
Gaiak
Etxebizitza-kooperatibak: lehena, oraina eta etorkizuna
Ekonomia Aplikatua I Saila, UPV/EHU - GEZKI (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Unibertsitate Institutua)-ko kidea
Etxebizitzaren problematika gure gizartean egiturazko arazoa da, berebiziko eragina duena pertsona gehienen bizi-proiektuaren diseinuan eta bizitzako erabaki askoren jatorrian. Gure artean etxebizitzarako sarbidea nolanahiko arazoa izanik ere, ez da gehiegi aldatu azken hamarkadetan sarbide hori egiteko modu nagusia, merkatu pribatuaren esleipenean oinarritzen dena. Baina badaude zenbait berrikuntza eta ekimen interesgarri azkenaldian, gizarte ekonomiarekin eta jardun kooperatiboarekin lotura dutenak.
Historikoki gure testuinguruan etxebizitzarako sarbide posibleen artean, kooperatiba bidezko sarbidea ez da oso ohikoa izan. Etxebizitza-kooperatibak eragile ezagunak izan dira, hala ere, batik bat babes ofizialeko etxebizitzen sustapenean eta eraikuntzan. Baina eraikuntza prozesua amaitzen zenean, koooperatibek etxebizitzak kideen artean esleitu (jabetzan esleitu) eta desagertu egiten ziren. Izan ere, euren egiteko nagusia, kooperatiba horietako kideei merkatuko prezioen azpitik etxebizitzak eskaintzea izaten zen, normalki erakunde publiko edo sozialen batek auspoturiko etxebizitza babestuen exekuzioaren baitan. Bestalde, higiezinen krisialdiaren garaian “bazkiderik gabeko kooperatibak” ugaritu ziren, eta fenomeno honek hausnarketa sakona sortu zuen geroztik eta zenbait moldaketa ekarri legegileen aldetik, iruzurrerako forma seudo-kooperatiboak ekidite aldera.
Azken batean, etxebizitza-kooperatibak, nagusiki, eragile batzuek edo besteek etxebizitzaren sustapen eta eraikuntza kostuak merketzeko erabilitako erraminta juridiko bat izan ziren zenbait hamarkadetan. Hortaz, modu instrumentalean erabiliak eta kooperatibismotzat hartuko genukeenetik oso urrun. Baina badaude ekimen kooperatiboaren esparrutik sorturiko zenbait esperientzia azkenaldian, bai eta zenbait administrazio publikoren proiektu pilotuk bultzatuak ere, gizarte ekonomiaren printzipioei estuago lerratuta daudenak eta jarraian deskribatzera gatozenak.
Lehenengo multzo berritzailean perfil berriko etxebizitza-kooperatibak aurki ditzakegu, uste kolektiboan eta bizikidetza eraldatzailean oinarritzen direnak batik bat, eta behetik-gora sortuak (bottom up deritzaiona ingelesez). Multzo honetan sartuko ditugun ekimenak gizarte zibiletik eratorritako cohousing edo etxebizitza kolaboratiboaren mugimenduaren baitan kokatzen dira.
Ekimen hauen gehiengoak bizikidetza eredu berri baten aldeko apustua dakarte eta baita garapen jasangarriarekin konpromisoa ere. Eskuarki bi azpimultzo handitan banatzen dira: adin tarte desberdinak barnebiltzen dituzten komunitate proiektuak (cohousing intergenerazionalak deituak) eta adin tarte nagusietan zentratzen diren komunitate proiektuak (senior cohousing). Azken hauek, gainera, zahartze aktiboa eta zaintza konpartituak dituzte proiektuaren erdigunean, hain zuzen ere, komunitate horren baitan dauden pertsonen bizitzako azken etapa era autonomo eta autogestionatuan planifikatzeko esperientziak baitira, besteak beste. Zentzu honetan, berebiziko interesa hartu dute esperientzia hauek genero ikuspegitik ere, etxeko adinduen zaintza-lanak betiko korse tradizionaletatik ateratzen dituztelako (Emakunde, 2016).
Gure artean azpimarratzekoak dira senior ekimenen artean, Egunsentian, Elkarbidean eta ekimen intergenerazionalen artean, Ametxe (Ametsak sortzen), Abaraska, Amaikasu Kooper. Nolanahi ere, euskal hiriguneetan dugun higiezinen testuinguru tentsionatua eta landaguneetako merkatu zurruna dela eta zenbait ekimen bidean geratu dira, eta ez dute gauzatzea lortu (Etxekoop, Housekide). Hauek guztiak, estatuko zenbait ekimen bezalatsu orain gutxiko proiektuak dira, erreferente hurbil gutxikoak eta orohar laguntza publiko eskasekin eraikiak. Era honetako esperientziak erabat berriak eta berritzaileak dira gure testuinguruan, horregatik pairatzen dituzte maiz zailtasun areagotuak lurzoru-eraikin bilaketan, zein finantziazio iturrien bilaketan, besteak beste (Etxezarreta, Cano eta Merino, 2018).

Bestalde, era kooperatibo berritzaileen bigarren multzoan, goitik-behera sorturiko ekimenak ditugu (top down ekimenak), administrazio publiko batzuk martxan jarritako proiektu pilotuak, hain zuzen ere. Kooperatiba hauek erabilpen-lagapenaren formula erabiltzen dute, eta ez dira etxebizitza babestu-promozio bat exekutatzeko sortuak, baizik eta era kooperatiboan kudeatzeko pentsatuta dauden etxebizitza formula berriak, administraziotik era esperimentalean bultzatuak.
Gure eremuan Eusko Jaurlaritzak sustatu duen era honetako lehenengo proiektu pilotua Donostiako Txomin-Enea auzoan egitekoa da (2018-20 Etxebizitzaren Plan Gidarian aurreikusitako ardatzei jarraiki). Eusko Jaurlaritzak bertan proiektu esperimental hau aurrera eramateko lurzorua eskuratu zuen 2018an Donostiako udalari erosiz eta 109 etxebizitzako proiektua abian jarri zuen. Proiektuaren sustapena eta kudeaketa Arrasate Taldeko Bizikide Sozietate Kooperatibari esleitu zitzaion 2019an, lehen aldiz era honetako erregimen kooperatiboan planteatzen den neurriko proiektu hau. 2020 urtearen amaieran bazkide bilaketa epea ireki zen, Babes Ofizialeko baldintzekin eta 570 familiak izena eman dute 104 etxebizitzarako (zozketa bidez esleituko dituzte etxebizitzok, gainerako bost etxebizitzak mugikortasun pertsonentzat erreserbatuta daude). Era honetako beste proiektu esperimentala Zorrotzaurren egitea aurreikusita dago.
Esperientzia hauek guztiek formula juridiko bat indarberritu dute: erabilera-lagapeneko kooperatibena (gaztelaniaz, cooperativas en cesión de uso). Erabilera-lagapeneko kooperatibak ez dira berriak, aurreko araudietan ere bazuten kabida juridikorik, nahiz eta garapen gutxi izan duten gurean artean (jabetzaren erregimenak bereganatu izan baitu etxebizitza-kooperatiben esparrua ere). Erabilera lagatzen duten etxebizitza-kooperatibetan, kooperatibak ez dira disolbatzen eraikuntza prozesua amaitu ostean eta etxebizitzaren jabetza mantenduko dute etorkizunean. Horrela, bazkide-erabiltzaileek erabilera-eskubidea baino ez dute, eta hori baliatzeko hasierako ekarpena eta ondoren kuota edo alokairua ordaintzen dute.
Eredu hau 2015eko euskal Etxebizitza Legeak espreski barneratu eta sustatu du, eta ondoren 2018-20 Etxebizitzaren Plan Gidariak, eta Andel ereduarekin lotuta dago (Eskandinaviako herrialdeetan oso errotua). Andel eredua Danimarkan jaio zen 1911n eta hazkunde handia izan zuen 70eko hamarkadara arte. Modu demokratikoan funtzionatzen du, Andeleko biztanleak ezin dira etxe-jabe tradizional bihurtu, nahiz eta maizter arrunt batek baino eskubide gehiago dituzten. Azken batean, jabego eta alokairuaren erdibideko formula da; hain zuzen ere, etxebizitzen jabegoa kooperatibaren eskuetan mantentzen da beti, eta bazkideak, erabiltzaile-maizterrak dira, era egonkorrean. Eredu hori bereziki garatu da Suedian, Danimarkan edo Alemanian.
Herrialde horietan, etxebizitza-kooperatibek pisu kuantitatibo handia dute etxebizitza-parke osoan, adibidez, Danimarkan 125.000 etxebizitza Andel ereduaren bidez kudeatzen dira (hirietan bereziki). Alemanian, etxebizitza-kooperatibek pisu handia dute eraikitako parke osoan, eta erabilera-lagapeneko eredua da nagusi; 5 milioi pertsona inguru bizi dira etxebizitza-kooperatibetan, Alemaniako biztanleen% 6 inguru. Suedian, HSB Suediako Kooperatiben Federazio Nazionalak 400.000 etxebizitza inguru kudeatzen ditu, eta horietatik gehiena (310.000) erabilera-lagapenaren pareko ereduari dagokio; bertan, egoiliarrak maizterrak dira, eta jabegoa, kooperatibaren baitan mantentzen da (Etxebizitzako Behatokia, 2012).
Nazioarteko beste adibide batzuk "Limited Equity Cooperatives" amerikarrak dira, partaidetzak salduta lor daitezkeen etekinei muga jartzen dietenak eta "bofaellesskab" daniarrak, salmenta prezio mugatua dutenak. Espainian, erabilera-lagapeneko erregimenean dauden etxebizitzen kooperatiben parekoa izango litzateke, prezio mugatuarekin (Merino, 2013; Etxezarreta eta Merino, 2013). Eredu hori Europako iparraldeko hainbat herrialdetan ez ezik, beste kontinente batzuetan ere badago eta tradizio luzea du, Uruguain (Ghilardi, 2016) eta Kanadan (Quebec, Bouchard, 2005), besteak beste.
Ea bada, behetik gora datozen proiektu eraldatzaile berriek zein goitik behera datozen proiektu pilotuek beren tokia bilatzen duten gure artean, eta etxebizitzarako sarbide mugatu zein zailean alternatiba berritzailea eraikitzen duten. Bidean zailtasunak izango badituzte ere, etorkizuneko bidea da.
Bibliografia
- Bouchard, M.J. (2005): De l’expérimentation à l’institutionnalisation positive, l’innoovation sociale dans le logement communautaire au Québec, CRISES, Collection Etudes theoriques nº ET0511, Québec.
- Emakunde (2016): Arquitecturas del Cuidado, Instituto Vasco de la mujer, Vitoria-Gasteiz.
- Etxebizitzako Behatokia-Observatorio Vasco de la Vivienda (2012): La política de vivienda y las cooperativas de vivienda en Europa. Vitoria-Gasteiz, Etxebizitzako Behatokia-Observatorio Vasco de la Vivienda.
- ———. 2015: Informe sobre las cooperativas y la promoción de VPP. Vitoria-Gasteiz: Etxebizitzako Behatokia-Observatorio Vasco de la Vivienda.
- Etxezarreta. A., Cano, G. eta S. Merino (2018): “Las cooperativas de viviendas de cesión de uso: experiencias emergentes en España”, CIRIEC-España, Revista de Economía Pública, Social y Cooperativa, 92 zkia, 61-86 orr.
- Etxezarreta. A. eta S. Merino (2013): Las cooperativas de vivienda como alternativa al problema de la vivienda en la actual crisis económica”, REVESCO, Revista de Estudios Cooperativos, 113 zkia, 92-119 orr.
- Ghilardi, F. (2016): “El cooperativismo de vivienda en Uruguay y Brasil como parte integrante de la economía social.” Paper presented at the CIRIEC-España conference, Valencia, October 19–21.
- Merino, S. (2013): “La cooperativa de viviendas como administradora de bienes comunes”, Revista Vasca de Economía Social, 9 zkia, 101-110 orr.
- Webguneak: https://cohousingspain.org/