779 Zenbakia 2023-06-15 / 2023-09-13

Gaiak

Neomatxismoa, plataforma digitalak eta genero-joera algoritmikoak

GUTIERREZ, Miren RODRÍGUEZ, María Pilar

Deustuko Unibertsitatea

Neomatxismoa

Hasteko, esan behar dugu betiko matxismoa eta misoginia oraindik ere presente daudela gure bizitzako esparru gehienetan. Gaur egun jada ez da onartzen genero-berdintasunari zuzenean erasotzea, ez behintzat diskurtso politiko eta instituzionaletan; horren ondorioz, matxismo modu berri bat sortzen da, neomatxismo edo postmatxismo izenekoa. Neomatxismoa ideologia berri bat da eta funtsezko idea hau da: emakumezkoek dagoeneko lortu dituzte gizonen eskubide berberak; feministek aparteko onurak lortu nahi dituzte, eta gizonezkoak dira kaltetuak eta bidegabekeria berriak jasaten dituztenak. Kanpaina neomatxistetako kontsigna batzuk honako hauek dira: genero-ideologia deitzen diotena gaitzestea, genero-indarkeria ukatzea, emakume feministen edo ezkerreko alderdi politikoetako buruzagien aurkako erasoak etengabe gauzatzea, eta indarkeria jasan duten emakumeen salaketa faltsuak defendatzea. Arazoa da egiak ez duela inporta. Diskurtsoak emozioetara jotzen du eta ez du axola datuak neomatxismoaren postulatuekin bat datozen ala ez. Adibidez, datuek erakusten dute genero-indarkeriari buruzko salaketa faltsuen kopurua oso txikia dela (2022ko azken memorian, genero-indarkeriagatiko salaketa faltsuak aurkeztutako salaketa guztien % 0,01 dira), baina diskurtso neomatxistak asko daudela defendatzen jarraitzen du.

Horretaz gain, azken hamarkadetan, Marta Cabezasek “feminismoaren jabetze oportunista eta parasitarioa” deitu izan duena agertu da: komunikabide tradizionaletan, publizitatean eta plataforma digitaletan oso mezu anbiguoak agertzen dira, erretorika feminista bera maiz erabiltzen dutenak ideia erabat antifeministak eta batzuetan argi eta garbi misoginoak estaltzeko. Historian zehar zapaltzailetzat hartu izan diren elementuak, adibidez, emakumeen gorputzaren erabilera, gaur egun emakumeen askapenaren eta erabakitzeko gaitasunaren ikur gisa agertzen dira. Diskurtso neoliberala da, emakumeen “ahalduntzea” modu indibidualistan sustatzen duena, lan produktibo eta erreproduktiboaren bidez, mugimendu feministaren balioak alde batera utziz eta lorpen kolektiboak mespretxatuz.

Funtsean, erresistentzia antifeministaren erantzuna dago, ordena patriarkala berrezarri nahi duena, modernitatearen eta askapenaren itxura faltsuaren ondoren, benetan familiaren eta heteronormatibitatearen eskema tradizionalak errepikatzen dituen erasoaldi berri baten bidez. Diskurtso berri horiek indar handiagoz agertzen dira plataforma digitaletan, baina sareetako aktibismo neomatxistaz gain, komunikabide tradizional horiek hedatzen laguntzen dute, askotan partzialak edo kontrastatu gabeak diren albisteak landuz, horietan ez baita ia inoiz proposatzen ikuspegi feministarik edo berdintasun-erakundeetatik iturri adituak bilatzerik.

Jarraian ikusiko dugunez, neomatxismoak plataformetan dabiltzan eduki digitalen parte dira.

Plataforma digitalak eta genero-joera algoritmikoak

Mobilizaziorako eta ekintzarako ere erabil daitezkeen arren, plataforma digitalek emakumeen berdintasuna lortzeko erronkak planteatzen dituzte. Plataformen bi ezaugarrik laguntzen dute horretan. Lehenengoa da plataforma digitalek aukera ematen dutela edukia denbora errealean eta modu masiboan zabaltzeko. Bigarrena plataformen negozio-eredua da; eredu hori algoritmoen laguntzaz sortzen ez dituzten datuak monetarizatzeko gaitasunean oinarritzen da.

Era berean, bi berezitasun horiek emakumeen berdintasunerako bi erronka mota nagusi planteatzen dituzte:

  • Emakumeen aurkako indarkeria, estereotipoak, sexualizazioa eta diskriminazioa (hau da, neomatxismoa) biderkatzeko eta zabaltzeko erabiltzen dira.
  • Eduki misogino, sexista edo estereotipatu horiek genero-joera sortzen eta elikatzen dituzte.

Lehen erronka

Lehen erronkak hainbat forma hartzen ditu: plataformetan komunikatzen eta antolatzen diren InCels-en indarkeriatik, creepshots eta mobbing-etara. InCels-ak (involuntary celibates edo nahi gabeko zelibeak) 2014tik hainbat eraso eta hilketa egin dituzte Estatu Batuetan eta Kanadan. Aldiz, creepshot-ek ezkutuan hartutako eta genitalak, ipurmasailak edo bularrak erakusten dituzten argazki edo bideoak plataformetan zabaltzen dituzte. Bestalde, plataformetan jendea bultzatzea da mobbing-era, politikari, ekintzaileei eta kazetariei eraso egiteko.

Azken bi taktikak desinformazio-kanpainak egiteko erabiltzen dira, besteak beste. Kanpaina horiek emakume ezagunei buruzko istorio faltsuak aurkezten dituzte edo mehatxuak dituzte, baita irudi umiliagarriak edo sexu-karga dutenak ere. Eraso horien helburua da emakumeak alfertzat, ergeltzat edo kargu bat betetzeko eta politika demokratikoan parte hartzeko emozionalegi edo lizunegitzat jotzea. Honi genero-desinformazioa esaten zaio. Narratiba sexistak oinarri hartuta, eta asmo txarrak eta koordinazioa ezaugarri hartuta, genero-desinformazioak emakume politikarien irudia zikintzen du, eta emakumeei karrera politikoak bilatzeko eta jarraitzeko gogoa kentzen die. Horren adibide da Sanna Marin Finlandiako lehen ministroak eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak 2022an Twitterren egindako bileraren irakurketa. Marin etengabe kritikatu dute bizitza pribatua izateagatik, eta hori ez zen gertatuko gizona izanez gero.

Emilio Doménech: ”Inork azalduko al dit Marinek Instagramera igo duen ezkongaien
argazki-erreportajea? Lmao (laughing my ass off)”.

Hori bereziki arriskutsua da erregimen autoritarioak edo demokrazia ahulak dituzten herrialdeetan. Emakumeen aurkako erasoak egiten dira irabazi politikoak lortzeko, oposizioaren ahotsak isilarazteko, prozesu demokratikoak higatzeko eta azalpenak emateko eskaerak gutxitzeko. Emakumeen parte-hartze politikoa elite politikoentzat erronka bat da askotan, horrek gizonak nagusi diren eta ustelkeria eta botere-abusua ahalbidetzen duten sare politikoak zapuztuzz.

Bigarren erronka

Plataforma digitalek planteatzen duten bigarren erronka alborapen algoritmikoak dira. Algoritmoak gero eta gehiago erabiltzen dira langileak hautatzeko edo lanak, maileguak, aseguruak, arreta medikoa eta beste zerbitzu batzuk eskaintzeko. Hala ere, bai elikatzen dituzten datu-laginak, bai algoritmoak berak, ez dira neutralak. Alborapen algoritmikoa ez da nozio imaginarioa edo teorikoa. Ikerketa ugarik erakusten dute joera horiek emakumeentzako diskriminazioa edo ikusezintasuna ekar dezaketela. Konputazio-sistema automatikoek algoritmo-paketeak dituzte, eta horiek, datuak edukita, adimen artifiziala deritzona ahalbidetzen dute. Teknika estatistikoei eta beste teknika batzuei esker, algoritmo horiek zereginak hobetzen dituzte eta ia denbora errealean datu-kopuru izugarriak liseritzeko gai dira.

Haatik, algoritmoek tratu desberdina ematen dute antzeko egoeretan dauden pertsonen arrazaren, klasearen, sexuaren, generoaren, posta-kodearen edo adinaren arabera.

Nahita ez bada ere, alborapen algoritmikoa sor daiteke adierazgarriak ez diren datu-laginetatik edo aurreiritzi zaharrak dituzten datu historikoetatik. Kasu batzuetan, alborapen algoritmikoa ez da etika gutxikoa bakarrik, legez kanpokoa ere izan daiteke. Adibidez, Herbehereetako zerga-agintariek algoritmo bat erabili zuten sei urtez arrisku-profilak sortzeko, haurren zaintzan iruzurra detektatzeko ahaleginean; sistema horrek familia ahulenen aurka diskriminatzen zuen. Eskandalu horren ondorioz, gobernuak dimisioa eman behar izan zuen 2021ean, eta agintari fiskalek milioi askoko isunak jarri behar izan zituzten Europako datuen babeserako araudia urratzeagatik.

Baldintza algoritmikoak giza eskubideei eragiten die, sexu edo generoagatik diskriminazioa debekatzen baita. Egiten dugun guztia datuetan oinarrituta, prozesatuta eta liserituta dagoen gizarte batean, emakumeen eskubideak justizia algoritmikoaren eta berdintasuna proaktiboki sustatzen duen ikerketa-agenda baten mende daude. Funtsean, argi dago neomatximoari eta bi erronkei buruz gehiago jakin behar dugula.


Eusko Jaurlaritza