
Gaiak
Hiriaren politika: hiriak gure bizimodua eraikitzen du
Bizi garen auzoko kale bati argazki bat aterako bagenio, irudia osatzen duten elementu-eraiki bakoitzaren atzean hainbat erabakien kontakizuna bistaratzerik izango genuke. Irudian autorik gabeko kale bat ageri bada eta ostalaritzako mahaiek autoaren espazioa ordezkatzen badute, espazio publikoaren etekin-erabileraren ulerpen eta politika bat agerian ikusiko genuke, hala nola mugikortasun plan baten susmoa izan genezake, bere lehen aldaketak eragiten. Kalea mugatzen duten eraikinen altuerak eguerdiko argia kalera pasatzen utziko balio, eraikinen erakigarritasun-aprobetxamendua eta espazio publikoaren kalitatearen arteko oreka bat bilatzeko sentsibilitate-politika baten adiera litzateke. Kalea osatzen duten etxebizitzen leihoetatik arropa zintzilik ikusiko bagenu, espazio publikoaren gaineko estetika-politikaz jardun genezake, eremu pribatuko elementuek esparru publikoan izan dezaketen adierazkortasun-maila hiriko arautegiek definitzen baitute. Eta kalera ematen duten balkoiren batetik, pertsona batek bertatik kaletarren batekin elkarrizketan arituko balitz, hirian eraikia dagoen komunitate errealitatearen berri emango liguke.
Kale baten ezaugarri fisikoen ataltze ariketa honekin, espazioaren gaineko erabaki bakoitzean azpiraturiko politikak azalerazi nahi izan ditut, eta aldi berean, hiriko espazioen irakurgarritasuna nolabait agerian jarri. Izan ere, espazioari —eta arkitekturari— balio hori erantsi dakioke: garai bateko gizarte baten bizimoduaren materializazio bat dela, eta bizimodua, kultur politikagintzaren erakusgarri. Fisikotasun izaerak —izan porlanezko paretekin edo marrazkiekin— eta denboraren zehar mantentzen delako, eraikuntza aztarna edo arrasto bat da froga gisa erabili daitekeena hainbat politiken emaitza erakusteko. Aldi berean, eraikuntzaren edo kalearen bizipen espaziala politika batek eskaini dezakeen esperientzia konpartitu bat da, batez ere espazio eta eraikin publikoen kasuan. Horregatik arkitekturaren izaera fisikoa balio sinboliko eta kulturalez atonduta dago.
Hiriaren eraikuntzak hainbat aktibitate biltzen ditu: etxebizitza eraikinak zenbat eta non kokatu, parkerik egongo ote den erabaki eta parkea nola erlazionatzen den bere ingurune gertu eta urrutiarekin, eskola non kokatuko den eta bere balioa hirian zein izango den, mugitzeko errepideak eta aparkalekuak autoentzako eta bizikletentzat izango ote diren... Hau da, hirigintza burutzeko unean etxebizitza-politika bat, ingurumen politika bat, hezkuntza politika bat, mugikortasun politika bat zehazten da, lehenik marrazki batean eta ondoren eraikuntza lanetan materia bihurtzen da. (Zehaztapen bat: testuan hiria hitza kontzeptu gisa erabiltzen da, hiriaren tamaina guztiak barneratuz, hala nola landa eremuko herriak eta herrixkak)

Hirian gertatzen dena eta ez dena, gure bizimodua eraikitzen duelako eta gure bizimoduan eragina
duelako, zeregin politikoa da. Iturria: bosch.capdeferro arquitectura - dibujo del proyecto Calle Plaza, Turó de la Rovira, Barcelona, 2012-2016.
Ezin ahantzi bestalde, hiriaren eraikuntzak eta hiriaren gaineko azpiegiturak zeintzuk eta nolakoak izango diren definitzeak diru-inbestitze handia suposatzen duela. Hirigintzaren inguruan ustelkeria kasu asko gertatu izan dira preseski, hiri zati baten eraikuntzan diru kantitate oso handiak mugitzen direlako (eta batez ere, politikariek beraien zeregin publikoa ahaztu dutelako). Hiriek industrializazio garaiaren ostean hartu duten deriba, hiria dirua egiteko makina gisa ulertzea izan da. “Hiria ez dago salmentan” leloak espazio publiko eta etxebizitzaren salerosketa merkatuak hiria pribatuen etekin ekonomikorako lurraldea ulertu dela salatzen du. Bizitza arautzen duten beste alorretan gertatzen den bezala, hiria pribatuen mozkinen logikek gidatzen dute, horregatik “bizitza erdigunean” leloak berebiziko garrantzia hartzen du, hiriaren ulerkera bernorabidetzeko. Hirietan agintzen duen pentsamendu produktiboak, etekinak ateratzeko bide eta aukerak bultzatzen ditu nagusiki, ekonomia mugitu eta lan-postuak lortu nahi den aitzakiarekin: publizitatea espazio publikoan, errepide sareak merkatal zentrura iristeko, plazak kontsumorako mahaiekin betetzea, eraikin publikoak egin kontsumorako feriak edota ekitaldi jendetsuak gertatu daitezen. Bizitzarekin harremanean diren erabileretarako espazioak —osasuna, ingurumena, zaintza-lanekin harremanean direnak—, errentagarritasunaren esparrutik kanpo daudenez geroztik, konparaketan azalera gutxiago eskaintzen zaie —eta aurrekontuen partida txikiagoa atxikitu—: haurren garapen integralerako guneak, kontsumorik gabeko aisialdirako espazioak, zaintza lanak burutu behar dutenen bizitza kalitatea hobetzeko espazioak. Hirian errazagoa da produktibitatea eta kontsumoarekin harremanean den ekintza bat burutzea bizitza kalitatea eskainiko digun ekintza bat baino. Dena dela, ulerkorrak gertatzen dira gaur eguneko hirian hartzen dituen neurri guzti hauek, hiriak kapitalismoaren tresna direla ulertzen den unetik eta tresna politiko gisa funtzioa galdu duen momentutik.
Hiriaren ibilbide kapitalista honek, hiriaren eraikuntzan ez ezik, gure bizimoduen amets ereduetan eragina izan duela esango nuke. Estatu Batuetatik inportatu dugun “arrakastako bizitza”, hiria ulertzeko modu konkretu bat ekartzen du: etxebizitza handi bat lorategi zati baten erdian eta garajea ondoan. Irudikapen honetan indibidualismoa, etxebizitza merkatu balioko produktu gisaren ulermena eta lurraldearen lur-kontsumoa barneraturik daude —autoarentzako azpiegiturak eta lurraren baliabide naturala irensten duen etxe adosatuen hiri zatiaren irudi fisikoarekin—. Publizitateak eta botere ekonomikoak hiria erabili izan du kontsumo-sistemaren bermatzaile bezala, eta hiria kolektibitatearen ideiatik urruntzea izan du ondorio.
Hirian gertatzen dena eta ez dena, gure bizimodua eraikitzen duelako eta gure bizimoduan eragina duelako, zeregin politikoa da. Hirian eta oro har espazio publikoan gertatzen denaren erabakia, administrazioaren gain utzi dugu, adibidez, plaza baten esertzeko banku bat behar ote den erabakitzeko, edo berri bat jartzekotan non eta nolakoa izan behar duen. Gerta daiteke, erabaki hori hartzen duen teknikariak eseritzeko bankua jartzen deneko tokia bisitatu ez izana, eta beraz, bertako goizeko eguzkipearen ezagutzarik ez izatea, edo astean zehar dagoen zarata kutsaduraren berri ez izatea edo gertu dagoen gaztetxearentzako erabilgarritasuna baloratu ez izana. Erabaki-ordezkaritza honetan larriena da, espazio publikoaren kontrol esparrua hiritargotik urrutiratu dela, eta hiritargoaren eskubide diren gaiak (kontsumitu gabeko eserlekuak espazio publikoan izatea eta egoteko leku atseginak izatea, terrazak bezainbeste) botere publikoak ezereztatzen dituela. Espazio publikoaren gaineko aldaketa fisiko baten aurrean, gaian nahasirik diren eragile, pertsona eta elkarteekin batera erabaki-mahaiak sortzeari, gobernantza esaten zaio. Gorbenantza ereduek fama txarra dute administrazioan daudenentzat, konflikto-gune izan daitezkeelako. Askoz errazagoa da denona den espazioaren gain erabakitzeko-boterea eskuratzea, eta gizarteari babespena eskaintzearen argudiotik (“konfliktoa ekiditzeko helburuarekin”), despota eta paternalista den leku bat defentzea. Erabakiak gizarteratzea, espazio publiko erabilgarriagoak lortzeko aukeraz gain, logika komunitarioarekin gizartea eraikitzea esan nahiko luke (eta ustelkeriaren kontrol tresna bat izatea bide batez). Baina arazorik gabeko espazio publikoa XXI.mendeko espazio publikoaren deriba omen da (Manuel Delgado antropoloagoren hitzetan).
Orain arte hiriaren eraikuntzan eragiten duten bi faktore nagusiak seinalatu dira, politika eta ekonomia; eta bi horiek uzten duten esparruetan, arkitektoaren eskuona garatzeko tartea dago hiriaren diseinuan. Arkitektura eta arkitekturaren lana tresna-politiko bat izan daiteke, bi norabidetan erabilgarri: egoera emantzipatzaileak sortzeko edo zapalkuntzakoak eraikitzeko. Pena da arkitektoak arkitekturaren funtzio politikoa ukatzen duenean, ariketa materialaren neutraltasunari eusten diola esan nahi duelako. Kolektibitate baten beharrei forma emateko garaian, arkitektoak “erabiltzaile unibertsalaren” ideia asmatu du. Gizaki abstraktu honek kolektibitatearen izaera dibertsoa sinplifikatu egiten du, hau da, homogeneizatzen du. Altuera jakin bat, gorpuzkera bat eta beharrizan batzuk esleitzen dizkio, ideologiarik gabeko hautaketarik egongo ez balego bezala. Espazio publikoaren diseinuan, dibertsitatearen parametroa barneratu nahi badugu, ezin dira egoerak aurreikusi eta praktikak homogeneizatu. Politika urbano osasuntsu batean, ezin ditugu espazio publikoaren gertakizunen emaitzak aurreratu eta bulego tekniko batean diseinu itxiak marraztu. Marrazki horien erabilgarritasuna epaitzeko, eraikitako espazioen funtzionamendua behatzea besterik ez dago, eta denboran zehar baloratu beharko da diseinuaren trebezia. Espazio publikoa eraikitzeko modu honek, arkitekturan lan egiteko moduak iraultzeaz gain —proiektu arkitektonikoa deritzona—, publikoaren gobernantza eredu bat izango luke helburu, ebaluaketa jarraia eskatzen duten tresna kolektiboak sortzearen beharrarekin. Praktika arkitektonikoak praktika politikoa ekarriko luke eta hiriaren bestelako eraikuntza bat.