Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da liburu hau. 2019an hasita, lau urtean Nafarroako eragile sozial, politiko eta sindikalekin, aditu akademikoekin, administrazioko arduradunekin eta herritar soilekin batu da Eusko Ikaskuntzako Talde Eragilea, ondoko galderari erantzuna eman nahian: Posible da nafar gizartean bizikidetza eraikitzea aniztasunaren errespetutik abiatuta?
Gatazka agerikoa delako abiapuntu hartuta, Eusko Ikaskuntzak beharrezkotzat jo du ondorengo gaien inguruan gogoeta egitea: konfiantza, euskararen balizko politizazioa, nazio identitateen arteko talka eta Nafarroako Administrazioaren zeregina. Gai horiek denak herritar soilek eta eragile sozial eta politikoek eurek adierazitakoak dira, lau urte hauetan oso giro desberdinetan gauzatu ditugun harremanen bidez. Beraz, jarraian aurkezten den ibilbideak galdera horiei erantzun nahi izan die. 206 nafar herritarrek hartu dute parte euren iritziak, ezinegonak eta proposamenak adieraziz.
2019: Lehenengo fasea. Gaian aditu zirenekin Taldea batu genuen hasierako diagnostikoa egin zezaten. Hura Castejón, Berriozar eta Baztaneko herritar taldeetara eraman genuen haien iritzia jasotzeko. Osotora, 91 pertsonak hartu zuten parte fase honetan.
Bi izan ziren behin eta berriz azaleratu ziren gatazka iturriak: euskararen kudeaketa eta gehiegizko polarizazioa giro politikoan. Gure iritziz, biek ezkutatzen zuten nazio identitate desberdinen arteko gatazka bat eta, hortaz, bizikidetzaren oztopoak ondo identifikatzea izen zen hurrengo fasearen helburua.
2020: Bigarren fasea. Aditu Talde bat osatu genuen, mundu akademikotik eta politikotik etorriak, bost bilera egin zituena. Bizikidetza kontzeptuaren zehaztapena eta osagai posibleak lantzea zuen gogoetaren helburu. Gogoeta hura beste talde birekin kontrastatu zen: Nafarroako Gizarte Foroarekin, kultura, sindikalgintza, kazetaritza eta euskalgintzako kidez osatua; eta Nafarroako Herritar Mahaiarekin. Azken hori nafar lurralde osoko udal euskara edota kultura teknikariez osatua egon zen. Ordurako guztiz argi zegoen euskara zela behin eta berriz agertzen zen gai polemikoa baina, berez, iceberg moduko bat zela, azpian nazio identitate talka baitzegoen.
2021/2022: Hirugarren fasea. Bizikidetza sustatzeko erronkak eta ardurak identifikatzea izan zen helburua. Hartarako, 2020an ateratako baieztapen batetik abiatu ginen: demokrazia indartzeak homogeneizaziorako arriskua dakar eta beraz nafar gizartean antzematen den mesfidantza giroa nola leundu izan zen gogoetaren gakoa. Zertan datza konfiantza? Nork du erantzukizunik zuzena konfiantzaren eraikuntzan? Horretaz gogoeta egiteko, Aholku Batzordea antolatu zen, eragile eta aditu sorta batez osatua, gaiaren inguruko iradokizunak eta aholkuak egin zitzatela eskatuz taldekideei. Sei saio egin zituen talde honek.
Nafarroan eta hemendik kanpo ere nola kudeatu den konfiantzaren gaia teorikoki lantzeko 2021eko ekainaren 16an Gure desadostasunak: ezberdinen arteko konfiantza lantzen izeneko jardunaldia antolatu genuen CIVICANen. Nafarroaz gain, Katalunian eta Ipar Irlandan egondako esperientzien berri izan genuen adituen eskutik.
Urte berean, Nafarroako Parlamentuko indar politiko batzuek eskatuta, bertan aurkeztu ziren proiektuaren emaitzak maiatzean. Eta Nafarroako Topaguneak antolatutako Euskara Nafarroan: jarrerak eta aukerak jardunaldian, urrian.
Urte horretan bertan, Nafarroako esparru politikoko soslai ideologiko desberdinetako eta hainbat tokitako pertsona esanguratsuei egin zitzaien 13 sakoneko elkarrizketa.
2022/2023: Laugarren fasea: Proposamenak. Abiapuntua honako hipotesi hau izan zen: Testuinguru politiko berrian, belaunaldi gazteak uko egingo ziola muturreko polarizazioari nazio dentitate eta hizkuntza gaietan eta arlo politikoan zein sozialean konfiantza giroa areagotuko zela, gatazka, logikoa denez, desagertu ez arren. Hartarako, hiru gazte talde antolatu genuen, aldagai geografikoa eta politikoa kontuan hartuta:
Nafarroako gazte ez-politizatuena. Bilera bi egin genuen, Berako eta Tuterako gazteez osatua, hurrenez hurren. Hemen, aldagai geografikoaren eragina neurtu nahi genuen eta, beraz, Iparralde eta Hegoaldeko gazte soilen artean diskurtsoetan diferentzia nabarmenik zegoen.
Nafarroako gazte politizatuena. Nafar lurralde osoko eta espektro politiko guztiko gazteez osatutako talde honi talde ez-politizatuen iritziak aztertzeko eskatu zitzaion, arazoak eta gakoak identifikatzeko asmoz. Eta, hari horretatik tiraka, eragile sozial edo politikoei egin beharreko aholkuak edo neurriak proposatzea.
Eusko Ikaskuntzako Talde Eragileak Administrazioari, nafar gizarteari eta alderdi politiko guztiei zuzendutako hainbat proposamen landu ditu. Hartarako, lau urteotan jasotako kezkak eta iradokizunak sailkatu eta gero, proposamenak ikuspegi plurala duten pertsonekin eztabaidatu nahi izan ziren. Helburu horrekin antolatu zen 2023ko martxoan Ezberdinen arteko Mintegia Nafarroako lurraldearen aniztasunean eragiten duten hainbat faktore kontuan hartuta: lurraldea, generoa, identitate nazionala, kultura, erlijioa eta ideologia. Horrela, mundu akademiko, politiko eta gizarte mugimenduetako 28 pertsona bildu ginen honetaz guztiaz eztabaidatzeko.
Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: askoren arteko mintegia (2023.03.09).
Zenbait emaitza xehetuz eta iradokizun batzuk adieraziz
Nafar identitatea eta aniztasuna. Ez dago argi zertan oinarritzen den nafartasuna, osagai asko ageri direlako, baina egon badago, eta “anitza” irudikatzen da Nafarroa. Jende guztia dago nafar izateaz harro. Ez dago argi, ordea, lotura identitario indartsurik behar den bizikidetza bermatu dadin. Beharrezkoa da, hori bai, elkarren aitorpena egitea, alegia, errespetua nagusitzea eta hizkera belikoa baztertzea eztabaida sozial eta politikoan.
Euskara
Hizkuntza da polemika eta mesfidantza gehien sorrarazten duen gaia, Euskara ofizial izatea lurralde osoan eta, beraz, zonifikazioa desagertzea da Euskalgintzaren sektore handi baten eskakizun nagusia. Beste muturrean aurkitzen dugu euskara nafar ondaretzat jo arren, “bere eremu naturalean” garatzeko babesa bakarrik onartzen duena eta hortik kanpo hartzen diren sustapenerako neurriak inposiziotzat jotzen dira. Eta, nolabaiteko erdigune batean aurkitzen dugu mota askotako eragile sozial eta politiko, euskara zabalpenaren alde daudenak baina borondate izaerari eutsita, zuhurtziaz eta progresiboki eginez.
Baina nola ulertu behar da euskararen ezagutza, eskubide ala betebehar gisa?
Nafar guztiak ados badaude euskara Nafarroako hizkuntza dela, aldatu egin behar da arazoa izendatzeko modua.
Euskaldunek ulertu behar dute eskubideak testuinguruan ulertu behar direla, ez direla abstraktuak. Eta euskaraz mesfidati direnek ezin dute esan beren eskubideak zapaltzea dakarrenik. Jarrera hori aldatu dadin, euskara ospeaz eta etekin pragmatikoaz hornitu behar da.
Eta hor Nafarroako Administrazioaren eginkizuna sartzen da, ezin baitu neutral jokatu hizkuntzaren auzian eta deigarria da duen zuhurtzia beste gai batzuetan adierazten ez duena.
Norabide diskurtsibo berriak asmatu beharra dago, kontsentsu soziopolitikoa lortzeko helburuarekin.
Hiru puntuon inguruan egin dira proposamenak:
- Euskararen ofizialtasuna
Adostasun sozial zabala lortzea da gakoa, printzipio honetan oinarriturik: bi hizkuntza izateak, biziak eta osasuntsuak, Nafarroa aberasten du eta bizikidetzarako ona da.
Euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela onartu beharko litzateke, prozesu motel eta mailakatuan, eta horretarako, foru eta toki erakundeen erantzukizunaren zati handia dago.
- Euskara hezkuntzan
Administrazioak ahalegin handiagoa egin beharko luke ereduak eskaintzeko orduan, gero eta jarraitzaile gehiago lortzen ari da A eredua sustatuz, G ereduaren ordez. Eta alderdi politikoei ere eskatu behar zaie eztabaida lasaiagoari ekiteko.
- Euskararen balorazioa Administrazioan
Eztabaida sozial handiena sortzen duen gaia da egun, kontu “materialez” ere ari gara eta. Nafarroako Administrazioak gehiengo adostuen bidez, nahiz eta biztanle guztien gustukoak ez izan, beren lanpostuetarako hizkuntza eskakizunei buruzko politikak diseinatu beharko lituzke, helburuez eta ondorioez jabetuta eta beti eztabaida arrazionala sustatuz.
Nazio identitateak eta nafarren arteko bizikidetza
Euskara polemika iturri izatearen arrazoi nagusia da, sakonean, nazio identitate biren arteko talka bat ezkutatzen duela. Gauza bat argitu beharko litzateke: Euskararen zabalpenak ez dakar, ezinbestean, euskal nazionalismoaren zabalpenik, jende askok uste duenaren kontra. Iritzi hau oso sendoa da nafar gizartean eta hortik batzuen mesfidantza eta besteen ahalegina. Egia da erlazio lineala dagoela euskararen ezagutzaren eta euskal nazionalismoarekiko atxikimenduaren artean baina horrek ez du esan nahi bata bestearen kausa denik. Euskal nazionalismotik hurbil sentitzen diren pertsona guztiek ez dakite euskaraz eta euskara dakiten pertsona guztiak ez daude euskal nazionalismotik hurbil.
Gaur egun, Nafarroa irudikatu bat dugu, elementu sinple eta ez oso arrazionalen inguruan eraikitako identitate batekin. Emozioez, afektuez, sentimenduez ari gara. Batzuetan, oztopo dira eztabaida lasaiari ekiteko. Nafarroako konfiantzaz hitz egitea afektuez eta sentimenduez ere hitz egitea da eta horiek ondo ulertu behar dira eraginkortasuna lortzeko. Beraz, eztabaida arrazional hutsak ez du arrakastarik euskararen edo sinboloen gaian izango baldin eta emozioak eta sentimenduak lantzen ez badira. Oreka bilatu behar da baina identitate sinbolo guztiak onartu behar dira.
Identitatea gai zabala da eta batzuen ustez ez da kohesiorako bermea. Eta, are gehiago, ez da zertan bilatu kohesiorik, baizik eta bizikidetza demokratikoa. Hementxe datza gakoa gure ustez: nafar gizartean kultura demokratikoa gailendu behar zaio giro gaiztoari.
Kohesiorako beste elementu bat sarritan agertzen dena da barne komunikazioa, eskualdeen artekoa, herritarren artekoa… espazioak sortzeko egokitasuna. Eta Administrazioari eskatzen zaio bideratu ditzala harreman horiek, batez ere Iparraldeko eta Hegoaldeko nafarren artekoak. Deszentralizazio administratiboa ere lagungarri izango litzateke.
Eta harago joanda, beharrezkoa ikusten da zenbait forotan eragile sozial, sindikal eta politikoek konpromisoa hartzea konfrontazio demokratikoaren arauak errespetatzeko. Onartu behar dugu, diote, Nafarroan bi identitate nazional daudela eta zilegia dela helburuak demokratikoki bilatzea. Asmo homogeneizatzaileak kaltegarriak dira bizikidetzarako.