796 Zenbakia 2026-11-23 / 2027-01-16

Gaiak

Errose Bustintza eta Mayi Ariztia, Euskal Pizkundeko ipuinzale bi

MENTXAKATORRE ODRIOZOLA, Jon

Artikulu hau UEUren Udako Ikastaroen markoan, “XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia” jardunaldietan emandako hitzaldian oinarritutako laburpen dibulgatiboa dela.

 

1933ko martxoan hil baino aste batzuk lehenago, 36 urteko Xabier Lizardik Euskal Pizkundea poema josi zuen. Haren hiletan Lupe Urkiolak buruz esan ondoren, olerkia 1970ean eman zen lehen aldiz plazan, idatziz, Biotz-begietan liburuaren hirugarren argitalpenean (Zarautz, Itxaropena). Ondoren, 1974ean, Benito Lertxundik Oro laño mee batek… diskoan kontu-kantu eder bihurtu zuen.

Antonio Maria Labayenen esanetan, «Lizardiren azken lan ori bere pentsaeraren dirdaia da; euskal Pizkundearen alde zenbat leitatu izan zala salatzen duana» (Lizardi 1983: 7). Gu ere horretan gaude. Amonaren bidez agertzen den antzinako lur, nortasun eta jakintzari omenaldia egin zion Lizardik. Bizirik ezagutu zuen baina isil-isilik galtzen ari zen munduari miresmen. Hortaz, iraganetik zetorren pertsona eta herri ereduaren duintasuna poesiaz jantzi zuen, haren emarirako leihoa betiko izan dezagun. Hori dela eta, sasoi oso bateko testamentua da Lizardiren olerkia. Laugarren ahapaldiak honela dio:

Amonaren alkia
ago sutondoan
aren ipuirik aldek
ik jaso gogoan?
Ik ez? Laratzak? Ezta...
Ez uste gozoan
geunden ta gure poza
betiko da joan

Ipuinak, kontuzaharrak, esaundak, mitoak… eta baladak, bertsoak, esaerak eta gure mundua hitzez ondo janzten duten esaldi guztiak jasotzeko grina piztu zen XIX. mendearen amaieran, zer eta asfalto, lantegi eta abiadura handiko mundu berria esanguratsua izan zedin, haren barne mundua behintzat argitsua, usaintsua, bizigarria izan zedin. Hitz bitan: gerominari lehenmina lotu zitzaion, eta lehenminari geromina. Iraganeko onenari toki egiteko garaia izan zen Euskal Pizkundea, orduan, gaur eta gero herri bat eta bera izan gaitezen.

Lehengoen aho-bihotzetan balio handiko altxorrak zeudena hainbatek zekien, eta asko izan ziren iturri-jakiturien bila herritar xeheengana joandakoak. Ondorioz, herri gogoa ezagutzeko nahi bizia askok hauspotu zuten. Hizpide izango ditugun Errose Bustintza eta Mayi Ariztia tradizo horretako bi andrazko ziren: ipuinzaleak, pitxizaleak, ahozko lorazainak. Ahanzturaren isiltasunetik gure arbasoen arte-ederraren emaile ditugu biak. Etnografoak, folkloristak ziren. Eta, itzaltzen ikusi zuten munduaren maitale izateaz gain, mundu horretako herrikide peto ziren. Ondarea ez zen haientzat urrutiko osagaia, gertu-gertukoa, giro-girokoa baizik.

Bustintza eta Ariztia, hortaz, ipuin biltzaileen kateko begi bi dira (Mentxakatorre 2023 I: 32-40). Jean-François Cerquandek, Zuberoa eta Nafarroa Behereko kontuekin Légendes et récits populaires du Pays Basque (1874-1883) bilduma ondu zuen; Wentworth Websterrek Basque Legends (1877) eta Jean Barbierrek Légendes du Pays Basque d’après la tradition (1931) lapurdikoekin; eta Joxe Migel Barandiaranek Eusko Folklore (1921-1983) eta Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren yakintza (1935-1947) Euskal Herri luze-zabalekoekin.

Bizkaian Bustintza eta Lapurdin Ariztia, bi-biak dantza berean aritu ziren, eta lehenaren Ipuinik ipuin Mañarian gora (2009) eta bigarrenaren Amattoren uzta bildumak aurreko istorio multzoen ondoan daude kokatuta. Gure iritziz, sakontasun eta barne mundu handikoak izateagatik batu ziren zainketa lan horretara; beste batzuek ikusten ez zutena argi-argi ikusi zutelako bihotzaren begiz.

Izan ere, Euskal Herri osasuntsua ezagutu zuten Bustintzak eta Ariztiak, nork bere Mañarian eta Saran. Lurrari, fedeari eta modernitate sustraiduna egiteari atxiki zitzaizkien, guk geuk ere beren sasoiko euskal barne mundura sarbidea izan dezagun. Eta garai hori, Lizardik egin bezala, Ariztiak ere amonaren irudiak agertzen zionarekin lotu zuen. Kontalari onena gizonezkoa zuen, ikusi bezala, baina sutondoko amattoren aulkira erakarria.

Barne mundu aberatsaz gain, hainbat ziren Bustintzaren eta Ariztiaren arteko antzekotasunak. Lehenik eta behin, biak aldi eta jatorri beretsukoak izateaz gain, luma landuko giroan hezi ziren, besteak beste beren osabei esker. Bustintza (1899-1953) Mañariko Zumelaga etxekoa zen, eta haren osaba Ebaristo Bustintza, Kirikiño. Bestalde, Ariztia (1887-1972) Sarako Lehetxipia etxekoa zen, eta haren osaba Laurent Diharassarri. Horrez gain, Bustintza neskazahar lotu zen, eta 1909an Basili ahizpa osabarekin ezkondu ondoren, hirurak elkarrekin bizi ziren. Ariztia, ordea, 1910ean ezkondu zen –orduan jantzi zuen Pedro senarraren «Ariztia» deitura–, eta 9 seme-alabaren ama bihurtu gerora.

Argitara emaniko Bustintzaren lehenengo testuak 1927koak dira. Euzkadi egunkarian eman zituen, sinatu gabe. 1929ko otsailaren 10ean, Kirikiñoren hilberriarekin, Mañariko izengoitia azaldu zuen lehen aldiz. Ordutik Euzkadiko kronikari oparoena izan zen. Aldiz, plazako Ariztiaren lehen testua, «Mutil baten ichtorioa» dugu, 1932ko maiatzean Gure Herria aldizkarian emana. Biek agerkari euskaltzale edo abertzale bat baino gehiagotan idatzi zuten. Horietako zenbait aipatzearren, Bustintzak Ekin eta Euzko Enda aldizkarietan idatzi zuen, eta Ariztiak Eusko Folklore Urtekaria eta Egan aldizkarian.

Esandakoaz gain, plazandre izaera ugariagoa zuten biek. Bustintza Emakume Abertzale Batzako kide langilenetakoa izan zen, eta, 36ko gerraren eraginez Katalunian eginiko erbestaldian Gure Etxian bizi zen; Bartzelonako Pino kalean batzak zuen egoitzan, hain zuzen. Bestalde, Ariztia hizlari ere izan genuen; 1933an, Donostiako Novedades antzokian, Euskal-Esnalea aldizkariak antolatutako hitzaldietan, «Euskal etxe zaharrak» izeneko berbaldia eman zuen, esaterako. Gainera, plazandre, idazle eta etnografo legez, beste hainbat eragilerekin harreman estuan izan ziren. Bustintzak, adibidez, lagun egiten zuen Estepan Urkiaga Lauaxetarekin, eta Ariztiak, Jose Gontzalo Zulaika Aita Donostiarekin.

Bestalde, Bustintzaren azken argitalpen originala 1939koa da, eta Ariztiarena 1938koa. Ondorengoak berrargitalpenak izan ziren: Bustintzarenak 1951-1965 artean Anaitasuna albistarian eta Ariztiarenak 1950-1961 artean Gure Herria aldizkarian, batez ere. Gure ustez, 36koak batari eta 39koak besteari, gudak haien luma moztu zuen.

Herritik jasotakoari dagokionez, Ariztia ubide garbi izan zitzaion jendearen esanari. Bustintzak, ordea, jasotako testu asko, ipuinak batez ere, gozotu egin zituen. Izan ere, Ariztiak ez bezala, Bustintzak larregizko koipea eman zien haren ipuinei, eta haiei zerien gatz-piperra apaldu zuen horrek. Ahozko literaturatik herri literaturarako jauzia egin zuen, beraz, mañariarrak, eta horrek, bere horretan, balio handia dauka, etnografiatik urrundu arren.

Balio hori, sendo, Santiago Onaindiak azaldu zuen behin baino gehiagotan. Behin Kerexetak 1990ean eginiko Bustintzaren bildumaren atarian, eta urteak lehenago 1954ko Mila euskal-olerki eder bilduman:«Idazle biotz-samur ta eztia, mitxeleta egon-ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz-zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana. Idatzi eban guztia baturik, liburu irakurgarria osotu daikegu» (1954: 756). Esan bezala, Bustintzaren lehen bilduma 1990ean Kerexetaren eskutik etorritako ipuin-sorta zen.

Bustintza eta Ariztia, eta beste asko eta asko ezagutu, ulertu eta pizteko –gaur eta hemen esanguratsu egiteko– Euskal Pizkundearen emariaren jabe izan behar gara. Hots, Lizardiren bidez poesiaz sendotu den gure herriko taupadaren ezagule izan behar gara. Hori dela eta, bukatzeko, gogoan har ditzagun ipuinen gainean Ariztiak esandako hitzok:

Agian irakurtuko dituztenek izanen dute nik horien hartzean izan dudan atsegin bera.

Eta dena izanen da gure Eskuararen onetan, haren maitarazteko eta hedarazteko, Jainko maiteak hala nahi duelarik! (1934: 7).

Zorionez, Bustintza eta Ariztia ez zeuden ezuste gozoan, eta gure pozari amaigabeko sutxingarra eman zioten, ipuinen bidez munduaren xarma zabaldu zuten heinean.

EUSKAL PLAZANDREAK
Irakurri artikuluak →