
Gaiak
Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko arrakala: zenbait hausnarketa
irumendi@gmail.com
Garai batean pentsatu genuen ezagutza dela euskararen erabileraren bermea. Euskal soziolinguistikak erakutsi duenez oker genbiltzan, alegia, ezagutzak ez du erabilera ziurtatzen. Hezkuntzako D ereduan ikasi duten gazte gehienak gutxitan aritzen dira euskaraz. Alegia, euskara jakin bai, ordea, erabili ez. Nahiago dute erdaraz hitz egin. Artikulu honetan, ohikoa ez den ikuspegi bat azalduko dugu, Valter Tauli hizkuntzalari estoniarraren ideietatik abiatuta. Ondoren, japonierari buruzko datu bitxi batzuk aipatuko ditugu, Roy Andrew Miller hizkuntzalari estatubatuarrak eskainiak. Azkenik, Haitao Liu hizkuntzalari txinatar ospetsuaren zenbait ideia aztertuko ditugu.
Gehienetan, euskararen erabilerari buruz azalpenak emateko soziolinguistikara jo ohi dugu. Aipagarria da giza-zientzia honek lortu dituen helburuak, esaterako, hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan, lan munduan eta abar. Hala eta guztiz, agian, bada beste faktore bat beti ahazten duguna: hizkuntzaren gaitasun komunikatiboa. Badakigu gai delikatua dela, dena dela, planteatu beharrekoa da, agian, soziolinguistikak esaten duena ez delako osoa, alegia, zuzena bai, ordea, badira beste zenbait faktore baztertu ezin direnak.
Valter Tauli hizkuntzalari estoniarrak luze hitz egin zuen gai garrantzitsu honi buruz. Bere ustetan, inoiz ez da aski aldarrikatu efikazia komunikatiboaren garrantzia eta metodologia bat egon behar luke funtsezkoa den gai hau lantzeko. Hizkuntzak ezin dira landu bakarrik ikuspegi estetiko edo espiritual batetik, ekonomia edo erraztasuna bezalako ezaugarriak alde batera utzita. Gainera, ez du zentzurik pentsatzeak hizkuntzak sistema perfektuak direla beren alderdi guztietan, hau da, sintaxian, aditzetan, fonologian eta abar. Estoniarrak zioen tabu bat dela hizkuntzen zailtasunari buruz hitz egitea.
J. Aavik-en ustez, (Estonia, 1880) hizkuntzak instrumentuak, gailuak dira, eta beste edozein teknologia hobetzen den bezalaxe, hizkuntzak ere hobetu behar dira. Garapen hau ez da bultzatu behar soilik hitz berriak sortzean, baita hizkuntzako beste hainbat esparrutan ere, esaterako, sintaxian edo morfologian. Hizkuntzak inperfektuak dira eta bertan mugak azaltzen direnean, hauek gainditu egin behar dira. Beste zenbait hizkuntzalarik antzeko ideiak azaldu zituzten. Hauek dira, besteak beste: J. Whatmough; A. Sauvageot; A. Marty; E. Otto, A. Peshkovsky edo H. Spang Hansen. Friedeber Tuglasek -XX. mendeko idazle estoniar garrantzitsuenetako bat- esan zuen estoniera hizkuntza pobrea dela, baita ideia sinpleak azaltzeko ere. Galdetzen zuen, Nork ez du borrokatu hizkuntza honekin, esaterako, itzulpen bat egitean? Borondate onenarekin ere, nekez komunikatu ahal gara estonieraz. Harrigarria da ez dela aipatzen hizkuntzalari hauen iritzia, nahiz eta beren lanak interesgarriak izan ahal diren euskararen egoera ulertzeko. Alabaina, ezkutuan daude eta inork gutxik hitz egiten du beraien lanari buruz, hau da, arestian Taulik aipatu tabua.
Denek antzeko iritzia adierazten dute, hizkuntzak hobetu behar dira, beste edozein teknologia hobetzen den bezalaxe. Azpimarratu zuten ere, zuzentasuna eta efizientzia bi kontzeptu desberdin direla. Zenbait forma izan ahal dira gramatikalki zuzenak, ordea, traketsak dira eguneroko komunikaziorako eta hizkuntzaren jarioa moteltzen dute. Ezin gara bakarrik zuzentasunarekin konformatu. Gainera, zuzentasuna hizkuntzetan erlatiboa da. Ez da erraza ziurtatzea forma bat zuzena edo okerra den. R. Hall hizkuntzalari iparramerikarraren ustez, ez dago hizkuntza zuzen edo okerrik eta Taulik bezalaxe pentsatzen du, hau da, okertzat jotzen diren hainbat forma, maiz sinpleago eta argiagoak direla. Aavikek zioen, alde batera utzi behar direla garbizalekeriak edo tradizioak, eta hizkuntzak ahalik eta gehien garatu behar direla. Robert A. Hall-ek esan zuen, Leave your language alone! Bere aldarrikapena zen hizkera guztiak direla egokiak eta ez dagoela hizkera hoberik edo txarragorik.
Tauliren ustez, aldaketak ez dira berdinak izan behar hizkuntza guztietan. Esaterako, ama hizkuntza ingelesa duen hiztun batek, nekez imajinatu ahal du zenbat arazo sortzen diren morfologia konplexua duen hizkuntza batean. Horregatik, ez zaio beldurrik izan behar hizkuntzan eragiteari. Hizkuntza naturalak inperfektuak dira eta horregatik hauek hobetu behar dira. Gainera, neurri batean hizkuntza guztiek eduki dituzte esku-hartzeak.
Björn Collinderren ustez, hizkuntza-moldaketak ia mugagabeak izan ahal dira eta honela frogatu dute norvegierarekin, finlandierarekin, estonierarekin eta hungarierarekin egin diren moldaketek. Tauliren ustez, aldaketak hizkuntzaren hainbat alderditan garatu behar dira, esaterako, fonologia, morfologia, sintaxia, lexikografia eta ortografian. Hizkuntzen konplexutasuna erlazionatzen da estetikarekin, baina honek ez du horrela izan behar, esaterako, ingelesa eta txinera bi hizkuntza oso xinple dira, eta aldi berean oso estetikoak izan ahal dira.
Autore askoren ustez, morfemak aldagaitzak izatea, edota aldaketa gutxi izatea, ideala da komunikazio eta erraztasun aldetik. Arrazoi honengatik hainbat autorek miretsi dute txinera. Hizkuntza batek edozein muga mota duenean, hizkuntzan bertan saiatu behar du aurkitzen konponbidea, esaterako dialektoetan. Aldiz, hauek ez badute konponbiderik eskaintzen, modu arbitrarioan bilatu behar dira irtenbideak. Eta galdera da, zein da muga? Tauliren ustez ez da mugarik egon behar soluzioa aurkitzen den arte.
Orokorrean, erraztasuna, sinplifikazioa eta inbariabilitatea ezaugarri oso positibotzat ematen dira. Preposizioak gailendu dira postposizioen eta deklinazioen gainetik. Informazioaren gakoa aurrean jartzea abantaila da, esaldiaren norabidea errazten du, esaldia egituratzen baitu. Hau bereziki garrantzitsua da sintagma luzeetan. Generoa erabiltzea ez du ematen oso logikoa denik. Zorionez, euskarak ez du arazo hau. Zalantzak azaltzen dira numeroarekin. Zenbait hizkuntzetan, esaterako txineran, hitzak, printzipioz, ez du azaltzen singularra ala plurala den, testuinguruak adierazten baitu. Ingelesean ere, “You” pertsona-izenordain singularra edo plurala izan ahal da, egoeraren arabera.
Taulik, genitibo kasuari eskaintzen dio arreta berezia. Genitiboa azaltzeko modu desberdinak daude munduko hainbat hizkuntzatan. Euskarak arazoak dituela genitiboarekin ez dago zalantzarik. Kuriosoa da nola maiz jotzen dugun erdarara genitiboak azaltzen direnean. Esaldi motxa eta xinplea bada, ez dago arazorik, ordea, luzea denean, maíz erdaraz esaten da esaldia, eta ondoren euskarara itzultzen gara. Batez ere, genitiboa nahasten bada beste genitibo batekin, erlatibozko esaldi batekin edo konparatibo batekin. Honela, maíz entzuten ditugu esaldi mota hauek, “Leire hasi da lan berrian eta esan diote lan egin dezakela en cualquier ciudad de más de 10.000 habitantes de Euskadi”. Edo, “Bai, bi anaiak dira devotos de la virgen del puño”.
Aditzean antzekoa gertatzen da, aditza okertzen bada, beti dago erdara eskura, esaterako, elkarrizketa arruntetan entzundako beste adibide bat, “Baina askotan esan dizut hori ez dela nere lana, ¿cómo te lo puedo hacer entender?”. Esaldi hauek euskaraz esan ahal ditugu? Bai, baina patxadan eta jarioz esatea ez da erraza, horregatik jotzen dugu erdarara. Kode aldaketa hauek oso arruntak dira eguneroko elkarrizketetan, aski da belarria erne edukitzea esaten ari naizen hau berresteko. Euskañola, zoritxarrez, ez dugu seriotzat hartzen. Galdetu beharko genioke gure buruari, noiz eta zergatik erabili ohi den kode aldaketa. Are gehiago, inkongruentzia handiak ditugu, zeren zorrotzak baikara forma okerrak entzuten ditugunean, esaterako, “Nor Nori Nork vs. Nor Nork” eta abar. Ordea, ontzat -edo ez entzuntzat- ematen ditugu erdaraz esaten ditugunean erlatibozko esaldiak, genitibo luzeak, espresioak eta abar. Hain normalizatuta daude eguneroko elkarrizketetan, ez direla okertzat hartzen. Aldiz, norbaitek esaten badu “Bart kontzertuan ikusi nizuen“, orduan bai, akatsa kontsideratzen da. Kontraesan handia dago honetan, disonantzia kognitibo argia, eta disonantzia kognitiboetan gertatu ohi den bezalaxe, ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko. Zoritxarrez, arazo bat ez aipatzeak, ez du esan nahi arazoa existitzen ez denik.
Sintaxian -autore gehienak bezala- SVO (Subjektu Verbo Objektu) hitz ordena dela eraginkorrena baieztatzen du estoniarrak. Ondoren VSO dator, esaterako, gaelikoa edo arabiera klasikoa. Eta hirugarrena SOV dugu. Jende askok uste du ordena hau euskararen ezaugarria dela, ordea, munduko hainbat hizkuntzak erabiltzen dute, esaterako, japonierak edo koreerak. Aditzak atzean jartzeak, esaldi motz, erraz edo kontestualetan ez du arazorik sortzen, ordea, esaldi luze eta nahasietan arazoak sortu ohi dira. Idatzietan maíz esaldi osoa irakurri behar dugu, gakoa aditzean baitago, eta hau ez baita amaiera arte azaltzen. Gainera, SVO sintaxietan aditzak funtsezko beste funtzio bat egiten du, subjektua eta objektua bereiztea, eta honek, jakina, ulermena errazten du.
Tauliren ustez, ordena hau aldatzea posible da, estonieraren edo suomieraren hizkuntz erreformek erakusten diguten lez. Bestalde, estoniarraren ustez, aditzak jokatzeak (konjugatzeak) arazoak sortu ohi ditu, aldiz, aditz perifrastikoak asko errazten du aditzaren erabilera. Honetan ere, beste zenbait autorerekin bat egiten du.
Orokorrean moztasuna baloratzen du idazle estoniarrak. Bere ustez, XX. mende amaieran, ingelesetik hainbeste hitz hartu badira -esaterako frantsesean edo alemanean-, hain zuzen, arrazoi honegatik dela dio, ingelesean hitzak oso motzak direlako. Halere, kontrako iritzirik azaltzen duenik ere bada, esaterako, Eugen Wüsterrek dio, hitz luzeagoak argitasun gehiago eskaintzen dutela. Dena dela, joera hitzak moztearen aldekoa omen da, bus, pro, metro, ad, bro, cap, veg eta abar. Euskararen kasuan zenbait hitzen luzetasuna inork ez du kuestionatzen, eta hau ez al da beste koxka bat?
Berriz planteatzen den arazoa: zein da aldaketa hauen muga? Askatasuna komunikazioan oso garrantzitsua da. Gomendioak beharrezkoak dira baina norberak erabaki behar du nola idatzi edo hitz egin. Erraztasuna oso kontuan hartu beharko litzatekeen ezaugarria da. Esperantoaren adibidea ipintzen du Nahikotasunaren Printzipioa aipatzean: Adierazitako kontzeptua testuingurutik argi ulertzen bada erabilitako atzizkietako bat gabe, orduan atzizki hori kendu ahal da, beharrezkoa ez denez. Betiere, ekonomia eta erraztasuna helburu.
Gurera itzuliz, aspaldi honetan zenbait idazlek, nolabait bat egin dute funtsezko gai hauekin. Xabier Amuriza bertsolariak esan zuen, Euskarak aditzak hiltzen ditu ala aditzak euskara hilko du. Bere web orrian, www.amuriza.eus, bertsolari bizkaitarrak bere proposamena eskaintzen du aditzak errazteko. Honekin ados egon ahal da edo ez, ordea, ezin da ukatu saiakera bat dela. Are gehiago, bere helburua betetzen duen proposamen bat da, hau da, aditzak benetan errazten ditu. Ez da hau gai hutsala, are gutxiago euskararen kasuan.
Jesus Rubio hizkuntzalariak urteak darama azaltzen hitz orden efiziente baten garrantzia bere balbula.blogspot.com blogean. Beste autoreek bezalaxe, SVO sintaxia lehenesten du, zeren koherentzia sintaktiko, semantiko eta espresiboa askoz eraginkorragoa lortzen baita. Hizkuntzalari bilbotarrak dio, Euskararen sintaxia lehen izkribuetatik naturalki joan zen garatzen. Zoritxarrez, zenbait idazle garbizaleren eraginez -batez ere, XX. mendean- atzerakarga bultzatu egin da zuzentasunaren izenean, eta honek kalte itzela egin dio hizkuntzaren gaitasun komunikatiboari.
Harrigarria da zenbait ezaugarritan euskarak baduela antzekotasuna japonierarekin. Esaterako, SOV hitz ordenaren erabilera. Bestalde, bi hizkuntzetan erabiltzen dira maiz atzizkiak, gainera, antzekotasun fonetiko eta fonologikoak omen dituzte. Dena dela, agian ez da kasualitatea japoniarrek aspalditik izan dituztela arazoak hizkuntzarekin, nahiz eta herrialde independente eta aberats bat osatzen duten. Ekialde urruneko hizkuntza hau ongi ezagutzen zuen Roy Andrew Miller hizkuntzalari estatubatuarrak, iruzkin interesgarri hauek azaldu zituen. Merezi du arreta ipintzea. Bertan, zenbait idazle japoniarren iruzkinak ditugu:
Shimomura Hiroshi militar, kazetari eta politikariak esan zuen Bigarren Mundu Gerran: Egoera larrian gaude, gure hizkuntza oso kaotikoa delako.
Kyōsuke Kindaichi hizkuntzalariak esan zuen: Japoniera ez da zaila bakarrik kanpotarrentzat, baita japoniarrentzat ere. Bere ustez aldaketak egin beharko lirateke hizkuntzan. Kezkatuta zegoen gai honekin. Japonieraren hitz ordena praktika ezina zela zioen.
Mori Arinori diplomatiko eta pedagogoak, ingelesa proposatu zuen Japoniako hizkuntza nazional gisa. Shiga Naoya idazleak ere, beste horrenbeste egin zuen frantsesarekin, japoniera traketsaren ordez. Bere ustez, umeek gehiago ikasiko lukete eta gainera, gehiago gozatuko lukete ikasketetan.
Yanagita Kunio folklore ikertzaile garrantzitsuak zioen, japoniar guztiek sentitu dutela ze zaila eta aspergarria den esaldi ertain edo luzeak egitea hizkuntza honetan.
Uemura Sengyo editoreak honela azaldu zuen: Bidaiatu eta gero konturatu nintzen ingelesarekin edonora iritsi ahal zarela, ordea, etxera berriz itzultzean, konturatu nintzen japoniera hitz egitean trabatua geratzen nintzela. Hizkuntza misteriotsua dela zioen.
Takao Suzuki soziolinguistak zioen, japoniarrak kexatzen direla hizkuntza nazionala zaila delako. Bere ustez hizkuntza praktikaezina da. Azaldu zuen, zenbait politikarik eta idazlek proposatu izan dutela hizkuntza nazionala ordezkatzea beste hizkuntza arrazionalago eta praktikoago baten bidez.
Iruzkin harrigarriak, benetan. Hauek izango balira, demagun, ingelesari buruz, inork ez lieke arretarik ipiniko, aldiz, SOV hitz ordena erabiltzen duen hizkuntza bati buruzkoak dira. Nik uste dut oso kontuan hartzekoak direla azalpen hauek. Hizkuntza guztiek komunikazio gaitasun berdina lortu dutela auzitan jarri ahal den postulatu bat da. Eta hortik abiatuta, dena da desberdina.
Azkenik, gure egoera ezagutzen duen Haitao Liu hizkuntzalari txinatarraren zenbait ikuspegi aipatu nahi genituzke. Fudan unibertsitateko hizkuntzalaritzako irakaslea, Esperanto akademiako kidea, mundu mailan da ezaguna Haitao Liu. Hizkuntzalaritzari buruzko 400 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu, hala nola, hogeitaka liburutan parte hartu du. Interesgarria da esaten duena, alde batetik, bere ezagupen eta gaitasun zientifiko zorrotzarengatik, eta bestalde, arestian esan dugunarengatik, gure egoera ongi ezagutzen duelako.
Liuren ustez, hizkuntza, komunikazio tresna ez ezik, kultura eta identitate ikurra ere bada. Hizkuntza soilik komunikazio tresna gisa aztertzen bada, beste edozein tresna bezain eraginkorra, praktikoa eta erraza izan behar luke. Garrantzitsua da argitzea aipatu hiru funtzioak ez direla bateratu behar. Hiru funtzio desberdin, beraz, lantzeko eta kudeatzeko hiru modu. Liuk aipatzen digu Weinstock hizkuntzalariaren adibide bat: balio handiko egurrezko eskultura bat neguko gau hotz batean, zilegi izango al litzateke egurra erretzea, honela bizitza salbatuko bagenu? Hizkuntza babesteko prozesuan, hizkuntzaren balioa ez ezik, balio instrumentala ere badela dio, ongi komunikatzeko gai ez den hizkuntza batek bere funtsezko balioa galtzen baitu.
Hizkuntzalari txinatarrak hogei hizkuntza aztertu zituen eta sintaktikoki erlazionatutako hitzen arteko distantzia lineala aztertu zuen, modu honetan, mendekotasun distantzia neurtu ahal izateko. Eta aurkitu zuen hizkuntzek mendekotasun distantzia minimizatzeko joera dutela. Azken hamarkadetan, hizkuntza-konplexutasunari buruzko ikerketa ugari argitaratuta, gero eta gehiago argudiatu da, gutxienez hizkuntza egiturari dagoenez, hizkuntzek konplexutasun maila desberdina dutela, eta gainera, ezaugarri hori kuantitatiboki neurtu ahal dela.
Popescuk eta beste batzuek konplexutasun morfologikoa aztertu zuten hogei hizkuntzatan. Honela, azaldu zuten hizkuntza analitikoek, hau da, isolatzaileek, gaitasun komunikatibo aldetik posizio altuagoak hartzen dituztela alderatuz hizkuntza sintetikoekin. Erakutsi zuten ere, konplexutasun morfologikoak erlazioa duela hizkuntzaren zailtasunarekin.
Bat egiten du Liuk Tauli hizkuntzalariarekin esaten duenean, hizkuntza bat tresna bat denez, ahal dela ebaluatu, aldatu, zuzendu, erregulatu eta hobetu. Gakoa da, zenbateraino da komenigarria hizkuntza jakin bat une jakin batean nahita aldatzea, hau da, zein da tradizioaren eta hizkuntza idealaren arteko harremanik egokiena? Hizkuntzak komunikazio tresnak dira eta ebaluatzeko zenbait adierazle ditugu, beraz, posible da zientifikoki eta modu egokian ulertzea eta hobetzea, batez ere, egoera berezi batzuetan, honela, hizkuntza eguneratuago eta praktikoago bihur dadin.
Euskararen kasuan kontuan hartu beharko litzateke ia euskaldun guztiak elebidunak direla. Egoera honetan, ahalegin txikienaren printzipioaren eraginez, jendeak instintiboki erraza den hizkuntza erabiliko du. Hau, jakina, beste zenbait faktorek ez badute eragiten, esaterako, hizkuntzaren kontzientzia edo militantzia. Ikuspegi soilik komunikatibo batetik, euskara komunikaziorako derrigorrezkoa ez izateak, kultura eta identitatearen garrantzia indartzen du.
Garrantzitsua da hizkuntzak tresna gisa aztertzea, azterketa honek hizkuntza hobetzeko aukera ematen duelako. Hizkuntza tresna denez, hau ebaluatu ahal da, eta ondorioz, aldatu, zuzendu, eta hobetu. Hizkuntza babesteko prozesuan hizkuntzaren berezko balioa ez ezik, balio instrumentala ere baduela uste du Liuk, jarioz komunikatzeko gai ez den hizkuntza batek bere funtsezko balioaren zati garrantzitsu bat galtzen baitu. Hizkuntzaren bizitasuna erabileraren bidez lortzen da. Hizkuntza ezin da erlikia kultural gisa tratatu, zeren bestela, museo bateko pieza bihurtzeko arriskua baitu.
Erabilera da hizkuntzaren eboluzioaren eragilea. Komunikazioa baldin badago ingurune baten barnean -kanpoko esku-hartzerik gabe- hizkuntza gero eta sinpleago bilakatzeko joera izango du. Hala eta guztiz, hizkuntza komunikazio tresna ez ezik, kultura eta identitate ikurra ere bada. Akademia batek kontzienteki indartzen badu bere balio ez komunikatiboa, orduan hizkuntza hori ez da sinplifikatuko, beraz, hizkuntza horretako hiztunentzako komunikazioa ez da hizkuntzaren balorerik garrantzitsuena izango, eta eskura baldin badituzte beste hizkuntza batzuk erabiltzeko errazagoak direnak, hizkuntza kultur erlikia gisa gordetzeko arriskua izango da.
Hizkuntzaren zuzentasunaren gai konplexua ere aztertzen du Liuk. Komunikazioaren ikuspegitik zaila da definitzea modu objektiboan hitz egiteko modu bat zuzena edo okerra den. Behar bezala komunikatzea lortzen den bitartean, modu hori testu inguru horretan aplikagarria dela ulertuko da.
Hitzen ordena hizkuntzen ezaugarri nahiko egonkorra da, aldiz, ez da zurruna. Esaterako, Ingelesa SOV (Subjektua Objektua Verboa) izatetik SVOra izatera aldatu zen. Eta aldaketa bera izan zuen latinak egungo hizkuntza erromanikoetara eboluzionatu zenean.
Ikerketa ugarik erakutsi dute, hizkuntza perfekturik ez dela existitzen. Inongo hizkuntza ez da iritsi mendekotasun distantziaren optimizaziora, hau da, perfekziora, balio teorikora. Dena dela, guztiek erakusten dute perfekzio hori bilatzea.
Azken urteotan, eskala handiko oharpen corpusa sortu zenetik, hainbat emaitza berri lortu dira. Ikerketa horiek oso lagungarriak izan dira hitz ordenaren eboluzioa ulertzeko. Adibidez, neurtzen bada arestian aipatu menpekotasun distantziaren minimizazioa, (Dependency Distance Minimization, DDM), SVOk SOVk baino sekuentzializazio hobea du. Honela, hizkuntzaren eboluzio naturala beti izango da SOVtik SVOra igarotzea, modu saihetsezinean.
Bestalde -eta hau nire iritzia da, ez haitao Liurena- ze euskaldunek ez du sufritu SOV hitz ordenarekin? Adibidez, esaldi luzeetan, non maiz esaldi osoa irakurri eta memorizatu behar dugun, amaieran aditza azaltzen den arte, eta honela, azkenean, esaldiaren zentzua ulertzen den arte. Hori bai, baldin eta informazioa memorizatzea lortzen dugun. Gainera, aditzak subjektua eta objektua bereizten ditu eta honek ekiditen du maiz sortzen den Totum Revolutum hori subjektua eta objektua nahastean. Ibon Sarasolak berak gomendatzen du Bitakora Kaiera saiakeran, askotan komeni dela aditza aurreratzea, subjektuaren ondoren eta objektuaren aurretik, edo, gutxienez, objektua baino lehenago agertzea, batez ere prosa modernoan.
Liuk ere defendatzen du hiztunek esaldiak antolatzeko joera dutela, entzuleak ondoren datorren informazioa errazago aurreikusi ahal dezan. Honek errazten du entzulearen lana mezua ulertu ahal izateko. Bere ustez, hizkuntzetan aldaketak modu naturalean gertatzen ahal dira eguneroko komunikazioan. Hala eta guztiz, pertsonek ere modu kontzientean planifikatu ahal dute. Naturalki edo kontzienteki, hizkuntzaren eraginkortasuna hobetzea funtsezkoa da, baina kasu, ezin dugu ahaztu hizkuntzak kultura eta identitate ikurra ere badirela. Gure helburua komunikazioa bada, erabilera naturalak sortuko du hizkuntza naturala.
Amaitzeko, esan nahi genuke, hizkuntza guztiek dituztela indarguneak eta mugak, eta euskara ez da salbuespena. Horiek aztertzea ez da hizkuntzaren aurka egitea, alderantziz, haren errealitatea hobeto ulertzeko ahalegina baizik. Izan ahal da gure hipotesia oker egotea, baina uste dugu merezi duela konplexurik gabe eztabaidatzea. Izan ere, galderak egiteari uzten dion herri batek nekez aurkituko ditu erantzun berriak.

