Euskal Eskolaren proiektua eta Gaur taldea Euskal Eskolaren proiektua eta Gaur taldea * Traducción al español del original en euskera Ana Olaizola Hamarkada honetako nazioarteko testuinguruan, arte adierazpen berrienganako egoera laguntzailea dela medio, abangoardia artearen tentsio utopikoa jarrera autonomo edo formalistago bilakatzen da. Ostera Euskal Herrian, berrikuntza nahiaren eta berau oztopatzen duten baldintza politiko eta sozialaren arteko gatazka bizirik dirau, honekin batera artisten kontzientzia utopikoa sakontzen delarik, abangoardia artistikoa eta politikoa identifikatuz etikoki. Beraz, 60ko hamarkadako euskal arte eta artistengan abangoardia historikoaren izaerak bizirauten duela esan genezake. Hizkuntza artistikoa modernizatzeko konpromisua bezain esanguratsua berezko identitatea bilatzea izango da, bi alderdi horiek 30eko hamarkadan euskal artea suspertzeko proiektuaren inguruko kezkekin bat eginik. Proiektu horrek Jorge Oteizaren (Orio, 1908) partaidetza eraginkorrari esker jarraitu ahal izango du, berak antolatzen baitu 60ko hamarkadako Euskal Herriko artearen bizitzan nabarmentzen den Euskal Eskolako taldeen egitaraua. Lokalismo/unibertsalismo, tradizio/modernitate bikoiztasuna, Euskal Eskola izeneko mugimenduaren ezaugarri, XIX. mendearen bukaerako eta ia XX. mende osoko Espainiako kultura baldintzaren adierazpen amankomuna izango da. F. Calvo Serrallerek adierazi duenez, Espainiako historia politiko zailaren eraginez"... identitate nazionalaren definizioa eta herriaren modernizazioa bezalako gai larriak, azken finean Espainiako Estatu nazional moderno baten formulazio politikoari dagozkionak, beti konpontzeko dauden arazoak dira, irtenbidea eman ez zaien gatazkak, alegia". Egoera horrek bizi diren garaiari eta inguruneari dagokien erantzun bat emateko konpromisua hartzen duten Espainiako artisten artean bi nahi hauek eragingo ditu: batetik, lengoaia artistikoak lehen bait lehen eguneratzea nazioarteko abangoardiekin bat eginik eta, bestetik,oroimen historikoa berreskuratzea nazionalismo kritiko baten begiradapean. 98ko belaunaldiaren izpiritu berriztatzaileak kezka horiek iragarri zituen iadanik, nahiz eta bere idealismo erromantikoak modernitatearekin konpromesu zuzena hartzea eragotzi egin zion. Pedro Manterolak dagoeneko adierazi du Oteizaren ideiagintzaren eta 98ko belaunaldiaren arteko harremana; eskultoreak Pio Barojarekin eta, batez ere, Unamunorekin bere testu adierazgarrienetan garatzen dituen elkarrizketa kritiko bizietan nabarmen agertzen zaigu lotura hori. Espainian abangoardia artistikoa nolabait nazionalizatzen lagunduko duten nortasun ezaugarrien bilatze saiakerak oso norabide ezberdinak aukeratzen ditu: Alberto Sanchezengan eredu balioa jasotzen duen paisaia baten aurrean (Vallecas Eskolako "Cerro Testigoa", 1927) izandako egoera emozionaletik hasi eta Altamira Eskolan (1948) historurreko pinturen mirespeneraino, edota El Paso (1957) taldearen Espainiako pintura tradizio "tenebrista" raino. Agina gaineko euskal harrespil txikiak nortasun ezaugarrien proposamen guzti horiekin zerikusia du, nahiz eta besteengandik bereizten duena bere kontzepzioaren aberastasun teorikoa den , Quosque tandem...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca ko (1963) proposamen dimentsio estetiko sakona, alegia. J. Oteizaren testu hau penintsulako testuinguru ekarpen teoriko urrietako bat da eta nazioarteko abangoardien artista aipagarrienarekin konpara daiteke. Ikuspegi orokor hau lagungarri izan dakiguke Euskal Eskolaren beste alderdi polemiko batzuk ere argitzeko. Hala, eskola izaera bera, hain zuzen ere maisu baten jarraipideen inguruan definitutako estilo artistikoaren dizipulu edo jarraitzaile talde baten tradiziozko kontzeptura egokitzen ez dena. Izan ere, modernitateak eta batez ere abangoardiaren izaera esperimentalak balio artistikorik gabe utzi zuen eskolaren kontzeptu historiko hori. Dena den, termino hau 60ko hamarkadan, Madril, Katalunia, Valentzia, Andaluzia etabarreko eskolak behin eta berrizaipatzen dituzten hainbat argitalpenetan erabiltzen jarraitzen da, zehaztasun garbirik ez duten modalitate espresibo berekin lan egiten duten artista taldeak aipatzerakoan. Terminoaren erabileran antzematen den inertziaren gainetik, Euskal Eskolaren kasuan, berau hautatzeko ageriko borondatea ikusten da, talde itxi bat edo lengoaia artistiko zehatz bat baino gehiago, giro eta arimaren aldarte berri bat sortzeko asmoa duen iharduera bat izendatzeko. Hori da, hain zuzen, Euskal Eskolaren funtsezko helburua, hasiera batetan beste ekimen batzuen asmo bera, esaterako Altamirako Eskolarena. Oteizak, ordea, gehiago arriskatzen du: hizkuntza artistiko batean baino gehiago gizakiaren konstante existentzialean hezurmamitzen den euskal estiloa badagoela defendatzen baitu. Lengoaia batean zehaztu beharrik ez izatea konstante existentzial horrek dakar berekin, hain zuzen ere berau osatzen delako lengoaia artistikoen gainditze edo amaieraren ondorioz, gizakiarengan bizi jarrera gisa integratzeko. Historiaurreko euskal eskultoreak harrespil hustu horretan aurreratzea lortu zuen arimaren irtenbide hori. Hutsune horrek "eragiketa artistikoa uztea eta isiltasunaren jaiotza estetikoa adieraziko luke, natura menperatzeari dagokion arimaren isiltasunarena (...) gizakiari artearen beharrik ez izateko eta bere barneko denboratik eta berezko ordena (...) berri batean egingo duena egiteko (...) arimaren askatasunaz hornitzen diona". Q.T. Euskal kulturak beste kultura batzuekin harremanetan barneko estilo hori galduko luke, herri tradizioak bere ondare izpirituala gordetzen jarraituko ez balu. Era berean isilune batean, "isiltasunen eta ezabapenen diziplina batean", sartu den arte garaikideak Euskal Herriak bizitzarentzako duen antzinako estiloarekin zuzeneko kidetasuna izango luke. Historiaurreko artearen eta herri artearen balorazio horretan, hain zuzen, arteari bere hastapenetako purutasuna itzultzeko konpromisua hartuta duten abangoardia historikoen ezaugarri den jatorrietara itzultzekojoera hori antzematen da. Ordea, Margit Rowellek adierazi bezala, Oteizarengan helburua ez litzateke lanari berrikuntza formalak bilatzea, erlijioaren zereginaren eta, azken finean, artearen etika lehengoratzea baizik. Jorge Oteiza, "Estudio para la Piedad de Aranzazu", 1969. Oteizaren estetikan irudimen mitikoa erabakiorra da. Mitoak gizakiari zuzpertzen lagunduko dio, bere bizitzari berriro era sortzailean ekiteko indarra eskainiz. Cartas al Principen (1988), honela dio: "amets egiten hasi behar dugu berriro, ezer ere ez egiteko gure kulturan eta nagitasunean hainbeste errepikatzen eta ospatzen dugun hain lehenaldi misteriotsua duen herria berriro ere imajinatzen. Galdu dugun eta osatzen gaituen oroimen kulturala, mitikoa, estetikoa, erlijiosoa". Bere eraikuntza mitikoarekin, Oteizak tradizio artistiko urri bat leporatzen zaion kultura periferiko xume bat nazioarteko egoera sortzaileetan itzularazten du, arte garaikideak helburutzat duen isiltasun estetikoa historiaurrean lortu izanak eskainitako abantailarekin: "...pentsatzea nahikoa zen sekulako konfiantza gureganatzeko". Gaur egungoko artistaren zeregina ez litzateke arte lanak produzitzen jarraitzea, gizarteari hezkuntzaren bitartez itzuli behar dion sentsibilitate estetikoa lantzea baizik. Hezkuntzan, Oteizak norabidezko zeregina ematen dio estetikari: gainerako ezaguera guztiak bateratzen diren gunean kokatzen den ezaguera izanik, gizakia errealitate existentzialean itzularazteko gaitasuna du. Hezkuntza estetikoa, beraz, Euskal Eskolaren ardatza izango da, lehentasunezko tresna gisa Ikerketa Estetiko Konparatuen Institutoa sortzea eskatuko duena. Proposamen horretan, Bauhaus eskolaren diziplinarteko eredua antzematen da, hamarkada guztian zehar saio anitzetan hezurmamitzen ahaleginduko dena, bai nazioartean (André Malrauxekin eta Giulio Carlo Arganekin izandako harremanak) bai eta bertan ere (Donostiako Kursaal eraikineko Euskal Artearen Herri Unibertsitate Laborategiak, Debako Eskola Pilotua...). Gaur, Orain,Emen eta Danok taldeen erakusketa estrategiak ere (1966) , guztiak Iruñean elkartuz, Euskal Artisten Unbertsitatea sortzea izan behar zuen helburu: "...Euskal Eskolan, artista euskaldunon asmoa gure Unibertsitatea sortzea zen eta Euskal Herriko hiriburu kultural gisa Iruña hartzea". {Q.T.3 argitaraldiko oharra, 1975 }. Gogorarazi beharra dago Euskal Herriko irakaskuntza artistikoa oso eskasa zela. Baina irakaskuntza arazoa ez zen, ordea artearen eremura mugatzen; arazo globala zen.Estatuak Euskal Herriko hezkuntza azpiegituran egindako inbertsio txikiak eraginda, Unibertsitatearen eskaintza urria izateaz gain Elizaren menpekoa zen. Horri, gainera, euskal kultura beraren babesik eza eta errepresio zuzena ere, erantsi behar zaio. Baina, paradoxa badirudi ere, hutsune instituzionalak hezkuntza programaren gaurkotzea erabateko oinarri berrietatik proiektatzeko aukera eskaintzen zuen. Gaur taldearen manifestuan (1966) adierazi bezala: "...behin eta berriz, bertarako eta gure artisten informazio, ikerketa eta prestakuntza profesionalerako aurreratuenak izango diren institutuak sortzea proposatu izan dugu gure artean (inoiz ez digute entzun nahi izan), gure hezkuntza estetikoa irakaskuntzaren maila guztietan transmititzeko saioak egiteko eta gure herri tradizio artistikoa indarberritzeko eta munduan herri arte berriaren korronteekin batera egun egunean jartzeko asmotan". Ikusten dugun bezala, hezkuntza estetikoaren programa ez da ohi bezala artisten prestakuntza profesionalera mugatzen: proiektu kolektibo bat da. Lehentasunez, haur pedagogia hartzen da kontuan, "gizaki berri"aren prestakuntza gisa. Honela, Gaur taldeak antolatutako hainbat erakusketatan haurrek egindako lanak hartzen dute parte (Jose Antonio Sistiagak eta Esther Ferrerek zuzedutako Academia de los Jueves adierazpen libreko tailerrean eginikoak). Elorrioko Haur Unibertsitate Pilotuaren entseiuak ere (1964 1965) interes berezi horri erantzun nahi izango dio. Diziplinarteko proiektu kolektibo gisa, hezkuntzaestetikoaren lehen erakusgarritzat har ditzakegu hainbat herritan garatuko diren programa artistiko zabalak, non arte erakusketaz gain hitzaldiak zein musika, antzerki eta dantza ekitaldiak antolatuko diren, euskal kulturari buruzko liburu, diska eta musikatresna heritarren erakuspenekin batera. Hasieran, Euskal Eskola Euskal Herriko adierazpen artistiko berritzaile guztiak batera biltzeko gai den proiektu gisa zehazten zaigu. Artearen baliabide eta estilo anitzenak parte har dezakete bertan: zilegitasuna izango dute gaurkotasuna izanez gero. Horregatik Gaur taldearen manifestu fundatzaileak ez du inolako aukera estilistikorik definitzen eta euskal artista guztiak proiektu horri lotzea erreklamatzen du. Gipuzkoar informalismoak "gure arimaren itxura sakon eta tradizionalaren dokumentazio espontaneo eta zuzena" { Q.T.} eskain lezake , bitartekaritza kulturalista heltzen ez den ekintza automatikoaren, inkontzientziaren bitartez. Bere zereginik argiena hezkuntza estetikoan adierazpen libreari bide ematea izan lliteke. Emen taldeak Bizkaiko Estampa Popular (1962) taldeko kideen indar mobilizatzailea ekar lezake: hauek errealitate sozialaren arte testigantza aldarrikatzen dute, bereizketarik egin gabe "gure herriaren une historikoa adierazteko gai den edozein suposamendu estetiko"ren partaidetza defendatzeaz gain. Arabako taldeari dagokionez Gaur taldearen aurkezpenaren aurreko asteetan Oteizak Carmelo Ortiz de Elgearen erkusketa katalogoan honela dio: "Arabako artisten Orain taldea eratzen ari zarete eta zuen jarrera pertsonaletatik pop art esperientzia proposatu behar duzuela hitz egin genuen Fraileekin..." (Donostiako Udal Arte Aretoetan egindako erakusketa, 1966ko martxoa). Nafarroan berriz, lehen kontaktuak egin arren, Danok ez da iritsik osatzera talde bezala. Jarrera ireki hori argumentazio estetiko batekin justifikatzen da Euskal Eskolaren ideiagintzan. Erabakiorrena ez da lengoaia artistikoa, berarekin lan egiteko modua baizik: artistak prozesu esperimentalean bereganatuduen sentsibilitatea bizitza kolektiboan integratzeko duen azken borondatea. Baina argumentazio hori alde batera utzita, komeni da kontuan hartzea modernitatea bereizketarik egin gabe defendatzea, testuinguru ukatzaile batean murgilduta dauden talde abangoardisten ezaugarri amankomuna dela. Ezberdintasunen gainetik, lehentasunezko helburu gisa berrikuntza artistikoa gizartean hedatzea baieztatu beharra dago, nahiz eta gerora berrikuntza hori ulertzen den moduan diferentziak sortu. Honela Gaur eta bereziki Orain taldeetan nagusituko da premisa estetiko batzuren exijentzia. Pinturak protagonizatu bazuen gerra zibilaren aurreko euskal artearen susperraldia, orain eskulturak hartuko du bere txanda, nazioarteko panoraman antzematen den joerarekin bat eginik. 60ko hamarkada honetan, pinturak batipat abstrakziotik Euskal Herriko artearen modernizazioak oraindik onartzeko zuena euskal kultura gaiaren bitartez adierazi zuen errepresentazioaren tradizioari erantzuteko erronkari aurre egin behar izango dio. Gizartearen harrerari dagokionean, esan daiteke pintura abstraktoak abangoardia eta nortasun ezaugarriak batera biltzeko igurikapena ez duela lortuko betetzea. Tradizio zama hain handirik ez duen eskulturak ordea, iritsiko da igurikapen hori osatzera: errepresentazioaren ausentzia antzinako materiaren beraren adierazgarritasunak beteko du ( harria, egurra, burdina...), bai eta eskulturan erabilitako teknikek eta prozesuak ere, artisautzaren tradiziozko tratamenduei dagozkionak izanik. Errepresentazioa , beraz, eskulturaren fisikotasunak ordezkatzen du, euskal identitate kulturala berriro interpretatzeko zereginean. Amaitzeko, komeni zaigu Euskal Eskolak izan duen tratamendu historiografikoa aztertzea. Mendearen bigarren erdian Espainian sortutako arteari buruz azken urteotan kaleratu diren azterlan panoramikoetan, Euskal Eskolaren proiektua nola baztertu den ixiltasunera baieztatzea harrigarria da benetan. Behin eta berriz J. Oteizaren eta E. Chillidaren ekarpen indibidualaipagarria nabarmentzen da, ondoren parte hartu zuten proiektu kolektiboa gertakari bat besterik ez balitz bezala aipatzeko. Hemen Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa katalogoan {1} Gaur taldeari buruz aurreratu nituen konklusioak berrartu ditzakegu, orokorrean Gaur taldearen ezaugarri propioak Euskal Eskolako proiektuaren ondorio zuzenak baitira. Proiektu honek abangoardia mogimenduari dagokion entitatea du : bere programa erdibidean geratzeak ez du esan nahi bere emaitza gutxietsi daitekeenik. Artearen promozio instituzionalaren gainetik herri proiektu baten utopia gailentzen denean, bere patua bestelakoa izatea gertagaitz bilakatzen da. Azken finean, Euskal Eskolaren proiektuaren singularitateaz ari gara, bere oinarri kontzeptuala Quousque tandem...! en sortua izanik eta arte lanaren produkzioaren gainetik dimentsio artistikoa bizitzan bertan atzera sartzeko hezkuntza proiektu kolektibo bat nabarmenduz. Nazioarteko iharduera sortzailearekiko gure bertako abangoardiek duten izaera eta zentzua argitu nahi baditugu, Euskal Eskolaren asmoa ulertzeak garrantzi handia du. Kontutan hartzen badugu Quousque tandem...! bezelako testu estetiko batek espero ez den harrera kolektiboa jasotzen duela, ohartuko gara ezin daitekeela baloratu azkarregi gai hau. Izan ere, Txomin Badiolaren hitzetan testu hori izango da beharbada "euskal identitate nazionalaren kontzientziaren sorreran eragin handiena izan duen liburua". Guzti honek adierazten digu Euskal Eskolako proiektuaren analisia eta balorazioak duten konplexutasuna: bere ekarpena gehitxo mitifikatu da, ondoren arrazoi beragatik gutxiesteko.Proiketu horren baitan aurki daitezke hainbat ezaugarri amankomunak direnak bere garaiko testuinguru hurbilean baina hauekin batera beste ezaugarrri batzu singulartasun aberatsaz agertzen zaizkigu. Ezinbestekoa dugu ikerketa zabalago bat definitu ahal izateko emaitza bat erabakiorra izan dena Euskal Herriko artearen modernizazio prozesuan, bere energia dinamizatzailea 60ko hamarkada zeharkatuz,70kora ere hedatzen delarik. (1) Autore anitz: Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan. Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, 1995. Ana Olaizola, Arte Ederretako Fakultateko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean Argazkiak: Euskal Artea eta Artistak 60ko hamarkadan liburutik Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5 12) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=bizkaia&link=www.bizkaia.net/bizkaia/Euskara/Foru Aldundia/Kultura/eu cultu.htm http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.