779 Zenbakia 2023-06-15 / 2023-09-13

KOSMOpolita

Euskal Emakumea Ipar Ameriketako Mendebaldean (II/II)

G. BELDARRAIN, Ziortza LETE, Nere

Euskal Emakumea Ipar Ameriketako Mendebaldean (I/II) 


“Neska-mutil haiek hain zeuden etxetik urrun. Janari onaz gain, edo “bere” dei zezaketen gela batez gain, konpainia behar zuten” Maria Echaniz, Ontarioko ostatuko ugazabandrea.[1]

Ipar Ameriketako euskal artzainen lana ziklikoa zen, izan ere artzaintza sasoiko lana da. Aitzitik, zikloa artaldea berritzearekin batera hasten zen, hots, apiril eta maiatza bitartean, ardiek erditzen zutenean. Uda iritsi baino lehen ardiak markatu egiten ziren eta artilea mozten zitzaien. Arkumeak zikiratu eta markatu egiten ziren. Ostean, artzainek mendi garaietara eramaten zuten euren artaldea. Artzain bakoitzak 2.000-3.000 buruko artaldea izaten zuen. Mendiko larre oparoetan pasatzen zuten udagoiena eta udazkenaren zati bat, janaria gutxitu eta eguraldi txarraren mehatxuak basamortuko lautadetan aterpea bilatzera behartzen zituen arte. Negua iritsi baino lehen, ardiak arrantxora eramaten ziren negua bertan pasa zezaten. Neguan artzainek ez zuten lanik izaten eta euskal hoteletara edo ostatuetara jotzen zuten negua bertan pasatzera.[2] Euskal hotelak babesleku segurua ziren, hau da, “home away from home” [etxetik kanpoko etxea].

Richard H. Lane & William A.Douglass, Basque Sheepherders, (Reno: University of Nevada Press,1985).

1860tik 1890era bitartean aurkitzen ditugu lehen euskal hotelak Kalifornian eta Nevadan. Lehen hotel hauek bagoi-bideetan kokatutako etxe txikiak ziren.[3] Urteak aurrera egin ahala euskal hotelak Ameriketako arkitekturaren ikur bihurtu ziren. Ostatuak euskaldunek gobernatzen zituzten eta euskaldunentzat ziren. XIX.mende amaieratik XX.mendera arte Ipar Ameriketan sakabanaturik zeuden–  Arizona, Kalifornia, Colorado, Idaho, Montana, Nevada, New Mexiko, New York, Oregon, Utah, Washington, Wyoming– ehundaka hotel hauek (300 baino gehiago) euskal-amerikar historiaren eraikuntzaren atal kritiko bihurtu ziren.[4] Izan ere, artzainek eta euskal herritik etorri berri ziren gazteek, hotel hauetan topatzen zituzten etxeko beroa eta testuinguru berrira moldatzeko baliabideak. Ostatuetan euskaraz hitz egin zezaketen, euskal janaria dastatu, euskal musika jo eta entzun, dantzatu eta musean jokatu beste hainbat gauzen artean. Ostalariek interprete lanak egiten zituzten. Ingelesa menderatzen zutenez artzainek eta iritsi berriek medikuarengana joan behar zutenean, edo arropa erosi behar zutenean, ostalaria eurekin joaten zen. Bankari lanak ere egiten zituen, dirua gordetzen zien edo Euskal Herrira txekeak bidaltzen zituen.[5] Rufina “Ruth” Bilbao Glennek adierazten duen bezala, “Ostatuko gizonek behar zuten guztia egiten genuen, laguntzeko. Haiekin medikuarenera, botikara, etab. joaten ginen. Amak alkandorak lisatzen zizkien. Bereak izango balira bezala tratatzen zituen amak. Familia balira bezala.  Familia  ziren!  Urtean behin edo bitan etortzen ziren maizter berdinak.”[6] Hotel hauetan lortzen zuten euskal gazteek enplegu-aukerei buruzko  informazioa eta amerikar kulturan integratzeko beharrezko ezagutza.

Euskal hotelaren arrakasta bere idiosinkrasian bermatzen zen, hau da, hoteleko ugazaba eta ugazabandrearen rol ezinbestekoan, baina bereziki hotel hauetan gau ta egun lanean ari ziren neskameei zor zaie. Hain zuzen ere, artzaintzak gizonei AEBtara immigratzeko aukera eskaini zien bezala, ostatuek emakume ezkongabe gazte askori AEBtara etortzeko bidea irekin zien. Izan ere, emakumeen rola ezinbestekoa izan zen euskal ostatuen kudeaketan eta ameriketako euskal komunitatearen eraikuntzan. Euskal Herritik lan egitera etorri ziren emakume askok euskal hotel eta ostatuetan egin zuten lan. Tamalez, emakume hauen esperientzia bilduko duen narratiba oraindik osatzeke dago.[7]

Gazte hauen artean, gizon zein emakume, gutxi ziren ameriketara geratzeko asmoarekin joan zirenak, hala ere, bizitzaren jazoerak medio asko bertan geratu ziren. Egiazki, hotel hauetan elkar ezagutzen zuten Euskal Herritik joandako gizon eta emakumeek. Hori dela eta lehen belaunaldiko etorkin gehienak euskaldun batekin ezkondu ziren, “inkesta batean, 1989 eta 1939 artean Idahora emigratu zuten 119 euskaldunetatik 5 baino ez ziren euskaldun ez den bikote batekin ezkondu.”[8] Ameriketako euskaldun hauentzat hotelak mundu sozial bat irudikatzen zuen. Euskal hotela, beraz, jaiotzaren eta heriotzaren, zorionaren eta saminaren arragoa zen; behar pribatu asko betetzen dituen establezimendu publikoa. Hori horrela, mundu zaharreko euskaldunen zein euskal-amerikarren erakunde etniko nagusia bihurtu zen.


 

Jeronima Echevarriak bere liburuan bildutako immigrazio estatistikek erakusten dute, 1897-1902 bitartean New Yorkera 636 euskaldun iritsi zirela. Hauetatik ehuneko 86a gizonezkoak ziren eta ehuneko 77a ezkongabeak. Adinari dagokionez, ehuneko 65a 16 eta 30 urte bitarteko gizonekoak ziren. 1900eko AEBetako erroldak bost euskal emakume baino ez zituen erregistratu Idahon.[9] Zenbaki hau urteekin aldatzen joan zen. Hain zuzen ere, ostatuen aurretik AEBtara immigratzen zuten emakume bakarrak euskal gizonen emazteak edo andregaiak ziren. Hala ere, ostatuek ehunka euskal emakumeri AEBetara emigratzeko aukera eskaini zien. Bestalde, artzain lana gogorra bazen emakumeek ostatuetan egiten zuten lana ez zen atzean geratzen. John eta Mark Bieterrek idatzi bezala “Women Do the Dirty Work,”[10] hau da, emakumeek lan zikina egiten dute. 16 urterekin euskal hotelean lan egitera etorri zen emakume batek honela esan zuen, “Lan, lan, eta lan gehiago –badakizu– lan, lan, eta lan gehiago, lan eta lan besterik ez.”[11] Testigantza hauek ahaztu egin dira. Emakumeek egindako etxeko/hoteleko lanak ez du gizonek egindako lanaren garrantzia edo aitortzarik izan akademian. Emakumearen rol jarraitu bat bezala antzeman baita. Margaret Bullenek azaltzen duen moduan, generoa eta espazioa elkarri loturik doaz. Izan ere, Familiaren Mendebaldeko  ikuspegiak,  etxea  eta  etxeko  esparrua  emakumeari  atxikitzen   dio.[12]  Diasporan ostatuak hartzen du etxearen rola. Honenbestez, emakumearen espazioa ostatua bihurtzen da, sukaldea, garbiketa eta zaintza izango dira bere eginbehar nagusiak. Geografikoki beste lurralde batean egon arren, emakumeen konpromiso estrukturalak mendebaldeko familiaren kontzepzioaren idealari loturik jarraitu zuen.

Euskal emakumeek ostatuetan egiten zuten lana monotonoa zen, beti lan bera egiten bait zuten. Erosotasunik gabe dena eskuz egin behar izaten zuten: arropa garbitu, lisatu, zorua belauniko garbitu, komunak, gelak eta sukaldea garbitu, kozinatu, mahaia prestatu eta zerbitzatu... emakumea lan-makina bihurtu zen. Ostatuko lana goizeko 5etan hasten zen eta gauerdira arte irauten zuen (asteburutan goizeko ordu biak arte).[13]

Ordutegia

Ekintza(k)

5.00-6.00am

Esnatu; sukaldea antolatu, otorduak prestatu, bazkaria prestatzen hasi.

6.00-8.00

Kozinatu  eta gosaria zerbitzatu.

8.00-10.00

Gosaria batu eta platerak garbitu. Ostatuaren garbiketa kudeatu: gelak eta gune amankomunak garbitu, baratzaren ardura, herrian enkarguak eta erosketak egin. Bazkaria prestatzen hasi.

10.00-12.00

Mahaia jarri, otorduen azken prestaketak amaitu, garbiketarekin jarraitu.

12.00-2.00pm

Bazkaria.

2.00-4.00

Bazkaldu ondoren mahaia eta sukaldea garbitu. Ordura arte amaitu gabeko zereginarekin jarraitu; baratza, jostea, barazkiak, eta frutak enbotatu, herriko enkarguak…

4.00-6.00

Afariaren antolaketa; afaria prestatzen hasi.

6.00-8.00

Afaria.

8.00-10.00

Garbiketa, lagunekin hitz egin.

8.00-12.00

Okasio berezietan: dantzak, festak…

12.00-2.00am

Asteburuetan: Gonbidatuak entretenitu, karta jokoak…

Irakur ditzagun ostatuko neskame izandako emakumeen esperientziak:

Luciana Aboitiz Garatea ostatuko neskame eta sukaldaria, “Mutil euskaldun asko zegoen hemen, Boiseko ostatuan. Opariak, pastelak, txokolateak, solomoa…ekartzen zizkiguten. Igandero bi ordu izaten genituen libre. Aldi bakoitzean mutil desberdinekin ateratzen ginen, eta haiek zinemara eramaten gintuzten. Ni pelikularen erdian lo geratu ohi nintzen oso nekatuta nengoelako.”[14] Marie Bordalecu Ayarra, ostatuko neskamea eta sukaldaria, “Bizitza osoa eman dut lanean. Elko-ko ostatu batean egin nuen lan bi urtez, egun librerik gabe. Ez nuen uste elizara joateko denborarik eska nezakeenik, hona lan egitera etorria nintzelako. Dirua zor nuen bidaia ordaintzeko, ez nuen eskolara edota elizara joateko bamenik eskatu.”[15] Cecilia Arrien Aldana Jouglard, ostatuko sukaldaria, zerbitzaria, eta etxekoandrea, “Behin Ameriketan nengoela, Euskal Herrira itzuli nahi nuen. Lanean aritu nintzen hilabete batzuz, bueltatzeko txartela erosteko 200 dolar aurreztuko nituelakoan. Ez nuen lortu, eta beraz gelditzea beste erremdiorik ez nuen izan.”[16]

Ostatu gehienak senar-emazteek kudeatzen zituzten.[17] Askotan ordea, emakumeak bakarrik gobernatzen zuen ostatua gizonak ardi-negozioan (kasu gutxi batzutan meatzean) lanean jarraitzen zuen bitartean:

Miangolarra familia (The Mingo Family bezala ezaguna): Eugenio Miangolarra “Mingo” Maria Dominga “Dominica” Soloagarekin ezkondua zen Gizaburuagan, Bizkaian. Han jaio ziren euren bi seme-alabak, Ignacio 1908an eta Marie 1909an. Eugenio Shoshonera (Idaho) etorri zen 1909an. Dominica eta Marie, Eugeniorekin elkartu ziren 1916an eta Ignacio 1926an etorri zen. 1925ean Mullanera (Idaho) joan ziren bizitzera. Eugeniok meategietan lan egiten zuen bitartean, Dominicak Mullango euskal ostatua zuzendu zuen ia hamabost urtez (1925-1939).[18]

Esther Muniategui Totorica, etxekoandre eta ostatuko jabeen alaba, “Ostatuan goizean jaikitzen zinen, zazpiak aldera, eta gero gauzaren bat hemen eta han egin, eta eskolara. Eskolatik bueltatzean, han zegoen guztia platerak ziren, arropa zikina, lana, lana eta lana. Garbigailu-lehorgailu horietako bat geneukan, ez automatiko bat, arropak bihurtzeko horietako bat baizik, bi konketarekin aurrean, badakizu. Lan egiten genuen. Ez zegoen denborarik gaizki portatzeko, ez horixe, lan handia zegoen garai hartan. Eta ostatu batean zera, batzuetan hogei maizter egon zitezkeen, hogeita hamarrera ere hel zitezkeen. Oheak egin…amak laguntza zeukan batzuetan, zera, kozinatzen, baina gero milaka plater zegoen garbitzeko…Eta plater guztiekin bukatzea zenuenerako arratsaldeko zortziak, zortzi eta erdiak ziren.”[19] Dominica “Monique” Elgart Berterretche, Centro Basco-ko jabea eta etxeko andrea, “Chinora bueltatu ginen gure seme eta bi alabekin. Berriz ere, Peyok, senarrak, behiak jetzi zituen eta nik bertako taberna eta jatetxe batentzat kozinatzen nuen. Centro Basco salmentan jarri zutenean erosi behar genuela esan nion Peyori. Ez zuen bere bizitza osoa behiak jezten pasatu nahi eta ez nintzen etxean geldituko ezer egin barik, lan egin behar nuen. Negozioa 1970eko uztailaren 1ean erosi eta ez genuen atzera begiratu”[20]

Beste ofizio batzutan ere aritu ziren emakumeak lanean, ofizio hauek denak etxeko lanekin lotutakoak izan ziren, kozinatu, garbitu, etab:[21]

Juanita Mandiola Barrutia sukaldaria, esnetegi baten jabea, eta etxeko andrea, “Denbora luzez kanpamenduko sukaldaria izan nintzen. Gero, mendien kontua utzi nuen, haurrak eskolara joan zitezen. Etxe bat geneukan. Behi batekin hasi ginen, eta bere txahaltxoarekin; eta gero semeen laguntzaz behiak zaintzen nituen, 75 hain zuzen ere. Esnea saltzen genuen. Nire senarrak bi artalde zituen mendietan, eta nire semeak eta laurok behiez arduratzen ginen.”[22] Mari Carmen Madarieta Bidaburu sukaldaria, eskolazaina eta etxeko andrea, “Haurrak eskolara joaten hasi zirenean, eskolako kafetegian hasi nintzen janaria prestatzen eta garbitzen. Burns-en, Oregonen. Denbora luzez izan nintzen han (hamabost urtez), eta gero, arratsaldeetan eskolazain lanak ere egiten genituen (hogei urtez). Gogor aritzen ginen lanean”[23]

Basque Museum and Cultural Center, Inner Strength: Portrait of Basque Women,
(Caldwell: Caxton Printers, 2018).

Mayie Etchebarne Maitia, jatetxe baten jabea: “Bakersfieldera iristean, Amestoy Hotelean gelditu ginen. Urte berean J.B. Maitia ezagutu eta harekin ezkondu nintzen. Pyrenees Hotelean hasi nintzen lanean, eta Amestoy eta Noriega Hoteletan neskame lanak eta beste guztia ere egiten nuen. J.B. tabernaria zen Noriega Hotelean, eta Grace Elizalde emakume zoragarri baten esanetara zegoen. Onena zen. Gazte euskaldunei laguntzen zien, eta ona zen mundu guztiarekin. Laguntzen hasi nintzaion artzainen kontuekin, eta haien immigrazio arazoekin. Gidabaimena lortzen eta gauzak itzultzen ere laguntzen genien. Noriega hotelean lan egiten nuenean, pertsona asko afaldu gabe geratzen zirela ikusten nuen, berandu etortzen zirelako, eta Pyrenees-ean ere ez zieten afaltzen ematen. Jatetxe bat ireki eta jende horrekin guztiarekin bakarrik arrakasta izango genuela esan nion J.B.ri. Hala, lehenengo Wool Growers-a ireki nuen. J.B.k Ville de Basque erosi zuen. Bi negozioak uztartu genituen 1974an Ville de Basque zegoen tokian, eta Wool Growers deitu genion. Askoz txikiagoa zen orduan. Orain nire alaba Jennyk eta biloba Christianek daramate jatetxea”[24]

Josefina Astondoa Mendiola, sukaldaria eta etxeko andrea: “Lanean hasi nintzen heldu nintzenean, jabearen arrantxoa zen. Basil Aldecoa. Arrantxoa oso handia zen, zortzi edo hamar gizon zeuden lanean. Ez zegoen beste aukerarik sukaldari lanetan aritzea baizik. Eguneroko hiru otorduak eta kafea. Oso lanpetuta nengoen egun osoan. Ogia eta pastelak egin behar izaten genituen. Nik zerrenda ematen nion eta jabeak behar nuen guztia ekartzen zidan etxera. Han lan egiten zutenak, denak euskaldunak ziren.”[25]

Maria Luisa Ibarra Otazua, sukaldaria eta etxeko andrea, “Bitxia da, gero, bizitza. Nork esan behar zidan haietako bat bihurtuko nintzela? Hona etortzean, ijitoak karabanetan bezalaxe, euskal artzainak basamortuan bizi zirela ikusi nuen. Hantxe geunden udan, Stanley Basin-en karrokanpo batean bizitzen. Burdinezko lapiko bat genuen artzainentzat ogia egiteko, eta Victorrek eramaten zien ogia kanpamentuetara. Gustatzen zitzaidan sukaldaria izatea. Mutilak alaitzen saiatzen nintzen, igandeetan flanak eta izozkiak egiten nizkien. Mike Mendiolaren amak erakutsi zidan lan hau aurrera ateratzen”[26]

Irakurritako emakume hauen esperientzia Inner Strength: Portrait of Basque Women proiektuaren parte dira. Ikerketa proiektu hau euskal immigranteen eta Ipar Ameriketan  jaiotako  euskal  jatorriko  110  emakumeen hereserkia da, hots, isildutako narrazioen/testigantzen garrazia. Izan ere, euskal komunitateak aurrera egin badu hein handi batean emakume guzti hauen lanari esker izan da. Emakume hauek mantendu baitute euskal kultura eta identitatea bizirik. Zaila izango litzateke Ipar Amerikako Mendebaldeko euskal komunitatearen garapena aztertzea emakumearen rola aztertu gabe. Euskal emakumeak izan baitira AEBetan euskal kultura hauspotu eta komunitatea errotu dutenak. Dena den, gutxitan lortzen dute euren esfortzua eta lanaren aitortzarik.

Bibliografia:

Basque Museum and Cultural Center. Inner Strength: Portrait of Basque Women.

Caldwell: Caxton Printers, 2018.

     Mullan”. Community History. 5.31, 23.

     Juanita Uberuaga Hormaechea Scrapbook Collection”. Collections. 5.31, 23.

     From Euzkadi to Idaho: Bonifacio Garmendia Collection”. Collections. 5.31, 23.

Bieter, John & Bieter, Mark. An Enduring Legacy. Reno: University of Nevada Press, 2000.

Bullen, Margaret. Basque Gender Studies. Reno: Center for Basque Studies Press, 1964.

Douglass, William A. & Bilbao, Jon. Amerikanuak: Basque in the New World. Reno: University of Nevada Press, 1975.

Echeverria, Jeronima. Home Away From Home. Reno: University of Nevada Press, 1999.

Garikano, Asun, Far Westeko Euskal Herria.  Iruñea: Pamiela, 2009.

Lane, Richard H. & Douglass, William A. Basque Sheepherders. Reno: University of Nevada Press,1985.

Totoricaguena, Gloria. Basque Diaspora: Migration and Transnational Identity. Reno: Center for Basque Studies Press, 1961.


[1] Asun Garikano, Far Westeko Euskal Herria, ( Iruñea: Pamiela, 2009), 38.

[2] Richard H. Lane & William A.Douglass, Basque Sheepherders, (Reno: University of Nevada Press,1985), 75-99.

[3] Jeronima Echeverria, Home Away From Home, (Reno: University of Nevada Press, 1999), 36.

[4] Ibid.,264-276.

[5] William A. Douglass & Jon Bilbao, Amerikanuak: Basque in the New World, (Reno: University of Nevada Press, 1975), 370.

[6] Basque Museum and Cultural Center, Inner Strength: Portrait of Basque Women, (Caldwell: Caxton Printers, 2018), 245.

[7] Jeronima Echeverriak, Asun Garikanok, Begoña Pecharromanek, Jacqueline S.Thursbyk, eta Victoria Bañalesek Ipar Ameriketako euskal emaukearen presentzia eta irudikapena aztertu dute: historian, komunitatean, literaturan. Baina uste dugu euskal emakumeek Ipar Ameriketan izan duten garrantzia oraindik ez dela behar beste aztertu.

[8] John Bieter & Mark Bieter, An Enduring Legacy, (Reno: University of Nevada Press, 2000), 54.

[9] Echeverria, Home Away From Home, 28.

[10] Bieter & Bieter, An Enduring Legacy, 49.

[11] Ibid.,49.

[12] Margaret Bullen, Basque Gender Studies, (Reno: Center for Basque Studies Press, 1964), 38.

[13] Echeverria, Home Away From Home, 223-224.

[14] Basque Museum and Cultural Center, Inner Strength,109.

[15] Ibid.,67.

[16] Ibid.,137.

[17] Echeverria, Home Away From Home, 55-57.

[18] Basque Museum and Cultural Center, Community History Project.

[19] Basque Museum and Cultural Center, Inner Strength, 201.

[20] Ibid.,81.

[21] Euskal Herritik Ameriketara iritsitako emakumeez ari gara. Hots, lehen belaunaldiaz.

[22] Ibid.,73.

[23] Ibid.,83.

[24] Ibid.,167.

[25] Ibid.,173.

[26] Ibid.,183.


Eusko Jaurlaritza