772 Zenbakia 2022-05-18 / 2022-06-15

Gaiak

Euskal Emakumea Ipar Ameriketako Mendebaldean (I/II)

LETE, Nere G. BELDARRAIN, Ziortza

Diaspora desberdinen azterketak kontzeptu soziologiko, politiko, antropologiko, literario, linguistiko, etab. garatzeko ildoa bihurtu dira akademiaren barruan. Diasporek, “komunitate transnazional” gisa ere ezagutzen direnak, zeregin garrantzitsua betetzen dute diasporako komunitatearen eta jatorrizko herrialdearekin, hots, aberriarekin, loturak mantentzen, transmititzen eta hedatzen. Azpimarratu behar da diaspora bakoitzak bere istorio, historia eta berezitasun propioak dituela eta hein handi batean bidaia emozional eta fisiko askoren eraketa dela. 

Horregatik, ezinbestekoa da diaspora bakoitza bere berezitasun historikoan eta kulturalean aztertzea eta talde hegemonikoarekin duen harremana ulertzea. Izan ere, Avtar Brahk, Fataneh Farahanik, Paul Gilroyk, Yasmin Hussainek edo Matthew F. Jacobsonek, besteak beste, baieztatu dute diaspora desberdinen izatea edo identitatea botere kontzeptuarekin loturik dagoela. Hau da, gutxiengoaren eta talde hegemonikoaren arteko harremanak zehaztuko du diaspora bakoitzaren klasea, generoa, arraza/etnia eta sexualitatearen korrelazio soziala. Chimamanda Ngozi Adichie (2009) idazle nigeriarrak adierazi zuen bezala, diaspora ezberdinek kontakizun desberdinak iradokitzen dituzte eta ez istorio orokortzaile, homogeneizatzaile eta erredukzionista bakarrak. Ngozi Adichiek alderdi baten edo pertsona baten istorioa soilik  kontatzea eta aztertzea arriskutsua dela azpimarratzen du ez faltsuak direlako, baizik eta osatugabe daudelako eta istorio bat bakarra hartzen delako esklusibotzat, testuingurua kontuan hartu gabe. Beraz, diasporak aztertzeko orduan diaspora horren parte diren kideen askotariko istorio eta bizipenak hartu behar dira kontuan.

Testu honen xedea euskal emakumeak Mendebaldeko Ipar Ameriketako  diasporan izan duen lekua eta utzitako aztarna aztertzea da. Emakumeen eta generoaren historiak diasporaren praktikak, diskurtsoak, irudikapenak eta agentziak inongo zalantzarik gabe aberastu badituzte ere, askotan alde batera utzi dira. Ia oharkabean pasa den emakume hauen lana erakustea da gure helburua. 

2019an Boiseko Euskal Museoak publikaturiko liburua. Inner Strength
is a tribute to Basque women over more than a century through
several generations and bridges two continents.

Euskal immigrazioa Ipar Ameriketako Mendebaldean

Faktore desberdinek bultzatzen dute jendea immigratzera. Faktore hauek bi termino orokorretan kontzeptualizatu daitezke “push” (bultza) eta “pull” (erakarri) faktoreak. “Push” faktoreak norbanakoaren herrialdeak bizi duen egoerari lotuta daude, herrialde horretan bizi-baldintzak zailak edo jasanezinak gertatzen direnean, besteak beste, indarkeria, genero-desparekotasuna, ustelkeria politikoa, klima-aldaketa, osasun-laguntzaren baldintzak, hezkuntza egokirako sarbide eza etab. “Pull” faktoreak bestalde, beste herrialde bat norbanakoaren herria baino erakargarriagoa egiten duten kondizio edo faktoreak izango lirateke, hots, aukera ekonomikoak, lan-aukera gehiago, bizi-kalitate hobea, hezkuntza eta osasun-laguntza egokirako sarbidea, etab. “Push” eta “Pull” faktore orokorrek immigratzeko motibazio-joerak eta ereduak deskribatzen dituzten arren, ez dituzte norbanakoaren migrazio-arrazoi zehatz eta pertsonalak kontuan hartzen. 

1849. urtean Kalifornian urrea aurkitu zenean Hego Ameriketan zeuden euskaldun askok Iparraldera jo zuten, hots, Kaliforniara. Gutxi batzuek meatzaritzan arrakasta lortu zuten arren, hazten ari zen abeltzaintza-industriak oparotasun handiagoa izan zezakeela ikustean abeltzaintzara salto egin zuten, azkenik ardi-industrian, artzaintzan, finkatuz. Ipar Ameriketako Mendebaldeko lur zabaletan barrena zebiltzan euskal artzainek Euskal Herriko senide eta lagunei artzaintzak eta Amerikak eskaintzen zuten aukeren berri azaldu zieten eta kate-migrazioari hasiera eman zitzaion. 

My father was a sheepherder, and his home was the hills

Euskaldunen Estatu Batuetarako migrazioa, orokorrean, egungo ikuspegitik aztertuta, ezbairik gabe, arrakastatsua izan da. Gaur  haien biloba eta seme-alabak besteak beste gizarte-eragile, andereño, maisu, irakasle, sukaldari, politikari, langile, idazle, artista, abokatu, epaile edo negozio-jendea dira. Baina euskaldunon migrazioaren bizipena arrakastatsua izan bada, bertara heldutako emakume erkaldunen esker ere izan da. Izan ere euskal artzainak  laguntza-sistema bat, azpiegitura praktiko eta emozionala eduki behar zituen harrera egiten zien lurralde berrian finkatu eta aurrera egin nahi bazuen. Laguntza-sistema horren zutoina euskal emakumea izan zen. Euskal emakumearen rola zinez garrantzitsua izan da euskal diasporako euskal kulturaren, hizkuntzaren, eta identitatearen lekua aztertzeko orduan. Ameriketara etorri ziren emakume asko ostatu edo euskal hoteletan hasi ziren lanean. Ameriketara etortzeko arrazoi desberdinak izan zituzten, “Push” faktoreei dagokienez, populazioaren hazkundea, herentzia-sistema, gerrak, arrazoi ekonomikoak, askatasun-falta…. “Pull” faktoreak, dei-efektua / familiako lagunak, lan-aukerak, emakume ezkonduak senarrarekin elkartzen dira, “proxy” bidezko ezkontzak, etab.  

Boiseko Euskal Emakumeak Inner Strength liburuko protagonistetako batzuk
Euzkaldunak, 2019 (Euzkaldunak=Boiseko Euskal Etxea).

Hala ere, Ameriketako bizitza-erritmora moldatzea ez zen erraza izan. Familiarengandik eta lagunengandik urrun, ezezaguna zen hizkuntza batean hitz egin beharra eta euren testuingurutik kanpo, bakardadea, depresioa eta isolamendua emakume askok bizitako emozioak izan ziren. Bestalde, Totoricaguenak (1961) adierazten duen bezala, emakume iritsi berri hauentzat jada lurraldean finkaturik zeuden emakumeekin harremana izatea ezin bestekoa izan zen, sarritan euskaldun heldu berrien aholkulari ez-ofizial gisa aritu ziren, eta emakumeek maiz aipatu izan dute euren neska-lagun euskaldunekin egoteak irteera emozional eta psikologiko gisa balio izan ziela (p.31). Euskal emakumeek, beste etorkin-taldeek egin bezala, klubak, eta erakundeak sortu zituzten topaleku gisa funtzionatzeko, harremanak sendotzeko eta kultura indartzeko. Hots, elkartasun etniko eta komunitarioak, historia, memoria, ohiturak, kidetasun eta sentimendu kolektiboa topatu nahi zituzten: “La Organización Independiente Social” (1933), “The Basque Girl’s Club” (1936) edo “Aiztan Artean” (1972). Erakunde hauek “etxearekin” konexioa mantentzeko ezinbestekoak izan ziren. Baina talde horien oihartzunean banakako istorioen xuxurlak entzutea falta zen. 2016az geroztik Dorothy Bicandi Aldecoa Euskal Komunitatearen Historia Proiektua martxan dago Patty Millerren gidaritzarekin. Proiektuaren xedea Ipar Ameriketako Mendebaldeko euskal komunitateko kideak elkarrizketatzea, haien testigantzak grabatzea eta euren argazkiak dokumentatzea da. Euren historia eta memoriak iraun dezan.

Bestalde, urte batzuk lehenago 2000. urtean, euskal komunitateko emakumeak Patty Millerren gidaritzapean antolatu ziren emakumeen istorioak biltzeko. 2018. urtean Barne indarra: Euskal Emakumeen Erretratuak argitaratu zen. Liburu hau emakumeen ahotsen rapsodia dugu, forma askeko musika-pieza bat da, non pertsonaia ezberdinen eta jatorri komuneko gaiek, bat egiten duten, lurralde ezezagun bateko bizitzak eskatzen duen inprobisazioa nagusitzen delarik. Inprobisazioa, erabakia, ahalegina, sormena eta bizitzeko gogoa. 

Proiektu horren haritik 2018. urtean Boise State Unibertsitateko Munduko Hizkuntzen Fakultateko Euskara Sailak “Memoria eta Emozioa Emakumeen istorioak: Memoriatik esanahia eraikiz” konferentzia antolatu zuen. Konferentzia horren fruituak Center for Basque Studies Press-ek 2020an publikatutako Memory and Emotion: Basque Women’s Stories Constructing Meaning from Memory lanean ikus daitezke. Liburuaren ardatz nagusia akademian alde batera utziak izan diren emakumeen historiak aldarrikatzea izan da. 

Ipar Ameriketako Euskal Diaspora aztertzeko orduan istorio integral eta heterogeneoak ikertzea ezinbestekoa da. Diaspora horren kide diren agente guztien ahots eta ekarpenak azpimarratzeko garaia da, eta ildo horretan, Karmele Jaioren hitzak gure egiten ditugu ondorengoa idazten dugunean,  "atera dezagun gure eztarrietatik Mauriziaren irrintzi baten indarraz," emakumeok ere bagarenaren aldarrikapena.

Boiseko Euskal Emakumeak Euskal Etxean afaltzen.

Bibliografia:

Ariznabarreta, L., & Lete, N. (Eds.). (2021). Memory and Emotion. Basque Women’s Stories. Constructing Meaning from Memory. Center for Basque Studies Press. 

Basque Museum and Cultural Center, Boise, Idaho. (2018). Inner Strength. Portraits of 

Basque Women. The Basque Museum and Cultural Center.

Berria. (2022, April 10). Lekukoaren mezua.

Brah, A. (1996). Cartographies of Diaspora. Contesting Identities. Routledge.

Chimamanda Ngozi Adichie. (July 2009) The Danger of a Single Story [video]. TEDGlobal.

Douglass, W.A., & Bilbao, J. (1975). Amerikanuak. University of Nevada Press.

Fataneh, F. (2007). Gender, Sexuality and Diaspora. Rougledge. 

Gilroy, P. (1993). The Black Atlantic. Modernity and Double Consciousness. Verso.

Hussain, Y. (2005). Writing Diaspora. South Asian Women, Culture and Identity. Routledge. 

Jacobson, M.F. (2002). Special Sorrows. The Diasporic Imagination of Irish, Polish, and Jewish Immigrants in the United States. University of California Press.  

Laxalt, R. (1957). Sweet Promise Land. University of Nevada Press.

Totoricaguena, G. (1961). Basque Diaspora: Migration and Transnational Identity. Center for Basque Studies Press. 

–– (1961). Boise Basques: Dreamers and Doers. Center for Basque Studies Press.

Uranzadi. (2022, April 13). Uranzadi Digital.


Eusko Jaurlaritza