771 Zenbakia 2022-04-19 / 2022-05-18

Gaiak

Bizitzen irakastea: hezkuntzaren jomugan

LARRAÑAGA ARRIOLA, Jexux

Gizarte Antropologian doktorea

Kantatu, maitatu eta dantza
ezin bada, ez da gure iraultza!
Berreskuratzeko dugunagatik,
topa egiteko ez bada botila ardorik.
Ez badu uzten kantu bat ezpainetan,
inoiz ez dezagun sekula ez esan.
(Anari)

Sarrera

Gure etorkizunari, gure gizarteari, eta, oro har, gizateria globalizatuari begira jarri ezkero  ziurgabetasun (U.Beck) garai batean sarturik bizi garela ondo jabeturik gaude jada, eta zihurgabetasun hori areagotuz doala egunez egun, gizarte oso zaurgarria da gurea. Era guztietako arrisku berriak ugaritzen ari diren garai batean bizi gara, ingurumen-biodibertsitatearen galerak sortutako ondorio larrietatik hasita, gerra eta botere-gatazka iraunkor eta suntsitzaileek, giza bizitza etengabeko mehatxupean jartzen dute iraunkor.

Bizitzeak, nahitaezko ziurgabetasun etengabeak eta hazkorrak dakartza berekin, eta horiei aurre egin behar zaie nahitaez, datozen krisi eta sarraski ekonomiko, ekologiko, kulturalei eutsiko bazaie, bai maila pertsonalean zein kolektiboan. Bizitzeak, ulertzeko eta ulertua izateko beharra baduen arren, garaikidetasunak, ez dirudi horretan laguntzen duenik, eta, horregatik, jasotzen dugun hezkuntzak berak, modu partzialean bizitzen erakusten digu, lehikortasuna eta norgehiagoka guztiaren gainetik jarriz, nahiz eta horretarako parekidea zokoratu edo mendean hartzeko beharra izaten den askotan. Hainbat jendarteen giza beharrei muzin egiten zaie mendekotasuna eta zapalkuntza areagotzen duten egoerak sortuz, eta gutxitasunean bizi diren jendeen bizitzak behin betirako zapuzten direla horrela.

Egungo hezkuntza eraldaketaren jomuga berdinzaleagoak,  gehiago eragin behar luke “bizitza duina” izateko irakaspen berriak sortzen eta bizitzen irakasteko erronkari aurre egiten, bizitzarako prestatzea, funtsean, bizitza duina izateko irakastea baita. Haatik bizitzarako prestatzea, eraldaketarako prestatuak egongo diren norbanakoak sortzea da. Izan ere, norberaren esperientziekin ikasten da bizitzen, eta norberaren eta taldearen bizitzako arazoei aurre egiten garatzen gizabanako gisa.

Biziera duina izateko ahalmena denontzat garatzea izan liteke XXI.mendeko hezkuntzaren erronkarik behinena, hau da, biziera duina,  komunitate kide bakoitzaren eskubide eta betebeharrak bermatuz, eta norbere komunitatearen alde bizitzen irakatsiz, ahalmen eraldatzailea izango duten biharko herritarrek eskolatik ere hezten direlako, gizarte ororen hezkuntza betebeharren printzipioetan bermaturik behar lukeen beharrizana bihurtzen da.

Hari bide honi jarraiki,  hezkuntzaren gaineko gogoeta eta berau eraldatzeko ekimena nezkez uler liteke gure munduak bizi duen larritasun globala eta krisi ekosistemiko planetarioaren egoeratik aldendu ezkero. Haatik, hezkuntza paradigmaren eraldaketak zer-nolako pertsona mota hezi behar duen galdekatzea, sistema sozial berdinzaleago baterantzako hezkuntza egitasmoen erdiguneko kezkagaia behar luke gurean; edo bestela esateko,  bizi dugun “garai likidoek”  nola eragiten ari diren identitate berrien eraikuntzan galdekatu genezake. Izan ere, egungo ezagutzaren gizartean, non garapenaren aurrerabidea, ezagutza eta  jakintza berriak eskuratzearen mende bizi garen, giza subjektibitateen ekoizpena, gizarte paradigma aldaketarako gako eraldatzaile  ahaltsua da, mundu bizigarriagoa eraikitzeko hezkuntza egitasmoetan txertatua behar luke. Edgar Morinen hitzetan esateko, Bizitzen irakastea (2016) hezkuntzaren jomuga behinena baita.

Hezkuntza paradigmaren eraldaketa

Etengabeko hezkuntza berrikuntzaz eta hobekuntzaz ari garen honetan funtsezko galdera da honakoa: Nolako herria eta gizartea nahi dugu hurrengo belaunaldientzat? Zein seme-alabari uzten diegu mundu hau? Etorkizun hurbilerako hobetsiko dugun gizarte ereduak bere neurriko hezkuntza-sistema eskatzen du gaur egun. Hezkuntzaren eraldaketak, gizarte kulturaren koordenatu berrien aldaketa eskatzen digu, bizi kalitatea lehenetsiko duen eta bizierak aldatzeko prestuago dagoen etorkizun bideragarriago baterantz.

Jakin badakigu sozializazioa dela pertsona eraiki eta subjektibotasuna  ekoizteko prozesu nagusia. Sozializazio horren bidez eskuratzen dira bai hizkuntza eta bai errealitatea interpretatzeko tokian tokiko oinarrizko moduak, identitatea eta nortasunaren funtsezko osagaiak dira.  Hara, gertuko harreman sarean eratuko da gizaki garapenaren lur ongarria, garapen kognitibo eta emozionalaren zoru bilakatuko, ondo erein beharreko hezkuntzaren zorua da.

Biziera duina izateko ahalmena denontzat garatzea izan liteke XXI.mendeko
hezkuntzaren erronkarik behinena.

Egun, aldaketa handiak bizi ditugu gizarteratze prozesuen ahultze eta zaurgarritasun progresiboa bizi dugula, sozializazio edukiak transmititzeko karga emozionala, behin bainoago, hezkuntza erakundeetara transferitzeko joera dago, nagusiki eskola da asmo hezitzaile horien kokaleku aparta.  Horrela,  hezkuntza esparru desberdinen bitartez, norbanako bakoitzak bereak egiten ditu norbere gizarte-taldearen kodeak, balioak, arauak eta jokabideak. Hara, XXI mendeko hezkuntzaren erronkari, konplexutasun soziala berea egin eta konplexutasuna kudeatuz erreferentzia balio anitzekin aritzea ezinbestekoa egiten zaio, konplexutasunaren eskola da egungo eskolaren ezaugarri lehena.

Hara nola, kurrrikuluma eraberritzeko jomuga berriak, hezkuntza markoan egin beharreko  hobekuntzek, oinarrizko zoru hezigarriaren garapenari lehentasuna eman beharko diote, izan ere, hezkuntza-etapa goiztiarretatik hasita  prestatzen dira belaunaldi berriak helduarorako; eta hein berean,  bizitza osorako hezkuntzarako oinarri sendoak ezartzen dira, gure gazteek  beren bizitzak zentzuz gobernatzeko gai izan daitezen, kontzientzia kolektiboa sustatu eta euren geroaren jabe izateko. Halaber,  beren erabakien erantzule eta etorkizuneko premien erantzukizuna beren gain hartu, eta elkar zaintzeko gai izango diren herritarrak hezitu beharko ditugu, gizartean modu kritikoan eta arduratsuan parte hartu ahal izateko gaituz, garabide hori, egungo eskolaren jomuga garrantzitsu bat izango da.

Abiaburuko galderak erantzuteko beraz, garrantzitsua da hizpide dugun herritar berrien funtsezko gaitasunen eskurapenari etengabeko erreferentzia egitea, jomugan izatea beti ere hezkuntza-prozesuaren amaierako lorpenen profila, bertan irudikatzen ari garelako zer nolako herritarrak hezi nahi ditugun.

XXI. menderako hezkuntzaren paradigma-aldaketa batek gain-informazioaren erabilera kritikoa egiten jakitea ez ezik, ezagutza bera eraikitzen jakitea ere, hala eskatzen digu. Horrek aldaketa sakonak dakartza, eta ikasleek eskuratu beharreko ezagutza eta gaitasun berriak ere bai. Horregatik, irakasteko modu berriak eskuratzea eta eskolan elkarreragiteko sareak osatzea, esperientzien praktikak eta ikerketak sustatzea, eskola zereginaren ohiko betebehar bihurtzen da.

Bizi dugun ingurumen-krisiak, giza balioenak, osasun-krisiaren ondorio  emozionala,  euskal kulturaren krisiak, euskara erabileraren apaltzea, pandemia-ondoko gizarte zaurgarriaren egoerak orobat, inoiz bainoago, agerian jarri dute haur, nerabe, zein gazteen, hainbat alderdiren garapen sozio emozionalaren beharra. Abegikortasuna, autonomia, erresilientzia, espiritu kooperatibo eta kritikoa, konpromiso soziala, ingurumenaren zaintza, ekintzailetasuna, funtsezko konpetentzien balio eta jarreratan garatzen diren ezaugarriak dira mundu globalizatuan bizi ahal izateko.

Gaur egungo gatazka egoerek erakutsi digute zein garrantzitsua den onartzea pertsona guztiok ditugula oinarrizko premia batzuk duintasunez bizi ahal izateko, abegikortasun ahalmenari, ongizaterako eskubidea gaineratu behar zaiola. Gainera, gizarteek pertsona kooperatiboak, kolaboratzaileak, kritikoak eta konprometituak behar dituzte, norbere komunitatearen kontzientzia kolektiboarekin, bai besteekin lankidetzan aritzeko, bai planetaren ingurugiroaren zaintzaren alde.

Honezkero denok jabetzen gara euskal gizartearen populazio-osaera aldatu egin dela azken urteotan, gizarte kulturanitza eratuz. Hori dela eta, eskola, ikuspegi berri batetan kokatzen da: gizarte inklusiboa lortzeko erronka berriei erantzun behar die. Horregatik, garrantzitsua da komunitateko hizkuntzak eta hizkuntza propioa ondo ezagutzea, menderatu eta erabiltzea. Eta horrekin batera, beste hizkuntza global batzuk menderatzen direla bermatzeak, pertsonen arteko ezagutza eta elkar ulertzea, ideien trukea, eta abegikortasuna erraztuko dute, elkarbizitza duina ahalbidetuz.

Hezkuntza, gizarte eraldaketaren berme izan dadin

Hara nola,  hezkuntza amaierako irteera profila, ikasketa sakon eta funtzionala eskuratzeko bideratua egon beharko duen, funtsezko konpetentziek, irakatsi eta ikasitakoa bermatzen dutela, bizitzaren hainbat testuingurutan erabilgarriak izateko moduan, bizitzarako prestatzea, funtsean, bizitza duina izateko irakastea baita.  Horrela bihurtzen da hezkuntza egitasmoa  gizarte eraikuntzarako berme duina.

Izan ere, euskal hezkuntza-sistemaren erdigunean ikaslea bera dago. Eta funtsezkoa da bere ongizate emozionala, zaintza, eta inklusibotasuna, horiek direlako hezkuntza sistemaren arrakastarako ongarriak XXI. mendeko erronkei aurre egiteko, bai maila pertsonalean eta sozialean.

Eta hori guztia, gure lurraren hizkuntza ondo menderatu eta erabiliz egingo da, euskara, hezkuntza sistemaren ardatza baita, koesio soziala, ekitatea eta justizia  soziala, ardatz horretatik eraiki ahal izango da, gure hizkuntza, hezteko ardura dugun belaunaldi berrientzako identitate eta nortasun emailea delako.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Morin Edgar. (2016) Enseñara a vivir, Bartzelona, Paidos
  • Ulrich Beck (2010) La sociedad del riesgo, Bartzelona Paidos
  • Larrañaga Jexux (2021 azaroak 5) “Nola bizi hala hezi”, Berria

Eusko Jaurlaritza