766 Zenbakia 2021-11-23 / 2021-12-23

Gaiak

Torturatua ez izateko bermeaz Euskal Herrian

GUELLE, Pauline

Biarritz Hiria-Eusko Ikaskuntza dirulaguntza jaso duen ikerketa lana.

Sarrera

Gaurregun bi estatu demokratikoetan banatua izan arren, Frantziarena eta Espainiarena, historian zehar Euskal Herriak hainbat giza eskubideen urraketa ezagutu du. Espainiako Gerla zibiletik (1936) gaur egun arte; lurralde honek gatazkan oinarritutako historia bat ezagutu du. Gerla zibila bukatu eta 1939. urtean, frankismoaren garaian biderkatu ziren gizakiaren aurkako krimenak gertatu ziren. Frankismoaren amaiera Franco diktadorearen hiltzearekin gauzatu bazen ere 1975an, giza eskubideen urraketa ezberdinek segitu zuten bai trantsizio demokratikoaren garaian (1975-1982), baita ere trantsizio demokratikoaren ostean.

François Godicheau historialariarentzat Espainiako gerlak 250 000[1] hil egin zituen, biolentzia mota ezberdinen ondorioz. Frankismoak berriz, Estatu autoritario bat eraiki zuen bortizkeria sistematikoa ardatz izanik.1939ko apiriletik 1944ko ekainerako tartean, 150 000 eta 250 000[2] pertsona artean herio zigorrera kondenatuak izan ziren. Alberto Gómez Roda historialariaren ikerketak zion erregimen autoritario horretan, torturaren praktika ohikoa izan zela[3].

Espainiar Estatuan orokortua izan den biolentzia, Euskal Herrian ondorioztatu da. Alde batetik, Gerla zibilaren nehonereko bortzikeriak eta Frankismo garaiko autoritarismoak euskal herritarrak zuzenki hunkitu zituen. Bestalde, ETA erakundearen sorrera eta bere ibilbide armatuaren hasiera 1968. urtean izan arren, frankismo bukaeran gatazka mota berezituago eta lokalizatuago bat zabaldu zen Euskal Herrian. Momentu horretan, Gerla zibilan aharratu ziren alderdien aldaketa bat sumatzen zen. Alabaina, Gerla zibila alderdi errepublikanoaren (galtzaileak) eta alderdi frankistaren (irabazleak) arteko gatazka izan zen. Garaian, Euskal Herriko alderdi abertzaleek edo nazionalistek Errepublikaren alde borrokatu izan arren; beren erakunde propioa sortu zuten 1958. urtean.

Geroztik jakina da ETA erakundeak, 1968 eta 2011 urteen artean, 857 pertsonen heriotza eragin izan zuela[4]. Haatik, biolentzia mota ezberdinek Euskal Herriaren historia garaikidea zeharkatu zuten. Horien artean, estatuak eraginiko bortizkeria anitzetan salatzen zena : tortura.

Berez, tortura giza eskubideen urraketa da; eta derrigorrez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren (GEEH) 3. artikuluaren arabera funtzionario baten eraginpean egindako tratuak definitzen du. Nazioarte mailan, tortura ez jasaiteko eskubideak berme indartsuak ditu, besteak beste Nazio Batuen Erakundearn (NBE) eta Europar Batasunaren (EB) hitzarmenen bidez. Espainiako erregimen aldaketak eta haren Konstituzio berriak (1978) tortura debekatzen dute : edonon eta beti. Aldiz, elkarte, fundazio, gobernuz  kanpoko erakunde askok salatu dute torturaren praktika bai frankismo garaian, baita ere trantsizioaren momentuan eta trantsizioa amaitu zenetik Espainiar Estatuan.

Zein izan zen torturaren errealitatea Euskal Herrian ?

Lehenbizikorik, nahiz 1975 eta 1982 urteen artean trantsizio demokratiko bat izan, tortura salaketak egon ziren (I). Bigarrenekorik, inpunitate sistema bat egon zen torturaren praktika posible egiten eta babesten zuena Estatu demokratikoan (II).   

Tortura salaketen jarraikitasuna

Espainiako historia garaikideak erakutsi izan zuen biolentzia momento ezberdinak ezagutu zituela. Hala ere, Franco diktadorea hil zenean sistema autoritarioa desagertu zen. Orduan, trantsizio demokratikoa iragan zen Espainiar Estatuan. Trantsizio honen helburua demokrazia bazen ere, momento hau baketsua ez zen izan eta torturak jarraitu zuen Euskal Herrian (A). Ikerlari anitzen emaitzek diote estatu demokratikoa efektiboa bilakatu zela 1982. urtean, trantsizioa amaiatu zenean, halere tortura salaketek segitu zuten (B).

A) Torturapeko trantsizioa

Torturaren debekuak egiazkoa bilakatu behar zuen 1978ko konstituzio berriarekin Espainian. Trantsizioa, 1975ean hasi eta 1982an bukatu zen gobernuan izan zen lehen alternantziarekin. Trantsizio garai horretan, tortura salaketak izan ziren Euskal Herrian, eta ez zen bortizkeria mota bakarra izan. Sophie Baby ikerlariak zion bezala, Espainiako trantsizio baketsurik ez zen izan[5]. Garai honi dagokionez, bortizkeria mota ezberdinak agertu ziren Espainiar Estatuan. Babyk hiru kategoria identifikatu ditu : biolentzia ihardukitzailea, estatu biolentzia eta azkenik, 1981eko estatu kolpeari loturiko biolentzia berezia. Tortura, estatu biolentziaren markoan sartzen du.

1975. urteaz geroztik, eta trantsizio garai horretan elkarte, prentsa, gobernuz kanpoko erakunde eta nazioarteko eragileek tortura salaketak bazirela abisatu zuten. 1975. urtean, Amnesty International (AI) erakundeak 45 euskal herritarren kontrako tortura kasuak salatu zituen[6]. Ondoko urtean, 1976an, AIk konfirmatuko zuen bere azterketa torturaren azpimarratuz praktika hau ez zela gelditu Franco hil arren[7]. 1977 urtean, berriz, Eva Forest-ek Espainia mailako 20 emazteren tortura testigantza plazaratu zituen bere obran[8]. Garaian, Amnesty international eta ekoizpen militanteaz aparte argitalpen gutti egin zen toturak salatzeko.

Aldiz, 2017an Eusko Jaurlaritzak manaturiko ikerketa atera zenean, garaiko salaketei ofizialtasun bat eman zien testigantzei. Euskal Herriko Unibertsitateak, Francisco Etxeberriak koordinaturiko ikerketan, 1960 urtetik 2014 urtera arteko tortura salaketak bildu eta aztertu zituen. Orotara 1 184 tortura kasu egiaztatu zituzten Euskal Herrian 1975. eta 1982. urteen artean. Trantsizioaren garaitik harago, tortura salaketek iraun zuten.

B)Trantsizio-ondoko salaketak

1978. urtean konstituzio berri bat hautatu izan bazen ere Espainiar Estatuan, trantsizioa ez zen horretan bururatu. Trantsizioa konstituzio aldaketan baizik ez da bururatzen. Zuzenbide estatua sendotzeko asmoa du honek, demokrazia arte. Horregatik, berme ugari behar izaten ditu bere trantsizioari amaiera bat emateko. Komuzki, Espainiaren kasuan lehen alternantzia politikoa da mugarria. Hots, 1982an, gobernu sozialista poderera heldu zelarik madrilera.

1982an, beraz, torturaren debeku osoa izan behar zelarik, salaketek segitu zuten. Hala ere, eragile berri batzuk agertu ziren. Alabaina, Espainiak nazioarteko itun ezberdinak izenpetu zituelako, NBE eta EBko instituzioen peko ziren erakunde batzuk pratika horiek plazaratu zituzten. Konparazione, Europar Kontseiluko organoa den Torturaren prebentziorako komiteak, Espainiari abisu bat ematen zion 1991 urtean[9]. Gomendioak eta txostenak biderkatu arren, -adibidez 1995ko Europar Kontseiluaren txostena[10]-, salaketek ez zuten etenik.

Euskal Memoria fundazioaren lanaren arabera 3 126 tortura kasu iragan ziren 1982 eta 2014 urteen artean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, egiaztatu zituen 2 511 kasu ber denboraldiarentzat. Nazioarteko erakunde batzuk arazoa azpimarratu bazuten ere, kezkagarria geratzen zen justiziaren rola estatu demokratiko horretan. Trantsizioa ondoko praktika torturalatzaileak egon baziren, paradoxa horren esanahiak aztertuko dira.

Inpunitate erregularra

Tortura salaketek auzi eta sententzia gutti eragin izan dituzte garai demokratikoan, trantsizioa eta gero. Sistema juridikoak beraz hutsune handiak erakutsi ditu eta demokrazia eta torturaren arteko paradoxa hori elikatu du. Alde batetik, inkomunikazioaren atxilotze erregimen bereziak ez ditu pertsonak torturaz aski babesten (A). Bestalde, torturatzaileen inpunitateak torturaren jarraikitzeak ahalbidetzen du (B).

A) Sistemaren aukerak : inkomunikazioa

Inkomunikazioaren erregimenak, aldaketa zonbait ezagutu bazituen ere, trantsiziotik gaurregun arte neurri bereziak aplikatzen ditu. Neurri horiek, tortura edo tratu txarren erabilera ez dute bazterrean uzten. 2019an oraindik aplikatzen zen legislazioaren arabera, pertsona bat erregimen horren barruan atxilotua izaten ahal da auzibideak terrorismo delituak leporatzen badizkio. Erregimen horrek hainbat eskubide kentzen dizkio atxilotuari; adibidez, haren hautuzko abokatua ezin du ukan, haren abokatua modu pribatuan ezin du ikusi eta bere familia ezin du abisatu (art. 527 de Ley de Enjuiciamiento Criminal). Horrez gain, terrorismoaren kasuan, inkomunikazioak 5 egun irauteaz harago, beste 5 egun gehiago irauten ahal zuen; orotara 10 egun.

Atxilotuen oinarrizko eskubide zenbait urratzeaz gain, ikerketa ezberdinek erakutsi zuten inkomunikazio erregimenak zerikusi handia zuela torturarekin. Jon-Mirena Landak lotura hori frogatu zuen 2009an argitaratu zuen lan batean, 2000 eta 2008 urtean artean kokatzen zena, Landaren emaitzek zioten inkomunikazioan egon ziren atxilotuen erdiak tortura edo tratu txarren alegazioak egin zituztela :

De acuerdo a los datos del Ministerio hubo 1231 detenidos, de los que con las fuentes utilizadas identificamos 957. De ellos 634 casos realizaron alegaciones de malos tratos / tortura. Admitiendo que ninguno de los 274 detenidos que no identificamos habría sufrido vulneración de derechos, la frecuencia de alegaciones de malos tratos / tortura sería de 51% (634/1231). Dato que se ve refrendado por la existencia de un 60% de detenidos que alegaron malos tratos / tortura en los reconocimientos médico forenses y por la frecuente denuncia de vulneraciones de derechos efectuada por este tipo de detenidos ante el Juzgado Central de Instrucción.[11]

Salaketa horiek oihartzuna izan zuten eta Europako torturaren prebentziorako batzordeak Espainiar estatuari txosten bat egin zion[12]. Txostena, batzordeak Espainian 2007. urtean egin zuen bisita batean oinarritzen zen. Txostenak zion inkomunikazio sistema kezkagarria zela atxilotuen eskubideak urratzen zituelako. Horrez gain, inkomunikazioa eta torturaren arteko loturaren hipotesia ez zuten baztertzen. Batzorde berdinak hobekuntzak azpimarratu zituen atxilotze prebentiboari dagokionez 2017. urtean; halere salaketen jarraipenak halako bat zitzaizkion batzordeari.[13]

Gainera, inkuomunikazioak, urte luzez, baztertzen ahal zuen du atxilotuaren aukerazko medikuaren kontsulta. Besteak beste, pertsonaren eskubideen bermeak urratzen zituen inkomunikazio garaian torturatua izan bazen. Epaile, polizia eta medikuen isilpeko adosmenak eragiten ahal zuen atxilotuaren konfiantza eza medikuaren baitan, edo medikuaren txosten arina jakinez egoera frankotan torturatzaileak presente zirela kontsulta garaian edo pertsona mehatxatu egiten zutela lehenagotik isultasuna atxik zezan.

B) Borreroen babesa

Inkomunikazioaren erregimenak tortura posible egiten bazuen ere, auzi eta epai gutti egin ziren. Espainiar estatuan berean, orotara 49 funtzionario kondenatu zituzten epaiek 1978tik goiti[14]. 1979 eta 1992 urteen artean, Euskal Herriari dagokionez, torturatzeagatik hogei kondena baizik ez ziren izan. Horiek Audiencia Provincialek eta Tribunal Supremoren eskutik izan ziren. Funtzionarioen artean gorpu ezberdinetako pertsonak aurkitu ziren: Guardia zibila, Polizia nazionala eta Ertzaintza. Maila nazionalaz gain, azken hamarkada hauetan, Giza eskubideen europako auzitegiak bederatzi epai eman zituen Espainiaren kontra.

Nahiz eta epai zenbait izan ziren, funtzionarioek inpunitateaz gozatu zuten. Alabaina, maila nazionaleko auzien bidez kondenatuak izan ziren funtzionarioen erdiari indultoak (osoak edo partzialak) aplikatu zizkioten. Horren esanahia sinplea da: zigorraren parte bat kendu zitzaien eta, orduan, zigorra ez zuten osoki bete izan. Hots, justiziaren epaia berrikusia izan zen, eta justiziaren erabakiak ez ziren bete. Indultoen proportzio garrantzitsuak Espainiako justiziaren ibilmolde eskasiaren marka irudikatzen du.

Torturaren alorrean, justiziaren epaien gainetik erabakiak izan ziren indultoek biktimen segurtasuna ahultzen dute. Indultoen eragina anitza bada ere, biktimek auzientzat, eta oro har, justizia sistemarentzat duten konfiantza ttipitzen du. Horregatik, inpunitatean oinarritutako sistema horrek biktimaren eskubideak bigarren aldikotz zapaltzen ditu. Lehenik, inkomunikazioak ez dielakobermerik ematen tortura sahiesteko; eta bigarrenik, auziek ez dutelako bermatzen epaien betetzea.


[1] François GODICHEAU, « Les violences de la guerre d’Espagne », in Revue d’Histoire de la Shoah, n° 189, 2008/2, p. 413.

[2] Jean-François BERDAH, « Épuration et répression politique en Espagne pendant la Guerre d’Espagne et la post-guerre (1936-1945) », in Revue de civilisation contemporaine Europes / Amériques, n°3, 2003, §8.

[3] Alberto GÓMEZ RODA, « La tortura en España bajo el franquismo. Testimonios de tortura durante la dictatura y la transición a la democracia », in Pasajes : Revista de pensamiento contemporáneo, n°17, 2005, p. 49.

[4] Barbara  LOYER,  « Conflit  et  représentations  du  conflit  au  Pays  Basque :  la  fin  de  l’ETA », in La Découverte, Hérodote, n°158, 2005/3, p. 24.

[5] Sophie BABY, Le mythe de la transition pacifique : violence politique en Espagne (1975-1982), Casa de Velázquez, 2012.

[6] AMNESTY INTERNATIONAL, Report of an Amnesty international mission to Spain : July 1975, Londres, Amnesty International Publications, 1975.

[7] AMNESTY INTERNATIONAL, Torture in Spain, 1976.

[8] Eva FOREST, Témoignages de lutte et de résistance, Traduit du castillan par Françoise Campo, Editions des Femmes, Paris, 1978.

[9]CONSEIL DE L’EUROPE, Report to the Spanish Government on the visit to Spain carried out by the European Committee for the Prevention of Torture and Inhuman or Degrading Treatment or Punishment (CPT) from 1 to 12 April 1991, CPT/Inf (96) 9 [Part 1], Sarean : https://rm.coe.int/1680697de7

[10] CONSEIL DE L’EUROPE, Report to the Spanish Government on the visit to Spain carried out by the European Committee for the Prevention of Torture and Inhuman or Degrading Treatment or Punishment (CPT) from 10 to 14 June, 1994, 1995.

[11] LANDA GOROSTIZA, Jon-Mirena, « Documentación de la tortura en detenidos incomunicados en el País vasco desde el 2000 al 2008: abordaje científico », Dirección de Derechos Humanos, Departamento de Justicia, Empleo y Seguridad Social, Eusko Jaurlaritza / Gobierno vasco, 31 mars 2009, p. 1931.

[12]  EUROPEAN COMMITTEE FOR THE PREVENTION OF TORTURE AND INHUMAN OR DEGRADING TREATMENT OR PUNISHMENT (CPT), Report to the Spanish Government on the visit to Spain carried out by the European Committee for the Prevention of Torture and Inhuman or Degrading Treatment or Punishment (CPT) from 19 September to 1 October 2007, CPT/Inf (2011) 11,  Sarean : http://www.cpt.coe.int/documents/esp/.htm 

[13] EUROPEAN COMMITTEE FOR THE PREVENTION OF TORTURE AND INHUMAN OR DEGRADING TREATMENT OR PUNISHMENT (CPT), Report to the Spanish Government on the visit to Spain carried out by the European Committee for the Prevention of Torture and Inhuman or Degrading Treatment or Punishment (CPT) from 27 September to 10 October 2016, CPT/Inf (2017) 34, Sarean : https://rm.coe.int/pdf/168076696c.

[14]  ETXEBERRIA, Francisco, BERISTAIN, Carlos Martin et PEGO Laura, Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014, IVAC/KREI, Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco, diciembre 2017.


Eusko Jaurlaritza