
Gaiak
Euskal plazandreen autopsia
CRESPO CABILLO, Cira ALVAREZ URIA, Amaia
Normalean, ikerketa bakarkako lana izaten da, baina batzuetan, ikergai bera dutenek elkarrekin topo egiten dute. Hori da, gutxi gora-behera, gure talde-kideei gertatu zitzaiena. 2025aren hasieran ezagutu genuen elkar Cirak eta Amaiak eta, kafez kafe, XX. mende hasierako euskal plazandreei buruz aritu ginen hizketan: “gaur egun ez dira apenas ezagunak; eta ezagutzen badira, desitxuratuta daude, estereotipoek zigortuta; haien ekarpenaren aitortza egin behar da eta gaur egundik irudikatu…”.
Gauzak horrela, berotuz joan ginen eta ikasturte amaieran emakume sortzaile, eragile eta erreferentzial hauen inguruan ikertu eta argitaratu dutenei idatzi genien uda ostean bilera bat egiteko. Lehen bilera hartatik bederatzi hilabetera, UEUren Udako Ikastaroen markoan, “XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia” jardunaldiak egin genituen Eibarko Markeskuan, 2026ko ekainaren 29an eta 30ean.
Plazandreak plazara
Jardunaldien aurkezpena egin ondoren, gaia kokatzeko asmoz hitza hartzen lehenak Cira eta Amaia izan ginen. “Plazandreen loraldia, non, noiz eta nola gertatu zen?” izenburua ipini genion gure hitz hartzeari eta bertan jardunaldiak nondik eta nola sortu ziren azaldu genuen, eta jardunaldiei izena ipintzeko aukeratutako hitzek zer esaten diguten kontatu genuen; horrela garaia eta protagonistak zirrimarratzen hasi ginen.
Jarraian, zenbait plazandreren bizitzak eta lanak aurkeztu ziren: Igone Etxebarriak Sorne Unzuetaz jardun zuen, Enara San Juanek Karmele Erraztiri buruz, Jon Mentxakatorrek Errose Bustintza eta Mayi Ariztia ipuinzaleak ekarri zizkigun, Nekane Goikoetxea Tene Mujika eta bere inguruaz aritu zen, Galder Unzaluk bere izeba Miren Etxaberen ekimenen berri eman zigun, Elixabete Perez.Gazteluk Joxepa Antoni Aranberri eta Frantziska Astibia bertsolari errenteriarrak ezagutarazi zizkigun, Ipar Euskal Herriko Feillet ahizpak eta Helene Elizaga aurkeztu zizkigun Ane Lekuonak eta Ignacia Zabaloren gainean entzun genion Maddi Elorzari. Lehen eguna plazandre sorta horrekin osatu genuen, eta sorta horri buruzkoak aletzen Miren Artetxe eta Eli Pagola izan genituen, bertsotan.
Bigarren egunari hasiera emateko bi hitzaldi mamitsu izan genituen: batetik, “Emakume Abertzale Batza eta emakumeen hezkuntza” hitzaldia Karmele Perez, Gurutze Ezkurdia eta Begoña Bilbaoren eskutik, eta, bestetik, “XX. mendeko emakume idazle eta kazetariak (1939ra arte)” Xabier Altzibarren ahotik. Eguna osatzeko, Jonan Zinkunegik bere ama Amale Arzelusi eta etxe-ikastoletako andereñoei buruz prestatutako bideo bat ikusi genuen eta horren ostean, Ana Moralesek Perpetua Saraguetaren testuen irakurraldia egin zigun. “Loraldiaren etena, errepresioa, erbesteratzea eta zentsura” hitzaldia eman behar zigun Ione Zuloagak amaitzeko, baina ezin izan zen etorri. Belen Ibarrolaren performance txiki batekin itxi genituen jardunaldiak, plazandre hauen argazkiak eskuetan hartuta eta haien izen-abizenak ozenki aldarrikatuta.
Izenburuaren autopsia
Baina, zeri buruzkoak izan ziren jardunaldi hauek? Zein izan zen bertan partekatu genuen ikuspegia? Galdera horiei erantzuteko, jardunaldien hasieran egin genuen ariketa berreskura dezakegu: izenburuaren autopsia.
Izan ere, jardunaldiei izenburua jartzea ez zen uste bezain erraza izan. Lehenengo arazoa kronologikoa izan zen. Zergatik XX. mendea? Noiz hasi ziren euskal emakume garaikideak plazara ateratzen? Eta “plaza” zentzu zabalean ulertzen badugu (aldizkarietan idaztea, liburuak argitaratzea, kultur eta gizarte ekimenetan parte hartzea edo politikan antolatzea), non jarri hasiera? 1902An adibidez, Joxepa Antoni Aranberri Ibaizabal aldizkarian neskazaharren defentsan atera zenean? 1906An bestela, Aberri aldizkarian EAJko gizonek emakumeei bertan idazten parte hartzeko deia egin zietenean? Edo 1907an, emakume batzuek “Ropero Vasco” antolatu zutenean? Beste aukera bat da 1916an hastea, Karmele Erraztik Euzko Deyan “Euzkeldun neskatillai” zutabea idazten hasi zenean. Edo, zergatik ez, politikari begiratzen badiogu, 1922an abiatzea, Emakume Abertzale Batza sortu zenean... Ez genuen data bakar bat aukeratu nahi izan. Izan ere, datazio bateraturik ez egotea ez da soilik arazo bat: ikertzeko dugun guztiaren seinale ere bada. Ikerketa kolektiboak lagunduko al digu etorkizunean hasiera hori hobeto zehazten!
“Euskal plazandreak” esateak ere azalpen bat eskatzen zuen. Hau da, nola izendatu behar dugu ikertuko dugun subjektu kolektiboa? Gehienek euskal abertzaletasunaren inguruan kokatzen zuten haien burua eta haien ekarpena, eta horregatik Emakume Abertzale Batza izan zen garai hartan emakumeak plazara ateratzeko bide nagusiena. Baina, hala ere, euskal plazandre guztiak ez ziren talde horretako kide izan, elkarte horretatik kanpo badira zenbait erreferente. Horrez gain, euskal izendapenarekin ere ñabardurak ager daitezke, izan ere, adibidez, arte plastikoen munduan euskara ez zen ardatz nagusia izan eta gaur egun ere “euskal artea”z ari garenean ardatz nagusia ez da hizkuntza izaten maiz. Beraz, “euskal plazandreak” esaten dugunean ere aniztasun handiko errealitate bati buruz ari gara (nahiz eta gure ikertzaile-taldearentzat euskara ardatz zentrala izan).
Partekatzen dituzten ezaugarri batzuk aipatu beharko bagenitu, esan genezake denak jaio zirela XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran; gehienek ezizenak erabili zituztela (Etxakin, Mañariko, Lau uxo edo Nornai, esaterako); garai hartan egokitu zitzaien emakume rola bete zutela, baina rol femeninoaren mugak behartu zituztela eremu publikoan eragile eta ekintzaile izan zirelako; ezagutzen ditugun gehienak kostaldekoak direla (Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdikoak), Euskal Herri osoan egon zirela dakigun arren; eta haiei buruz heldu zaizkigun lekukotza gehienak argitaratu ziren testuak direla (nahiz eta audioren bat eta argazki batzuk ere badauden).
Eta, azkenik, “etendako loraldia”. “Loraldia” hitza aukeratu genuen garai hartan Euskal Herrian gertatzen ari ziren hainbat prozesu batera ulertzeko. Euskal Pizkundea martxan zegoen: euskal kultura biziberritu, euskal komunitatea trinkotu eta mende berriak ekarritako garai berriekin negoziatzen hasi ziren. Zenbait sektoretan Europako beste kulturen parean kokatzeko ahalegin handia egin zen. Aldi berean, euskal abertzaletasunak nazio-eraikuntza politikorako proiektu bat garatu zuen, eta Euskal Herriko paisaia politikoa sakon aldatzen ari zen. Espainiako II. Errepublikak modernizazio politiko eta kulturalerako aukera berriak ekarri zituen. Europako abangoardia artistiko eta literarioen hotsak ere iristen ziren hona. Euskal Herria ez zen mundutik aparte zegoen uharte bat. Emakumeei dagokienez, Europako mugimendu sufragistak emakumea subjektu politiko gisa agertzea ahalbidetu zuen. Euskal Herriko emakumeak gero eta ikusgarriago bihurtu ziren prentsan, kulturan, hezkuntzan eta politikan. Testuinguru horretan atera ziren gure plazandreak plazara bizitza publikoan parte hartzera eta eragitera.
Baina aipatutako loraldia bortizki eten egin zuten. 1936ko gerrak eta ondorengo errepresioak ordura arte zabaldutako aukeretako asko berehala itxi zituzten. Ipar Euskal Herrian ere, handik gutxira, Bigarren Mundu Gerrak beste haustura bat ekarri zuen. Emakume haiek irekitako agertokiak ‒eraldaketarako itxaropenez eta aukeraz betetakoak‒ oso baldintza kaxkarretan geratu ziren.
Puntu honetara ailegatzean ñabardura garrantzitsu bat egin nahi izan genuen jardunaldietan: plazatik desagertu izanak ez du esan nahi emakume haiek desagertu zirenik. Ez ziren hil, ezta jarduteari utzi ere. haietako askok gauzak egiten jarraitu zuten, baina beste espazio batzuetan, sarritan plazatik kanpo eta ia beti ezkutuan. Gerraosteko belaunaldi berriekin izan zituzten loturak eta transmisioak ere oraindik hobeto aztertu beharrekoak dira.
Eta hemendik aurrera?
Jardunaldiekin oso pozik geratu gara taldekideak. Asko ikasi dugu, besteen begiradak norberarena aberastu du, bide berri posibleak zabaldu dira eta elkarrekin lanean jarraitzeko gogoa piztu zaigu.
Hurrengo urratsa argitalpen kolektibo bat egitea izango da. Taldeko kideok pentsatzen dugulako euskal plazandre hauek, eta aipatu gabe utzi ditugun beste askok, haien ekarpenen aitorpena merezi dutela eta euren lanen berrikusketa bat egiteko dagoela. Historia kontaketa bat da eta kontaketa hori berrikusi behar da, bereziki bertsio ofizial xume bat dagoenean, hauekin gertatzen den moduan.
Horregatik jarraituko dugu plazandre hauen berri ematen, haiei buruz eraiki diren estereotipo murriztaileak desegiten, haien bizitzen eta lanen konplexutasuna adierazten eta egin zuten ekarpena eta garai hartan eremu publikoan aritzeko izan zituzten baldintzak kontatzen.

