772 Zenbakia 2022-05-18 / 2022-06-15

Gaiak

Erresistentzia antifeministei buruzko eztabaida garrantzitsua

GUTIERREZ, Miren

Ikertzailea, Deustuko Unibertsitatea @gutierrezmiren

Asko esan eta idatzi da matxismoari eta misoginiari buruz; erresistentzia antifeministei buruz, aldiz, ez hainbeste. Hain zuzen ere, ARES proiektuak –ingelesez, analysing antifeminist resistances– gai hori du aztergai. Proiektuak Deustuko Unibertsitatean du oinarria eta Espainiako Ikerketa Agentziak finantzatzen du. Hainbat diziplinatako hogei ikertzaile eta aditu biltzen ditu hiru urtez.

Feminismoaren testuinguruan, erresistentzia, oro har, emakumeek matxismoaren, indarkeriaren, misoginiaren eta desberdintasunen aurka egiten duten borroka gisa ulertzen da. Gure proiektuan, ordea, erresistentzia antifeministak maskulinotasun hegemonikoaren ordena zalantzan jarri beharrean, ordena hori babestu nahi duen fenomenotzat hartzen dira, genero ikuspegiak politikan eta praktikan txertatzea oztopatuz.

Zer dira erresistentzia antifeministak?

Flood, Antolina eta Pease ikertzaileek ondo definitu dituzte erresistentzia antifeministak.

Erresistentzia erantzun saihestezina eta negatiboa da, gizarte aldaketa aurrerakoirako ahaleginen aurrean. Genero berdintasunari egiten zaion kontraerasoak eta berdintasun horren aurkako erresistentziak hainbat forma hartzen dituzte, hala nola arazoa ukatzea, erantzukizunik ez hartzea, ezer ez egitea, baretzea, jabetzea edo errepresioa. Erresistentzia banakakoa edo kolektiboa, formala edo informala izan daiteke. Genero berdintasuna sustatzen duten neurriek aurkitzen dituzten oztopoak maizago planteatzen dituzte talde pribilegiatuetako kideek (gizonek) talde kaltetuetako kideek (emakumeek) baino. Erresistentzia pribilegio instituzionalaren defentsaren adierazpena da, aurrez ikusteko modukoa, gainera. Hala ere, genero rolei eta postfeminismoari buruzko diskurtsoen bidez eraikitzen joaten da. Gainera, hainbat forma hartzen ditu genero berdintasunean aurrera egiteko hartutako metodoen eta txertatzen den testuinguruaren arabera (Flood, Andolina eta Pease 2020, 1).[1]

Olatu feminista berri bakoitzak, XIX. mendean emakumeen botoa bilatzen zuenetik aurrera, kontrako erreakzioren bat aurkitu du beti aurrez aurre, ezarritako ordena betikotzea helburu zuena. Adibidez, #HimToo mugimendu erreakzionarioa Twitterren aktibatu zen #MeToo sortu bezain laster, 2018an (Asimov 2018). Adibide bat ama honen txioa da, semea gizon prestua eta zintzoa zela aldarrikatuz, Twiterren 2018an “feminista erradikalen” ehunka abusu salaketa zabaltzen ziren bitartean, #MeToo eta #Cuéntalo kanpainen bidez.


 

Gure proiektuak aurrerapen feministekiko erreakzio negatiboak aztertzen ditu. Erresistentzia antifeministak deitzen ditugu, pluralean, bai feminismoak bai haien erreakzioak ez direlako ez homogeneoak ez sinpleak.

Adibidez, ARES taldeko hiru kidek argitaratzen dugun artikulu zientifiko batean, #Cuéntalo mugimenduarekiko erreakzio antifeministaren mezuetan jartzen dugu arreta (Gutierrez, Pando, eta Congosto 2020). Mezuek, nagusiki, ideia hauek zabaldu zituzten:

  • Feminismoa mugimendu tiranikoa da. Kategoria honetan sartzen dira feminismoa interes orokorraren aurkakotzat kritikatzen duten txioak. Txio horien arabera, feministek balio kulturalak ezegonkortzen dituzte, botereaz abusatzen dute eta gizonen aurkako diskriminazioa eskatzen dute.
  • Bigarrena sexu abusuen kasu judizial eztabaidagarriei buruzkoa da. Hain zuzen ere, gai horri buruzko txio kopuru handiak berariaz aztertzea merezi du. Hemen testuingurua funtsezkoa izan zen txio horiek sailkatzeko: kasu horien eragin soziala nabaria izan zen adierazpenetan, hedabideen estalduran eta sare sozialetako plataformen jardueran, 2016ko “La Manadaren” bortxaketatik hasita. Jakina, antifeministek txio horietan adierazten dute zigorrak gehiegizkoak direla eta akusatuak, errugabeak.
  • Hirugarrenak politika feministen eta ezkerreko alderdien arteko loturak ezartzen dituzten txioak biltzen ditu. Ezkerreko alderdi horiek muturrezkotzat hartzen dituzte. Hemen testuinguruak garrantzi handia du, mezu horiek askotan agenda politikoko beste gai batzuekin nahasten baitira.
  • Azkena gehiegizko feminismoaren biktima sentitzen diren eta diskriminazioa eta tratu arbitrarioa salatzen duten gizonei buruzkoa da.

Hau da, milaka emakumek beren abusatzaileak salatzeko indarrak batzea lortu zutenean, beste milaka gizonek (eta emakumek) salaketa horiei garrantzia kenduz eta gutxietsiz eta gizonen jokabide matxistak justifikatuz erantzun zuten.

Horregatik, gure helburua aurrerapen feministen aurkako erreakzioak azaltzea eta ulertzea da, diskriminazioaren kontra egiteko tresnak sortu ahal izateko. Berariaz eduki digitalak aztertu diitugu (adibidez, Twitter, bideo musikalak, albisteak edo iragarkiak) eta ikertu dugu nola egituratzen eta zabaltzen diren erresistentzia antifeministak.

Diziplina anitzeko taldea

Gure azterketa narratiba antifeminista digitaletan oinarritzen da; mezu horien ustez,  berdintasun politikak kaltegarriak dira gizonen askatasunerako, eta feministen eskaerak propaganda politikoa dira. Erresistentzia horiek diskurtsoetan identifikatzea funtsezkoa da ikuspegi kritikoa sustatzeko. Lineako edukia izango dugu aztergai, eduki digitalizatu gisa ulertua, ugaritzen ari delako eta eragin masiboa duelako nesken eta emakumeen bizitzan. Eduki digitalek, alde batetik, erresistentzia antifeministak komunikatzeko, zabaltzeko eta magnifikatzeko potentziala dute, baina, aldi berean, berdintasuna sustatzeko ere erabil daitezke.

Fenomeno hori aztertu ahal izateko bi aditu talde sortu ditugu: alde batetik, ikertaldea eta, bestetik, aholku batzordea. Lehenengoa, ingeniaritzan, komunikazioan, hedabideetan eta generoan espezializatutako hogei ikertzailek osatzen dute.  Eta bigarrena, izen handiko abokatuek, kazetariek, filosofoek eta akademikoek. Aholku batzordeko kideekin edukien eta diskurtsoen inguruko hausnarketa egiten dugu, algoritmoak entrenatzen eta grafoak edo sareak aztertzen.

Dagoeneko hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditugu eta zenbait hitzalditan parte hartu dugu. Horrez gain, podcast bat eta webgune bat ditugu, jarduera horiek guztiak biltzen dituena (ikus https://antifeministresistances.com /). Gure asmoa da ahalik eta eragin sozial handiena izatea.

Irudi eta soinu digitalizatuek (estereotipoak eta misoginia zabaltzeko kanal izanik) eragina dute haurrek beren gaitasunei buruz dituzten pertzepzioetan. Gainera, esteriotipoak erabiltzen dituzten material digitalek erabaki algoritmiko txarrak sortzen dituzte, erabaki horiek gero eta gehiago erabiltzen dira bai empresa pribatuetan eta bai administrazio publikoan.

Metodo hibridoak konbinatuz, giza adimena eta adimen artifiziala erabiliz (adibidez, edukiaren analisia, algoritmoen ikaskuntza automatikoa eta grafoen edo sareen analisia), proiektu honek jakintza aplikatua sortzen du, lineako edukia aztertzetik abiatuta, ezkutuko erresistentzia antifeministak azaltzeko eta eduki digitaletan indarkeria antifeminista arakatzeko.

Ikerketa taldea: Adriana Calvo, Diego Álvarez, Miren Gutiérrez, Mariluz Congosto, Alejandro González,
David Pardo, Pilar Rodríguez, Irene Pérez Tirado, Marís Jesús Pando, Cristina Ubani eta Begoña Sanz.

Argitaratu ditugun ikerlanek gai hauei buruz hitz egiten dute:

Podcastean, dagoeneko atal batzuk zabaldu ditugu gai hauen inguruan: erresistentzia antifeministek literaturan eta literatur zereginetan duten tokia, telesailetako gidoietako ukitu antifeministak, eta mugimendu feminista.

Gure lana foro publikoetan zabaltzea eta jendearekin eztabaidatzea interesatzen zaigu. Hurrengo topaketa ekainaren 23an izango da, Koldo Mitxelenan, arratsaldeko 7etan. Lehen mailako ikertzaileak eta dibulgatzaileak ekarriko ditugu jendearekin erresistentzia antifeministei buruz hitz egiteko. Horien artean daude Alicia Miyares filosofoa eta Montserrat Boix, RTVEko kazetari ezaguna. Era berean, ekainaren 23an eta 24an, 09:30etik aurrera, gure lan zientifikoaren inguruko eztabaida izango dugu Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Nahi duen oro etor daiteke bertara. Guztiak zaudete gonbidatuta.

Bibliografia

Álvarez, Diego; González, Alejandro; Ubani, Cristina. 2021. “The Portrayal of Men and Women in Digital Communication: Content Analysis of Gender Roles and Gender Display in Reaction GIFs.” International Journal of Communication 14. Doi: 1932–8036/20200005 URL: https://ijoc.org/index.php/ijoc/article/view/14907

Gutierrez, Miren; Pando, María Jesús; Congosto, Mariluz. 2020. “New approaches into the propagation of the antifeminist backlash on Twitter.” Investigaciones Feministas 11(2): 221-223. DOI: http://dx.doi.org/10.5209/infe.66089

Pando, María Jesús; Gutierrez, Miren; Rodriguez, Pilar. 2021. “¿Identidades feministas?: Femvertising y las nuevas estrategias en la publicidad,”, honako lanean: Pérez Gaztelu. Elixabet eta Arrieta Alberdi, Leyre, ed. Comunicar Identidad(es). Madril: Dykinson (155-170). ISBN: 978-84-1377-606-4 

Pando, María Jesús; Rodriguez, Pilar. 2021. “Menvertising and the resistances to new masculinities in audiovisual representations.” International Journal of Communication 14. Doi: 1932–8036/20200005 URL: https://ijoc.org/index.php/ijoc/article/viewFile/14912/3335

Rodríguez, Pilar; Pérez Tirado, Irene. 2020. “Resistencias a los avances del feminismo en artículos de opinión en la prensa vasca”. Analisi Extraordinary Issue: 85-98. DOI: https://doi.org/10.5565/rev/analisi.3252


[1] Testu nagusia errazago ulertzeko, testuaren gorputzean itzuli egin ditugu aipuak eta jatorrizkoa oin oharrean eman dugu:

Resistance is an inevitable, although undesirable, response to efforts at progressive social change. Backlash and resistance to gender equality take common forms including denial of the problem, disavowal of responsibility, inaction, appeasement, co-option, and repression. Resistance may be individual or collective, formal, or informal. Pushback against gender equality measures comes more often from members of the privileged group (men) than the disadvantaged group (women). Resistance is a predictable expression of the defence of institutionalized privilege, but it is also shaped by widespread discourses on “sex roles” and “post-feminism,” the methods adopted to advance gender equality and the contexts in which they take place (Flood, Andolina, and Pease 2020, 1).


Eusko Jaurlaritza