764 Zenbakia 2021-09-22 / 2021-10-20

Gaiak

Emakume zientzialariak ziber-hedabideen garaian

EIZMENDI IRAOLA, Maider

UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea

Egunotan ikasturte berriari emango zaio hasiera eta neska-mutil hainbatek Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasgelak zapalduko dituzte estreinakoz. Aurtengo matrikulazio datuen estatistikarik izan gabe, UPV-EHUko azken datuak 2019-2020 ikasturtekoak dira eta haiek erreparatuta, bistakoa da oraino ere, ikasketak hautatzeko orduan, neska-mutilek egiten dituzten aukeraketa desberdinduak: emakumeak nagusi dira osasun zientzien eremuan (%76,88), bereziki erizaintzan (%87,95) eta farmazia eta dietetika arloetan (%87,50) eta euren presentzia, baxua da, berriz, ingeniaritzetan (% 27,91), batez ere, informatikari (%8,70) eta automozioari (%7,32) lotutakoetan. Ibilbidea profesionala erabakitzeko orduan eragiten duten faktoreak ugariak dira; familia eta eskolak zuzenean duten zeresana alboratu gabe, gizartean zientziaz, haren jardunaz edota zientzialarien rolen inguruan errotutako ideiek eragiten dute, eta azken alor honetan komunikabideen funtzioa nabarmena da, feministek zein genero ikerketan ari diren ikertzaileek azken hamarkadetan agerian utzi duten moduan.

Emakumeek diziplina batzuetan duten parte hartze murritzak, eskubide mailan eta ezagutzaren garapenean dituen ondorioez jabetuta, erakundeek lege mailan aitortu dute neska eta mutilek ikasketak berdintasunez aukeratzeko mekanismoa sortzeko beharra. Hala, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 legeak 28. artikuluan jasoa du hezkuntza-politika publikoek sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapean integrala bermatzen duen hezkuntza eredua bultzatu beharko dutela. Halaber, arau bereko 29. artikuluan zehaztua dago ikasleak trebatuko direla aukera akademikoa egiten dutenean, ez ditzaten kontuan hartu generoan oinarritutako baldintzapenak. Bestetik, 2005eko abenduan Nazio Batuen Erakundeak otsailaren 11a Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta estatuei dei egin zien heziketa eta sentsibilizazio ekintzak antola zitzaten emakumeek zientzia arloan duten parte hartzea sustatzeko, neskek zientzia arloko ikasketak hautatzeko duten joeran suspertzeko eta aitzindariak izan diren emakumeen lorpenak aitortzeko (A/RES/70/212 ebazpena).

Arazoaren jatorrian heziketaren bidez neska-mutilek etorkizuneko niak sortzeko zuzenean zein zeharka jasotzen dituzten ereduak jarri dira eta, zehazki, emakume zientzialariez zabaltzen den iruditerian ardaztu dira ikerketak, batik bat komunikabideen jarduna aztertu dutenak. Emakume zientzialarien presentzia ikertzen hasi ziren lan aitzindariek haien azpierrepresentazioa nabarmendu zuten eta orduz geroztik joera bera mantendu da, nahiz eta egungo estatistikek agerian utzi duten emakumeek goi mailako hezkuntzan duten presentzia nabarmendu handitu dela. Aipatu EHU-UPVko azken datuek ere baieztatu dute emakumeak gehiengo direla matrikulatutakoen artean, eta ehunekoa are eta handiagoa dela ikasketak amaitu dituzten pertsonak kontuan hartuz gero. Beraz, sarbidea ez ezik, emakumeek ikasketetan arrakasta tasa handiagoa dute, ondoren ibilbide akademikoan aurrera egiteko gizonek baino zailtasun handiak dituzten arren.

Kopuruan ez ezik, egunkariak, aldizkariak, irrati eta telebista emanaldiak eta fikzio edukiak aztertzeko egin diren ikerketek emakume zientzialariei lotutako estereotipoei ere erreparatu die eta bistaratu dute itxura fisikoaren eta familiaren gaineko erreferentziek pisu handia dutela ikerketan aritzen diren emakumeez zabaltzen diren edukietan; adjektibo eta bestelako aipamenen bitartez gizonen eremuan eta gutxiengo gisara irudikatzeko joera ere atzeman da.

Emakumeak nagusi dira osasun zientzien eremuan (%76,88).

Interneten garapena eta ziber-hedabideen sorreraren ondotik, genero ikerketa alorrean ari ziren adituek itxaropentsu begiratu zien komunikazio arloa erabat irauli duen testuinguru berriari. Azken batean, informazio eta iturri berriak txertatzeko potentzialtasuna ezagutu zitzaion, besteak beste, egunkari tradizionaletako espazio mugak gainditzeko aukera ematen zuelako.

Emakume zientzialariek ziber-hedabideetan duten presentzia aztertzeko egin diren ikerketak urriak dira, baina osatu direnek ez dute, oro har, aldaketa handirik nabarmendu. Egunkarietako edizio digitaletan, oraindik, emakumeen presentzia gizonen aldean baxua da eta, beraz, gizonek aukera handiagoa dute zientzia iturri gisa agertzeko; alde batetik, ziber-hedabideak jatorrizko komunikabideen tradizio eta jarduteko moduei lotuak daudelako eta, bestetik, zientzia eremuan oraindik ere genero arrakala agerikoa da. Bi datu baino ez: ikerketa proiektuen gidaritzan ari diren emakume kopurua murritzagoa da eta zientzia alorreko sariketetan gizonak lehenetsi eta errekonozitzeko joera agerikoa da.  Horrenbestez, emakumeak ageriko egiteak kazetarien aldetik hausnarketa prozesu kontziente bat eskatzen du edo, behintzat orain arteko jarduteko moduan ezbaian  jartzea.

Berdintasunaren inguruko mezua diskurtso publikoan leku hartzen joan den heinean eta emakumeek goi mailako hezkuntza presentzia handitu duten neurrian, emakume zientzialariaz zabaltzen den mezuan aldatu da, baina ez hainbeste oinarrizko ideia. Lausotu egin da estereotipo agerikoenen erabilera eta haiek plazaratzeko modua. Hala, itxura fisikoari erreferentzia egiten dieten aipamenak murriztu dira, oraindik ere, ikerketek haien presentzia nabarmena erakusten duten arren. Familia aipamenak ere sarri agertzen dira, baina ibilbide akademikoa eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunen testuinguruan gauzatzen dira gehiago. Hain justu ere, zailtasun eta gatazkaren eremuan kokatutako mezuaren intentsitatea handia da. Pertsonek identitate desberdinak izan baditzakete (Setlles, 2004), emakume zientzialarien artean bi nagusitu ohi dira: emakume gisa dutena bata eta zientzialari gisa dutena bestea. Autore honen esanetan, identitate desberdinen presentzia ez da arazo bat, haien artean inkongruentziak ez badaude eta, bere esanetan, zientzia eremuan hautematen dira. Jardunean sumatzen den gatazka hau komunikabideetako irudira ere bereizi daiteke. Zailtasun eta oztopoetan arreta jartzen duen diskurtsoaren bidez, ikertzaileen emakume izaera zientzialari gisa duenaren gainetik jartzen da eta horrek profesionalki ezagutzaren garapenean egindako ekarpena desitxura dezake. Azken batean, hori izan da estereotipoak aztertu dituzten ikertzaileek ondorioztatu dutena, emakume zientzialariez zabalduko mezuek ez dutela bere jarduera zientifiko edota akademikoa balioan behar beste jartzen. Zailtasun eta oztopoetan arreta jarrita, zientzia eremuen arrakasta lortzen duten emakumeak ez ohiko irudiarekin lotzen dira, aitzindari gisa irudikatuta edota egindako esfortzu eta ukoetan indarra jarrita. Mezu  hau kalterako izan daiteke neska-mutilentzat ereduak sortzeko orduan, zaila delako etorkizuneko niak osatzeko garaian gatazka, zailtasun eta ezohikotasunean definitzen diren irudiak erakargarri egitea.

Aipatu bezala, oraindik ere berdintasun mezuaren egituraketak gogoeta bat eskatzen die kazetariei eta ziber-hedabideek ezarritako azkartasun premiak ez du bat egiten hausnarketarekin, ez eta iturri berrien bilaketak eskatzen duen patxadarekin. Zientzia kazetaritzan iturriei esleitu zaien garrantzia handia da, haien bidez egituratzen delako komunikabideek gizarteari zientzia aurrerapenen inguruan helarazten dioten mezua. Beraz, emakume zientzialariei berdintasunean eta normaltasunean ahotsa emateak, zientziaren eta espresuki haiek egiten duten ekarpenaren ezagutzan lagunduko luke. Arazoa da, komunikabideetako profesionalek iturrien bilaketa errutina prozesu bilakatu behar dutela edota gizonen presentzia handiago duten zientzia erakunde eta ikerketa taldeek bidalitako informazioak probestu.

Finean, beraz, interneten garapenak eta ziber-hedabideen sorrerak baliabide berriak eskaini dizkie kazetariei emakume zientzialarien inguruko mezuek gizartean eta zientzia eremuan dagoen errealitatearekin bat egin dezaten; gai eta iturri berriak sartzeko eskainitako aukera, izatez, bada handiagoa eta iturriekin harremanak josteko egokiera errazagoa agian. Baina, era berean, helburu horretarako kaltegarriak izan daitezkeen dinamikak ere bultzatu ditu.

Informazio gehiago:

UPV-EHUko azken datuak

A/RES/70/212 ebazpena

Bibliografia:

Settles, I. (2004). When multiple identities interfere: The role of identity centrality. Personality and Social Psychology Bulletin, 30(4), 487-500.


Eusko Jaurlaritza