiko lan bikainak argi utzi du erantzunak ainitz direla. Horrela baizik lasaitzen ahalko dira azpiegiturak eta ez egitasmo bakar batekin. Lan hauetan oinarritua, EHGKko Zuzendaritza Kontseiluak ondoko puntu hauen garrantzia azpimarratzen du Euskal Herriarentzat: * bere logistikarako eginahia azkartu * egitasmoak garapen iraunkor baten kontzeptuan sartu* azpiegiturak gaur egungo intermodalitatearen erronkei egokitu 1. Euskal Herriaren logistikarako eginahia azkartu Duela hamar bat urte, garraioaren eta logistikaren inguruko jarduera ekonomiko handia garatzen ari da gure lurraldean. Adibide berriak ditugu, hala nola Mugerreko zamaketagunean kokatu diren talde berriak, eta erakusten dute enplegua sortzen eta balio erantsia eragiten duen arlo bat dela (goi mailako erakaskuntzaren inguruko perspektibak, bereziki logistika mailan). Euskal Herriak lurraldeko logistikarako eginahi hori azkartu behar du elkarren artean lotuz sare batean: Baionako portua, Hendaia Irun plataforma, Mugerreko EZGa, trenbide, errepide eta autopista azpiegiturak. Garraio modu guztiek sinergian lan egitera eramanez, eta intermodalitatearen aldeko politika bati esker, alor honek garapen on bat izango luke, aldi berean gure lurraldetik iragaiten den zamaketari irtenbideak eskainiz, eta datozen 25 urteetan fluxuen emendatzea trenbidearen aldera eraman beharko luke. 2. Egitasmoak garapen iraunkor baten kontzeptuan sartu Gaurko fluxuen emendatzea gelditzeko, baita ere harremanen garapen ikuspegi batekin, egitasmo batzuk ikertzen ari gara. Trenbidekoak edo errepidekoak izan, gauza beraz ohar gaitezke: orain ditugun azpiegiturek ezingo dituzte geroko fluxuak jasan. Gure lurraldeak azpiegitura egitasmoak izanen ditu datozen urteetan. Euskal Herria oso eremu uzterra da. Oraingo belaunaldien igurikitzeei erantzuteko, gerokoen baliabideei kalterik egin gabe, ahal gaitzak erabili beharko dira, alde batetik eraikin baten sortzeak edo berkalifikazioak ukan dezakeen eragina ebaluatzeko, eta bestetik lanak egiteko orduan ingurune irizpide zorrotzenei erantzuteko. Ingurugiroaren eta oreka ekologikoen begirunea, lurralde honek duen alde azkarra, hala nola egitasmoa lekuaren giroan kokatzea, hausnarketaren baitezpadako ardurak izan behar dira. Norabide horrek gizarte zibileko eragile guztien, lurralde egituren eta Estatuko zerbitzuen arteko benetako elkarrizketazabal baten beharra du, egitasmoen adosgarritasun sozialaren baldintzak zehazteko asmoarekin. 3. Azpiegiturak gaur egungo intermodalitatearen erronkei egokitu Kanpoko harremanen sarean loturiko azpiegiturekin, Euskal Herria oso leku egokian aurkitzen da. Alabaina, Europako Ipar eta Hegoaldearen arteko harremanen garapenak zalantzan ezarriko dute lurralde honen gaitasuna fluxu hauek kudeatzeko. Hau dela eta, eta nahiz Mugerreko EZGa azkartu, lau ardatz eraginkor lantzekoak dira: 3.1 Baiona eta mugaren arteko trenbidearen azkartzea Euskal Herriak lehentasuna eman behar dio trenbidearen garapenari (batez ere zamaketarentzat) Baiona trenbide gurutze bilakatuz, hiru arrazoiengatik: Lurralde egiturek, Estatuak eta Europak argiki agertzen dira garraio honen garapenaren alde Iparrean diren trenbide azpiegiturak azkartzeko egitasmoak (Tours Bordale AHT, Bordaleko botila zintzurra, Bordale eta Akize arteko ahalmenen hobetzea) Hegoaldean den Y egitasmoa Donostia, Gasteiz eta Bilbo artean, eta berantago Iruñarekin lotura bat. Garraio modu honen garapen azkar baten hipotesia kontutan harturik eta politika nazionaletan eta Europa mailan ematen zaion lehentasuna ikusirik, lehen bait lehen ebaluatu beharko dira, gaur egungo Landen hego muturreko eta mugaren arteko trenbide sarearen ahalmenak eta mugak, beharrezko bermoldaketak pentsatzen hasteko, besteak beste Baiona Mousserolles botila zintzurra, lerro berri baten aukera baztertu gabe. 3.2 A63a 2x3 bidetara zabaltzea Moldaketa hori antolaketa eta garapen eskemaren barnean sartzeak, epe laburrean erantzun bat ekar diezaioke trafikoaren garapenaren arazoari, azpiegitura hau ingurugiro neurrietara egokituz. 3.3 Nafarroarekiko errepide sarea berkalifikatu Trenbidearen aldeko berrorekatzea kontutan izanik, ez dirudi aproposa trafiko internazionala hartuko lukeen ahal handiko errepide ardatz berri baten eraikitzea. Indarrak, Nafarroarekiko sarearen berkalifikazioan ezarri behar dira, ditugun ardatzetako bat moldatuz, adibidezBaiona Uztaritze errepidearen neurrietan. Zertarako? lurralde arteko trafikoaren garapena errexteko, baita ere Nafarroarekiko harreman ekonomiko eta kulturalak. Barnekaldearen eta kostaldearen arteko eskuragarritasuna areagotzeko lotura gehiagoren bidez, horrela lurraldearen garapen orekatu batera joz. 3.4 Baionako portuaren azkartzea Urte anitzetan eramaten ari den portuaren ekipamendua eta portuko jardueren dibertsifikazio politika segitu behar dira. Baionako portua ez da berez Pirineoen zeharkaldirako irtenbide bat, baina, Mugerreko EZGa bezalaxe, errepide ardatzen estutasunari erantzun bat ematen die, Euskal Herria zeharkatzen duten bide luzeko transit fluxuak itsasotik bideratuz. Garraio motaren transferitzeak logistika jardunen garapenerako aukera ezin hobea eskaintzen du, ekartzen duen balio erantsiarekin. Azkenik, itsaso mailan, Baionako portua mundu zabaleko ibilbide erregularrei irekitzea (Bilbo eta Pasaiako portuekin lankidetza azkartuz), aldi berean, gure enpresen garapenaren berme bat litzateke, eta Euskal Herriruntz datozen errepide ardatzen estutasuna ttipituko luke. Aipatzen den errepide fluxuen emendatzea ez da halabehar bat. Garraio modu alternatiboei lehentasuna emanez, neurri erakargarriak eta ez erakargarriak ezarriz (finantza eta legezkoak besteak beste), itzulia ematen ez bazaio, joerak motelduko dira epe laburrean. Garraio politika eraginkor batek eragile guziak elkar bizitzera eraman beharko lituzke, merkatuak aukera ematen baitu. Egia da errepidea oso sistema malgua dela, baina zerbitzua eraginkorra, kostea konpetitiboa eta erakargarria baldin bada, garraiolariek ez ote dute trenbidera edo itsasora joko? Duen garraio modu aniztasunarekin, Euskal Herriak, gauza ainitz ditu bere alde. Hauek sinergian erabiliko diren neurrian aterako dira Pirineoen zeharkatze arazoari erantzunak. "Bidearen nagusitasuna" inposatuko da baldin eta funtsezko neurriak hartzen ez badira epe ertain eta luzerako, jakinez azpiegitura berri baten moldaketa edo eraikuntzaorain erabakiko balitz, hamabost urteren buruan gauzatua izanen dela. Baptiste Boloqui, Euskal Herriko Garapen Kontseiluko idazkari nagusia Euskonews & Media 80.zbk (2000 / 5 26 / 6 2) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=garraio&link=www.euskadi.net http://ikaskuntza.org/