77 Zenbakia 2000-05-05 / 2000-05-12

Gaiak

Aresti eta Gandiaga. Ohar batzuk

JUARISTI, Felipe

Aresti eta Gandiaga. Ohar batzuk Aresti eta Gandiaga. Ohar batzuk * Traducción al español del original en euskera Felipe Juaristi Harriari buruzko aipamenak ugariak dira euskal poesian. Harri eta Herri 1963an agertu zen gure artean. Urte bat lehenago, Celso Emilio Ferreirok A longa noite da piedra eman zuen argira. Askok ikusi nahi izan dute poeta galiziarraren eragina Arestiren literaturgintzan, baina bata eta bestea aztertuz gero, biak ezberdinak zirela baieztatuko dugu, nahiz eta une zehatz batean bien poetikak bide beretsutik abiatu ziren. Celso Emilioren "harriaren gau luze"ak zerikusi haundiagoa du mistikoen gau luzearekin, Arestiren harriarekin baino. Poema hau irakurtzea nahikoa zaigu, batak eta besteak erabilitako irudi beraren arteko aldeaz jabetzeko: "Bilatu zintudan mundua harri moldegabea zenean. Gauzak izen bila zebiltzanean ni zure bila nenbilen". Celso Emilioren harria mundu mitiko baten partaide da, haurtzaroko oroimenaren hondarra. "Harriaren gau luzea" izuaren izena besterik ez da. Blas de Oterok sarri erabili zuen harriaren irudia: T.S. Eliotek ere bai. Blas de Otero, Gabriel Celaya, Celso Emilio Ferreiro eta beste batzuk poeta sozialen artean sailkatu zituzten, eta poeta horiek, nik dakidala, ez zuten halako baieztapenik ukatu, nahiz eta bakoitza saiatu zen bere lanean zehatzagoa izaten. Poesian, beste askotan bezala, ikuspegiak erabakitzen du edozein definizio. Gaur egun ez dago orduan bezain modako poesia sozial izatea, baina orain urte dezente, modaz aparte, beharra ere bazen poesia soziala idaztea. Gaur egun poesiaren gutxiespen kanpaina maila guztietara iritsi da eta poesia soziala atera da kaltetuen. Baina haren alde eta faboretan esan beharra dut poesia sozial gisa izendaturiko horrek gizartera, mundura alegia, ekarri zituela poetak. Edozein poetak badaki bere kanta munduan entzun behar dela. Baina poetak badaki ere bakarrik egotea dela bere patua, gizon emakumeen gorabeherak ezagutzeko mundutik aparte egon behar duela, inon ez beraz. Erromantizismogaraiak azalean utzi zuen gizartearen eta sortzaileen arteko kontraesana. Erromantizismotik aurrera poeta askatasunaren bila abiatu zen, aske izan nahi baitzuen, inori lotu gabe. Poeta sozialek diskurtso morala ekarri zuen guregana eta diskurtso moral hori oso gizakoia zen, urruti zegoen aberatsen eta ahaltsuen moraletik; ez zen erlijio. Miserialdian poeta sozialek beren ahotsa bihurtu nahi izan zuten denen ahots, horregatik beste gizon emakumeen bila abiatu ziren. Arestiz gainera, Bitoriano Gandiaga hartu behar dugu poeta sozialtzat. Hiru gizon bakarka, liburuan batez ere. "Esan beharra dago: "Elorrik ez zuen norbaitzuengan estimazio haundiegirik izan. Sinbolista, intimista eta horrelakoa omen zelako. Modan zegoen modua, ni Elorri egin eta gero enteratu nintzen bazenik ere, baina soziala zela. Elorriko poesia zaharkitua zela, pasea." Poesia, ordea, ez da inoizkoa. Gaurkoa poesia baldin bada, edo poesiatzat jotzen badugu, biharkoa ere poesia izango da, eta etzikoa ere bai. Idazleak idazten duenean denboraren neurriak gainditu nahi ditu, eta hilkor dela dakienez, bere hitzak, bere fruitua, ezhilkor nahi lituzke. Poesiak gainditzen baditu denboraren mugak, poetaren lanari esker da. Hortik dator poetaren lehen kontraesana. Idazlea ez dago bakarrik munduan, baina bai idazterako orduan. Idazleak bere ezagutzatik eta bere esperientziatik abiatu behar du, beste esperientzietara iritsi nahi izanez gero. Eta idazketa ariketa indibiduala izanik, liburua, ordea, zerbait kolektiboa da. Idazleak bere garaian idazten du, baina ez beti bere garaikideentzat. Irakurketa, hemen eta atzerrian, hildako biziekin hitz egiten hastea da. Literaturaren eta poesiaren indarra haundia da, mendeak igarotzen ditu segunduak baliraxe, eta literatura onak, nahiz eta aspaldi idatzita egon, oraindik ere gure barrenak irauli egiten ditu. Iliada irakurtzen dugu eta hunkigarri egiten zaigu. Montaigne irakurtzen dugu eta haren kezkak geure egiten ditugu. Alde horretatik seguru nago, Gandiagaren Elorrik iraunegingo duela, bere garaiko liburu askok iraungo ez duten tokian. Gandiaga baikorra da. Aresti, ez. Gandiaga inozoa. Aresti, ez. Gandiagak, Elorri idatzi zuenean, ez zuen gaizkia ezagutzen, bere bizitzatik aparte utzia zuen. Gandiagak ez zuen hiririk ezagutzen, ez zuen Arantzazuz eta bere jaiotetxeaz aparte beste lurrik ezagutzen, liburuetan izan ezik. Gandiagak pozik bizi du bere erlijioa, ez da Jainkoaren beldur. Gandiagak Natura armoniatsuan ikusten du Jainkoaren izaera, ez mundu desorekatuan. Giza sufrimendua mingarri zaio, baina ez daki zergatik gertatzen den sufrimendu hori. Gandiagaren kanta, dudarik gabe, lurraren kanta da. Elorri lurrari eskaini zaion kantarik ederrena da, Walt Whitmanen Belar Ostoak esanguruatsu harekin pareka daitekeena, jakinik hala ere zein aldea dagoen batetik bestera. Hauxe dio Gandiagak: "Lurrezkoak gara. Busti ta tristeak. Pozak, noizk bein, otzik, labur ikertzen ditu, landerren umeak." Aresti, mailuz jota, harriari kantan hasi zen. Gandiagarena, ordea, ez da harrizkoa, lurrezkoa, buztinezkoa, baizik. Oso urruti zeuden elkarrengandik Aresti eta Gandiaga, garai hartan. Baina poesiaren indarra hauxe da, lehen elkarrengandik urruti zeudenak hurbildu egiten ditu elkarrengana. Felipe Juaristi, idazlea eta kazetaria Argazkiak: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5 12) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=bizkaia&link=www.bizkaia.net/bizkaia/Euskara/Foru Aldundia/Kultura/eu cultu.htm http://ikaskuntza.org/