760 Zenbakia 2021-04-21 / 2021-05-19

Gaiak

Déjà vu: Krisi ekonomikoak berriro jo ditu emakumeak

EPALZA RONKAL, Miren

Azken ehun urteetako krisi ekonomikoei buruzko ikerketetan genero-ikuspegia eta ekonomia feministaren teoriak aplikatzean, ikerketak bat datoz joera orokorra dela genero-desberdintasuna areagotzea (beste desberdinkeria batzuekin batera). Zehazki, hiru jarraibide historiko aipatzen dituzte, batzuen eta besteen artean ageriko aldeak egon arren, errepikatu egiten direnak: lehena, emakumeen lana areagotuz atera ohi dela krisietatik, ordaindutako-lana, baina, batez ere, ordaindu gabea; bigarrena, emakumeen enpleguak denbora gehiago behar duela suspertzeko eta lehendik zegoena baino prekarizatuago amaitu ohi duela; eta, azkena, berdintasun-arloko aurrerapenetan atzerakadak izan direla egiaztatzea.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz bizi dugun krisi honek, urte beteren ostean, argi utzi dizkigu joera horien jarraipena. Denbora-perspektiba luzeagoa eta beharrezko datu guztiak edukitzeak erakutsiko digu benetako genero-inpaktua zein den, baina dagoeneko antzeman daitezke aipatutako efektuetako batzuk, kontuan hartuta atzeraldi honek, aurrekoekin konparatuz, berezitasun zehatz batzuk dituela, hala nola osasun-larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriak (Alarma Estatuaren dekretua, adibidez) edo telelana areagotzea.

Sexuaren araberako lan-merkatuaren segregazioa oso sakona izanik, emakumeek, alde batetik, gainkarga jasan dute osasun eta zerbitzu arloan: gehiengoa dira birusari aurre egiten dion lehen lerroan, kutsatu eta gaixoak artatzen. Espainiar estatuaren kasuan, esaterako, osasun sektorean (% 51 doktoreak dira eta % 84 erizainak), farmazian ( % 72), psikologian ( % 82) edo egoitza zigortuetan lan egiten duten langileen artean (%85). Haiek dira, halaber, funtsezkotzat jotzen diren lan horiei arreta ematen jarraitu zutenak 2020ko martxo-maiatza bitarteko itxialdian: elikagai-denda txikietako dendariak, kutxazainak, ospitaleetako garbitzaileak. Eta, jakina, etxeko eta zaintzako ia langile guztiak emakumeak dira.

Era berean, eta bereizketa horren beraren ondorioz, emakumeek presentzia handiagoa dute itxierara behartuta eta neurri bereziak aplikatu dizkieten sektoreetan (ostalaritza, merkataritza), hain zuzen ere denbora gehiago beharko dutenak hurrengo hilabeteetan suspertzeko, edo telelana egiteko aukera ematen dutenetan (hezkuntza, administrazio publikoa, administrazio-jarduerak, etab.). Oso maskulinizatuta dauden sektoreetan, hala nola industrian, eraikuntzan edo energia-horniduran, nekez aukeratu daiteke lan-modalitate hori. Urteko bigarren hiruhilekoan etxetik lanean zeuden emakumeen kopurua %21ekoa zen, gizonezkoen %14aren aurrean.

Telelanak, kontziliazioaren panazea gisa aurkezten zena, egoera espezifikoetarako bakarrik funtzionatzen du,
ez eskolak, haurtzaindegiak edo adinekoen eguneko zentroak itxita dauden testuinguruan.

Azken elementu hori, hain zuzen ere, berritasun bat da aurreko krisiekin alderatuta. Telelanak, kontziliazioaren panazea gisa aurkezten zena, egoera berezi eta espezifikoetarako bakarrik funtzionatzen du (senideren baten gaixotasun puntuala, seme-alaben eskolatik ohiko ordutegitik kanpo jasotzea, etab.), eta ez eskolak, haurtzaindegiak edo adinekoen eguneko zentroak itxita dauden testuinguruan. Ez da zaila asmatzea etxeko eta zaintzako lan gehienak emakumeek egiten dituzten jendarte batean, eta gizonen aldeko benetako erantzunkidetasun parekiderik ez dagoen bitartean, lan horietan ematen duten denbora handitu egin dela. Are okerrago, bereziki konfinamendu bitartean, eta baita orain seme-alabak edo hurbileko norbait gaixorik edo konfinaturik daudenerako, zaintzen jarraitu ahal izateko eszedentziak, kaleratzeak, lanaldi-murrizketak, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak, baita lan-merkatua uztea ere, errealitate bat izan dira.

"Ziklo ekonomikoaren doikuntza-aldagaia", "faktore orekatzailea", "lehiakortasun-faktorea" edo "azken instantziako hornitzaileak". Izen desberdinak errealitate bera izendatzeko: familiek, eta horien barruan emakumeek, sistema ekonomikoaren koltxoi gisa jokatzen dutela, gainerako guztiak funtzionatzen jarrai dezan, are gehiago ezegonkortasun-garaietan.

Esandakoarekin, eta kontuan hartuta lan-prekarietateak emakume aurpegia duela (langabezia-tasa handiagoak, partzialtasuna edo behin-behinekotasuna, besteak beste), lehen datuen arabera, prekarietate hori dagoeneko sakondu egin da eta hurrengo hilabeteetan hala jarraituko du. Eta zaurgarrienak diren sektoreetan egoera larriagoa izanen da, hala nola etxeko eta zaintzako langileekin, emakume migratzaileak nagusiki, horietako asko kontraturik gabe lanean, eta kontratua duten horiek, etxeko langileen erregimen berezian sartuta, besteak beste, langabezia-prestaziorako eskubiderik gabe. Legezko anomalia horrek ez du betetzen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena, etxeko langileen eskubideei buruzkoa, Espainiak ez baitu berretsi.

Azkenik, berdintasun alorreko atzerakada posibleei dagokienez, konfinamendu bitartean indarkeria matxisten areagotzea errealitate bat izan da. Datu beldurgarri bat baino ez da aipatu behar: indarkeria matxistaren aurkako 016ra egindako deiak % 60 igo ziren 2020ko apirilean, aurreko urteko datuekin alderatuta. Arestian aipatutako efektu ekonomikoek, gainera, emakumeen autonomia eta independentzia murrizten dute, eta horrek, ezinbestean, emakumeen erabakiak hartzeko prozesua oztopatzen eta indarkeriazko etxeetatik irtetea zailtzen du.

Pentsatzekoa da osasun-larrialdi honek eta haren ondorio ekonomiko eta sozialek urgentzia eta lehentasun berriak ezarri dituztela, eta horrek zaildu eginen duela berdintasunak leku propioa izatea bertoko eta nazioarteko agendetan. Halabaina, denbora luzean saihestu ezin diren gai batzuk jarri dituzte ere mahai gainean: etxeko lanen eta zaintza-lanen gizarte-antolaketa (batez ere, adinekoak zaintzeko sistema), kontziliazio-arazoak, zerbitzu jakin batzuen pribatizazioaren ondorioak, Estatuak/gizonek/enpresek zaintzan duten erantzukizuna, funtsezko sektore eta lanen prekarizazioa, denboraren erabilera eta horrek dakartzan desberdintasunak. Tresna nahikoak ditugu, gainera, hartzen diren neurriek generoan, klasean, adinean, ingurumenean eta abarretan izan ditzaketen eraginak aztertzeko, ikuspegi intersekzional batetik, desberdintasunetan sakondu ez dezagun eta krisialditik inor atzean utzi gabe atera gaitezen. Aukera, beraz, historikoa da, hain zuzen ere hasieran aipatu diren jarraibide historiko horiek apurtzeko.


Eusko Jaurlaritza