760 Zenbakia 2021-04-21 / 2021-05-19

Gaiak

Europar Batasunaren ingurumen eta energia politikak

GARCÍA LUPIOLA, Asier

Europar Batasunean (EB) indarrean dagoen araudiaren arabera, integrazio prozesuaren funtsezko helburuetako bat garapen jasangarria da, EBren Tratatuaren (EBT) 3. artikuluan adierazi bezala.

1950. hamarkadan Europako integrazio prozesuari hasiera eman zioten Tratatuek ez zuten helburu hori ezarri, nahiz eta izandako askotariko erreformei esker, EBko oinarrizko testu juridikoetan bilduta amaitu duen (egun, EBTz aparte, EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatua, EBFT). Era horretan, garapen jasangarria EBrentzako eta estatu kide guztientzako helburu lotesle da. Helburu hori betetzeko, europar ingurumen politikaren garapena ezin bestekoa izan da, baita energiak bertan duen presentzia gero eta handiagoa ere.

Europako ingurumen politikak 1970. hamarkadaren hasieran du bere sorburua, nazioarteko mugimendu ekologista sortu berriaren eraginez politika publikoak eratzerakoan ingurumenaren babesa kontuan hartzen hasi zenean. Orduko sei estatu kideen ingurumenari buruzko arauak oztopo bat izan zitezkeen merkantzien trukerako eta zirkulazio askerako, eta horrek estatu guztientzako oinarrizko arauak zehaztea ekarri zuen. Ondorioz, 1973an aurreneko Ingurumen Ekintza Programa (IEP) onartu zen, eta gaur egun arte beste sei onartu egin dira (1976, 1983, 1987, 1993, 2002 eta 2013an). Politika autonomo gisa 1986ko Europako Agiri Bakunak ezarri zuen, eta horretan moldaketak egin zituzten 1992ko Maastrichteko Tratatuak, 1997ko Amsterdameko Tratatuak eta 2007ko Lisboako Tratatuak. Nabarmentzekoa da 1992. urtean martxan jarritako Natura 2000 programa, animaliak eta basalandareak babesteko helburuarekin habitatak eta naturaguneak kontserbatzeko programa, gaur egun EBren lurraldearen % 18 barne hartzen duena.

Europako energia politika baten garapena baztertuta geratu zen hasieran, herrialdeek gai hori estrategikotzat eta interes nazionalekotzat jotzen baitzuten. 1973ko petrolioaren krisiaren ondorioen eraginez, gai horri buruzko politika bateratu bat sustatzearen aldeko hautua egin zen; ondorioz, hornidura segurtasunaren helburua finkatu zen eta energia nuklearra sustatzearen aldeko apustua egin zen. 1980. hamarkadan, kutsadura maila jasanezina bilakatzen hasi zenean, aitortu egin zen energia efizientziak eta energia berriztagarrien erabilerak era garrantzitsuan lagunduko zutela isuri kutsagarriak murrizten. 1990. hamarkadaren erdialdera Europako energia politika antolatzeko ikuspegi askoz orekatsuago bat hartu zen, horniduraren segurtasunarekin batera ingurumenaren babesa kontuan hartu zenean. Azkenik, 2007an EBk energia politika bat garatzeko estrategia aurkeztu zuen. Energia politika hori ingurumenari uztartu zitzaion, jasangarritasuna izatera pasa baitzen bere helburu handia, lehiakortasun eta horniduraren segurtasunarekin batera.

Ingurumena eta energia EBren eta estatu kideen arteko eskumen partekatuak dira (EBFTko 4.2 art.). Ondorioz, arlo horretan, estatu kideek beren eskumena erabil dezakete baldin eta EBk berea erabili ez badu (EBFTko 2.2 art.). EBk, benetan, ekimenez erabili du Tratatuak esleitzen dion ahalorde hori.  Tratatuek finkatzen dituzten ingurumen eta energia politiken oinarriak garatzeko EBko erakundeek juridikoki lotesleak diren egintza ugari onartu dituzte. Erabilitako araudi bidea legegintzako prozedura arrunta da; haren bitartez, Europar Parlamentuak eta Kontseiluak ingurumenari buruzko helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak erabakitzen dituzte (EBFTko 192.1 art.), helburu horiek finkatzen dituzten ekintza programak ontzen (EBFTko 192.3 art.), eta energiari buruzko helburuak lortzeko beharrezko neurriak hartzen (EBFTko 194.2 art.).

EBren ingurumenari buruzko politikaren helburu zehatzak ondorengoak dira (EBFTko 191.1 art.): ingurumena zaindu eta babestea, eta in­gurumenaren kalitatea hobetzea; pertsonen osasuna babestea; naturako baliabideak zuhurtziaz eta zen­tzuz erabiltzea; ingurumena dela tarteko munduan edo es­kualdeka dauden arazoei aurre egiteko neurriak sustatzea nazioartean, bereziki klima-­aldaketaren aurka borrokatzeko. Nazioarteko neurrien bitartez, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko premia berezia Lisboako Tratatuak erantsitako gehigarri bat da, EBrentzat auzi horrek hartu duen garrantziaren erakusgarri.

Nabarmentzekoak dira ondoko helburuak: udal hondakinen % 65, ontzien hondakinen % 75
birziklatzea eta zabortegietan hondakin guztien % 10era murriztea.

EBren oinarrizko araudiak irmo baieztatzen du garapen jasangarria Europako integrazio prozesuaren helburu bat dela, espresuki adierazten duenean EBko politika eta ekintza guztiak zehaztu eta gauzatzerakoan, ingurumenaren babeserako eskakizunak sartu behar direla bertan, batez ere garapen jasangarria sustatzeko (EBFTko 11. art.).

Eskakizun hori oso argi ikusten da egun europar energia politikaz ari garenean; EBren energia politikaren helburuak inguru­mena zaindu eta hobetzeko eskakizuna dagoe­la kontuan izanik ezartzen baitira (EBFTko 194.1 art.). Energia merkatuaren funtzionamendua eta horniduraren segurtasuna bermatzeaz gain eta energia sareen arteko konexioa sustatzeaz gain, Tratatuak europar politikako energiari buruzko helburuen artean biltzen du energia-efizientzia, energia au­rrezpena eta energia berri eta be­rriztagarrien garapena bultzatzea. Era horretan, baiezta dezakegu EBn energia eta ingurumen gaietako politika integratua eramaten dela.

Lisboako Tratatua indarrean sartu eta gutxira, 2010eko martxoan, EBk proposamen bat argitaratu zuen 2008an piztutako nazioarteko ekonomia krisitik ateratzeko eta Europako ekonomia hurrengo hamarkadari begira prestatzeko: Europa 2020 Estrategia. Elkarri lotutako lehentasunezko hiru arlotan oinarritzen zen: hazkunde adimentsua, ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatuz; hazkunde jasangarria, karbono maila txikiko eta, baliabideei dagokienez, efizientea den ekonomia sustatuz; eta hazkunde integratzailea, gizarte eta lurralde kohesioa sustatuko duen enplegu maila altuko ekonomia bat hauspotuz. Estrategia horren bitartez, hazkunde jasangarriaren helburuak ingurumenaren babeserako eta klima-aldaketaren kontrako borrokarako energia oinarrizko tresna bilakatu zuen, energia garbirako trantsizioari bultzakada haundia eman baitzitzaion energia berriztagarrien eta energia-efizientziaren sustapenaren bitartez. Horren adibide argiena arlo honetan ezarritako helburu zehatza, 20/20/20 deiturikoa, eta EBk 2020an lortu beharrekoa: berotegi efektuko gasen emisioak % 20 gutxitzea, 1990eko datuekin alderatuta; energia berriztagarrien proportzioaren % 20 handitzea energiaren guztizko kontsumoan; eta energia-efizientzia % 20 hobetzea.

2013ko azaroan, Zazpigarren IEP onetsi zuen EBk, gaur egun oraindik indarrean, nahiz eta berria ia prest dagoen. Programaren funtsezko helburuak hiru dira. Lehena EBko kapital naturala babestu, zaindu eta hobetzea da, eta horrek adierazten du biodibertsitatearen defentsa sendotzea, lurzorua eta basoetako baliabideak babestea eta lurraren erabilera jasangarria bultzatzea. Bigarrena, EB ekonomia hipokarboniko eta baliabideen erabileran eraginkor bilakatzean datza. Alde batetik, horrek eskatzen du 20/20/20 helburua lortzeko neurriak aplikatzea. Bestetik, hondakinak baliabide bihurtzea ere eskatzen du, prebentzioaren, berrerabileraren eta birziklatzearen aldeko apustu eginez, baita ekoindustriak bultzatzea ere. Hirugarren helburua da EBko herritarrak giza osasunerako eta ongizaterako ingurumen presioetatik eta arriskuetatik babestea, eta horretarako, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murriztea.

Azken hamarkadan EBk helburu horiek betetzeko legegintza-egintzak onartu eta ezarri ditu. Gaur egun munduko ekonomia jasangarriena bada ere, azpimarratu beharra dago 2008-2014 urte bitarteko krisia lagungarri izan dela 20/20/20 helburua lortzeko, ekintza ekonomikoaren moteltzea dela eta. Ordea, 2014tik aurrera hazkunde ekonomiko berriak energiaren kontsumoaren handitzea ekarri du, baita helburua lortzeko oztopoak ere. Bizi garen pandemiak aurreikuspenak aldatu ditu ere, eta ondorioz zalantzak indartu dira.

Hala ere, aipatzekoa da EB erronkei aurre egiteko prest agertzen dela eta, alde horretatik, 2030ean lortu beharreko asmo handiko helburuak finkatu ditu, ahalegin sendoak eskatzen dituztenak. Klima eta energiaren eremuan, 55/32/32,5 helburu berria: berotegi efektuko gasen emisioak % 55 gutxitzea; energia berriztagarrien proportzioaren % 32 handitzea energiaren guztizko kontsumoan; eta energia-efizientzia % 32,5 hobetzea. Ekonomia zirkularraren eremuan, nabarmentzekoak dira ondoko helburuak: udal hondakinen % 65 birziklatzea; ontzien hondakinen % 75 birziklatzea; zabortegietan hondakinen ezabapena hondakin guztien % 10era murriztea. Azkenik, biodibertsitatearen defentsaren arloan, ekosistema andeatu guztien errekuperazioa eta esparru babestuak sortzea EBko lurralde eta itxasoen % 30ean. Haratago, berotegi efektuko gasen emisioak % 100 gutxitzea onartu da, 2050. urtean klimari begira neutroa den ekonomia batera heltzeko.

Helburu horiek baieztatuak izan dira 2020. urtean zehar, Europako Itun Berdearen onarpena eta martxan jartzearekin. Europako Itun Berdea EBren ekonomia jasangarri eta zirkular izan dadin ibilbide-orria da, trantsizio justu eta integratzaile bat bideratzen du eta klimari eta ingurumenari lotutako erronkak aukera bihurtu nahi ditu. Gainera, pandemiak sortutako krisi ekonomikoa gainditzeko hartu beharreko neurriek Europako Itun Berdearen baitan proposatutako bideari jarraitu behar diotela adierazten duen ideia nagusitu da EBn. Horrela, EBk 2030erako helburu zehatzak lortzeko aplikatzekoa den arau-sorta ezarri beharko du; hartara, toki ezin hobean jarriko da garapen jasangarriaren helburura heltzeko.


Eusko Jaurlaritza