762 Zenbakia 2021-06-24 / 2021-07-28

Gaiak

Gartxoten pelikula. Hamarkadaren konkista

CASTAÑEDA-ZUMETA, Aitor

10 urte bete dira Asisko Urmeneta ‘Asisko’ marrazkilari nafarrak bere animaziozko metraje luzea estreinatu zuenetik, Gartxot, Konkista Aitzineko Konkista, Juanjo Elordi bizkaitar produktorearekin batera. 2D digitalean ekoiztutako pelikula da –Toon Boon Studio® softwarearekin, Maitane Junguitu-ren arabera (2016: 201)–, Gipuzkoan sortua Somuga S.L. ekoiztetxe ohiaren (Empresite, d/g) eta REC Grabaketa Estudioa®-ren arteko elkarlanarekin (ICAA, 2011: 51). Hauetaz gain, ETBren produkzio-atxikia ere izan zuen proiektuak, eta baita Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren sostengua ere, Argia eta Berriarenakin batera. Orotara 660 770’76 €-ko diru-laguntza lortu zuen, eta estreinatu ondoren, 155 363’48 bildu (ICAA, 2021).

Filmak bitxikeria anitz ditu, horien artean, euskaraz guztiz ekoiztu eta zabaldu zela –hedapen-lana Barton Films® etxe bizkaitarrak egin zuen–. Euskararen aldeko bultzada izateaz beste, lehenengo saria ere irabazi zuen urtebete geroago, non eta Bordelen, berton ospatu zen Les Nuits Magiques XXII Animazio Filmaren Nazioarteko Festibalean (Urtubia, 2012). Hargatik, eta urte berean, Auburneko (Australia) XV Nazioarteko Zinema Festibalean ere lehenengo geratu zen, Haur eta Gazte-helduen kategorian (Amaia, 2012). Halaber, beste lau zinema-festibaletan ere aurkeztu zen, bakoitza estatu desberdin batean: Animamundi, Brasilen; Golden Kuker, Bulgarian; Kimera, Italian, eta Malagako Festibala, Espainian (ICAA, 2021).

Izan ere, euskaraz egindako pelikula honek azpi-titulu lan mardula hartu zuen. DVD-formatuan saldutako aleek 18 hizkuntzatan jarri zituzten tituluok, horien artean estatu-mailako bost –frantsesa, gaztelera, ingelesa, italiera, txinera–, eta 13 gutxitu –aragoiera, asturiera, aimara, bretoiera, euskara batua, eskoziar gaelikoa, galiziera, irlandera, katalana, korsikera, kreolera, okzitaniera eta georgiera–. Horrek balio izan zion mundu-mailan ibiltzeko, eta Nafarroako herri txiki Itzaltzuko Bardoaren kondaira zaharra harat-honat eramateko –izan ere, herri hartako udalak filma ere lagundu zuen–.

Pelikulak Erdi Aroan Zaraitzun hitz egin zitekeen euskarari gerturapen linguistikoa egiten dio.
Iturria: Instituto de la Cultura y de las Artes Audiovisuales webgunea

El Bardo de Itzaltzu, Arturo Campion (Iruñea, 1854 – Donostia, 1987) poligrafo eta akademikoak 1918an jasotako kondaira da, Zaraitzuko Ibarrako (Nafarroa) ahozko tradiziotik hartu zuena, Iruñeko Artxiboko dokumentazioaz lagunduta –Ibarrak filma ere sostengatu zuen–. Benito Lertxundik berak kondaira berreskuratu zuen Altabizkar diskorako (1981), Itzaltzuko Bardoa balada sortuz, filmaren soinu-banda[1]. Eta Asiskok berak, Marc Armspach ‘Marko’ eta Jokin Larrea ‘Jokin’ ilustratzaileekin komikia ere argitaratu zuen 2003an, Argiako Komunikazio Biziagoa S.L.-rekin (Lasarte), eta Eusko Jaurlaritzaren eta IKA Campion Euskaltegiaren (Iruñea) laguntzarekin. Izatez, filma komiki hartako esperientzian –eta estetikan– dago oinarritua. Eta hau, halaber, Campionen kontakizunean. 

Filmaren sinopsiak oso ondo laburbiltzen du Gartxoten historia, Campionen idazkitik oso hurbila (ICAA, 2021): “Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza, eta fraide-gerlari beldurgarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia, XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista”.

Honela, Gartxoten kondaira, Campionen zein Asiskon, Euskal Herriaren alegoria da, erresistentziarekin jasaten duena inposatzen dizkioten hizkuntz eta bizimoduen aurka. Hala bada, Campionen kondaira mito-biltegi kontsidera badaiteke –Orreagako Gudaren mitifikazioa (euskaldunak Karlomagno enperadorea garaitzen), Euskal Herria erlijio- eta bizimodu-inposizioen kontra...– , beste horrenbeste filma. Komikiaren underground estiloari leial, 1110. urteko Iruñeko Erresumako hainbat sinbolo darabiltza –arrano beltza, ilargi iraulia eta izarra...–, pelikulako hainbat eszenetan agertzen direnak.

Bitxiki ere bai, pelikulak Erdi Aroan Zaraitzun hitz egin zitekeen euskarari gerturapen linguistikoa egiten dio, komikian Asiskok, Markok eta Jokinek ere egin zuten ahalegina (Tubia, 2018). Honela, bikoizleen euskalkia errespetatu zen filman, horietariko asko Zuberokoak –Zaraitzutik gertukoak–, euskara eta euskal kantutik oso gertuko artistak. Iparraldearen presentzia, babesaz gain –Euskal Kultur Erakundeak ere filma lagundu zuen–, ahotsetan da nabarmen: Mikel eta Maika Etxekopar, Gartxot eta Mikeloten bikoizle, edo Marko bera, Bordelen jaioa baina Lapurdin bizi dena (Arbelbide, 2003), Turoldo eta Peyré pertsonaien ahots. Bestalde, Eñaut Larralde, pelikula estreinatu eta urtebetera zendu zen abeslari behe-nafarrak, Begon Abadea bikoizten du, latinez bakarrik mintzo dena. Latina, Europako kristau-praktiketan ere nekez agertzen den hizkuntza, asko agertzen da filmean, fraideen ahotik batik-bat.  

Filmak bitxikeria anitz ditu, horien artean, euskaraz guztiz ekoiztu eta zabaldu zela.
Iturria: Instituto de la Cultura y de las Artes Audiovisuales webgunea

Ezin daiteke esan Gartxot 2011ko filmik ikusiena izan zenik; Espainiako Kultura eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren arabera (ICAA), 32.093 ikusle bildu zituen zinema-geletan (2021). Hala ere, bere publiko espezifikoa hartu behar da kontuan, bai eta nazioarte-mailan lortutakoak ere. Ez dira ahaztu behar izan zituen baliabide urriak, hainbat erakunderekin crowfounding-ahaleginek egin baitzuten posible filma; horien artean, aipatzekoak dira Ikus-entzunezko Arteen Nafar Institutua, eta baita Udalbiltza eta Udalbide elkarteak ere.

Filma honek Itzaltzu, Nafarroa eta Euskal Herri osoaren memoria kolektiboari egindako mesedea aipagarria da oso, eta baita, noski, euskarazko zinemari –eta beste hainbat hizkuntza gutxituei– egindakoa ere. Ez da gutxiagorako Campionen memoria ere berreskuratu izana, gure historiako pertsonaia bitxia, baina akademiko aparta Nafarroako Historiari dagokionean. Izan ere, Historiaren eta Zientzia Moral eta Politikoen errege-akademietako urgazle izan zen; baita Eusko Ikaskuntzako ohorezko lehendakari ere, 1918an, El Bardo de Itzaltzu argitaratu zuen urte berean. Bidenabar, eta hizkuntzalaritzari dagokionez, Euskaltzaindiak numerario, eta Espainiako Errege Akademiak urgazle izendatu zuten (Marín, 2018). Nafar Erresumako eta gure akademiko burutsuenetako baten memoriak artearen bidez berreskuratzeak, akademiaren miresmena ere merezi du Asisko eta bere ekipoarentzat.

Bibliografia

Amaia (2012). GARTXOT AUSTRALIAN GARAILE ! [web-sarrera]. Gartxot ekimena, urriak 18. http://gartxot.com/?p=424 [Kontsulta: 2021-II-19]

Arbelbide, Nora (2003). Marko Armspach: “Euskal Herrian irudia izigarri garrantzitsua da”. Aizu!, abendua, 282, 38-41 or.

Asisko, Marko, Jokin (2003). Gartxot. [komikia]. Lasarte-Oria (Gipuzkoa): Komunikazio Biziagoa

Campion, Arturo (1983). Obras Completas. II. Tomoa: Fantasía y Realidad. Biblioteca de Autores Navarros bilduma. Iruñea: Mintzoa

Empresite (d/g). Somuga Produktora Sl (extinguida) – Andoain. [fitxa]. https://empresite.eleconomista.es/SOMUGA-PRODUKTORA.html [Kontsulta: 2021-II-7]

Gurrutxaga, Ildefonso de (1975). El Decreto del año 1051 de liberación de las iglesias vizcaínas del dominio de los «Etxe-Abade». El derecho señorial de jauría. La actitud del señor de Vizcaya. Príncipe de Viana, 36. urtea (140-141), 447-464 or. https://dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/1154510.pdf [Kontsulta: 2021-II-5]

ICAA (2011). Boletín informativo 2011. Películas, Recaudaciones, Expectadores. http://www.culturaydeporte.gob.es/dam/jcr:c5ff02e6-3142-4679-a7b5-a1f8a85c933b/boletin-2011.pdf [Kontsulta: 2021-II-9]

─ (2021). Gartxot, konkista aitzineko konkista. [fitxa]. Catálogo de Cine Español. https://infoicaa.mecd.es/CatalogoICAA/Peliculas/Detalle?Pelicula=91109 [Kontsulta: 2021-II-4]

Junguitu, Maitane (2019). Kalabaza Planeta eta Juanba Berasategi. Panorámica de la animación comercial vasca. [doktorego-tesia]. EHU. http://hdl.handle.net/10810/45071

Lertxundi, Benito (1981). Itzaltzuko Bardoa. [abestia]. Altabizkar – Itzaltzuko Bardoari. [diskoa]. https://es.benitolertxundi.com/altabizkar [Kontsulta: 2021-I-31]

Marín, José Antonio (2018). Arturo Campión Jaime-Bon. [web-sarrera]. Real Academia de la Histora. http://dbe.rah.es/biografias/15744/arturo-campion-jaime-bon [Kontsulta: 2021-II-19]

Tubia, Iker (2018). Atmosfera sortzeko hitzak. [erreportajea]. Berria, martxoak 16. https://www.berria.eus/paperekoa/1837/038/001/2018-03-16/atmosfera_sortzeko_hitzak.htm [Kontsulta: 2021-II-7]

Urtubia, Josu (2012). ‘Gartxot’ filma saritu dute Bordeleko Animazio Zinemaldian. [berria]. Argia, abenduak 20. https://www.argia.eus/albistea/gartxot-filma-saritu-dute-bordeleko-animazio-zinemaldian [Kontsulta: 2021-II-19]


[1]Lertxundik, musikaz beste –Aitor Furundarenak soinu-egokipenean laguntzen du–, Erregearen ahotsa ere jartzen du. Erregea, kantariaren omenez edo, Lertxundiren karikatura dirudi, eta bere izena esaten ez bada ere, Iruñea eta Aragoiko Alfontso I ‘Bataiatzailea’ dela antzeman dakioke, filma 1109an kokatzen baita (Gurrutxaga, 1975). Erregea ez da komikian agertzen, ezta Campionen kontakizunean ere.


Eusko Jaurlaritza