
Gaiak
Gizarte jasangarritasuna XXI. mendeko Europan
Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Irakaslea - GEZKI (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboa) Institutuko Zuzendaria (UPV/EHU)
Orainak erroak iraganean sustraituta dituenez, komenigarria dirudi XXI. mendeko Europako gizarte jasangarritasunari buruzko gogoeta atzera begira hastea.
Esan genezake XIX. mendeko Europatik asko dagoela gogoratzeko, eta ikasteko, gizarte jasangarritasuna edo, garai hartako terminologiarekin, “gizarte arazo”aren inguruan.
Industria iraultzaren testuinguruan, ekoizpen sistema kapitalista hegemoniko bihurtu zen, jende andanaren migrazioa erakarriz, landa esparruko nekazaritzatik, industria berria zegoen hirietara. Horrela, lehen nekazari ziren asko, proletario bihurtu ziren, hirietan, zeukaten baliabide bakarra, beren lan-indarra, soldataren truke salduz.
XIX. mendeko testuinguru hartan, Europan oro har, Frantziako Iraultzaren liberté eta égalité printzipioak gauzatuz, zuzenbideak langile txiroak eta industria berriaren olatuaren gainean aberastu ziren enpresaburuak askatasunaren eta berdintasunaren ikuspegitik baloratzen zituen. Bi printzipio horien isla, zuzenbidean, berdinen arteko kontratua da. Bi pertsona berdinen artean, beren askatasunean oinarrituriko kontratua.
Askatasuna eta berdintasuna zinez iraultzaileak ziren bere testuinguruan, aurreko Antzinako Erregimenarekin apurtu zutelako, gizarte estamentalean, legezko gizarte klase desberdinetan oinarriturikoa (erregea, noblezia, kleroa, eta herri xehea).
Baina, askatasunaren eta berdintasunaren ikuspegi hori lan munduan aplikatu zenean, egoera jasanezina bihurtu zen. Gizarte jasangarritasunaren kontrako muturra.
XIX. mendeko Europako industria arloko langileriak pairatu zuena esplotazio bezala ezagutu ohi da historiografian. Esamolde horren antzean horrelako egoerak daude: hamasei orduko lanaldiak; soldata baxuak, bakarrik fisikoki bizirauteko modukoak; emakumeei eta haurrei gizon helduei ordaintzen zitzaienaren erdia ordaintzea; diruz ordaindu beharrean bonoak ematea, enpresaburuaren dendetan gastatzeko, etab.
Ez bakarrik lan arloan, oro har bizi-baldintza mixerable horietan, osasun eta elikadura oso eskasekin, espero daitezkeen ondorioak egon ziren: Frantzian, langileen familietako umeen a heltzen zen 10 urte betetzera; Manchesterren, 1812. urtean, langileen bizi itxaropena 25 urtekoa zen, 1827an, 21 urtekoa.

XIX. mendeko Europako industria arloko langileriak pairatu zuena esplotazio bezala ezagutu ohi da historiografian.
Europa industrializatu horretan, bereziki azpimarra genezake industrializazioan aitzindari eta mundu mailako potentzia nagusi zen Inperio Britainiarrean, inon baino aberastasun gehiago sortzen zen Ingalaterran, aldi berean, gosea zegoela. Langileriak, gosea. Sistema kapitalistak eragiten zuen desberdintasunaren adierazgarri ezinhobea.
XIX. mendeko egoera lazgarri horrek langileen erantzun bortitza ekarri zuen, langile mugimendua bezala ezagutu ohi dena. Muturreko egoeraren aurrean, muturreko erreakzioa. Mugimendu sozialista, eta mugimendu anarkista. Grebak, hilketak. Langileen hilketak, enpresaburuen hilketak, gobernuburuen hilketak. Ingurumari horretan, Espainiar estatuan, anarkistek hildako hiru gobernuburu: Antonio Cánovas del Castillo (1897), Arrasateko bainuetxe batean Angiolillo anarkista italiarrak hildakoa; José Canalejas (1912); Eduardo Dato (1921).
Testuinguru horretan, egoera iraultzeko proposamen komunistak garaipen enpirikoa lortu zuen 1917. urteko Errusiako Iraultzan. Iraultza horrek, eta gerora sortu eta garatu zen Sobiet Batasunak itzal oso luzea zabaldu zuten mendebaldeko europan.
Botere politiko eta ekonomikoetako buru argi batzuk konturatu ziren, egoera jasangarri bilakatzeko, eta Errusiako Iraultza zabaltzeko aukera errealari aurre egiteko, langileriaren egoera mixerablea hobetu beharra zegoela, sistema kapitalistaren zutabeak ikutu gabe, egoera jasangarri bihurtzea. Egoera jasangarri bihurtuz langile mugimendua desaktibatzea. Langile mugimendua desaktibatuz egoera jasangarri bihurtzea. Gizarte iraultza ekiditeko, gizarte erreforma abiatzea.
Eredu aldaketa zekarren planteamentu horrek. Estatu liberaletik Gizarte Estatura. Estatu liberala, Frantziako iraultzako liberté horretan oinarritua. Ekoizpen sistema kapitalistaren baitan, laissez-faire, laissez-passer, lan-merkatuan araurik ez. Ondorioa, esplotazio itzela eta gizarte jasangaitza.
Gizarte erreformaren giro horren lehen isla juridiko-konstituzionala Gizarte Estatuaren ereduan aitzindaria, Mexikoko Konstituzioa dugu (Querétaro, 1917). Europan, bi urte geroago, Alemania bide beretik doa Weimarreko Konstituzioan (Weimar, 1919).
Aski esanguratsua da Weimarreko Konstituzioak gizarte garapena aipatzen zuela bere hitzaurrean. Ondoren, 151. artikuluan, atzean utzirik mugarik gabeko laissez-faire, laissez-passer dogma, bere ondorio sozial kontrolgabe eta lazgarriak ekidin asmoz, modu honetan itzuli dezakeguna adierazten du: bizitza ekonomikoaren antolakuntza justizia printzipioaren baitan garatu behar da, pertsona guztiei bizitza duina bermatzearen aspirazioarekin. Muga horren barruan, pertsonen askatasun ekonomikoa onartzen da.
Gizarte jasangarritasunaren gaiaren tratamendu juridikoan, aro berri baten hasiera da. Bermerik ez badago ere, gizarte jasangarritasuna aspirazio bihurtu da, eta justizia soziala printzipio konstituzional gisa nabarmentzen da. Bide hori jorratzeko tresna gisa, askatasun sindikala eta gizarte segurantzaren moduko eskubideak aitortzen dira.
II. Munduko gudaren ostean, hondamendiaren osteko shock egoera horretan, gizarte jasangarritasunaren ideiak hauspo nabarmena jaso zuen. Gerora Lanaren Nazioarteko Erakundeko Konstituzioan barneratua izan den Philadelphiako Adierazpenak (1944), “lana ez da merkantzia bat” zioen. Lan-indarra ez da merkatuan edozein prezioan eros daitekeen zerbait. XIX. mendean inolako araudiarik gabeko lana, askatasun eta berdintasunaren ideiak zirela medio, gainditu beharra zegoen. Ikusia, eta ikasia, zegoen lana merkantzia gisa tratatzeak zein ondorio ekarri zituen; esplotazio itzela, langileen erantzuna, gizarte jasangarritasun eza.
Lan munduko esplotazioak eta gudako sarraskiak, biak, pertsonak tresna bezala erabiltzea suposatu zuten. Langileak ekoiztera, ahalik eta gehien ekoizteko baliabideak, tresnak. Eta soldaduak gudarako baliabide gisa, hiltzera. Bi kasuetan, duintasunaren ideien antipodetan.
Ondorengo aroa, Europan, 1945-1975 aro loriatsua bezala izendatu ohi da. Gudaosteko konstituzioetan, Gizarte Estatuaren eredua jasotzen da: Italia (1947); Alemaniako Errepublika Federala (Bonn, 1949); Frantzia (1958); Portugal (1976); Espainia (1978).
Gizarte Estatuak, Estatu liberala atzean utzita, gutxieneko justizia soziala aldarrikatzen du, bizitza duina gizarte osoarentzat. Nola? Hainbat eskubide sozial bermatuz. Alde batetik, gizarte segurantza, beharrizan ekonomikoei aurre egiteko berme gisa. Gaixotasun, istripu, langabezi, zahartzaro, eta abarrekoen aurrean. Bestalde, lan-baldintza duinak: gutxieneko soldata, gehieneko lanaldia, oporrak, etab. Baldintza duinak lortu eta hobetzeko tresnak ere: askatasun sindikala, negoziazio kolektiborako eskubidea, edota greba eskubidea.
1973. urteko petrolioaren krisiak aro soziekonomiko berri batera ekarri gintuen. Neoliberalismoa krisia gainditzeko errezeta gisa. 1980ko hamarkadan sendo garatzen joan zena. Neoliberalismoa hauspotu zuten eragile nagusiak, Milton Friedman eta Friedrich von Hayek, ekonomilarien artean; Ronald Reagan eta Margaret Thatcher, politikarien arloan.
Neoliberalismoak, atzera egiten du Frantziako Iraultzako liberté printzipioaren alde. Merkatu askatasuna, laissez faire, laissez passer, berriro. Merkatu askean eta bere oreka espontaneoan erabateko sinismena. Merkatua zabaldu eta, aldi berean, Estatua argaldu. Merkatua desregulatu, eta sektore publikoa pribatizatu.
Politika neoliberal horrek, espero zitekeen moduan, gizarte desberdintasun handia ekarri du. Injustizia soziala. Joera moduan, aberastasuna esku gutxitan pilatu; prekarietatea eta txirotasuna zabaldu.
Europako Batasuna ildo neoliberalean kokatzen da, ezbairik gabe. Ikuspegi juridikotik, nabarmena da hard law gisa Europako Batasunaren zutabe nagusiak merkatu libre bakarra eraikitzeko ezinbesteko lau osagaiak direla. Libreki zirkulatu behar duten lau osagaiak: ekoizen baliabide nagusiak (kapitala eta lana); eta ekoitzitako elementuak (ondasunak eta zerbitzuak).

Gizarte jasangarritasunaren alde proposamen interesgarri eta eraikitzaileak badaude.
Merkatuaren nagusitasuna finkatzeko zutabe juridikoak. Bitartean, gizarte eskubideak, gizarte arazoa, justizia soziala, Estatu kideen esku geratzen dira. Horregatik, gizarte egoeran, alde handia dago Estatuen artean. Dena den, Europar Batasunaren zuzenbidea Estatu kideen zuzenbidearen gainetik dago, beraz, merkatua nagusi.
Europako botereguneetatik benetan gizarte jasangarritasunaren alde neurri eraginkorrak har litezke, baina ez da egin. Une honetan, Luxemburgoko gutxieneko soldata 2200 eurokoa da; beste muturrean, Bulgarian, 322 euro. Europako Batasunaren esparruko gutxieneko soldata komuna eraginkorra izango litzateke, soldata baxuko herrialdeetara bideratutako deslokalizazioa eta dumping soziala eragozteko. Ez da egin eta, momentuz, ez da espero.
Enpresa handien sare transnazionalen eragina oso nabarmena da Europako Batasunaren politikan. Nabarmena, eta legeztatua, interesdun eragile gisa.
Duela gutxi, 2017an, gizarte jasangarritasunaren gaian bete-betean eragiten duen “Europako gizarte eskubideen zutabea” deritzan tresna sortu da. Eduki anbiziosoa dauka, enplegua lortzeko berdintasuna; lan-baldintza justoak; gizarte babesa eta gizarte-inklusioa.
Paradoxikoa zutabe deitzea, soft-law eraginkortasuneko baliabide juridikoa izanik. Eraginkortasun juridikorik gabeko adierazpen politikoa. Adierazgarria, oso. Edukia, oso anbiziosoa; edukiontzia, hutsala. Zulatua.
Neoliberalismo edo neoliberté horren testuinguruan, Europako Batasunari gizarte jasangarritasunaren aldeko erabaki sendo eta tinkorik ez zaio ikusten, ez politika sozioekonomikoaren arloan eta ez tresna juridikoen aldetik.
Hori ikusita, zein alternatiba eraikitzaile azpimarra dezakegu?
Gizarte jasangarritasunaren alde proposamen interesgarri eta eraikitzaileak, egon, badaude, beste idazki baterako aise emango luketenak.
Alde batetik, oinarrizko errenta unibertsalaren proposamena dago, arretaz aztertzeko modukoa, pertsona guztien duintasuna bermatzeko gutxieneko baliabideak planteatuz. Ekonomia feministaren ekarpenak ere berebiziko garrantzia du, erralitatetik urrun dagoen emakume eta gizonen arteko berdintasunari, eta, bereziki, zaintzaren arloari eskaintzen dion arretarekin.
Bereziki azpimarratu behar dugu, halaber, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren proposamena, ikur nagusia kooperatibismoa izanik. Gakoa da pertsona erdian jartzea, baliabide ekonomikoak pertsonen zerbitzura, eta ez alderantziz, sistema kapitalista hegemonikoan ikusten dugun moduan. Erabakiak demokratikoki hartzea, interes kolektiboa eta interes publikoa lehenetsiz. Zailtasunak zailtasun, bideragarritasun soziala eta ekonomikoa frogatu duen alternatiba, Euskal Herria mundu mailako erreferentzia izanik. Alternatiba egingarria.