77 Zenbakia 2000-05-05 / 2000-05-12

Gaiak

Euskara eta Euskal Herriaren egoera gerra ondoan

SAN MARTÍN, Juan

Euskara eta Euskal Herriaren egoera gerra ondoan Euskara eta Euskal Herriaren egoera gerra ondoan Juan San Martin Duela bi urte, Imanol Murua Uriarekin izan nuen elkarrizketa aski luzea, nire bizitzaren zehar izan ditudan gorabeheraz, bereziki ekintzaz. Ikus Jakin aldizkariaren 108. alearen 87 116 orriadeetan. Baina zenbait pundutan haruntzago joan nezake eta horrek ematen dit bidea gaurko honetan zerbait gehiago adieraztera, pertsonalki bizi izan dudanez. Legez, horrek ematen dit bide ziurra bakoitzak pertsonalki bizi izan dituen lekukotasunetan oinarriturik agiri zehatzak agerrarazteko. Aralar. Haurtzarotik nekarren mendizaletasunak eraman ninduen, nik uste gabe, Euskal Herriko mendiak ez ezik bertako herri, baserri eta saroiak ezagutzera. Horietan beti ateak irekirik aurkitzen nituen euskarari esker. Hortik sortu zitzaidan euskararenganako kezka nire barne gogoan. Baserritarrekiko harreman anaikorrez gainera, Aralar eta Gorbea mendietako zenbait artzainek, berekiko harremanetan, adiskidetzat hartzen ninduten eta beraien txabolak aurkitzen nituen ostatu. Eta neronek igarri gabe, hortik sortu zitzaidan euskalzaletasuna, mundua orokorra denez gero, nik nere herri eta hizkuntzatik aurrera joanaz unibertsalagoa nintzela uste izate horretatik bideratu behar nintzela, besteak ukatzeke, noski. Nire ideiak, aita eta aitonaren ideiei jarraituz, liberal ezkertiarra nintzen. Baina soldadutza garaian, lehenik Madrilen izan nintzenez, itzultzaile egin beharra izaten nuen gaztelerarik ez zekiten batzuekin. Haiei ematen zitzaien tratu txarrek gehiago bultzatu ninduten euskararen alde. Mendizaleon artean, egia esan, Eibarko sozialista zein abertzaleok elkarrekin ibiltzen ginen eta orduan ikasi nuen, zaharragoek elkarren artean zein adiskide ziren ideia desberdin horien gainetik. Horien artean, Faustiko Mujika jakitunenetako zen eta maiz mintzatzen nintzen nire kezkak azalduz gure hizkuntzaren balioetaz eta beronen jatorrietaz Faustino Mujika, euskarazko gramatikaz ikasia zen etamaiz entzun izan nion Zabala Aranaren gramatika izan zuela ikasbide. Gutunez eskatu nion ea lortu ahal bazuen niretzat gramatika horren ale bat eta postaz bidali zidan. Hori izan nuen ikasketarako lehen hastapena. Hala ere, 1948an soldadutza bukatzean, frankismoaren aurka zerbait egin nahirik, sozialesten gaztedi elkargoan klandestinoki laguntzea erabaki nuen. Baina ez hain luzaroan, zeren abertzaleen ekintzak begionez ikusten nituen eta hauekin kolaboratzea erabaki nuen. Baina, hemen ere, euskara gerorako utziz jarraitzen zuten, askatasunera iristea behar bezala bideratuko zuten ustetan. Gero, behar bada asmorik hoberenarekin, gazte buru bero batzuen jarrera izan zen alderdiko joera alde batera utziz, Ekin taldea sortu eta bide berriak harturik abiatzea. Oso nabariak ziren orduko eragin zipokariak , maiz gezurrezko ekintzak bultzaraziz, eta ez nuen hain gogoko bide hori. Horregatik erabaki nuen euskararen alde soil soilik lan egitea erabakiz. Eta besteok, azkenerako Euskalerria ta Askatasuna (ETA) zeritzan elkargoaren sortzaile bihurtu ziren. Mendizalerik gehienak ziren euskaltzale eta horien artean ezagutu nuen Yon Etxaide donostiarra, hil arteraino adiskide mina izango nuena. Berak erakutsi zidan euskal literaturako egiterik egokienak hautatzen eta ezagutzen, balio bereziak lortzeko. Bere bidez jasotzen nituen Euzko Gogoa eta Gernika aldizkariak eta bera izan zen Umandiren Gramatica vasca gomendatu zidana. Gramatika hori orri multikopiatuetan erabiltzen genuen eta 1955ean zazpi laguneko eibartar taldetxo hark geure kontura argitaratu genuen. Oraindik ez zen garai erraza eta, Mitxelenarekin mintzatuz, Julio Urkixo Mintegiaren babespean argitaratzea lortu genuen. Garai hartan Bermeon A. Imanol Berriatuak argitaratzen zuen Anaitasuna aldizkarian hasi nintzen 1950 edo 1951 urtean euskaraz idazten. Gero Jokin Zaitegi zenaren eskariz hasi nintzen Eusko Gogoa aldizkarian, Guatemalan argitaratzen zuenean. Zazpi laguneko taldetxo hura hasi ginen Eibarren gramatika ikasketan,garai hartan isilpeko lana zelarik, euskararentzat inoiz ez baitzegoen lekurik, klandestinoki izan ezik. Lehen aldian, ikasiz, elkarren eritziak entzunaz, moldatzen ginen eta gero Eibarren bertan apaiz zegoen D. Rafael Artola , "Bordari" zenaren anaiarekin jarraitu genuen. Bere euskara aberatsaz gainera gramatikaz ondo jantzia baitzen. Horrela jarraitu genuen, etenik gabe aurrera begira. Baina, gure ikasketak aski ez zirelarik, talde hortatik hasi ginen Eibarren euskara suspertzeko zerbait gehiago egin nahirik. 1959an Bergararekin batera, Ikastolak ireki genituen, Bergarako Iosu Oregi lagun harturik burutu genuen ekintza hori. Lehentxoago, 1957an Euskaltzaindiko urgazte izendatu ninduten, teknika hitzen bilketaz egin nuen lana nolabait eskertu nahirik edo (Ikus "Eibar'en erabiltzen diran burdin lagintzako itz teknikoak", Euskera, III,1958, 141 158 orriladetan). Urgazle izendatu nindutenean eta bertako batzarretara agertzen hasi, ohartu nintzen lanerako eguna galdu beharrez gainera, Euskaltzandiako batzarretara joaten zen bakoitzak bere patrikatik ordaindu beharra zuela bai bidaia eta baita bazkaria ere. Horrez gainera Euskera agerkaria argitaratzeko ere diruz gaizki zebiltzala. Baina 1937 1953ko ale bereziaren 81. orrian irakurria nuen, lehenago bazela "Euskaltzandiaren laguntzaileak" zeritzan talde bat, diruz laguntzen zuena. Ekintza hura kontutan harturik, behin esan nion Mitxelenari ea talde hori zergatik ez zuten berriz martxan jartzen. Eta hark egin zuen eskariaren ondorioz, 1959an uztaileko batzarrean erabaki zen, batzar agiriak honela dioenez "Biztu bedi Euskaltzandiak leengoko denpora batean eukan Euskaltzandiaren laguntzaileak taldea". Ekintza hori nire ardurapean utzi zen eta taldetxo bat osatu nuen euskaltzaleen artean, Euskera agerkariaren harpidedun gisa, beren borondatez urteko mila pezeta ordaintzeko. Eta batzuk, bi mila emateko ere gertu zeuden. Bestalde, izendapen horrek eman zidan aukera 1745ean Eibarren jaio zen Juan Antonio Mogel euskal idazleariomenezko jardunaldiak proposatzeko eta onartua izan zen. Garai hartan, Eibarko alkate zen Javier Egurenekin, nik neuk ezaukera handia nuen, baina zazpi laguneko taldean zen Jose Luis Ugarteburuk lagun mina zuen eta elkarrekin joan ginen laguntza eske eta gogo onez hartu gintuen. Hortara, Udalaren eta Euskaltzandiaren babespean antolatu genuen Euskaltzaleen Biltzarra, hitzaldiz, 1959ko azaroaren 6tik 8ra. (Ikus, Euskaltzaindiaren Euskera V., 1960, 23 183 orrialdeetan). Egun haietan, hitzaldiez gainera, beste zenbait ekintzaren antolaketaz arduratu ginen: pintura eta argazki erakusketak, euskarazko antzerkiak Teatro Amayan, euskarazko lehiaketa haurrentzat, dantzak Untzaga plazan, gerraondoko Gipuzkoako lehen bertsolari txapelketa, txistu kontzertua, kalez kaleko jira eta abar. Aurrez Eibar aldizkariaren urriko zenbakitik girotu genituen ekintzok eta ondoren, azaro eta abenduko Eibar aldizkari berean, kronika gisako berri emateak. Bereziki, ikus eta irakur Imanol Laspiurren "Umien euskal sariketa" zeritzan artikulua, azaroko Eibar en 11. orrialdean. Baina baita ere beste zenbait berri Club Deportivo Eibar eko buletinean, 1959. aren abenduko alean. Euskal jai haiek, Eibarren ez ezik, Bizkaia eta Gipuzkoan hots handia izan zuten. Aldi berean, ordurarte euskararentzako somatzen zen izoztasuna eten zuten, gure hizkuntzaren ekintza arloetan bide berriak irekiz. Ekintza haiei esker, eman ziguten bide eibartar euskaltzaleen artean diru laguntza eskariak egiteko eta aldi berean ikastoletarako haur gehiago lortu ahal izateko. Eta, handik urte batera, 1960an, Zezen bide kaleko etxe baten behean bi toki hartu genituen ikastolak era egokian antolatzeko. Ez genuen nahi isilpean jarraitzerik eta horretarako lortu genuen alkatea buru zela eta parrokoaren bedeinkapenez irekitzea. Antolakuntza haien buru gisa azaldu nintzenez, geroztik ez dut izan lasaitasun askorik. Hizkuntzak, berez herri baten gauza naturala izanarren, ez Franco ren garaian eta ez geroztik, Espainia gehienean ez dutizan harrera onik, nahiz eta bertako hizkuntzarik zaharrena izan. Nire harat hunatko ibilerak zaintzen zituzten polizi eta goardi zibilek, gure etxeko telefonoa ere isilpean beraien geletara konektaturik zuten. 1964an izendatu ninduten euskaltzain oso eta handik urtebetera, Mitxelenak bultzaturik, Euskaltzaindiaren idazkari izendatu ninduten. Aurrerabidean, lanak bizkortu genituen eta 1968an Arantzazun egin genituen batzarretan euskara batuaren arau nagusiak markatu genituen. Garai horretako xehetasunak eman nizkion Imanol Murua Uria kazetariari eta ikus hasieran aipatu dudan Jakin aldizkariaren 108. zenbakiko 103 109. orrialdeetan. 1968ko ekainean , Madrileko Unibertsitatean ikasle zen Jesus Gonzalez San Pedrok Euskaltzandiaren babespena eskatu zuen, Valladolid eta Zaragozan ikasketetan ari ziren Euskal Herriko estudianteak udarako oporraldian euskara ikasteko jardunaldiak antolatu nahi zituztelako eta eman genien, hileroko batzar agirian erabaki zenez (Ikus, Euskara agerkaria, XVI, 1971,183. orrialdea). Gabirian pasiotarrak zuten etxea hautatu zuten ikastaroen lekutzat. Hala ere, eragozpenik ez zitzaizkien faltatu. Euskaltzandiko idazkari nintzenez, egun batean telefonoz deitu ninduten, esanaz, Goardia Zibilak joan zitzaiela handik alde beharra zutela aditzera emanez. Nik, berehalaxe, euskaltzinburu zen Manuel Lekuona jaunari dei egin nion gertatzen zenaren berri emanaz. Zerbait izutu zen, baina lasai har zezala esan nion, zeren lehendabizi Antonio Arrue euskaltzain jaunari deitu niola, ea elkarren artean ikastaroen jarraipenerako zerbait lortzen genuen. Esan bezala, Arrue jaunak bazekien ni, politika alde batera utziz, buru belarri euskararen sustapenean nenbilela. Biharamunean Arrueren erantzuna: Gipuzkoako gobernadore zen Ottra Molto prest zegoela gu hartzeko eta elkarrekin egoteko. Berehala joan nintzen Ormaiztegira, han Garmendiaren etxean elkarrekin biltzeko. Bertatik deitu genion gobernadoreari, ikastaroen antolatzaile zen J. Gonzalez San Pedrok, irakasletzarenarduradun zen Xabier Mendiguren Bereziartuak eta nik, babesle zen Euskaltzaindiaren partez joango ginela esanez. Ondo hartu gintuen. Lehen hizketaldia berarena zen, euskara maite zuela esanez, baina maiz politikarekin nahasturik ikusten zuela. Ikastaroen jarraipena nahi bagenuen ez nahasteko politikarekin eta utziko zigula. Bere euskararenganako interesaz eta abar luzaro mintzatu zitzaigun. Gainera, euskaldunok aski arrazazale ginela ere esan zigun eta orduan hitza eskatu nion. Honako hau apertuz: Euskaltzaindiarekikoa euskara zela, politikak alde batera utziz, eta antolakuntza arduradun zenak, Gonzalez eta San Pedro zituela bere deiturak eta ni neuk San Martin. Beraz, ez zezala zalantzarik izan arraza kontu hortan ere. Hala ere, esan zigun, ezkontzak ere euskotarren artean egiten genituela, erdaldunak "maketo" bezala mezpretxatuz. Orduan esan nion: "Hara jauna, ni madrileña batekin ezkondua nago". Bere erantzuna, hitzetik hortzera: "Y sus amigos le han dejado". Ahalik eta leunen erantzun nion: "Yo para casarme no conté con mis amigos, sino con la novia a la cual quería". Eta X. Mendigurenek gaineratu zion: "Además, hoy en día, la esposa de San Martín, se defiende bien en euskara". Hori entzutean zion: "¿Cómo. Usted le ha enseñado euskara?". Nik ordea "Sepa usted que no la he obligado, ha sido por su propia voluntad. Así como por mi nunca he despreciado la lengua castellana, pues es mi segunda lengua, la quiero y la necesito". Bere harridura agertuarren, nik uste, honekin lasaitasun zerbait hartu zuela. Eta hitza eman zigun ikastaroekin jarraitzeko, baina, edozergatik uzteko agintzen bazigun, utzi beharko genuela. Alderatzerakoan, bere azken hitzetan, esan zigun: "Bueno, ya saben, cuando se quiera estudiar euskara, se estudia pero sin hacer política. Así como cuando se va al monte es para hacer montañismo y no política". Horrela agurtu gintuen. Pozik irten ginen eta kanpoaldean ginelarik, Mendigurenek esan zidan: "Zer arraioa esan nahi ote zuen, mendizaletasunean politikarikez erabiltzeaz?". "Ba, Xabier, nonbait jakin dik, Peruko Andes mendietara joan zirenetako batek ikurriña eraman zuela eta handik itzultzean denak sartu zituztela presondegian. Eta hemengo mendizale gehienok, mendilagun haien alde agertu nahirik, gure karnetak itzuli genituela Federaziora. Nik neuk, hori baino gehiago, Espainiako Mendizale Federakuntzak nire merituengatik zilarrezko domina eman zidanez, domiña ere itzuli nian karnetarekin batera". Gure parreak, ez dut uste barnetik entzungo zituztenik. Gertakariok erakusten digute hirurogeigarren hamarkada hartan zein nekeza zen euskararen alde zerbait egitea. Nire ekintzak euskararen esparru soilekoak ziren arren, garaiko egoeran aski ziren susmo ilunak jasotzeko. Eta 1973an Luis Carrero Blanco hil zutenean, euskal herritarron pasaporteak baliapenik gabe utzi zituzten. Horietaz baliatu nahi zuenak bisadu berri bat atera beharra zuen. Euskaltzandiak Donibane Loitzunen bilera zuenez eta ni ordurako euskaltzain oso ez ezik, erakundearen idazkaria nintzenez, Eibarko komisariara joan nintzen bisadua lortu nahirik, baina han esan zidatenez, nik nuen fitxa kontuan hartuz Madriletik zuten aginduaren arabera, ezin zidatela bisadurik eman. Baina Antonio Arrue euskaltzainarekin harreman onak nituen, eta hark egin zituen ikerketak Gobernu Zibilean eta "Información y Turismo"ko bulegoetan. Haietan ez omen zuten nitaz fitxarik eta inon izatekotan, Eibarko komisaldegiaren kontukoa izango zela. Eskerrak berari eta orduan Eibarren alkate zen Antxon Iraolagoitiari, lortu nuen hain beharrezko zen bisadu hura. Uste nuen hor bukatu zirela nire aurkako susmoak. Baina Espainiako politikak, demokraziarako aldakuntzak bideratu zituenean eta Gipuzkoako gobernadore, hain ezaguna nuen Juan Mari Jauregi izendatu zuten. Behin, eginkizun batzuengatik Gobernu zibilera joan beharra zuenez, Juan Mari agurtzean esan nion ea nitaz zuten fitxa ikus zezakeen. Handik lasterrera ekarri zidan, esanaz. "Zure fitxa, nirearekin konparatuz, aingeru batena deladirudi". Baina uka ezinezkoa iruditzen zitzaidan frankismoaren ondorizko makinaria oraindik erabilgarritzat zutela. Zeren, bestela, zergatik ez zituzten erre fitxero haiek? Bizilekua Eibartik Hondarribiara aldatu nuen 1982ko irailean, egunero Donostiara lanera joan beharra nuelako, urbiltzeagatik. Eta nigan beti iraun duen mendizaletasunagatik, inguruotako mendietara bilerak egitean zenbait arkeologi aztarnategi aurkitu nituen Jaizkibelen Itsasaldean eta maiz joaten nintzen hegal haietan lur azalak milakatzera. Baina 1983an GAL en ekintza ilun haiek hasi zirenetik, ez ninduten bakean uzten. Urte horretako aberri egunean goardia zibilek etxea miakatu zidaten, ez dakit zeren bila. Gero, autoaren gurpilak zulatzen zizkidaten, lehenago mendian autoa uzten nuen lekuetan eta gero baita ere etxeaurrean. Horietako batean, gurpila kendu, haguna mailuz zanpatu eta uretara bota nuen. Zer uste ote zuten, euskararen alde ari ginanok ETA koak ginela? Bestela ulerkaitz egiten zait. Susmoa nuen goardia zibilak izango ote ziren. Alfonso Oronoz alkatea konsultatu eta honek ere susmo bera zuen. Besterik gabe jo nuen Irungo kuartelera gertakizunak salatzera. Galderak egiteko moduagatik ohartu nintzen nire susmoak bidezko zirela. Salakuntzaren kopia eskatu nien eta hurrengo egun batean joan nintzen garai hartan gobernadore zen Julen Elgorriagarengana, kontu ematera. Aurretik ezagutzen ginen, bera Irunen alkate zelarik Ama Xantalen ermita berritze hartan lagundu nuenez. Ez zen harritu, zeren esan baitzidan Franco ren garaiko pentsamenez bizi zirenak oraindik ba omen zirela, eta holakoak. Espainiaren hegoaldera bidaltzen ahalegitzen zirela. Eta, nik esan nion: "Zergatik ez espedientatuz zigorra eman? Zeren nire pekatu bakarra, pekatua baldin bada, euskararen alde lana egitea baizik ez da. Eta horrelakoek, doazen lekura doazelarik, jokaera berdintsuak erabiliko dituzte". Hor bukatu ziren maltzurkeriak, harrezkero ez ninduten molestatu. Baina, geroztik, gaur egun guztiok dakigunez, GAL taldeariburuz jakin ditugunak kontutan harturik, benetan izugarriak ziren Estatuaren barnetik horien ekintzak eta hilketak. Juan San Martin, idazlea eta euskaltzaina Argazkiak: Auñamendi entziklopedia eta Lur hiztegi entziklopedikoa Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5 12) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=bizkaia&link=www.bizkaia.net/bizkaia/Euskara/Foru Aldundia/Kultura/eu cultu.htm http://ikaskuntza.org/