
Gaiak
Nekazaritza-Elikadura-Lurraldea: Landa eremu bizigarrirako hirukia
ALBERDI ARESTI, Goiuri BEGIRISTAIN ZUBILLAGA, Mirene
Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU
Krisi anizkoitzari lotutako ebidentzia ugari eman dizkigu testuinguruak azkenaldian. Ebidentzia ekologiko, sozial, ekonomiko zein kulturalak elkarri lotuta daude, elkar elikatu eta indartzen dira, eta eraiki dugun sistemaren gurpil zoroan gero eta gehiago korapilatzen gaituzte, gizartearen jarraipena bera kolokan jarriz, “krisi zibilizatorioa” izendatzeraino.
Indarrean dagoen elikadura eredu industrializatu eta globalizatuak eragin zuzena du krisi anizkoitzetan. IPCCren kalkuluen arabera, 2007-2016 urte tartean, gizakien jardueraren eraginez sortutako berotegi-efektuko gasen isurketa guztien datoz nekazaritzatik, basogintzatik eta lurraren beste erabilera batzuetatik; datu hori %37ra igotzen da aintzat hartzen baditugu ekoizpenerako erabiltzen diren inputak eta materialak eta kontsumorainoko kate osoa, lur zoruaren degrazioa eta elikadura osasuntsuaren eskuragarriatsunaren kaltetan. Estatistikei erreparatzen jarraituz gero, erakusten dutenez, munduko lurraren %2 baino ez dago nekazari eta komunitate indigenen esku eta lurren jabeen %3-20 dira emakumeak; munduko elikagaien ekoizpenaren %70 familia-nekazaritzak ekoizten du eta FAOk onartzen du elikadura-ekoizpenaren %70 emakumeek sortzen dutela, nahiz eta emakumeen %60 baino gehiago goseak dauden munduan. Elikadura katean, Espainiar Estatuko elikaduraren sektorea sei talde handiren esku dago (Mercadona, Carrefour Taldea, Eguna Taldea, Eroski Taldea, Lidl eta Auchan Taldea), eta elkarrekin estatu mailako salmenta-bolumenaren %54,4 biltzen dute; horrek eragin zuzena du elikadura kateko erabaki ahalmenean eta jatorrian nekazariek jasotzen dituzten eta kontsumoan ordaintzen diren prezioen arteko aldean, marjinak banaketa enpresen esku geratuz. Aldi berean, Europar Batasunean (EB) dietari lotutako gaixotasunei (obesitatea, gainpisua, diabetesa…) aurre egiteko gastu publikoa europako BPGaren %7,8koa da. Halaber, EBko Nekazaritza Politika Bateratua (NPB), 2021ean EBko aurrekontuaren %33,1, eskala handiko ekoizpen-eredu ez sostengarriak laguntzera bideratzen da; are larriagoa dena kontuan izaten badugu NPBaren 7 urteko ziklo berria abiatu dela trantsizio ekologikoaren irizpide oso ahulekin, nahiz eta Baserritik Mahaira estrategia (Farm To Fork Strategy) edo Europako Itun Berdea (Europe Green Deal) onartuak egon.
Euskal Herriko zoom-a egiterakoan ere datuak esanguratsuak dira: kontsumitzen ditugun elikagaien %80-%90, azpisektoreen arabera, inportatuak dira. Beraz, nahiz eta nekazaritzaren ixuriak murriztu diren azken urteetan, hau gure elikadura-sistemaren aztarna ekologikoa esportazioan oinarritzen da. Horrez gain, EAEn nekazaritza ustiapenen titularren %8,5 soilik dira 35 urtetik beherako pertsonak, bataz besteko adina 60 urtera hurbilduz (azken nekazaritza errolda 2009koa da); nekazari hauen errenta batez besteko errenta maila baino %30 baxuagoa da; Euskal Herrian artifizializaturiko lur azalera bikoiztu egin da 1990-2018 urte tartean, 37.500 hektareatik 79.300 hektareatara, eta afekzio kritikoenak nekazaritza lurra urri den eremuetan gertatu dira. NPBko laguntzetatik gehien jasotzen duten %10ek laguntzen ia %50 kontzentratzen dute EAEn eta Nafarroan, beraz, beste erdia, lur-jabeen %90en artean banatzen da (proportzio hori %30-%70 da Iparraldean). Euskal Herrian, titulartasunen % 38 baino ez daude emakumeen esku eta NPBren laguntzen %31 jasotzen dituztenak dira emakumeak, eta jasotzen dituzten kopuruak txikiagoak dira, lehenesten dituzten eskala eta ekoizpen-eredu jasangarriak direlako. Egoera horretan, aurrera begirako estrategietan kokatuz, abiapuntua da Hego Euskal Herrian nekazaritza ekologikoaren lur azalera %19 dela Nafarroan eta ia-ia %3 EAEn; urrun Baserritik Mahaira estrategiak 2030erako ezartzen duen %25etik. Norabide iraunkorrak zehazteko beharra dagoen testuinguruan, kezkagarria bihurtzen dira Berreskurapen eta Erresilientziarako Euskal Programaren – Euskadi Next izena hartu duena– inguruan ezagutzen diren datuak: elikadura-sistemarekin nolabait lotutako funtsak (guztien %3 inguru) digitalizaziora bideratuta daude, eta ez da eredu iraunkorrerako parametrorik antzematen.
Elikadura sistema (ekoizpen eredutik abiatuta, elikagaien banaketa enpresetatik pasata eta kontsumo espazioetaraino) eta lurraldearen antolamenduaren panorama korapilatsu eta ez iraunkorraren aurrean, galdera oinarrizkoak sortzen zaizkigu: ez ote da zentzuzkoagoa, eta erabaki estrategikoa, gure elikagaien ekoizpena tokikotzea eta sostengarria bihurtzea, elikadura osasuntsu baten eskubide kolektiboa bermatzea eta hurrengo belaunaldientzat lurralde antolamendu iraunkor baterako irizpideak sustraitzea? Eta landa eremuaren hustutzeak, ekoizleen kopuruen murrizketak, ekoizpena produktu gutxi batzuetara bideratzeak eta eskala handitzea eta intentsifikazioak, lanpostuen galeraz harago, ingurumena eta gure lurraldeen kaltetzea ekartzen badu, ez al du zentzu gehiago baserriei eusteak eta bere kopurua areagotzeak, nekazaritza eta abeltzaintzako enpleguak defendatzeak, ekoizpen ereduen eskala murrizteak, soberakinak ezabatzeak eta produkzioa tokiko merkatu eta sukaldetara bideratzeak iraunkortasuna eta justizia soziala irizpidetzat hartuta?

Ezinbestekoa da elikadura-estrategia jasangarriak garatzea, tokiko elikadura-sistemen egituraketa
kudeatzea, bai eta elikadura-sistema horien gobernantza-modu berriak sustatzea.
Norabide horretan kokatzen dira hainbat erakundeen erantzunak azken urteetan: EBak elikagai-sistema jasangarri eta inklusibora trantsizioa egiteko informazio zientifikoa biltzen duen A sustainable food for the European Union[1] txostena bereganatu du, Europako elikadura-sistemak osagai sozial, ekonomiko eta ekologiko konplexuak dituela onartuz, eta erabateko aldaketa behar duela epe luzera jasangarri bihurtzeko; jasangarritasunaren irizpideetan sakonduz, IPES Food nazioarteko adituen panelak elikadura-sistema iraunkor eta erresilienteak sortzeko elikagaien segurtasuna eta epe luzerako elikadurarako eskubidea bermatuko dituen sistema agroekologikoa sustatu behar dela azpimarratu du[2], dagoeneko nekazari erakundeek eta gizarte-mugimenduek hainbat urte daramatena aldarrikatzen, maila globalean eta lokalean; Europako Eskualdeen Kontseiluak 2021eko otsailaren 3an sinatu du Agroekologiaren Irizpena[3], onartuz agroekologia dela nekazaritzaren karbono-lorratza murrizten duen proposamena, biodibertsitatea berreskuratzea sustatzen duena, lurzoruen emankortasuna berrezartzen duena, uraren eta airearen kutsadura saihesten duena, eta baserrien erresilientzia ekonomiko eta soziala areagotzen duena.
Erantzun kokatuak bilatzeko premiaz parte hartu genuen Fit4Food2030 proiektu europarrean beste hainbat herrialdeko ikerlari eta ordezkariekin batera. Proiektuaren helburu nagusia ikerkuntzatik eta berrikuntzatik (I+G) elikadura sistema jasangarrietarako bideak sortzea izan da, egungo elikadura-sistemen erronkei aurre eginez. Proiektu europar horren ondorioz, Euskadiko elikadura-sistemako hainbat eragilerekin "Euskadiko elikadura-sistemaren politika-laborategia" sortu genuen 2019ko urritik 2020ko urrira. Pandemiaren testuinguruak nabarmendu zituen urgentziak are eta zentzu gehiago emanaz lanari, eta gogoeta-prozesu bat egin genuen euskal elikadura-sistemaren etorkizuneko agertokiei buruz, lau helburu nagusi landuz: 1) Ekoizpen, enplegu eta elkartruke ereduak: janarien xahuketa, banaketa formulak, lan baldintzak/ordutegiak, ekoizpen ereduak... 2) Ingurumenaren iraunkortasuna: klima aldaketa, ingurumena, bioaniztasuna, basoak, lurraldearen kudeaketa, akuakultura iraunkorra, nekazaritzaren optimizazioa/prezisioaren handitzea, lurzoruak aberastea… 3) Elikadura, osasuna eta ongizatea: malnutriziorako irtenbideak, produktu ultraprozesatuak, elikagaien kalitatea, edoskitzea, elikagai nutritiboetarako merkatuak sortzea, osasuna/kontzientziazioa sustatzea... 4) Gobernantza eta komunitateen ahalduntzea: erantzukizuna, parte-hartzea, jarraipena eta politika publikoen sortzea; politika publikoen inkoherentziak; hirietarako elikadura eraginkorra; parte-hartzerako berrikuntza digitalak, elikadura eta nutrizio segurtasunean eztabaida publikoa. Helburu hauek 12 erronka eta 31 ekintza-planetan definituak izan dira[4]. Azpimarragarria da, ikuspegi sistemiko edo integral baten oinarri sendoarekin, ekintza-plan horiek gauzatzeko estrategiak diziplinarteko lana eta administrazioko hainbat sail desberdinen arteko elkarlana eskatzen dutela; eta, horretarako, lege-marko berri bat garatzeko beharra ere nabarmendu da. Adibidez, plataformako kideek askotan aipatu dute osasun eta higiene baldintzak malgutzeko legedia osatzeko beharra, bai eta hurbileko elikagaien salmentari buruzkoa ere, zuzeneko salmentaren dekretua behin betiko amaitzeko beharrarekin batera. Edota tokiko elikagaiak sukalde publikoetan proiektu integralak garatzeko, Hezkuntza-Nekazaritza-Osasun sailen arteko lan koordinatuaren beharra. Beste lege-erronka garrantzitsu batzuk ere identifikatu dira: Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak eta landa garapen estrategia eta planen inguruko eztabaidei, ekoizpen-lurzoruen babesari edo dietistak eta nutrizionistak osasun-sisteman sartzeari lotutakoak.
Fit4food2030 proiektuan ondorengo ondorioa azpimarratu da, bai euskal laborategian eta baita ere proiektuko Think Thank aditu taldean: elikadura sistemen trantsizio iraunkorra Berrikuntza Sozialaren eskutik etorriko da. Ondorioz berrikuntza teknologiko gogorrean soilik oinarritutako logika mugatua dela adieratzen da, eta, zentzu horretan, ez dator bat Berreskurapen eta Erresilientziarako Euskal Programaren – Euskadi Next – laguntzak berrikuntza teknologikoan kontzentratzearekin, eta berrikuntza sozialari ez heltzearekin.
Beraz, euskal trantsizio ekosozial ordenatu eta egituratua gauzatzeko, krisi klimatikoa eta sortu eta etorriko diren beste konbultsioetan hornikuntza kateen zaurgarritasuna eta puntu kritikoen arazoak gainditzeko ezinbestekoa da nekazaritza ikuspegitik harago elikadura-estrategia jasangarriak garatzea, tokiko elikadura-sistemen egituraketa kudeatzea, bai eta elikadura-sistema horien gobernantza-modu berriak sustatzea. Zentzu horretan kokatu ditu babes zientifiko eta sozial zabala jaso duten Euskal Herria Post-Covid19 taldeak euskal herrirako trantsizioa ekosozialerako bostgarren ildoko proposamen agroekologikoak[5], modu integralean landu eta kokatu behar direnak eredu ekonomikoan, jendartearen eta planetaren ongizatearekin txirikordatuz, bizigarritasuna modu justu, osasuntsu eta demokratikoan bermatzeko.
Hurrengo hilabeteetan Gasteizko Eusko Legebiltzarrean Landa Garapeneko Lege berri bat onartzea aurreikusten da. Politika publikoek orain arte gabezi handiz erabili izan duten potentzialtasuna dute eta trantsizio agroekologikorako tresna estrategikoak dira eta atzeraezinak dira etorkizun jasangarri baterako lurralde antolamenduan hainbat erabaki. Legearen aurreproiektuak gobernantzaren zentralizazioa eta bertikaltasuna sustatzen ditu, erabakitzeko eskumenen zeharkakotasuna eta tokiko erabilera saihestuz, Fit4Food2030ko emaitzetatik edota IPCC eta IPES Food-en gizarte-berrikuntza sozialaren aldeko eta lotesleak diren partehartze prozesu sakonen irizpideetik urrunduz.
Agerikoa da politika publikoek biziki eragin dutela eta eragin dezaketela etorkizun iraunkor baterako nekazaritza-elikadura-lurraldea hirukian. Horregatik, erantzunak bilatzerakoan funtsezkoa egiten da begirada sistemikoa izatea, hau da, nolako elikadura halako nekazaritza; are gehiago nolako lurraldea halako elikadura eta nekazaritza.
Hiruki horretan, Lurralde eta jendarte jasangarriko sistemak oso zeharkakoak dira, bidean eremu askoren arteko eta ugariak diren interakzioak daude. Horregatik, hiruki horretan gertatzen diren ebakipuntuak garrantzitsuak dira. Adibide dira azkenaldian, Tuestako (Araba) tomate hidroponikoen makroproiektua (kontsumo energetiko handiko zementuaren ekoizpen-eredu ez jasangarria, eta lur emankorren galera eragingo duena); Araban ere instalazio fotoboltaikoen bultzada (lur emankorrak artifizializatuz eta nekazaritzarako errelebo-aukerak murriztuz); Nafarroako Kaparrosoko behi kontzentrazio ustiategiaren baimena (ingurumen ondorio eta ondorio sozial eta ekonomikoak kanporatuz); edota, Arbonako lur-eremuaren salmenta espekulatiboa (Kostaldeko urbanizazio masiboaren ondorioaz nekazaritza lurren artifizializazio eta espekulazioaren beste adibide bat).
Nekazaritza-Elikadura-Lurraldearen antolamendu iraunkorra izan nahi badugu prospektiba ariketa egiteko garaia da, egungo jendarte justuagoa eraikitzeko eta hurrengo belaunaldiei lurralde bizigarria arduraz uzteko.
[1] SAPEA, Science Advice for Policy by European Academies (2020). A sustainable food for the European Union. Berlin: SAPEA.
[4] Alberdi Aresti, G., Alvarez Vispo, I., eta Begiristain Zubillaga, M. (2021): Euskadin 2030ean elikadura sistema iraunkorra izateko ikerketa eta berrikuntza estrategia.
[5] Euskal Herria Post-Covid19, Bigarren gogoeta (2021eko urtarrila).