796 Zenbakia 2026-11-23 / 2027-01-16

Gaiak

Amale Arzelus Arrieta: poxpoliña, andereñoa, ama…

ZINKUNEGI ARZELUS, Jonan

Artikulu hau UEUren Udako Ikastaroen markoan, “XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia” jardunaldietan emandako hitzaldian oinarritutako laburpen dibulgatiboa dela.

 

Kaixo, irakurle. Hurrengo lerroetan gure amari buruz hitz egingo dizut. Zergatik? XX. mendeko euskal plazandre bat izan zelako eta haren berri eman nahi dizudalako. Hasteko, bere bizitza noiz hasi zen esango dizut: Donostia­ko Hondarribia kaleko 23. zenbakian jaio zen, 1924ko otsailaren 19an. Ander Arzelus Luzear eta Amalia Arrieta izan ziren bere gurasoak. Amale lau anai-arreben artean lehena izan zen, Itziarrek, Anderrek eta Iñakik jarraitu zioten.

Aita “Luzear”

Bere bizitza ulertzeko bere aita nor zen jakitea beharrezkoa da. Luzear, Donostiako Kutxako langilea zen, baina bazituen beste jarduera batzuk aberria eta euskararen aldekoak. EAJko buruetako bat izan zen eta Euskal irakas­ketetan jardun zuen. Era berean, El Día egunkariko Euskal Orriaren ardura izan zuen. Horrez gain, ARGIA aldizka­riko antolatzailea izan zen, baita idazlea eta zuzendaria ere. Idazle gisa antzerki batzuk idatzi zituen eta EUSKE­RAZALEAK eta EUSKAL IDAZLEEN BILTZARRETAN arduradunetako bat izan zen, eta tarteka bertsolaritza saioen antolaketetan ere bazebilen. Idazteaz gain esataria ere izan zen: UNION RADIOko lehenengo euskal irratsaioen antolatzaile jardun zuen Joseba Zubimendirekin batera.

Ikasketak

Amalek hiru urterekin hasi zituen bere ikasketak Donostiako Arantzazuko Ama ikastolan, zortzi urte bete arte, orduan Aldapetan hasi zen ikasten, Villa Belen ikastetxean, bigarren honetan ikasketak gaztelaniaz egin zituen. Ikasle fina zen, bere notak 10ekoak izaten ziren.

Hala ere, gerrarekin, lehendabizi Bilbora eta ondoren iparraldera ihesi egin zutenez, bertan behera gelditu ziren bere ikasketak, eta bizitza guztian zehar horren inguruko kezka izan zuen. Iparraldean ikasten jarraitu zuen, fran­tsesez noski, baina 1940an Donostiara itzulita, lanean hasi behar izan zuen, etxeko haur handiena zenez, eta 16 urterekin aita espetxean zutenez, ez zuen ikasketak jarraitzerik izan.

Poxpoliñak

Orduko egunkari batean irakurri daitekeenez eta Paul Atutxak ZER aldizkarian dioenez, 1928an, 4 urterekin Do­nostiako antzoki batean Ni naiz sudurmotz berritsu bat testua buruz ikasi eta ahoz aurkeztu zuen, On Ramon La­borda apaizak sortutako Donostiako Poxpoliñak taldean. Labordak Kursaal antzokian haur piloa biltzen zuen, haiek euskaraz hitz egin, dantzatu eta abestu zezaten. 1932ko martxoaren 2an bere aitak, Neskamearen marmarrak bakarrizketa idatzi eta Amaleri eman zion bakarrizketa hori antzeztu zezan eta Amale hor aritu zen, plazetan an­tzezten, eta zortzi urte egin berri zituela Donostiako Irrati Elkartearen irratian ere egin zuen.

Euskarazko emakume-hizlaria

1932an Union Radion 8 urte zituela irratiko lehenengo euskarazko emakume-hizlaria izan zen, bere aitak presta­tutako lantxoak ahoz ematen zituen bertan. Bilbo irratian ere guda garaian bere ahizpa Itziarrekin jardun zuen esatari, bere azkeneko aldia izango zen irratietan.

Esteban Urkiaga Lauaxetak harengatik esaten zuen: "Euskalerrian ez egonla etxerik, umetxo au biotzetaraiño sartzen etzanik".

Guda garaian

Guda garaiari buruz galdetzen genionean hala mintzatzen zen gure ama:

Guda asi zenean 12 urte nituen. Egun haietako batean, pianoa jotzen ikasten ari nintzela Narrika kalean Andone Aranbarrirekin, bapatean burrunda ikaragarria entzun zan. Lasterka, izututa, etxe barrenen zegon gela batera joan ginen. Bonba bat izan zan, geroztik "sirena" entzuten genuenean etxe azpian sartzen ginen. Donostian egon ginen Iraila hasiera arte.

Orduan, Donostiatik ateratzeko ordua iritsi zitzaigun, baina aita ez zegon gurekin. Zarautzen sendia genuen eta hara joan ginen. Zarautzen ginela, egun batzuek igarota azkenean azaldu zitzaigun! Orduan jakin ge­nuen Madrilen izan zala Agirre, Ajuriagerra eta Basterretxearekin Estatutua lortzeko errepublikako gober­nuarekin harremanetan. Benetan arriskutsua izan zan bidai hura.

Handik aurrera Bilborako bidea aitarekin egin genuen. Zarautzetik Debara; handik Lekeitiora, gero Gerni­kara eta azkenik, Bilbora iritsi ginen.

Bilboko egun haiek gogoratzean, besteak beste, sirenaren hotsa datorkit gogora: hiru motz, bazetozela hegazkinak adierazteko ziran, gero gainean genituela esateko beste bat luzeagoa eta gero alde egin zute­nean luze bat.

Gertakizun atsegin bat ere izan genuen. Alderdiak jaialdi bat eratu zuen, antzerkiak etab, ez naiz gogora­tzen zertarako dirua biltzeko. Nik, han, Neskamearen marmarrak antzeztu nuen azkeneko aldiz.

Horrela zazpi hilabete igaro ziran. Etsaiak gainean ziran eta gurasoek lau anai-arrebak amarekin alde egin behar genuela erabaki zuten. Aita ez, buruetakoa zenez, han gelditu zan gudariekin. Handik Santoña aldera joan ziran eta han preso jausi ziran.

Iparraldean

La Habana itsasontzian uretaratu ginen, oso gogorra izan zan bidaia, batez ere aita Bilbon gelditu zelako.

Le Havrera eraman gintuzten. Nere oroimenean gelditu zaidan gauza bat da ogi txuria jan genuela! Nola daiteke hainbeste gertakizun garrantzitsuen artean hori oroitzea? Baina hainbeste denbora ogi txuririk jan gabe pasa ta gero… Jarraian berriz Euskal Herrira itzuli ginan, lehenbizi Kanbora, gero Urkurai, Azkain eta Donibanera.

Hegoaldeko hiru sendi bizi ginen Azkainen: Gu eta Oñatibia eta Zinkunegitarrak ditut gogoan. Zinkunegitar Joseba eta gure aita aspaldiko lagunak ziran. Biak euskal idazleak eta abertzale sutsuak. Bere alaba Anerekin adiskide egin nintzan eta neretzat gauza haundia izan zan han adiskide bat izatea. Ama eta bost senide zi­ran bertan eta hirugarrena Andoni, gero nire senarra izango zena, Lannemezanen bizi zan. Laster itzuli zan Azkainera eta orduan ezagutu nuen nire maitea izango zena, Zinkunegitar Andoni.

Hiru urte egin genituen Iparraldean. Gehiena Azkainen. Neguan Donibanera joaten ginen. Ni 12 urterekin joan nintzan eta ia bete nituen 16 bertan.

Berriro Donostian

1940, hemen ginen ba, Donostian! Gure aiton-amonen etxean, gure izeba bakarrik bizi zan bertan orduan, hiru osaba, gure aitarekin Santoñan erori ziran eta langile bataloietan zeuden orduan.

Amaleren aitak Burgoseko espetxean jarraitzen zuen, hasieran bi urte inguru heriotza zigorpean egon ondoren, gero bizi osorakoa betetzen ari zen.

Bere ama eta Amale, klase partikularrak ematen zituzten, ama maistra zen eta Amale frantsesa eta euskara irakasten aritu zen. Horrez gain beste jarduera batzuetan ere ibiltzen zen, Schola Cantorum koroan abesten, Katekesia ematen, edota mendira igotzen, mendigoizalea izan baitzen bizi guztian.

Horrela bizitu ziren 1943an aita erdi aske utzi zuten arte. Orduan aita, gutxieneko 200 kilometrotara atzerriratu zuten, eta Madrilera joan zen, hasieran aita bakarrik, baina gero emaztea, Amale, Itziar eta Iñaki ere bertara joan ziren aitarengana. Bertan urte eta erdi inguru egin zuten. Bera bulego batean aritu zen lanean eta Itziarrek magisteritza ikasketak hasi zituen bertan.

1944an, iparraldean ezagutu zuen Andoni Zinkunegiri gutun bat idatzi zion eta Parisera bidali zion. Horren ondorioz haien arteko harremana hasi zen, gehienbat gutunen bidez, 1948an Andonik hegoaldera itzuli ahal izan zuen arte. Bitartean, 1944ko ekainean Donostiara itzulita, Beneditarren Fides inprimategiaren idazkaritzan aritu zen lanean Amale, 1948an ezkondu zen arte.

Esan bezala, gutunen bidez izan zituzten harremanak, edonola ere Andoni urtean behin isilpean Donostian agertu ohi zen. Iraileko estropadaz baliatuz, iparraldeko itsasontzi batean sartu eta Donostiaraino iristen zen. Atzera, bigarren igandean, alderantziz eginda itzuli egiten zen erbestera.

Urte horietan, Amaleren aitak 1945ean eratutako antzeztaldean Amale antzezten aritu zen, hasieran aitaren gidaritzapean, baina 1946tik aurrera bera gabe ere.

Bere aitak Alderdiko eta Euskadiren aldeko jardueratan jarraitzen zuen. Horregatik poliziaz arduratuta ihes egin behar izan zuen eta Iparraldean pasa zituen azken hiru urteak. Azkenean, 1949ko abuztuaren 27an zendu zen. Garai hartan Alderdiko lehendakariordea izan zen, baita Euskadi Irratiko zuzendaria eta euskarazko irratsaioen arduraduna ere. Tartean idazlanak ere egin zituen, Euzko Deia aldizkarian, adibdiez.

1948ko ekainean Andoni amnistiatuta itzuli zen Donostiara eta azaroaren 27an Amalerekin ezkondu zen.

Etxe-ikastola

1949an, Elvira Zipitriak eskatuta, Amalek etxe-ikastola jarri zuen bere etxean, San Jeronimo kalean, eta horrela hasi zen isilpean lau eta bost urteko umetxoei, bederatzi urte betetzen zuten arte, beren lehenengo letrak eta zenbakiak erakutsiaz. Han eman zituen klaseak 1960. urtera arte, gero Grosera joan ziren eta Kolon pasealekuan jarraitu zuen. Gaztelua, ibilbide berria, Kataluniako plaza, Ulia, Igeldo... edozein lekuk balio zuen haurrekin ikasturte bukaerak edota Gabonak ospatzeko.

1969an umeen ikastolak utzi ondoren, orduko lege berrien ondorioz etxe-ikastolak itxi behar izan zituztenean, Amalek helduen taldeei euskara irakasten jarraitu zuen 1984. urtera arte.

1949-1964 urteen artean bederatzi seme-alaba erditu zituen eta bere ikastolarekin batera hezi behar izan zituen horiek guztiak, ni barne. Beraz, Amalek amatasuna, irakaskuntza eta etxekoandre-lana batera egin behar izan zituen. Sekula ez zuen horietatik bat ere alboan utzi.

Errepresioa

Etxe-ikastolen garaian, nahiz eta errepresioaren arriskuan egon, ez zuen inspekziorik jaso 1967ra arte. Urte har­tan isunaren mehatxua bakarrik izan zuen, baina esan bezala, 1969an lan hori utzi behar izan zuen.

1967-1969 urteen artean, bere senarra eta seme bat atxilotuta eraman zituzten espetxera eta senideei bisita egitera joan behar izan zuen. Hori dela eta, bakarrik gelditu zen garai hartan, bost bat hilabetez, zazpi seme-ala­bekin, 4 urtetik 18 urterako haurrekin.

Geroztik euskal presoekin harremanak izan zituen luzaroan gutunen bidez. Haien aldeko ekintzetan eta kalera­tzeetan izaten zen harrera egiten Amale, azken aldia zendu baino hilabete lehenago izan zen. Politikan beti izan zen abertzalea, EAJn hasieran, gero EAn, eta azken garaian Ezker Abertzalearen ingurukoa.

Euskarazalea

Euskarazaintzan eratzaile jardun zuen hasieran eta Euskaltzaina izan zen 1994tik zendu zen arte. Bestalde, Ar­basoen hizkuntza zaleak elkartea sortu zuen: euskalkien aldeko elkartea zen hura. Bera izan zen lehendakaria eta aldizkaria prestatu zuen, argitaratzeaz eta banatzeaz arduratzen zen zehazki. Baina idatzi ere egiten zuen: Iru­txuloko aldizkarian idatzi ohi zuen, bere argitalpenak euskararen erabilerari buruzkoak ziren. Azkenik, katekesia urte batzuetan eman izan zuen Grosen eta ber izan zen euskaraz ematen zuen bakarra 2000. hamarkadan.

Bere azken urtea betiko eran hasi zuen, alaitsu, bere azkeneko Donostiako danborrada beti bezala ospatu zuen. Horrela jarraitu zuen bere azken lau hilabetetara arte, ibiltzeko indarrik gabe gelditu zenean gurpil-aulkia erabili behar izan zuen. Hala ere egunero kaleratzen jarraitu zuen gure amak. 2015eko irailaren 28an, bere azken arra­tsaldea kalean pasa ondoren, etxeratu zenean utzi gintuen.

EUSKAL PLAZANDREAK
Irakurri artikuluak →