762 Zenbakia 2021-06-24 / 2021-07-28

Gaiak

Identitate soziala, ahalduntze kolektiboa eta ongizatea: Euskaldunen kasua

ZABALA, Jon

1. Sarrera

Hainbat urtetan zehar egin diren ikerketen arabera, identitate soziala ongizatearekin eta parte-hartze komunitarioarekin erlazionatuta dago. Horrez gain, ikerketa batzuek gutxiengo etnikoen identitate soziala ahalduntzearekin lotuta dagoela baieztatu dute, eta bien arteko sinergiak edo eraginak ongizatea eta parte-hartze komunitarioa are gehiago areagotzen dutela. Hala ere, ikusiko dugun moduan, aipaturiko azken eragin hau kasu konkretu batzuetan baino ez da gertatzen.

Ikerketa honen helburua, euskaldunen[1] identitate sozialaren eta ahalduntze kolektiboaren arteko erlazioak aztertzea izan zen, eta baita hauek ongizate pertsonalarekin, ongizate sozialarekin eta parte-hartze komunitarioarekin nola erlazionatzen diren aztertzea ere. Erlazio hauek positiboak eta estatistikoki esanguratsuak izatea espero zen. Era berean, euskaldunekiko identitate sozial altua eta ahalduntze kolektibo altua adierazten duten pertsonek gutxiago adierazten duten pertsonek baino ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitario gehiago erakutsiko zutela espero zen.

Azkenik, gertuko testuinguruan euskarak daukan presentziaren pertzepzioa jaso genuen, hau da, gutxiengo edo gehiengo kolektibo linguistikoa izatearen pertzepzioa, eta honek gainerako aldagaiekin dituen erlazioak ere aztertu genituen.

2. Ikerketen berrikuspena

2.1. Identitate soziala, ongizatea eta parte-hartze komunitarioa

Burutu genuen ikerketa eta honen emaitzak hobeto ulertzeko, komeni da gai honen inguruko literaturaren errepaso txiki bat egitea.

Identitate soziala, talde sozial jakin bat(zu)en parte izatearen kontzientzia da, eta norberaren (niaren) eta talde(en)aren arteko ebaluazio emozionala bere parte garrantzitsu bat da (Postmes et al., 2013; Tajfel, 1972). Identitate sozialak pertsonentzako oinarrizkoak diren hainbat beharrizan psikologiko-ebolutibo asetzen ditu, besteak beste, integratuta edo parte sentitzearen beharrizan psikologikoa, babes soziala hautematea eta mundua ulertzeko eta berarekin elkarreraginean jarduteko balore eta jarrera partekatuak izatearen beharrizana. Adibidez, integrazioak, talde jakin batek norberarekiko aurre-araututako igurikapen batzuk betetzea ahalbideratzen du, bizitzarekiko esangura, xedea, autoestimua eta egonkortasuna errazten dituelarik. Era berean, besteekiko erantzukizun sentimenduak ahalbideratzen ditu, eta norbere burua zaintzeko eta hobetzeko motibazioa eragiten dute.

Honenbestez, identitate soziala ongizatearen aurresale garrantzitsu bat da, eta osasun fisikoarekin zein psikologikoarekin oso erlazionatuta dago. Hain zuzen ere, autore batzuen arabera, talde sozialen parte izatea eguneroko jan-edana zaintzea eta ariketa fisikoa egitea bezain garrantzitsua da (Jetten et al., 2009).

Bestalde, identitate soziala antsietatearekin eta depresioarekin ere erlazionatzen da, baina negatiboki. Preseski, identitate soziala depresioarengandik babesten gaituen faktore garrantzitsu bat da. Adibidez, taldeekin elkartu eta identitate sozial berriak garatzean depresioan berriro erortzeko probabilitatea modu esanguratsu batean murrizten dela frogatu da. Era berean, identitate sozialen galerak, eragin negatibo sakonak izan ditzake. Adibidez, beste ikerketa batean, indigenen jatorrizko identitate sozialaren galera depresioarekin eta suizidatzeko arrisku handiagoarekin erlazionatu zen (Jetten et al., 2012).

Azkenik, identitate soziala talde eta komunitateekiko konpromisoarekin, parte-hartzearekin eta jokaera prosozialarekin ere erlazionatzen da. Azken urteetako ikerketen arabera, parte-hartze komunitarioa gehien iragartzen duten faktoreak identitate sozialari lotuta daude, hau da, komunitate sentsazioari, komunitate identitateari eta integrazioari (Talò, 2018).

Antzeman daitekeen moduan, identitate soziala hainbat talde eta entitate ezberdinekiko ematen da: familia eta lagunak bezalako talde txikiekiko, komunitatea, auzoa edo herria bezalako taldeekiko, edota nazioa eta talde etnikoak bezalako talde handiekiko, besteak beste. Identitate sozialak osasunarekin eta ongizatearekin izan ditzakeen harremanak talde horiek norberarentzat hartzen duten garrantziaren eta nian betetzen duten lekuaren araberakoak izango dira.

Autore batzuen arabera, talde sozialen parte izatea eguneroko jan-edana zaintzea eta
ariketa fisikoa egitea bezain garrantzitsua da.

2.2. Gutxiengo etnikoak, identitate soziala eta ongizatea

Hainbat ikerketen arabera, gutxiengo etnikoen identitatea, ongizatearekin, antsietatearekin eta depresioarekin erlazionatuta dago (Postmes et al., 2019; Smith & Silva, 2011). Hau da, norbere talde etnikoarekiko identitate sozial altua adierazten duten pertsonek identitate sozial baxua adierazten dutenek baino osasun eta ongizate psikologiko hobea erakusten dute, eta baita depresio eta antsietate sintoma gutxiago ere.

Ikerketa hauek guztiak, Estatu Batuetako gutxiengo etnikoekin bereziki burutu dira, hots, afroamerikar, hispano-amerikar, asiar-amerikar eta natibo-amerikarrekin, besteak beste.

Identitate sozialaren teoriaren arabera, norberaren taldea gutxiengo bezala eta gainera, zaurgarri bezala hautemateak, talde horrekiko identitatea nabarmenagoa izatea ahalbideratzen du. Hala ere, taldea zaurgarria izatearen kasuan, talde horren kide izate hutsak ongizatearekiko eragin negatiboak izan ditzake—adibidez, estigmatizazioa eta pobrezia—, batez ere taldearekiko identitate sozial negatibo bat garatzen denean. Baina talde horiekiko identitate sozial positibo eta sendo bat garatzean, zaurgarria izatearen eragin negatibo horiek arindu egiten dira, ongizatea ere areagotuz (Branscombe et al., 1999).

Aldiz, talde bat testuinguru jakin batean gehiengoa edo hegemonikoa denean, talde horrekiko identitate soziala —garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren— ez da hain nabarmena eta eragin handikoa izaten ongizatea bezalako faktore batekin erlazionatzeko (Phinney et al., 1996; Tajfel and Turner, 1986).  

2.3. Ahalduntzea, identitate soziala eta gutxiengo etnikoak

Arlo pertsonal, sozial eta politikoaren garapen prozesuari ahalduntzea deritzo, pertsona eta taldeak beraien egoerak hobetzeko ekintzara bideratzea ahalbideratzen duena. Eraldaketa psikosozial positibo bat da, mundu soziala aldatzeko gaitasun pertzepzioarekin erlazionatuta dagoena. Bereziki zaurgarri edo menpeko egoeran aurkitzen diren taldekideen artean ematen da, eta prozesu honen helburua botere harremanak hautsi edo orekatzea da. Ahalduntze kolektiboaren motorra identitate soziala da eta, prozesu honen bitartez, pertsonak indibidualki ere konfiantza handiagoz hautematen dira, eragin positiboa izanda ongizatean, autoestimuan eta parte-hartze komunitarioan (Drury & Reicher, 2009; Gutiérrez, 1995).

Ikerketa gutxi batzuek gutxiengo etnikoekiko identitate soziala, hau da, identitate etnikoa, ahalduntzearekin lotuta dagoela erakutsi dute, eta bien arteko sinergiak edo eraginak ongizatea eta parte-hartze komunitarioa areagotzen dituela. Harreman hauek, ordea, dirudienez, ez dira ematen gehiengoa edo hegemonikoak diren etnia edo kolektiboen artean —hots, estatu batuar txurien artean—, baina bai afro-amerikarrak bezalako gutxiengo etnikoen artean (Lardier, 2018; Lardier et al., 2018).

Ildo honetatik, zenbait ikerketetan identitate etnikoa, ahalduntzea eta ongizatearen arteko harremanak ezberdinak izan ziren Estatu Batuetako gutxiengo etnikoen —besteak beste, afroamerikarrak eta hispano-amerikarrak— eta estatu batuar txurien artean. Gutxiengo etnikoen artean, identitate etnikoak ahalduntze eta ongizate puntuazio altuagoak iragartzen zituen bitartean, hau ez zen gertatzen estatubatuar txurien artean. Hau da, estatu batuar txurien identitateak ez zuen hauen ahalduntze eta ongizate mailan eragiten, baina bai gutxiengo etnikoen kasuan (Molix & Bettencourt, 2010).

3. Ikerketaren laburpena

Aurreko ikerketen emaitzak kontuan hartuta, euskaldunen kasuan aldagai hauen arteko harremanak nolakoak izango ote ziren jakin nahi genuen. Hau da, euskaldunen identitateak —ikertu diren gutxiengo etnikoen identitateak bezala— ahalduntze, ongizate eta parte-hartze komunitario handiagoak iragarriko ote zituen ala ez galdetzen genuen.

Kontziente ginen euskaldunen ezaugarriak ikertu diren gainerako gutxiengo etnikoen ezaugarriengandik nahiko ezberdintzen direla, batez ere, arlo sozioekonomikoagatik. Izan ere, Estatu Batuetako gutxiengo etnikoek neurri handiagoan jasaten dituzte estigmatizazio, droga eta indarkeria arazoak. Hala ere, ondoren azalduko dugun moduan, euskaldun kolektiboa identitate sozialaren alorrean ikertzeko oso interesgarria den kolektibo bat dela iruditzen zitzaigun, batez ere, beraien ezaugarri kultural eta historikoengatik.

Euskaldunen identitate soziala, ahalduntze kolektiboa, ongizatea eta parte-hartze komunitarioa nola erlazionatzen diren aztertzeko, aurretiaz jasota genituen datuen zeharkako analisi bat burutu genuen. Ikerketako lagina Korrika 2019an parte hartzeko asmoa zuten, eta 18 eta 73 urte bitartekoak ziren (Batazbesteko adina = 39,28; Desbideratze tipikoa = 12,13) 748 pertsonez osaturik zegoen (%68,8 emakumeak eta %36,2 gizonezkoak).

Aztertu genituen aldagaiak ondorengoak dira:

  • Identitate soziala. Pertsonek euskaldunekiko duten fusio edo kidetasun sentimendua, gertutasuna eta euskaldun taldeak identitate pertsonalean hartzen duen lekua neurtu zen.
  • Ahalduntze kolektiboa. Euskaldunek talde bezala dituzten helburuak lortzeko eta errealitatea aldatzeko duten eraginkortasunaren pertzepzioa jaso zen.
  • Ongizate pertsonala. Pertsonen ongizate psikologikoa neurtu zen, hau da, norbere bizitzarekiko asebetetzea, garapen pertsonala eta autonomia.
  • Ongizate soziala. Integratuta egotearen sentsazioa, gainerako pertsonekiko konfiantza edo uste ona, gizartearentzako norbere baliagarritasun sentsazioa eta gizartearen garapenaren pertzepzioa neurtu zen.
  • Parte-hartze komunitarioa. Pertsonek beraien komunitatean eta euskaldunei dagozkien ekimen garrantzitsuetan parte-hartzeko ohiturak jaso ziren.
  • Gehiengo edo gutxiengo linguistikoaren pertzepzioa. Pertsonen gertuko testuinguruan euskarak daukan presentziaren pertzepzioa jaso zen, hau da, euskaldunak norbere testuinguruan gutxiengoa edo gehiengoa direnaren pertzepzioa.  

4. Emaitzak

Emaitzen arabera, euskaldunekiko identitate soziala ahalduntze kolektiboarekin erlazionatuta dago, eta bien arteko sinergiak ongizate pertsonalaren, ongizate sozialaren eta parte hartze komunitarioren puntuazioak areagotzen ditu. Honela beraz, euskaldunekin identifikatuta eta kolektiboki ahaldunduta hautematen diren pertsonek identifikazio eta ahalduntze kolektibo gutxiago adierazten duten pertsonek baino ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitario puntuazio altuagoak erakusten dituzte. 

Bestalde, gertuko testuinguruan gutxiengo linguistiko bezala hautematea negatiboki erlazionatzen da identitate sozialarekin eta ahalduntze kolektiboarekin, baita, ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitarioarekin ere. Hau da, gertuko testuinguruan gutxiengo linguistiko bezala hautematen diren pertsonek puntuazio baxuagoak adierazten dituzte gehiengo linguistiko hautematen diren pertsonekin alderatuz. Hala ere, gutxiengo hautematearen eragin negatibo hauek leundu egiten dira identifikazio soziala altua denean, eta ahalduntzearen, ongizatearen eta parte-hartze komunitarioaren puntuazioak gehiengoa hautematen diren pertsonen puntuazioekin parekatzen dira.

Euskaldunen kasuan ere, identitate etnikoa eta ahalduntzea lotuta daudela, eta bien arteko sinergiak
ongizatearen eta parte-hartze komunitarioaren puntuazioak areagotzen ditu.

5. Eztabaida

Emaitza hauen arabera, eta lehenengo galderari erantzunez, baieztatu genezake ikertu diren gainerako gutxiengo etnikoen kasuan bezala, euskaldunen kasuan ere, identitate etnikoa eta ahalduntzea lotuta daudela, eta bien arteko sinergiak ongizatearen eta parte-hartze komunitarioaren puntuazioak areagotzen dituela.

Emaitza hauen zergatia ulertzen saiatzeko (hau da, zergatik ematen dira erlazio hauek —gutxiengo etniko zaurgarrien kasuan bezala— euskaldunen kasuan ere?), euskaldunen testuinguruaren zenbait premisa hartuko ditugu kontuan, gero hauek teoriarekin erlazionatuz.

Euskaldunen identitatea, bereziki, beraien kultura eta hizkuntza bereizgarrian oinarritzen da (del Valle, 1988), eta diktadura Frankistaren garaian (1939-1975) beraien kulturan eta hizkuntzan suposatu zuen atzerapauso nabarmen baten ondoren, hauek berreskuratu eta indartzearen prozesu batean aurkitzen da gaur egun ere kolektibo hau. Honen harira, azpimarragarria da helduen populazioaren parte batek Frankoren diktadura bizi izan zuela, eta gehiengo populazioak Euskal Gatazkaren krisi armatu, politiko eta soziala. Beraz, euskaldunen identitatearen garapenarekin erlazionatutako gatazkak arestikoak dira.

Euskaldunak gutxiengo linguistiko bat izaten jarraitzen du, eta euskara oraindik egoera zaurgarri batean aurkitzen da. Datuen arabera, euskara ama hizkuntzatzat duten euskal-hiztunak %15,35 dira Euskal Herriko populazioan. Populazio honetan % 29,62ak garatu ditu euskararen gaitasun linguistikoak, hala ere, egunerokotasunean gune publikoetan %12,6ak baino ez du erabiltzen (Soziolinguistika Klusterra, 2020).

Azkenik, hizkuntzen arteko bizikidetzan oraindik badira arazoak eta nolabaiteko tentsio soziopolitikoak (Amorrortu et al., 2009), eta Espainiako eta Frantziako gobernuen zenbait ekintza eta diskurtso, euskararen, eta hortaz, euskaldun identitatearekiko mehatxu gisa hautematen dira batzuetan.

Identitate sozialaren teoriaren arabera, kolektibo bat gutxiengoa denean eta bere identitateari dagozkion mehatxu indartsuak hautematen dituenean identitatea aktibatu egiten da eta ahalduntze-prozesuak abiarazi ditzake (Crocker & Luhtanen, 1990; Gutiérrez, 1995).

Euskaldunek, orain arte ikertu diren gutxiengo etnikoekin konparatuz, egoera sozioekonomiko ona dute, eta esan daiteke, iada, ez daudela estigmatizatuak. Hala ere, euskaldun kolektiboa bai munduan, eta bai Euskal Herrian gutxiengo linguistikoa izaten jarraitzen du. Gainera, beraien kultura eta hizkuntzaren adierazpen eskubideak urratuak izan direla ikusi duen, eta hauen alde lanean gogor diharduen kolektibo bat da. Litekeena da guzti honekiko kontzientzia lagungarri izatea euskaldun identitateak eta, baita, ahalduntzeak faktore garrantzitsu gisa joka dezaten banakoen ongizaterako.

Azkenik, ikusi dugu ere, norbere gertuko testuinguruan gutxiengo linguistikoa izateak eragin negatiboak dituela ahalduntzean, ongizatean eta baita parte-hartze komunitarioan ere. Posible da, euskara zaurgarriago aurkitzen den lekuetako euskaldunek zailtasun handiagoak izatea beraien identitate sozialaren arabera bizitzeko. Hala ere, leku hauetako euskaldunen identifikazio soziala altua denean, eragin negatibo hauek leundu egiten direla ikusi dugu. Honenbestez, eta teoriarekin bat etorriz, testuinguru erdaldunago batean bizi direla hautematen duten pertsonentzat oraindik esanguratsuagoa bilakatzen da euskaldunekiko identifikazioa.

6. Konklusioa

Laburbilduz, euskaldunen kasuan, ikertu diren gainerako gutxiengo etnikoen kasuan bezala —baina ez estatu batuar txurien kasuan bezala—, identifikazio sozialaren eta ahalduntze kolektiboaren arteko erlazioak ongizate eta parte-hartze komunitario handiagoak iragartzen ditu. Hau da, euskaldunekiko identitate sozial altua eta ahalduntze kolektibo altua adierazten duten pertsonek gutxiago adierazten duten pertsonek baino ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitario handiagoak dituzte. Gainera, identifikazio sozialak kolektibo bat zaurgarri edota gutxiengo hautematearen eragin negatiboak arintzen dituela baieztatu genezake ikerketa honen arabera.

Lan honetako datuek identitate soziala eta ahalduntze kolektiboa bezalako faktore sozialek pertsonen ongizatea bezalako faktore pertsonaletan ere eragin nabariak dituztela babesten dute. Hau da, inguratzen gaituzten talde anitzekin ditugun harreman emozionalek uste duguna baino pisu handiagoa izan dezaketela pertsonen eta komunitateen ongizatean eta garapenean.

7. Laguntza

Lan hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzari esker burutu da.

Ikerketa honen lagina AEK-ren kolaborazioarekin burutu zen.

8. Erreferentziak

Amorrortu, E., Ortega, A., Idiazabal, I.eta Agirrebeitia, A. B. (2009). Actitudes y prejuicios de los castellanohablantes hacia el euskera. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco.

Branscombe, N. R., Schmitt, M. T. eta Harvey, R. D. (1999). Perceiving pervasive discrimination among African Americans: Implications for group identification and well-being. Journal of Personality and Social Psychology, 77(1), 135–149.

Crocker, J. eta Luhtanen, R. (1990). Collective self-esteem and ingroup bias. Journal of Personality and Social Psychology, 58(1), 60–67.

Del Valle, T. (1988). Korrika: Rituales de la lengua en el espacio. Anthropos Editorial.

Drury, J. eta Reicher, S. (2009). Collective psychological empowerment as a model of social change: Researching crowds and power. Journal of Social Issues, 65(4), 707–725.

Gutiérrez, L. M. (1995). Understanding the empowerment process: Does consciousness make a difference? Social Work Research, 19(4), 229–237. https://doi.org/10.1002/asi.4630330202

Jetten, J., Haslam, C. eta Haslam, S. A. (2012). The social cure: Identity, health and wellbeing. Psychology Press.

Jetten, J., Haslam, C., Haslam, S. A. eta Branscombe, N. R. (2009). The Social Cure. Scientific American Mind, 20(5), 26–33. https://doi.org/10.1038/scientificamericanmind0909-26

Lardier, D. T. (2018). An examination of ethnic identity as a mediator of the effects of community participation and neighborhood sense of community on psychological empowerment among urban youth of color. Journal of Community Psychology, 46(5), 551–566. 

Lardier, D. T., Garcia-Reid, P. eta Reid, R. J. (2018). The interacting effects of psychological empowerment and ethnic identity on indicators of well-being among youth of color. Journal of Community Psychology, 46(4), 489–501. 

Molix, L. eta Bettencourt, B. A. (2010). Predicting well-being among ethnic minorities: Psychological empowerment and group identity. Journal of Applied Social Psychology, 40(3), 513–533. 

Phinney, J. S., Cantu, C. L. eta Kurtz, D. A. (1996). Ethnic and american identity as predictors of self-esteem among african american, latino, and white adolescents. Journal of Youth and Adolescence. 26, 165–185. doi: 10.1023/A:1024500514834

Postmes, T., Haslam, S. A. eta Jans, L. (2013). A single-item measure of social identification: Reliability, validity, and utility. British Journal of Social Psychology, 52(4), 597–617. 

Postmes, T., Wichmann, L. J., van Valkengoed, A. M. eta van der Hoef, H. (2019). Social identification and depression: A meta-analysis. European Journal of Social Psychology, 49(1), 110–126. 

Smith, T. B. eta Silva, L. (2011). Ethnic identity and well-being of people of color: An updated meta-analysis. Journal of Counseling Psychology, 58, 42–60. 

Soziolinguistika Klusterra (2020). Euskararen datu soziolinguistikoen biltegia. Online eskuragarri: http://www.soziolinguistika.eus/edb/index.php?erakus=aurkezpena (sarbide eguna abuztuaren 15ean).

Tajfel, H. (1972). La catégorisation sociale. S. Moscovici-n (Eds.), Introduction à la Psychologie Sociale (272–302 or.). Larousse

Tajfel, H. eta Turner, J. C. (1986). The social identity theory of intergroup behavior. S. Worchel and W. Austin-en (Eds.), Psychology of Intergroup Relations (7–24 or.). Nelson-Hall.

Talò, C. (2018). Community-based determinants of community engagement: A meta-analysis research. Social Indicators Research, 140(2), 571–596.


[1] Lan honetan euskalduna, euskal hiztunekiko kidetasun sentimenduari edo gertutasuna sentitzen duten petsona taldeari deritzogu. Nahiz eta, datu bilketan “euskaldun” kontzeptua modu ireki eta zehaztu gabean aurkeztua izan, eta beraz, bakoitzak “euskaldun” izate horrekin lotzen dituen ideia subjektibo, ireki eta zehaztu gabeak barne hartuko lituzkeen.


Eusko Jaurlaritza